-

Alemaniarra sortzez, Dublingo UCD unibertsitatean irakasle ari da azken urteotan. Euskal Herria gertutik ezagutzen du. Baserria, arrantzaleen kofradia eta elkarte gastronomikoa leiho bezala erabili ditu. Bertatik euskaldunoi begiratu eta ikusitakoa liburu batean bildu du.

Xole Aramendi

2010ko Abuztuaren 27a

Mutrikun beste inon baino gusturago egoten da Andreas Hess (Gelsenkirchen, 1959). Urteak daramatza udaz bertan gozatzen –«1986tik ia urtero etorri naiz», dio–, eta amaitzera doakion urte sabatikoa bertan duen etxean eman du. Atseginez gogoratzen du herrira autobusik iristen ez zen garaia. «Debatik edo Ondarroatik auto-stop eginez ibiltzen nintzen batetik bestera; arraroa zen, herriak munduarekin loturarik ez zuela zirudien», esan du. Negu partean ere, nahiz Dublinen egon, ez du herria ahazten, UCD unibertsitatean, beste ikasgai batzuen artean, Euskal Herriaren berri ematen baitie ikasleei.
Iaz atera zuen “Reluctant modernization: plebeian culture and moral economy in the Basque Country” (Modernizazio uzkurra: herri kultura eta ekonomia morala Euskal Herrian) liburua. Ingelesez ikusi zuen argia eta orain gaztelerazko bertsioa prestatzen ari da Hiria argitaletxearekin.
Euskal historia autore klasikoen eskutik ezagutu ondoren, soziologia arloan berria den ikuspuntua agertzen du liburuan. Orain arte erabili gabeko kontzeptuak hartu ditu erremintatzat. «Horixe da berritasuna», nabarmendu du.

Nondik duzu Euskal Herriarekiko lotura hain estua?

Guatemalara joan nintzen elkartasun batzorde batekin. Han jesuita euskaldun bat ezagutu nuen, ez dut bere izenik gogoratzen. Mehatxuak jaso zituen eta itzuleran, Alemanian, hainbat taldetako kideok bilera egin genuen, berari elkartasuna adieraziz. Bi egunez elkarrekin egon ondoren, `zatoz datorren urtean Euskal Herrira', esan zidan. Halaxe egin nuen. 1982. urtea zen eta oporretan etorri nintzen. Bera Hego Amerikara joan zen eta harremana eten genuen.

Zein izan zen lehen inpresioa?

Jendea, hasieran, nahiko isila iruditu zitzaidan. Ondoren, lehen harremana egin ondoren, irekiak zirela ikusi nuen. Mutriku oso herri txikia zen, nahiz azken urteotan dezente hazi den. Garai batean asko erakarri gintuena suntsitzen ari dira, nolabait. Orain nire bigarren etxea da eta badauzkat hiruzpalau lagun ia familiakoak direnak.

Gustukoa al duzu unibertsitateko lana?

Nire kasuan, bizitza akademikoarekiko bokazioa dut. Lan arloan ez dago amets askorik, eta akademikoa izatea azken ametsa da; ez dago lan askorik hainbesteko askatasuna duzunik. Ez dut bulegotik ateratzean nire jarduera amaitzen, beti ari naiz zerbait irakurri eta ikertzen.

AEBetako soziologia garaikidean aditua zara eta aurretik badituzu hainbat lan argitaratuta. Zerk bultzatu zintuen Euskal Herriaz idaztera?

Normalean ez ditut euskal gaiak aztertzen, banatu egiten ditut hemengo bizitza eta nire lan akademikoa. Bi arrazoik bultzatu ninduten. Batetik, behingoagatik beti gailentzen den gatazka politikoaren gainetik aritu nahi nuen. Logikoa da beti gatazka izatea hizpide baina nik beste gai batzuk jorratu nahi nituen. Bestetik, ingelesez oso gutxi dago idatzita Euskal Herriko gizarteaz. Ondorioz, aurrera egitea erabaki nuen. Euskal nazionalismoa termino soziologikoetan azaltzea ere interesgarria iruditu zitzaidan. Nazionalismoa ezin duzu nazionalismoren kontzeptuekin azaldu. Sozialak diren sustraiak ditu; ezin diozu nazionalismoa argitzerakoan nazionalismoari erreferentzia egin, oso zirkulu itxia da. Jendea ez zen nazionalista jaio, bere bilakaera azaldu behar duzu. Ondo ulertzen ez ditudan esparruei buruz egin ohi ditut ikerketak. Zertarako egin liburu bat guztia baldin badakizu? Ez du interesik. Garrantzitsuena irudimen soziologikoa izatea da, izan ere, galderak ia erantzunak baino garrantzitsuagoak dira.

Alfonso Otazuren tesiaren aurka egiten duzu liburuan.

Berak, «El igualitarismo vasco, mito y realidad» (1986) liburuan dio igualitarismoa jauntxoek inposatutako ideologia izan zela, gizarteari guztiak berdinak zirela sinestarazteko asmoz egina. Egia izan daiteke, baina nire ustez herritarren artean aurki zitekeen berdinak izatearen sentimendua, nahiz eta desberdintasunak egon baziren. Izan ere, ez dut uste hemen ez paradisu nazionalik ez berdintasun perfekturik egon denik. Izenburuan erabili dudan plebeyo terminoak, niretzat, ez du konnotazio txarrik. Otazuren liburua euskal nazionalismoaren aurka egiteko erabili zuten askok eta hori zuzendu egin nahi izan dut. Euren ustez klase sozialak daude eta erreforma Espainiako sozialismotik etor daiteke batez ere. Horregatik Euskal Herriak dituen berezitasunez hitz egin nahi dut, dena nazionalismoarekin identifikatu beharrik ez dagoela erakutsiz.

Euskal Herriak modernizazioarekiko uzkur jokatu zuela diozu izenburuan. Zertan oinarritu zara hori esaterakoan?

Modernizazioari uzkur begiratu zion euskal gizarteak. `Herri osoak aurrera egin dezakeela ikusten badugu, ondo, egingo dugu, baina bestela...' pentsatu zuten.

Noiz ohartu ziren euskaldunak modernizazioak alde onak ere izan zitzakeela?

Mundua ez da geratzen, ezta euskaldunentzat ere. Aldaketara egokitu beste erremediorik ez zaizu geratzen, modu batean ala bestean. Baina euskaldunei kosta egin zaie modernitatera ohitzea. Modernizazioa prozesu bezala bai, baina modernitatea kontzeptu bezala ez zait askorik gustatzen, baina... Modernitateari errezeloz begiratu ziotela nabari da aztertutako hiru erakundeetan [baserria, arrantzale kofradia eta elkarte gastronomikoa]. Urte batzuetan zaharra eta berria elkarrekin bizi dira, nahiz konplexua den azaltzen. Hainbeste indar daude jokoan... Zaharra gorde eta berria onartzearen artean, hemen, kontatu beharreko historia dagoela iruditu zait beti. Aurreko guztia ezabatuz modernizatzea ere ez da bide egokia, nire ustez. Eta hemen ez da hori egin.

Hemengo herriak, alde batetik, txikiak dira, baina, aldi berean, herritarrak inguruko hiri eta herri handietara doaz lanera. Ondorioz, mundu urbanoa eta herrikoa nahastu egiten dira; modernoa eta tradizionala. Herriko bizimodua ez dute ahazten, baina beste bide batzuk ezagutu eta eurentzat hartzen dituzte.

Garai gatazkatsuak izan ziren.

Batzuetan emaitza tragikoak izan dira, baserriaren eta kofradiaren kasuan adibidez. Amaiera ez da beti pozgarria. Baina beste batzuetan ondo atera dira gauzak. Baserriaren kasuan adibidez, ia lau mendetan zehar libre bizi izan dira nekazariak. Eta hori ez da Europan ia beste inon gertatu. Euskal Herrian ere, kasu batzuetan ez dira lurren jabe, baina ez dira esklabo. Gero krisia dator, baina, epe luze batean, ondo funtzionatu zuen. Munduko beste herrialde batzuetan ez bezala, ez da egon miseria larriko epealdi luzerik. Bai, hamarkada batzuetan gosea izan izan zen, baina, beste kasu batzuekin alderatuta, primerakoa iruditzen zait hemengo egoera.

Krisia XIX. mendearen bukaeran hasi zen. Bizirauteko borroka hasi eta beste 50-70 urtez jarraitzea lortu zuten. Ondoren bukatu egin zen. Arrantzale kofradiak desagertu zirenetik hamar urte besterik ez dira pasa. Ia heroikoa iruditzen zait eta kontatu beharrekoa da. Arrakasta da bere horretan.

Hain erabiliak ez diren kontzeptuen erabilpena proposatzen duzu liburuan.

Ekonomia politikoa eta soziologia klasikoa bezalako diziplinetara bueltatu beharko genukeela iruditzen zait batzuetan. Culture studies diziplina akademikoan badaude hainbat tendentzia hain interesgarriak iruditzen ez zaizkidanak. Ez ditu nahikoa tresna eskaintzen ez herri kultura ez herritarrek erakundeak sortzeko dituzten moduak aztertzeko. Nire interpretazioa osatzeko, ezinbestekoak dira E.P. Thompson historialari ingelesaren eta AEBetako Albert O. Hirschman ekonomialariaren lanak. Lehenengoari zor dizkiot `herri kultura' eta `ekonomia morala' kontzeptuak. Eta bigarrenari hartu dizkiot erakunde sozial eta ekonomikoetan funtzionatzeko dauden hiru moduak: exit (irteera), voice (ahotsa) eta loyalty (leialtasuna).

Nola aplikatu dituzu kontzeptu horiek?

Ia hamar urte pasa ditut kontzeptuak nola aplikatu pentsatzen. Thompsonek aurre-kapitalismotik kapitalismora igarotzerako garaian gorengo mailen eta herritarren arteko harremanak aztertu zituen; XIX. mendean, industrializazioa bete-betean iritsi aurreko 30-40 urteotan. Gizarte handietan baino intimoagoa zen harremana orduan. Deskribatzen zailak ziren ohiturak ikusi eta antropologia sozialeko kontzeptuak erabili zituen. Asko erakarri ninduen bere figurak -marxismotik zetorren, nahiz gerora Alderdi Komunistatik aldendu zen-, baita egin zuen lanak ere. Ez dakit inor marxista liberala izan daitekeen, baina, norbait izatekotan, Thompson litzateke. Erreferentzia garrantzitsua da niretzat. Euskal Herrira iristean, erdi mailako herritar asko ikusi nituen. Ingalaterran zazpi urtez bizi izan nintzen eta han ezagututako klase arteko desberdintasunik ez nuen nabaritu Euskal Herrian. Hasi hizkuntzatik, jarraitu janzkeratik, etxeak eraiki eta autoak gidatzeko modura... guztia oso desberdina zen han. Horrekin ez dut esan nahi hemen desberdintasunik ez dagoenik, baina ez da hain muturrekoa. Horretaz jabetzean Thompsonekin gogoratu nintzen, baina zaila egin zitzaidan kontzeptuak hemengo errealitateari lotzea.

Noiz ikusi zenuen argia?

Mutrikuko lonjan egindako enkante batean izan zen. Hirschmani buruzko artikulua idazten ari nintzen garai hartan eta haren kontzeptuak aplika nintzakeela konturatu nintzen.

Zer ikusi zenuen lonjan?

Pertsona batzuk ordu jakin batean joaten ziren, benta antolatzen zuen erakundea zegoen, kofradia... zirkulu zentrokideen batura zen. Ez zen arrain salmenta hutsa, askoz gehiago zegoen atzean; bizitza soziala eta kultura. Azaldu beharrekoa iruditu zitzaidan. Kofradiaren historian murgildu nintzenean ahots kolektiboa antolatzeko modua zela ikusi nuen; ordezkaritza. Salmentaren ia monopolioa zeukan, eta, era berean, komunitateari laguntzen zion. Merkatuko tresnak zituen, baina bi aldeentzat zen onuragarria: erosleentzat zein saltzaileentzat. Ondoren, gauzak asko zaildu eta nahastu ziren XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran. Arrasteko arrantzarekin gatazka ugari sortu ziren kofradiaren barruan artisau-arrantzaren eta industrialagoaren artean...

Emandako aldaketa izugarria izan zen, ezta?

Kontuan izan arrastekoan jabegoaren formak askoz kontzentratuago daudela; kasik lehorreko industria bat bezalakoa da. Bai, itsasoan ari dira, baina lan harremanak kapitalistaren (jabea) eta langileen (arrantzaleak) artekoak dira. Horren aurretik familiako bizpahiru kideen artean banatzen zen guztia. Bai, izango zen borrokarik txo, arraunlari eta patroiaren artean, baina gero etorriko zen gatazkarekin alderatuz bestelakoa zen. Arrantzan egiteko era eta jabegoa mantentzeko moduak aitzineko itsas kofradian arras desberdinak ziren. Beste mundu bat zen. Arrastekoaren iritsiera desastrea izan zen eta oso kofradia gutxi dira biziraun dutenak. Mutrikukoa, esaterako, desagertu egin zen. Beno, txipiroitara doazen jubilatuek jarraitzen dute. Gaur egun, bizitza osoa arrantzan pasa duen gizon batek, portura joan eta museoan erakutsi beharko dio bilobari berak bizi izan zuena. Eta hiru belaunaldiren tartea besterik ez dago.

Mutrikuko arrantzontzien desagerpena ikusi duzu. Zer pentsatua emango zizun.

Sinbolikoki garrantzitsua da, nahiz ekonomikoki hainbesteko garrantzirik izan ez. Mutrikun dozenatik gora atunontzi zeuden eta ikustekoa zen bat porturatzean herritar denak nola hurbiltzen ziren moilara. Hori dena desagertu egin da. Zer pentsatua ematen du. Bizimodu gogorra ere bada, ez pentsa. Behin bi asterako joan nintzen atunetara, eta, egia esan, ezingo nuke imajinatu ere egin hori bizitza osoan egin beharra...

Kofradiatik hasi eta baserriarekin jarraitu zenuen.

Gehiago kosta zitzaidan, ez baitut hainbesteko harremana izan nekazariekin. Literaturari esker jakin badakit, adibidez, baserria giltzarria izan dela euskararen bilakaeran. Badira irakurri beharreko ikerketa klasikoak eta liburukoan jorratu dudan alor bakoitzean hori hartu dut abiapuntutzat. Ondoren erakundearen funtzionamendua aztertu dut, krisiarekin jarraitzeko. Soziologo batzuk aurrekoek egindako guztia arbuiatu egin ohi dute. Ez da nire kasua. Klasikoek zer dioten ikusi behar da, eta, kofradia, baserria eta txokoei dagokienean, ikerketa onak daude eginda.

Zein autore hartu dituzu erreferentziatzat?

Batetik, Julio Caro Baroja, nola ez. Kofradien kasuan badira bi ikerketa; bat Anton Erkorekarena eta bestea Juan Antonio Rubio Ardanazena. Txoko gastronomikoei dagokienez, Perez Agote, Felix Luengo... Asko dira.

Kofradian ahotsa gailentzen dela diozu. Baserrian eta elkarte gastronomikoan?

Baserrian irteera da nagusitzen dena, maiorazkoa ez dena etxea uztera behartuta dagoelako. Baina zaharrena ez den anaiak edo arrebak elkartasuna ere erakusten dute. Eta akordioa lortzen da familiako kideen artean. Ahotsa ere badago. Hiru kontzeptuekin formula bat osatu zuen Hischmanek eta primeran azaltzen du kofradia zein baserria zergatik dauden krisian. Erakunde moderno batek nola lor dezake arrakasta? Hischmanen ustez formula magikoa honokoa da: leialtasunak ahotsa izatea ahalbidetzen duenean, eta, ondorioz, irteerarako beharrik ez dagoenean dator arrakasta. Hori txokoan gertatzen da, baina ez kofradian, ezta baserrian ere. Ez da guztiaren arrazoia, baina bai neurri batean. Begiratzeko modu berria da.