-

Ramon Sola

2010ko Abuztuaren 27a

Duela aste pare bat Fidel Castro Kubako Iraultzako buruzagiari elkarrizketa egin zion Latinoamerikako Telesur telebistak. Bertan munduan zehar gertatzen ari den zenbait gatazka aztertzen ari zen: Iran-Ameriketako Estatu Batuak, Palestina-Israel, Venezuela-Kolonbia... Une batean, digresio bat egin eta bere ustez inoiz guztiz ulertu ez den gertaera historiko bat argitu nahi izan zuen: «Guk geure politikagatik irabazi genuen gerra, ez geure indarragatik».

Bere garaipenaz ari zen Fidel, noski, 1959ko urtarrilaren 1ekoaz. Honela garatu zuen argudioa: «Gure indarra ez zen apenas ezer, baina morala eta arrazoia alde dituzunean ikaragarri bilakatzen da indar apur hori. Zenbat ziren Batistak zituen armak? Ehun mila. Nork ematen zizkion? Estatu Batuek, arma modernoak ziren. Zer genuen guk? Fusil batzuk baino ez, gainerakoa arerioari kentzen joan ginen. Zazpi-zortzi hilabetetan, erregimena menderatu genuen eta aipatutako 100.000 arma haiek gureak ziren. Ez gure indarragatik! -zehaztu zuen berriz Fidelek-, gure moralagatik baizik».

Honekin Castrok ez du esan nahi, noski, erabili zuten indarra ez zela beharrezkoa izan. Ezinbestekoa egin zitzaien Sierra Maestran ezkutatu eta armak eskuetan hartzea Batistaren boteregunea hondatzen hasteko. Baina garaipenera arteko aurrerapenak, ordea, militarrak baino politikoak izan zirela argitu nahi izan du Fidelek, politikak -«arrazoiak eta morala», haren hitzetan- ekarri zielako Kubako herritarren atxikimendua.

Baina utz ditzagun denboran eta mapan hain urruti dauden kontu horiek eta gatozen orainaldira eta gurera. Arreta deitu du Pedro J. Ramirezek pasa den igandean argitaratutako gutunak. Irakurri ez duenarentzat, hemen doa laburpen azkarra. Ezker abertzalearen eskutik, honen ekimenaren berri izan du ``El Mundo''ko zuzendariak. Entzundakoaren ondoren, argi du Pedro J.-k ekimena sakona eta geldiezina dela, eta bere egunkariak, beraz, sortuko duen agertoki berrirako lerro editoriala moldatu beharko duela. Hau da gutunaren lehenengo ondorio nagusia, eta ez da gutxi, oraindik ere Euskal Herrian politikari eta iritzigile askok ``Zutik Euskal Herriaren'' balio iraultzailea zalantzan jarri nahi dutelako.

Hortik aurrera, hitz horiek «pozik» entzun zituela ziurtatu arren, oso nabaria da Ramirezen kezka. Eta nabariagoa oraindik egoera berrirako harresi berria eraikitzeko duen zailtasuna. Hau da momentuz bururatu zaion lehenengo kolpea: ezker abertzalea berriz legezkotzat jotzeko unea atzeratzen saiatzea, 2011n gauzatu beharrean 2015era arte luzatuz («bost urteko segurtasun tartea, behintzat, ezin da gutxiagorik eskatu», idatzi du). Baina aukera hori planteatu duenez, ezker abertzaleak «ezetz erantzun digu, beraiek `bide azkarretik' joan nahi dutela eta hurrengo udal hauteskundeetan egon nahi dutela», kexatu da Pedro J. Bigarren ideia bat ere badu Ramirezek: PSOEko Jesus Eguigurenek edo Odon Elorzak aipatzen dituzten «negoziazioa edo elkarrizketa politiko prozesuak» guztiz baztertzea. Ilegalizazioa luzatzea eta elkarrizketa ekiditea, beraz, txanpon bereko bi alde. Bitxia da ere Pedro J.-k esaten ez duena: gutunak ez dio ezker abertzalearen arrazoi politiko bakar bati ere erantzuten. Guztiz saihestu nahi du eztabaida, errotik moztu.

Gutuna irakurri ondoren, gauza bat begi bistan da. Pedro J. Ramirezek jakin badaki ezker abertzaleko horiek ez direla Sierra Maestra bezalako Euskal Herriko mendilerro batetik jaitsitako «bizardun» zikin mespretxagarri batzuk, arrazoi politiko sendoak dituzten herri baten aitzindariak baizik. Fidelen hitzak erabiliz, beren indarragatik agian ez, baina beren politikagatik gerra irabaz dezaketenak.