Diademak, bandak, peinetak, platiloak... denetarik sortzen du Oihana Hernaizen irudimenak. Irudimenak sortu eta eskuek gauzatu egiten dute ondoren. Kapelugintza ikasi eta buruko apaingarrietan espezializatu da donostiar diseinatzailea. Gero eta gehiago dira ezkontza eta egun berezietarako berarengana jotzen duten emakumeak.
Xole Aramendi
2010ko Abuztuaren 27a
Lagunentzat pitxiak egiten hasi zen Oihana Hernaiz (Donostia, 1980). Enpresa ikasketak alboratu eta diseinuak erakarrita, patronajearen sekretuak ikastea erabaki zuen. Baina jantziak sortzea baino nahiago du buruko apaingarriak egitea.
Estilismoaren «osotasuna» definitzerakoan harmonia eta charme bezalako hitzak darabiltza Hernaizek. Beretzat, estilismo baten ginda da burukoa, soinean daramana besteek desberdin ikusi eta bere burua «berezi» sentitzeko bide ematen duena.
Rafia, zeta, harribitxiak, gasazko loreak eta lumak ditu lanabes. Donostian, Bretxako merkatuan duen saltokian, egin digu ongietorria. Ezkontzera doan neska bat atera da oraintxe dendatik, burukoa hartuta. «Ahizparekin etorri da bezeroa. `Nik inoiz ez dut ezer jarri ilean', esan dit ahizpak. Bat ipintzera animatu dut eta ikusi egin behar zenuen ispiluaren aurrean bere burua ikustean jarri duen aurpegia... Izugarri gustatzen zait hori ikustea. Asko ez dira ausartzen, baina probatzen dutenean oso eder ikusten dira; eta hori gertatzea ez da hain erraza». Hernaizen esanetan, adikzioa sortzen dute apaingarriek. «Dendara gero eta emakume gehiago datoz, aurretik inoiz burukorik jarri ez dutenak. `Aurrerantzean ezkontzetara apaingarriarekin joango naiz' entzuteak ilusio handia egiten dit».
Emakume bat ikusi eta badaki zein den berarentzako apaingarri egokia. Adinari dagokionez, denetariko emakumeak -neska gazteak zein ezkongaiaren amabitxiak- animatzen dira burukoa eramatera. Bezero batzuk zuzenean dendara joaten dira, baina asko dira Internet bidez (tocadosoh@tocadosoh.com helbidean) erosten dutenak ere. «Internet oso erreminta baliagarria da salmentarako. Suitzatik ere jaso izan ditut eskaerak. Guretzat, gaur egun, oso erakusleiho ona da. Askok ez dute eragozpenik probatu ere egin gabe arriskatu eta erosteko», kontatu du.
Nola lan egin bezeroa aurrean izan gabe? «Distantziara lan egiten ikasi dut. Niretzat oso garrantzitsua da apaingarria daraman pertsonaren gorpuzkera eta aurpegia ikustea; horregatik, argazkiak bidaltzeko eskatzen diet aurpegiko fakzioak aztertzeko». Soinekoa eta gainontzeko osagarriak nolakoak diren ere jakin nahi izaten du. «Hori ere argazkien bidez konpontzen dugu», azaldu du.
60 eurotik hasi eta 200 ingurura bitarteko prezioetan saltzen ditu Oihana Hernaizek bere diseinuak. «Helburua ez da dirua egitea, oraindik ez naiz puntu horretara iritsi. Erabiltzen ditudan materialak oso garestiak dira, eta, benetan balio duten prezioetan jarriko banitu, Madrilgo kapelugileek egiten duten moduan, orduan bai, orduan aterako nuke irabazirik. Aldiz, hemen oraindik ez dago burukoak eramateko kulturarik, eta, lehenik, bezeroen artean nire burua ezagutarazi nahi dut», dio.
Ez dauka kexatzeko arrazoirik. Ahoz ahoko publizitateari esker ari da ezagun egiten. Urtebete inguru darama Bretxako merkatuan diseinatzaile gazteek eskura dituzten lokaletako batean, eta, diseinatzen, 6-7 urte. «Internet bidez harremanetan jartzen direnak harritu egiten dira neska gaztea naizela ikustean, izan ere, kapelugile gehienak adineko emakumeak dira. Dena den, gaur egungo munduko bi kapelugile onenak gizonezkoak dira. Stephen Jones museo onenetan ari da erakusten, eta, Philip Treacyk lanak, kapeluak baino gehiago, eskulturak dira. Oso formakuntza ona izan behar duzu hori egiteko». Donostiarrari Madame Schneider diseinatzaileak irakatsi zizkion kapelugintzaren sekretuak Parisen. «Coco Chanelentzat lana egindakoa zen eta 80 urte zituen», argitu du Hernaizek.
Pasioz hitz egiten du bere lanaz. «Pozarren nago ikasten jarraitzen dudalako», esan du.
Egun berezietarako apaingarrien bila datoz bezero gehienak, «ezkontzetarako gehienbat, nahiz nire lagunei kalerako ere egiten dizkiedan. Galtza bakeroekin ere eraman dezakezu buruko apaingarria. Are gehiago, hiru urteren buruan kalean horrelaxe joango gara. Seguru nago. Izan daiteke lore bat edo gantxo txiki bat. Ez duzu ezkontzarako prestatuta zoazenaren sentsazioa zertan izan», adierazi du Oihana Hernaizek.
Bezero guztiak ezberdinak dira. «Emakume bat erosketak egitera joan daiteke apaingarri batekin, eta, aldiz, beste pertsona batek, buruko berarekin, ezkontza batean ere jantziegia dagoela sentituko du. Apaingarriaren proportzioak egokiak izan arren zeure burua ez baduzu egoki ikusten, ingurukoek pentsatuko dutenaren beldur zarelako izango da. Izan ere, jakina, badakizu kalean begira izango dituzula», gaineratu du.
Gaur egun galdua den arren, historian garrantzia handia izan du burukoak euskal kulturan. «Erdi Aroan euskal emakume guztiek eramaten zuten burukoa; ondoren, debekatu egin zuten bere forma falikoa zela-eta. Osagarri garrantzitsua zen, eta, 50eko hamarkada bitartean, gizonezkoek zein emakumezkoek buruan kapelua edo apaingarriren bat eramaten zuten. Emakumea kapelurik gabe etxetik ateratzea oso gaizki ikusita zegoen. Herrietan, kapelua erosteko dirurik ez zeukatenek ere, zapiz estaltzen zuten burua», gogoratu du.
Berez, kapeluaren funtzioa hotzetik, eguzkitik edo euritik babestea da. «Baina hainbat kulturatan maila sozialaren erakusle ere izan da. John Kennedyk ez zuen erabiltzen; esan ohi denez, berak kendu zien goi mailako gizonei kapelua eramateko obligazioa», azaldu du diseinatzaileak.




