Estatubatuarrak badoaz Iraketik, herrialdea ia zortzi urtez okupatuta eduki ondoren. Egileak okupazioaren balantzea egin du testu honetan, eta Erresistentziak duen gaitasuna nabarmendu du.
Julio Morejon - Prensa Latina
2010ko Abuztuaren 27a
AEBetako tropak badoaz Iraketik. Atzera egitearen iragarpenak bi gauza baieztatu dizkio Erresistentziari. Alde batetik, gerrilla gerra oso eraginkorra izan dela, etsaiari milaka baja eragin baitizkio urteotan. Bestetik, ezinezkoa dela herrialde arabiar osoa okupatzea. Kanpoko militarrek herrialde arabiarrean egin dituzten zazpi urteen ondoren, gaur egun oso garbi dago beste estatu bat eraikitzea sukar-egoeran edukitako ametsa besterik ez zela, intsolazioak eragindakoa-edo, eta amets zena amesgaizto bihurtu duela indarkeriak.
Ekialde Hurbileko herrialdearen aurka abian jarritako gerraren zortzigarren urteko lehen seihilekoa estatistika gogorrekin bukatu da, gogorrak irakiarrentzat beraientzat eta gogorrak AEBetako militarrentzat ere, 4.400 lagun galdu baitituzte, gehienak erresistentziak egindako ekintzen eraginez.
Washingtongo agintariek baja kopuruaren murrizketa eta arabiar agertokiko segurtasunaren hobetzea lortu bazituzten ere, Irakeko egoeran ezegonkortasuna izan da nagusi. Izan ere, ezegonkortasun horrek markatu du okupazio osoa, bera izan da ezaugarririk ezerosoena.
Erresistentziaren ekintzak ugaritu egin dira eta oso eraginkorrak izatera ere iritsi dira. Horretarako baliabide konbentzionalenak alde batera utzi eta beste batzuk erabili dituzte askotan, suntsitzaileagoak. Erresistentziak taktika eta estrategia batu zituen, eta horrek sekulako aurrerapausoa eragin zuen atzerriko tropen aurkako borrokan. Okupatzaileek inoiz ez dute lortu Irak era sakonean ezagutzea. Are gutxiago irakiarren psikologia.
Orain bi urte, estatubatuarren indarrek eta beraien Irakeko aliatuek erresistentziari aurre egiteko era berriak jarri zituzten abian. «Hegoaldean egindako ahaleginak, ordea, Irakeko erdialdean eta iparraldean eraso gehiago izatea eragin zuen; hau da, ustez gure mende zeuden eskualdeetan». Gero hegoaldera hedatu ziren erresistentziaren operazio horiek, xiiten talde armatuak nagusi ziren eremuetara. Indar horiek xiitak izan arren, Gobernua bera bezala, ez zuten agintariekin bat egin.
Azken bolada honetan egoera asko nahastu da. Noizbait aliatu izan zirenak etsai bihurtu dira, eta alderantziz. Gutxienez, AEBek pentsa dezakete irakiar guztiak beraien etsai direla. Baita 2003an dolar batzuen truke herrialdea saldu nahi zietenak ere; okupazioari eusteko instituzioetan sekulako maniobrak egin zituzten haiek, alegia. Maniobrek porrot egin zuten, okupazioak berak bezala.
Washingtonek bidalitako tropek ez dute lortu beraien eredua, demokraziaren kontrako eredu neoliberala, ezartzerik, nahiz eta ahalegin horretan azken belaunaldiko gerra baliabideak eta tresna ideologikoak erabili dituzten. Gobernu koherente bat ezartzea ezinezko izan da. Segurtasun indar berriak sortzeko ahalegina, berriz, tragikomedia bihurtu da.
Pentagonoak etorkizunean egin nahi dituen gerra abenturak prestatzeko laborategia izan da Irak aditu batzuen arabera. Hori horrela balitz, entseguek porrot egin dutela ondorioztatu beharko da. Eragindako kaltea izugarria izan bada ere, gerra sekretuko tresneriarik modernoenak ez du lortu irakiarrak elkarren aurka jartzea, hori baitzen beraien helburua, ezaugarri konfesionaletan eta interes ekonomikoetan oinarritutako amaigabeko borrokari eustea, irakiarren indarrak erabat agortu arte. Gauzak horrela izatea espero zuten gatazkaren sortzaile amerikarrek.
Estatubatuar indarrek egindako iragarpenak ez dira bete Irak okupatuta eduki duten bitartean. Salbuespen bakarra: odol asko isuriko zela iragarri zuten, eta horrela izan da. Ez atzerriko tropek zuzenean borrokatu dutenean ez irakiar sikarioak aurretik bidali dituztenean ez dute lortu beraien eredua ezartzerik. AEBek 2003an Irak inbaditu zutenetik, Washingtonek bidalitako 4.415 militar hil dira herrialde arabiarrean, www.icasualties.org webgune independenteak egiten duen zenbaketaren arabera. Hildako horiei AEBen aliatuek bidalitako tropen hildakoak gehituz gero, kopurua 4.733ra iristen da.
Zenbaketa horiek egitea oso zaila da, gerraren agertokia aldatu egiten baita. Beraz, datu erabat zehatzak lortzea ia ezinezkoa da. Bajak batzuetan tantaka iristen dira, erresistentziaren ekintzak han-hemenka izaten direlako. Horrelakoetan oso informazio gutxi izaten da normalean. Beste batzuetan, berriz, erasoak bat bestearen atzetik iristen dira, hildakoen estatistikei bat-bateko aldaketa handiak eragiteko. Edonola ere, zenbaki horiek Iraken benetan gertatu denaren berri ematen digute. Aurten bertan izan ditugu datu aipagarriak: uztailean, esaterako, 535 hildako eta 1.043 zauritu izan ziren Iraken, 2008az geroztik izandako hilabeterik txarrena bilakatuz.
Irakeko azken sei hilabeteetako erasoei buruz hedabideek plazaratutako estatistikak kontuan hartuz gero, ondorioztatuko dugu Persiako Golkoko herrialdean sortzen den informazio ugari ez dela iristen iritzi publikoarengana, kasu batzuetan hitz aproposak erabilita gertatutakoa ezkutatu egiten dutelako. Esaterako, datu konfidentzialak edo estatu sekretuak aipatzen dira askotan, gertatu denaren berri herritarrei ez emateko.
Okupatzaileek galtzen dituzten tropak nolabait mozorrotzeko beste mekanismo batzuk ere erabiltzen dira. Esaterako, hildakoei buruzko informazioak sistematikoki atzeratu egiten dira eta gertatutakoaren berri laburra, ia daturik gabekoa, hurrengo egunera arte ez dute ematen AEBek. Horrek, jakina, sekulako tartea uzten dio informazioaren manipulazioari. Fikziozko irudi bat sortzen dute okupatzaileek, gerraren benetako aurpegia estaltzeko, gerra hori ezin dutela irabazi ezkutatzeko.
Uztaileko datuak eman zituztenean, 535 hildakoen berri ematean, Osasun, Defentsa eta Barne ministerioek nabarmendu zuten biktima gehienak zibilak zirela. Horrek esan nahi du indarkeriak gora egin duela. Beste datu esanguratsu bat erantsi zuten: uztailean eraso ezberdinetan 89 poliziakide eta 50 soldadu hil zituztela. Izan ere, Erresistentziak Irakeko soldadu eta poliziakideei egiten die eraso, irailaren 1etik aurrera Irak beraien mende edukitzen saiatuko diren indarrei. Une horretan emango dio amaiera ofiziala Washingtonek zazpi urte eta erdiko okupazioari. Okupatzaileek ezarritako instituzioen aurkako eraso erraldoiak egiteko gaitasunari eutsi dio Erresistentziak. Irakeko eta AEBetako eledunek esaten dute Erresistentziak politikarien arteko tentsioak erabiltzen dituela ezegonkortasuna areagotzeko. Xiiten erakundeen eta konfesio anitzeko zerrendakoen arteko amaigabeko negoziazioek giro hori indartu egiten dute, martxoan hauteskundeak egin zituztenetik ia ez baitute ezer aurreratu Gobernu berria osatze aldera.
AEBek atzera egitea erabaki dute, baina oraindik 50.000 militar inguru izango dituzte Iraken. Datorren urtean osatuko omen dute erabateko erretreta.




