Ashanti herriaren askatasunaren aldeko borrokalaria -

Egileak Yaa Asantewaa Ghanako XIX. mendeko heroiaren kasua ekartzen du gogora, Afrikaren askatasunaren aldeko borrokan emakumeek izan duten garrantzia nabarmentzeko. Beste emakume askorekin gertatu den bezala, ashanti herriaren erregina izatera iritsi zena ia ezezaguna da, kolonizatzaileek idatzitako liburuetan ez baitira ageri ez afrikarren heroiak ez haien sufrimendua.

Rafael de la Morena - Prensa Latina

2010ko Abuztuaren 27a

Ashanti herria oso zaharra da, gutxienez bi mila urte baititu. Gaur egungo Ghanan nagusi den akan etniakoak dira ashantiak eta twi izenekoa da beraien hizkuntza. Osei Kojo erregearen garaian, ashanti erreinuaren mugak egungo Togo eta Boli Kostara iristen ziren. Ashanti erreinuak herri asko hartu zituen bere mendean: zerga modukoak kobratzen zizkieten, beraien babesaren truke.

Ashanti konfederazioko armadak, zaharkitutako fusilak hartuta, hegoalderako bidea hartu zuen garai hartan, europarrek Urrezko Kostan eraikitako merkataritza postuak menderatu nahian. Urte askotako borroken ondoren, portugesak, danimarkarrak, suediarrak eta nederlandarrak kanporatzea lortu zuten afrikarrek. Atlantikoaren eta Sahararen arteko bideak beraien mende geratu ziren, eta hori garrantzitsua zen garai hartan. Horri esker, 1780tik 1830era, erreinuak aurrera egin zuen arlo guztietan. Zentralizatutako Estatu moduan funtzionatzen zuen. Hiriburua Kumasi zen eta bertan eraiki ziren meskitarik dotoreenak. Islamaren eragina aspaldi hasita zegoen ashanti herrian.

Printzesa jaio

Testuinguru horretan jaio zen Yaa Asantewaa printzesa 1840an. Txikitan irakurtzea asko gustatzen zitzaion. Baita basoan edo mendian ibiltzea ere. Baina europarrak berriz ziren itsasertzean, eta kontinente barrura zetozen.

Hasiera batean ashanti erreinua errespetuz tratatu zuten kolonizatzaileek eta merkataritzan aritu ziren beraiekin. Baina gauzak okertu ziren eta azkenean ashantien Armadari egokitu zitzaion erreinua babestea.

1855era arte egin ziren borrokatan garaile atera ziren ashantiak, baina 1863an kolonizatzaileek sekulako tropak eraman zituzten bertara, gerra luzeari eusteko asmoz. Yaa Asantewaak borrokarako baliabideak biltzen lagundu zuen, eta Nana Akwasi Afrane Okpese bere anaiaren borrokalariak inbaditzaileei aurre egitera joatera animatu zituen. Baina ashantiek ezin zuten imajinatu ere egin europarrek gerrarako zituzten tresnak. Inguru haiek koloniaren mende jarri nahi zituzten, kosta ahala kosta.

Ashantiek atzera egin zuten, iparraldera. Gerrilla gerra egin zuten. 1874an britainiarrek Kumasi hiriburuari su eman zioten. Eta 1883an ashantien arteko gerra zibila hasi zen.

Yaa Asantewaaren anaia 1894an hil zen. Ama-bidezko oinordetza eskubideak erabili zituen Prempeh bere biloba ejisuhene edo errege izendatzeko. Amonaren laguntzarekin, errege berriak kolonizatzaileen aurkako borrokari eutsiko zion Togoko mendietan.

Britainiarren armak askoz ere hobeak zirenez, Akuapin ashantien buruzagiaren ahaleginak alferrikakoak izan ziren eta azkenean, 1896an, harrapatu egingo zuten, Seychelle uharteetara eramateko, hau da, bere herritik zazpi mila kilometrora.

Kolonizatzaileak harro-harro eginda zeuden. 1899an, Frederick Hodson Urrezko Kostako gobernadore britainiarrak Urrezko Aulkitxoa entregatzeko exijitu zien ashantiei, herriaren ikurrik preziatuena atzerritarrei emateko, alegia. Yaa Asantewaa zen Aulkitxoaren zaindaria. Iraingarria zen berarentzat gobernadoreak eskatutakoa. Kumasin bilera bat antolatu zuen erregearen itzulera prestatu eta kolonizatzaileen aurkako gerra berriz abian jartzeko. Erregin bihurtu zen, eta bera izan zen 1900eko ashanti herriaren altxamenduko burua. Urrezko Aulkitxoaren Gerra deitu zioten horri.

Seychelleetan hil zen

Erreginak 30.000 borrokalari biltzea lortu zuen eta matxinada berehala hedatu zen. Kumasiko gotorlekua setiatu zuten hiru hilabetez, bertan babestu baitziren europarrak eta horien aliatuak. Yaak garaipena berea zela uste zuenean, milaka soldadu iritsi ziren setiatuak askatzera, artilleria eta guzti. Kwahuko basoetan eutsi zioten erresistentziari ashanti herriko indarrek, britainiarrek bertakoen herrixka guztiak suntsitzen zituzten bitartean. Ia urte eta erdiko borroken ondoren, Yaa harrapatu egin zuten. Ez zituen onartu kolonizatzaileek ezarritako baldintzak, eta Seychelle uharteetara eraman zuten. 1921ko urriaren 17an hil zen. Handik pixka batera, erbesteratu guztiek izan zuten ashantien lurretara itzultzeko aukera. Yaaren gorpuzkinak heroi moduan hartu zituzten.

Ghanak 1957ko martxoaren 6an lortu zuen independentzia. Saharaz hegoaldean askatasuna lortu zuen lehen Estatua izan zen Ghana. Geroztik herrialde osoan makina bat monumentu eraiki da Yaa omentzeko. Bere izena daramate eskola askok ere. Yaa Asantewaaren Museoa sute batek suntsitu zuen orain urte batzuk, baina Afrikaren askatasunaren aldeko borrokaren arrastoa ez da inoiz desagertuko.