Landa etxeak -

«Hau ez da hotela». Horixe diote landa etxeetako jabeek. Zerbait gehiago da eta eskaintzen dituzten zerbitzuen artean baserri giroaren esentzia eta hizketaldi oparoak daude gehienetan. Bezeroek hori estimatzen dute, baita topatzen duten lasaitasuna ere. «Oporretan, baina ia etxean bezala egoteko aukera» izatea nabarmentzen dute.

Maider Eizmendi

2010ko Abuztuaren 27a

Lainotuta esnatu da eguna, baina eguzkia pixkanaka ari da tartea egiten hodeien artean, fresko antzean esnatu den eguna epeltzeko. Goizeko bederatziak eta erdi dira, baina dagoeneko Gotzone Larrañaga lan eta lan ari da. Gosariak prestatu eta zerbitzatzen dihardu ordu honetan, baina aurretik gosaritan jarri duen bizkotxoa egiten jardun du. «Pintxe eta guzti aritu naiz; ezin zuen lorik egin eta gurasoek niri laguntzera bidali dute mutikoa», azaldu digu barrezka.

Gosaria mahaian izan bitartean inguruan dabiltza bezeroak neska-mutilen gozagarri diren ahate, antzara, txakur eta katuei begira; tartean dago Gerard. Bi hilabete baino ez zituela etorri zen lehenengoz gazte katalana Aramaioko Untzilla auzoan kokatuta dagoen Uxarte landa etxera. Aurten seigarren aldiz bertaratu da bere gurasoekin, Joan Farre eta Ana Sanchezekin, oporrak pasatzera.

Haiek kontatu dute haurra izan aurretik bestelako oporrak egiten zituztela, baina txikia etxera etorritakoan landa etxera bertaratu eta orduz gero ahal duten guztietan errepikatzen dutela. «Pare bat urte pasa ditugu hona etorri gabe eta dagoeneko gogotsu geunden», azaldu dute. Izan ere, Uxarten «inon ez bezalako lasaitasuna eta patxada» topatzen dutela diote, eta, gainera, «ia familiatzat» jotzen duten pertsona taldea aurkitu dute bertan: «Ematen diguten tratua oso gertukoa da eta eroso sentiarazten gaituzte. Iluntzean Gotzonerekin izaten ditugun tertuliak eguneko unerik hoberenetakoak izaten dira».

Askatasuna

Semeak ikaragarri disfrutatu eta ikasten duela diote; izan ere, bera ibiltzen da, batez ere, etxekoekin batera baserriko lanak egiten: arrautzak biltzen, ogia egiten, patxaran basaranak jasotzen... «Aske sentitzen da hemen, asko aldatzen da hau urte guztian zehar ezagutzen duen inguruarekin eta batera eta bestera abiatzea ere kosta egiten zaio», onartu dute.

Gotzonek eskaintzen dizkien jakien gainean ere hitz onak baino ez dituzte. «Ia dena etxean egina izaten da eta guk hirian ia dena ontzietan edo bilduta erosten dugu. Zaporean alde handia dago».

Sei oporraldiren ostean, inguruak ondo ezagutzeko aukera izan dute jada. Donostia, Gasteiz eta Urkiola, esate baterako, etortzen diren bakoitzean bisitatzen dituztela azaldu dute; herrietara egiten dituzten irteerak dira urtetik urtera aldatzen dituztenak.

Joan eta Ana bezalako bezeroak dira Uxarterentzat publizitate kanpainarik eraginkorrenak; izan ere, etxera itzultzean guztiei gomendatzen omen diete egun batzuk igarotzera bertara etortzeko. «Inor ez da itzuli esperientzia ona ez dela izan esanaz, kontrakoa, etortzen denak, errepikatu egiten du».

Horixe bera dio Gotzonek. Baserritik eta nekazalturismotik bizi da, baina, batez ere, bizi egiten ditu biak. 1996an zabaldu zizkion Uxarte baserriko ateak lehen bezeroari. «Gogoan daukat, abendua zen eta emakumezko langile bat zen. Bakarrik etorri zen eta gurekin etxeko sukaldean jaten zuen», oroitu du.

Prestakuntza gehiago

Ordurako hiru urte eman zituen Larrañagak landa turismoko etxea zabaltzeko beharrezko izapideak egiten. «Argi neukan. Ahizpa elbarrituta neukan eta ama ere etxean nuen; nik, aldiz, kanpoan egiten nuen lan etxeko zaintzaile gisa. Etxean lan egitea zen nire helburua», onartu du. «Ia lortu nuenean, zalantza sortu zitzaidan, jendeak oso gogorra zela esaten baitzuen», ohartarazi du, ordea. Beldurrak uxatu eta abiatu zuen lan asko bai baina inoiz damurik eragin ez dion bidea.

Ohartarazi du orain landa turismoaren bidea abiatzen dutenek eurak orain urte batzuk baino prestaketa handiago jasotzen dutela, bai ikastaroen bidez bai bidea egina duten pertsonek emandako gomendioen bidez. «Orduan nor bere erara konpontzen zen eta sekretupean edo gordetzen zen bakoitzaren jarduteko modua».

Berak bere modura asmatu zuen nonbait, eta harro dio lehen urte hartan izan zituen bezeroetako batzuk oraindik orain bere etxera etortzen jarraitzen dutela. «Nik guztiei baserriaren eta bertan egiten den lanaren inguruan hitz egiten diet, maitatzeko ezagutu beharra dagoela pentsatzen baitut».

Udan turistekin egiten du lan batez ere, baina urte guztian zehar inguruko enpresetara datozen langile asko ere jasotzen dituzte. «Kontua da asko hau hotela dela pentsatuz datozela eta hau ez da hotela», nabarmentzen du behin eta berriz.

«Hotelak dituzten pertsonei minik egiteko asmorik gabe», landa etxeek eskaintzen duten zerbitzua «hobea» da, Larrañagaren esanetan. «Ezagutzen gaituzten bezeroak nekez itzultzen dira berriz hotelera», dio.

Urte hauetan guztietan lagun handiak egin ditu, tartean, Joan eta Ana. «Oporretara beste edonora joan direnean, postala bidali izan digute. Hori handia da, oporretara joan, eta, hala ere, gurekin gogoratzea. Hori da lan honen gauzarik hoberena, jendearekin dugun harremana», azaldu du.

Imanol Barainkak eta Amaia Gorostizagak orain hamabost urte zabaldu zituzten Madalen Aurrekoa baserriko ateak bezeroentzat. «Baserrian geratzea erabaki genuen eta bera konpontzeko dirua behar genuela-eta pentsatu genuen landa etxe bezala ateak zabaltzea. Beste bidea etxea urte osorako alokatzea zen, baina aukera horrek askatasun gutxiago ematen zigula uste genuen, gu ere bertan bizi baikara».

Errespetu kontua

Urte hauetan guztietan eskarmentua hartzen joan dira eta onartzen dute eurak ere hasierako une haietan baina zorrotzagoak direla bezeroak hartzeko unean. «Hau ez da errepide bazterreko motela; landa etxera joatean familiaren etxean sartzen da bat eta gurekin gustura egongo direla pentsatzen dugun jendea hartzen saiatzen gara», adierazi du Barainkak.

Hizketaldian zehar, Larrañagak bezalatsu behin eta berriz nabarmendu nahi izan du hotelen eta landa etxeen arteko aldea. «Jendeak askotan ez du argi nora datorren, hau ez baita hotel bat. Hori ulertaraztea zaila izaten da maiz. Atseden hartzeko leku lasai bat da gurea; familia baten etxea da», ohartarazi du.

Hala, eurak bezeroa errespetatu behar badute, bezeroak ere eurak eta euren familia errespetatzea oinarrizko jotzen dute. «Lan honetan abiatu ginenean ikastaro asko jaso genituen eta denborarekin konturatzen zara haietan bezeroetara nola moldatu behar genuen irakasten zigutela; eurak ere familiaren erritmo eta bizimodura moldatzea ere bilatu behar da, ordea, eta horretarako zer garen eta zer eskaintzen dugun jakin behar dute».

Ildo horretan, onak gehiago, baina tartean esperientzia txarrak ere izan dituztela nabarmendu du. «Azken boladan modan jarri da ezkondu aurreko agurra landa etxeetan egitea eta pentsatzen dute mendira etorri eta nahi dutela egin dezaketela», azaldu dute.

Gurekin mintzo den bitartean Barainka jaso berri dituen lekei haria kentzen ari da. Baratze oparo eta ederra du etxe atarian, baina bezeroei ez die, orokorrean, bertan aritzeko aukera eskaintzen. «Norbaitek interes handia badu, noski, erakusten diot zertan nabilen eta anaiak dituen abere eta ardiak ikustera ere eramaten dut, baina, oro har, lanerako gogo handirik ez dute izaten», esan du barrez.

Bezeroak eta lagunak

Bertan izan dituen bezeroen inguruan galdetuta, guztien artean bi bikote gogoratzen ditu bereziki: Danimarkakoa bata eta Sevillakoa bestea. «Danimarkakoak autorik gabe etorri ziren, besapean liburu mordoa hartuta. Eguna irakurtzen ematen zuten, alboan ardo basokada hartuta. Inguruan paseoak emanez ere aritzen ziren. Astebete eman zuten hemen lehen aldian eta gerora ere itzuli dira gehiagotan», azaldu du.

Barainka eta Gorostizaga gogotsu egoten dira uztaila noiz iritsiko, orduan etortzen baita urtero Sevillako bikotea. «Jada badakite non jaten den ondo, zer bisitatu... Ingurua primeran ezagutzen dute dagoeneko, baina ezagutzera baino inguruaz gozatzera bertaratzen dira», esan du. Tertulia luzeak izaten dituzte astebetean eta urtean zehar ere harremanetan jarraitzen dute; bezeroak izateaz gain, lagunak ere badira jada.

Gogorra ez, lotua

Lan gogorra ez baina «lotua» dela dio Barainkak, batez ere, eurek bezala, etxetik kanpo ere lan egiten dutenentzat. «Denbora librea ere honi eskaini behar diozu», azaldu du.

Eguna argitzean hasi eta gauean amaitzen dituzte eginbeharrak: «Goizeko zazpi eta erdietan esnatzen gara, eta, gosaldu ostean, gosariak prestatzen hasten gara. Bezeroak joatean gelak garbitzen ditugu, maindireak aldatu... Bazkalondoan atseden pixka bat hartzen saiatzen gara, eta, iluntzean, eurekin egoten gara», kontatu du. Eurak neguan itxi egiten dute, apenas inor etortzen delako eta biek kanpoan lan egiten dutelako. «Mantenuan gastu gehiago dugu», adierazi dute.

Enric, Queralt, Berta, Judith, Anna, Carme eta Quim Kataluniatik bertaratu dira hamar egunerako Madalen Aurreko etxera. Lehen egunak Gipuzkoan eman dituzte, eta, azkenak, berriz, Bizkaian. Landa etxeak bezeroen eskura jartzen duen sukaldean gosaria prestatzen ari dira iritsi garenean. «Hori da abantailetako bat: talde handian joan eta hotelak ez bezala gure jana geuk prestatzeko aukera eskaintzen digu». Makina bat herri eta txoko bisitatuak dituzte jada, eta galdu nahi ez zituzten ekitaldietan ere izan dira. «Gogoa geneukan Euskal Herriko manifestazio batera joateko eta Donostian izan ginen», azaldu dute.

Azken egunera arte, ordea, ez dute aukera galduko, «makina bat leku eder baitago hemen». Gaztelugatxera eta Bermeora egin beharreko irteera egiteke dute, adibidez. Guztien artean ados jarri behar izaten dute, eta, hori dela eta, txokoak ikusteaz gain, gazteak asetzeko hondartzetan egonaldiak egiten dituzte. Etxean bertan galde egiten dute kontseilu eske, eta Imanol eta Amaiak gomendioak ematen dizkiete.

Nekazalturismoan beste tokietan topatzen ez duten lasaitasun eta askatasuna topatzen dutela diote katalanek eta horrexek erakartzen ditu gehien.

Egun hauetan beterik izan da landa etxea, baina, aspaldian, azken zazpi urteotan, okupazio maila asko jaitsi dela azaldu du Barainkak. «Alde batetik turismoaren atomizazioa dago, baina, horrez gain, bigarren etxebizitzen fenomenoak ere eragina du bertako bezeroen murrizketan», iritzi dio. «Krisiari egozten zaio maiz jaitsiera -jarraitu du-, baina krisiaren aurretik ere krisian geunden».

Datuak eta errealitatea

Egunetik egunera bizi duten egoera ikusita, turismoari buruz ematen diren datuek maiz haserrarazi egiten dutela dio Gorostizagak: «Urtero esaten da komunikabideetan turismoak gora egin duela; errealitatean, ordea, gure etxeetan gero eta jende gutxiago dago; hori ez da esaten, ordea».

Esandakoaren adibide gisa uztailean izandako okupazioa maila aipatu du Barainkak, aurten eurek %10 ingurukoa izan baitute. «Etxetik etxera aldatu egiten da, baina abuztuan %45ekoa da gure okupazio maila eta dena bete-bete eginda dagoela esaten ari dira batean eta bestean». Beren esanetan, mezu positiboak ematea interesatzen zaie, baina kalte baino ez dute egiten horiekin. Egun landa etxea izatetik bizitzea oso zaila dela diote, «derrigorrez, bikotekideetako batek kanpoan egin behar du lan».

Barainka eta Gorostizagak Nekatur elkarteak landa turismoa sustatzen egindako bidea ere nabarmendu nahi izan dute. «Lan handia egin da eta egun elkarteak fidagarritasuna ematen du. Nekazaletxe eta landa etxeek marka bat dugu, izen bat», onartu dute.

Gainera www.nekatur.net orriaren bidez informazio oparo eta interesgarria eskaintzen dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako landa etxe eta nekazal turismoaren inguruan. Besteak beste, ostatu bakoitzean dituzten zerbitzuen eta libre dagoen lekuaren gaineko informazioa ematen dute.