Jon Benito
2010ko Abuztuaren 27a
Ordaintzera dator eta Luisek Sam Shephard idazle estatubatuarraren liburutik burua jasotzen du kristal blindatuaz beste aldera begiratzeko. -Alemaniarra da- esaten du. Hornigailuak estaltzen du autoaren matrikula. Ezin frogatu dut Luisek esaten didana, ordaintzeko txartelarekin batera nortasun agiria erakusten ez didan artean.
-Ziur hago?
Jolas inozo bat. Udako gaueko txandan, denbora egiteko baliatzen duguna.
Bezeroak gaztelaniaz agurtzen gaitu. Eskura ordaintzen du eta txanponetan itzultzen diot soberakina. Badoa. Begia kliskatzen diot, Luisi, konplize.
-Atzerritarra?
Intuizioak ezetz esaten dit. Oguzkera neutro hori ez da urrunekoa.
Segurtasun kamera begiratzen dugu biok batera. Ez du Shepharden liburua askatzen Luisek. Kafea jokatzen dugu aldiro. Bost galdu ditu azken bi egunetan. Datorren astean atzeko aldean etzateko aukera dauka, denak edanez gero, ez baitut egunetan begirik bilduko.
Autoa martxan jarri eta badoa. Matrikula alemaniarra du autoak.
-Kaka!
Matrikularen nongoa begiratu gabe eta ordaintzerakoan hitz egiten hasi aurretik esan behar da.
Erregai-tanga bete artean zain egoteko moduarengatik, ibiltzeko plantarengatik, ileko kolorearengatik... bezeroa atzerritarra den ala ez asmatu behar dugu.
Bai ala ez esan. Eta ahal bada nongoa.
Pirinioek harresi egiten dutela, eta igarobide naturala garela dio Luisek. Erdiak-edo atzerritarrak direla errepideetan; Europarantz doazenak, abuztuaren amaierarekin.
Liburuari heltzen dio berriz. Nik hankak luzatuko ditut atzeko partean apur batez.
Gaua lasai doa. Astebarrua da. Herriko etxeetako argiak itzalita dira. Zigarro bat biltzen dut, eta piztean, lurreko izar bat izan naitekeela pentsatzen dut. Argi keinu bat asfaltozko zeruan, ilunaren erdian. Ilargitik norbait lurrera begira irudikatzen dut, hemengo keinuei adi, lur beteko egunetan. Ura ez den guztia esparru uniforme eta zatiezina irudituko zaio, baina erratuta egongo da.
Auto bat sumatzen dut gure areara sartzen eta lasterka atzeko atetik lanera itzultzen naiz. Segurtasuneko kameratik begiratzen dut. Bere familiarekin dago. Atzerritarra dela esaten diot Luisi. Liburutik burua jasotzen du, autotik jaitsita bisitariak hornigailuaren mahuka nola heltzen duen ikusi eta gero, burua ezker-eskuin mugitzen du.
Bere kargu uzten dut kobrantza eta denda zabaltzen dutenerako apalak hornitzeko jakitokitik txokolatinak eta galletak ekartzen ditut. Gaztelaniaz hitz egiten zutela iruditu zait.
Apalak betetzeaz batera, zeharka jarraitzen dut txartelez ordaintzeko protokoloa. Paperean sinatu, eskerrak eman eta badoa.
Luisengana jiratzen naiz.
-Eta?
Barre egiten dit.
-Nortasun agirian Avilako probintzian jaiotakoa dela jartzen zian.
Poz handia da ordu hauetan lehen galdu duzuna berreskuratu duzula sentitzea. Irabazi egin dut. Irabaztearen harrotasuna baino merkeagoa den kafe bat.
-Baina agian ez duk atzerritarra sentitzen hemen.
Kaxak jakiz hustu behar ditut apal erdi hutsetara.
-Agian lagun onak ditu hemen, agian hemen bizi da, agian...
Barre egiten dut. Serio hitz egiten dit. Itxia du liburua. Aurpegira begira ari zait. Nik kaxa eskuetan sostengatzen dut.
-Agian atzerritar izatea sentimendu kontua besterik ez duk. Agian atzerritar izaera ez duk agiri batean adierazten. Etxea edo maite dituanak urrutiegi izatearen sentipena, deserosotasuna, beste nonbait egon nahi izana... zer zakiat nik.
Autoak ikusten ditut gure areara sartu gabe errepide nagusitik ziztuan. Denak nonbaitetik eta batzuk nonbaitera, urrun edo gertuago. Batzuk familiarekin eta zenbait bakarrik. Zer datorren jakiteko aurreko kristaletik begiratuz eta zer uzten duten gogoratzeko erretrobisorera erreparatuz.
Kaxa lurrean uzten dut eta Luisek liburua heltzen du berriz. Kafe makina pizten dut. Ordulariak gauaren mugara heltzera goazela salatzen du. Laster gu ere ez gara area honetakoak izango.




