-

Jose Angel Oria

2010ko Abuztuaren 27a

Krisi ekonomikoak eragindako erabaki guztiak ez dira txarrak izaten, azken bolada honetan irakurle guztiek txalotzeko moduko berri batzuk iritsi baitira erredakzioetara. Azkena Alemaniatik datorkigu eta bertako soldaduska desagertzeko bidean dela dio. Nahiago nuke!

Lehen berria Efe albiste agentziaren bitartez jaso genuen. Karl-Theodor zu Guttenberg Alemaniako Defentsa ministroak soldaduska bertan behera uztea proposatu duela irakurri genuen astelehenean. Militarren artean lagun gutxi izango dituen agintariak murriztu egin nahi du Alemaniako Armadak duen soldadu kopurua; egungo 252.000 lagunetik 163.500 lagunera pasatzea da asmoa. Bere helburua austeritate egitasmoekin bat egitea da. Horretarako bost aukera dituzte, baina Guttenberg soldaduska ezabatzearen aldekoa da.

Beste era batera ematen zuen berria ateneadigital.es webguneak. Bertan zehazten zuten Alemaniako Konstituzioak -Oinarrizko Legea esaten diote bertan- soldaduska aurreikusten jarraituko duela, baina hemendik aurrera zerbitzu hori ematea ez dela derrigorrezkoa izango. Webguneko Maria Angeles Moya kazetariak erantsi du ministroak duen egitasmoak oraindik Parlamentuaren argi berdea behar duela, eta gaur egungo Gobernua osatzen duten alderdiak ez datozela bat auziaren inguruan. Guttenbergen azken helburua «Armada txikiago, merkeago eta eraginkorragoa lortzea» litzateke. «Azkenean gauzatzen bada, Alemaniako Indar Armatuek Bigarren Munduko Gerraz geroztik izaten duten aldaketarik garrantzitsuena litzateke», borobildu du Moyak.

Antimilitaristen iritzia ezagutu nahian, Alemaniako Bakearen Aldeko Elkartearen webgunera -dfg-vk.de- jo dugu, bertan Monty Schadel ekintzaileari egindako elkarrizketa argitaratu baitute. Elkarrizketa «Junde Welt» Berlingo egunkari ezkertiarrak egin dio, Guttenbergek plazaratutako ideiak komentatzeko. «Domina merezi al du ministroak?», galdetzen diote. «Ezta pentsatu ere! Berak gerratan esku hartzeko gai izango den Indar Armatuak lortu nahi ditu, eta guk ezin dugu horregatik txalotu», erantzun zuen Monty Schadelek. Soldaduskaren aurka egoteko makina bat arrazoi aipatzen ditu ekintzaileak, kasu askotan ia ezer kobratzen ez duten langile merkeak lortzeko erabili izan dela nabarmenduz. Gainera, bere ustez, herrialdeko Konstituzioa bera ere aldatu egin beharko litzateke, alemaniarrei soldaduskaren mehatxua kentzeko.

Armada gaur egun nola dagoen esplikatu du DPA Alemaniako berri agentziak. 163.500 soldadu izaten dituenean, horietako %95 profesionalak izango dira, eta, gainerakoak, boluntarioak. Agentziak gogorarazten du ere soldaduska sei hilabetekoa dela gaur egun, Angela Merkelen azken Gobernuak bere iraupena bederatzi hilabeteetatik sei hilabetera jaistea erabaki baitzuen. Ministroaren asmoak aurrera ateratzen badira, hemendik aurrera boluntario joaten direnek hamabi eta 23 hilabete bitarteko soldaduska egin beharko dute. DPAk eransten du Grezian, Turkian, Norvegian eta Estonian ere soldaduska oraindik derrigorrezkoa dela.

Alemaniako militarrak iaz izan ziren albistegietako izar, Afganistango iparraldean dagoen Kunduz hiritik gertu eragin zuten sarraskiari esker. Europa Press agentziak banatutako informazio batean irakurri ahal izan dugu Alemaniako Armadak azkenean bukatu dituela sarraski hartako biktimen senideekin egindako negoziazioak, eta hildako bakoitzeko 3.800 euro ordainduko dituztela. Ia ehun pertsona hil zituzten, guztiak zibilak, alemaniar soldaduek eskatu eta estatubatuarrek egindako aire erasoan.