Beste konkista txiki bat burutu dute Euskal Herriko hiru neskek Amerikako lurralde zaharrean; gure arbasoek egin bezala, Boisen (Idaho, AEBak) izan dira Paleta Gomako Emakumeen Nazioarteko III. Txapelketako garaikurra etxera ekartzeko asmoz; baita lortu ere. Etxera iritsita, han izandako esperientziaz mintzatu gara eurekin.
Ainara Rodriguez
2010ko Abuztuaren 27a
Zer ote du Amerikak euskaldunen begiak itsutzeko?». Halaxe dio 1930. urtean datatutako eskuizkribu batek. Ozeano Atlantikoan barrena Euskal Herria atzean utzi, eta amets eder bat, patu oparoago bat usnatuz egin zuten milaka euskaldunek kontinente zaharrera. XIX. mendearen kondarretatik XX. mendearen erdialdera arte izan zen hori, eta ordutik, euren konkista txikia ehundu dute paraje haietan bizi diren 50.000 inguru euskal herritarrek. Halabeharrak hala derrigortuta joan behar izan zuten hara, eta jatorria inoiz ahantzi gabe, sustraiak botatzea lortu dute bertan.
Pasa den hilean, lehen euskaldunek Amerikako lurrak zapaldu eta dozenaka urteetara, konkista berri baten bila abiatu ziren Euskal Herriko hiru neska gazte Boisera (Idaho, AEBak). Ez zuten inolako inperiorik zutitzeko asmorik, ordea; Paleta Gomako Emakumeen Nazioarteko III. Txapelketaren garaikurra etxera ekartzea besterik ez zuten nahi. Eta erraz gainditu zuten markatutako helburua, txapela soinean jantzita ailegatu baitziren hilaren hasieran Euskal Herrira.
Ane Isasmendi, Itsaso Pradera eta Laura Saez de Arzamendi izan dira amets horren protagonistak; beraiek izan dira Boiseko txapelketan euskal selekzioa ordezkatu dutenak. Ohore bat izan delakoan daude, nahiz eta etxetik milaka kilometrora aritzeak «urduritasun eta presio sentsazioak» areagotu dizkien. Hala dio, bederen, Itsasok: «Beti dugu gure maila erakutsi eta ongi egin nahi izatearen beharra. Baina horretan ere ohitzen zara, eta behin kantxara sartuta, partida da inporta duen bakarra».
Irabazteko faborito zirela hartu zuten hiru neskek Boiserako bidea. Ameriketako Estatu Batuetako bi talde, eta Australia, Venezuela eta Argentinako bana izan zituzten parez pare; azken biekin izan zituzten, justu, errezelo gehien. «Argentina eta Venezuelagatik beldurra genuen, asko hobetu baitute jokoa azken hilabeteetan. Venezuelak, azkenean, uste baino gutxiago jokatu zuen, eta Argentina, berriz, pentsatu baino errazago hartu genuen mendean», gogora ekarri du Itsasok.
Finalaren aurreko partidetan emaitza bikainak lortuta iritsi zen euskal ordezkaritza txapelketako azken partidara; Buenos Airesko taldeak gogor ekin zion arren, euskal neskek berehala hartu zuten jokoaren gidaritza, ez aurrez estutasunik pasa gabe: «Ni lasai nengoen ¯kontatu du Anek, beste taldekideak¯. Ez nuen partida jokatu eta kanpotik ikusi nuen. Hasieran nahiko urduri ginen, baina partidak aurrera egin ahala eta erraz irabazten ari zirela ikusita, lasaitu egin ginen guztiok».
Hara joan aurretik, nolanahi ere, guztiak izan ziren trabak eta zailtasunak. Frontoiaren luzera 31 metroan finkatu zuten norgehiagokako arautegian, hemen ohituak direna baino bost metro laburrago. Horrek errebote gehiago egitera behartzen zuen euskal taldea, baina oztopoak ez ziren azkenerako horrenbesterako izan: «Uste genuen gehiago nabarituko genuela, baina, moldatu gara. Okerrena, agian, kontrakantxa izan da; hor antzeman dugu gehien», aitortu du Itsasok.
Aitzakiak aitzakia, 30-17ko aldeaz lortu zuten garaipena, eta hirugarren aldiz jarraian, txapela etxera ekartzea lortu zuen euskal selekzioak ¯2007an San Frantziskon (AEBak) eta 2009an La Platan (Argentina) ere lortu zuen¯. Txapelketak eragindako ikusminaz txundituta bueltatu dira etxera; kasik ikusleria barik aritzera ohituta, ehunka lagunek izan baitute Boisen nesken jokoaz disfrutatzeko parada. «Hemen gure familiakoak edo lagunen bat edo beste etortzen da gehienez ikustera ¯dio Itsasok¯. Han, berriz, harmailetan ez zegoen toki askorik, baina jendez lepo egon ziren. Bagenekien Boiseko Euskal Etxean ere pantaila erraldoi bat jartzekoa zutela partida ikusteko, eta egia esan, jendea zurekin dagoela ikusteak poz handia ematen du».
Emakumeen saiakerak
Gero eta arruntagoa den arren, emakumeak palan jokatzen ikusteak harridura sorrarazten dio oraindik inori. Hala ikusten dute eurek, eta egoera aldatzeko hainbat emakumek egin duten saiakera azpimarratu dute: «Honetan hasi nintzenean, Arabako eskolarteko txapelketetan esaterako, ez zegoen apenas neskarik, eta mutilen aurka jokatu behar izaten genuen. Orain, ordea, neska dezente gaude», nabarmendu du Anek. Etxeko giroak lagunduta ekin zion berak palan jokatzeari, 10-11 urte zituela: «Nebak pilotan jokatzen du, eta aita ere ibiltzen da lagunartean palan jokatzen». Alabaren bideari jarraika, halaber, amak ere ekin dio azkenaldian jokoari. «Behin hasita, guztiok hartzen dugu gustura», ziurtatu du.
Itsasok ere, tankerako ibilbidea jorratu du: «Aita beti izan da pilota entrenatzailea, eta horregatik ordu asko ematen nituen frontoian ¯ekarri du gogora¯. 14 bat urte nituela, Abadiñoko taldean palan jokatzen aritzea eskaini zidaten. Ordura arte ez nuen pala bat ukitu ere egin. Eta azkenean...». Munduko Pelota Batzarrak antolatu dituen txapelketa guztietan izan da Itsaso euskal taldeko ordezkari; Ane eta Laurak, berriz, lehen aldia izan dute Ezker Hormako txapelketan. Martxora arte Laurak eta Itsasok ez zuten elkarren berri izan, halabeharrez batera jokatzea egokitu zitzaien arte: «Euskal Herriko Ligako norgehiagoka jokatzekotan nintzen, baina bikoterik gabe geratu nintzen. Entrenatzaileak beste bikote bat topatu zidan azken orduan, eta txapela janztera ere iritsi ginen Laura eta biok», kontatu du Itsasok.
Ane, aldiz, prestaketa lanetan ezagutu zuten, eta elkarren artean ondo moldatzen den hirukotea osatzen dutela argi utzi dute. Nesken artean, bederen, palaren konkistaren gidaritzan emaitza bikainak lortu dituzte.




