Txernobilgo istripu nuklear ikaragarria gertatu zenetik ia 25 urte pasa diren arren, bertako erradioaktibitateak harrapatzen duen guztia kaltetzen jarraitzen du. Alemaniako hegoaldean azken asteotan ehizatu dituzten basurde batzuek sekulako kutsadura erradioaktiboa zuten, nahiz eta Ukrainako zentraletik ia 2.000 kilometrora egon.
Jose Angel Oria
2010ko Abuztuaren 27a
Alemaniako agintariek badakite zein den arazoa. Horregatik, Ingurumen Ministerioak urtero partida bat gordetzen du ehiztari elkarteei emateko, ehizaki erradioaktiboak sal ez ditzaten. 2009an, esaterako, 424.650 euro gastatu zituen kutsatutako haragia merkatuetara irits ez zedin. Ministerioak berak emandako datuen arabera, 2006an kopuru horren erdia baino gehixeago -240.000 euro inguru- nahikoa izan zen helburu bera lortzeko, eta aurten, berriz, diru gehiago beharko dutela aurreikusi dute adituek. Orain hamar urte, 25.000 euro besterik ez zituzten banatu.
Onddoak jateagatik. Ministerioko adituek esplikatu izan dute zergatik gero eta diru gehiago behar den ehiztari elkarteei emateko. Alde batetik, Alemaniako basoetan bizi den abere kopuruak gora egin du azken urteotan. Horietako batzuek, basurdeek esaterako, perretxikoak eta lurrak duen erradioaktibitatea xurgatzen duten beste landare batzuk jaten dituzte, erradioaktibitate hori irentsiz. Agintarien arabera, arazoa 1986an hasi zitzaien, Txernobilgo zentral nuklearrak istripua izan zuen urte berean. Alemanian espezie asko dira geroztik Txernobilgo erradioaktibitateak kaltetutakoak. Tamalez, kutsatutako abereen kopuruak gora egiten du etengabe. Eta bertakoek esaten dute arazoak hor jarraituko duela hurrengo 50 urteetan ere.
Basurdea erre egin behar. The Associated Press AEBetako albiste agentziak telefonoz hots egin zion Georg van Bebber Municheko ehiztariari. Asko poztu omen zen Ebersbergeko basoan, hiritik gertu, basurde handi samarra harrapatzean. Ehizakia etxera eraman aurretik, Geiger partikula-kontagailuak arazoren bat bazegoela jakinarazi zion: basurdearen haragia erradioaktiboa zen, eta erradioaktibitate maila handikoa gainera, gizakiok janez gero gaixotzeko modukoa. Erre egin behar izan zuen. «Basurde hori etxera eramateko sekulako gogoa neukan baina...», esan zien ehiztariak APko kazetariei.
Prezipitazio erradioaktiboak. Gero eta kutsatutako basurde gehiago harrapatzen dituzte Alemanian. Zergatik? Alemaniako adituek nabarmentzen dute gero eta basurde gehiago dagoela herrialdean, eta horrexegatik ehiztariek harrapatzen dituztenen kopuruak ere gora egin duela. «Horregatik orain kutsatutako haragi gehiago iristen zaigu», adierazi dio Thomas Hagbeck Ingurumen Ministerioko eledunak APri. «Horrek frogatzen du ere prezipitazio erradioaktiboak ingurumen arazo izaten jarraitzen dutela», erantsi du adituak.
Abereen erasoak. Erradioaktibitatea alde batera utziz gero ere, basurdeak arazo bihurtu dira Alemanian. «Der Spiegel» Hanburgon egoitza duen astekariak gaia aztertu berri du, hedabideek plazaratutako informazioak bilduta. Uztailaren hasieran, esaterako, basurde batek eraso egin zion Berlin hiriburuko parke batean gurpil-aulki batean zihoan gizon bati. Eisenach ekialdeko hirian, berriz, bi dozena basurdek behin baino gehiagotan izutu dituzte herritarrak azken bolada honetan, eta Poliziari berari ere lan asko eman diote. Gainera, autopista bat hamar orduz itxita eduki zuten uztailaren bukaeran, bertara iritsitako basurde batek errepidean aurrera eta atzera ibiltzea erabaki zuelako. Beraz, basurdeak beraien betiko lekuetatik irten dira, jatekoaren bila, eta gizakion hirietara iristen ari dira. Hori gertatzen ari omen da abere hori ikaragarri ugaldu delako. Alemaniako Ingurumen Ministerioko eledun batek «Der Spiegel» astekariari esan zionez, gaur egun arto gehiago landatzen da herrialdean, eta horrek erraztu egin du basurdeak ugaldu izana. Gainera, azken urteotako neguak zertxobait epelagoak izan dira, eta hori ere komeni zaie txerriaren arbasoei.
Ehiza bikoiztu egin da. Alemaniako Ehiztarien Elkarteak datu asko ditu esku artean, basurdeak ugaltzen ari direla frogatzeko. 2008/2009ko ehiza-garaian, adibidez, 650.000 basurde harrapatu zituzten Alemania osoan, ordura arteko marka guztiak hausteko. Urtebete lehenago 287.000 besterik ez zituzten ehizatu; erdia baino gutxiago alegia. Baina botatako basurde guztiak ez dira mahaira iristen, zesio-137 izeneko metal alkalinoa dutelako; oso erreaktiboa den gaia alegia. Abereak kiloko 600 becquerel baino gehiagoko erradiazioa badu, suntsitu egin behar da. Eta maila horretatik gorako kutsadura izaten dute Alemaniako hegoaldean harrapatutako basurde eta bestelako abere askok. Bayerischer Wald izeneko basoan, Txekiar Errepublikako mugatik gertu, harrapatutako basurdeek batez beste kiloko 7.000 becquereleko erradioaktibitatea izaten dute.
Kutsadura neurtu. Arazoa oso larria den landetan ehizatutako abere guztien kutsadura neurtu egiten da. Andreas Leppmann Alemaniako Ehiztarien Elkarteko kideak emandako datuen arabera, Bavarian abereen erradioaktibitatea neurtzeko 70 leku dituzte, beharrezkoa den tresneria guztiarekin. Eta Txernobiletik gertuago dauden lekuetan, Polonian esaterako, egiten al da tankerako zerbait?
Zesio-137 madarikatua. Leherketa eta sutea gertatu ziren Txernobilgo zentral nuklearreko laugarren erreaktorean 1986ko apirilaren 26an. Hodei erradioaktiboak partikulak zabaldu zituen Europan. Zesio-137 isotopo erradiaktiboak 45.260 kilometro koadro kutsatu zituen Ukraina, Bielorrusia eta Errusian. Ekologisten arabera, kutsaduraren erdia baino gehiago beste hamahiru herrialdetara garraiatu zuen haizeak, mendebalderantz Suitza eta Norvegiaraino, eta hegoalderantz Grezia eta Italiaraino. Ia 25 urte igaro ondoren, zortzi milioi pertsona inguru bizi dira oraindik oso kutsatuta dauden eskualdeetan, Greenpeace talderen arabera.
Urte askotarako. Alemaniako basurde batzuen haragiak kiloko 40.000 becquereleko erradioaktibitatea zuen, Europar Batasunak ezarritako muga kiloko 600 becquerelekoa denean. Britainia Handian, berriz, 100 becquereleko erradioaktibitatea duen ardi-azienda saltzea eta garraiatzea debekatuta daukate. Horregatik, haragi erradioaktiboa oso osasun arazo larria izan daiteke, neurriak hartu ezean. Europako makina bat herrialdek horrela egin zuten Txernobilgo istripua gertatu zenean, eta orduan abian jarritako zaintza jarduera batzuek indarrean jarraitzen dute, «eta urte askotan horrelaxe jarraitu beharko dute», Europako Batzordearen arabera. Norvegian, 1986an, sami herriaren elur-oreinek kutsatutako likenak jan zituzten, eta samiek haragi kutsatu hori jaten zuten. Dieta aldatu beharra izan zuten. Likenek atmosferak dituen partikula erradioaktiboak irensten dituzte.
Errusiako suteak. Txernobilgo istripuaren eraginez kutsatutako basoak -40 kilometro koadro inguru- erre egin dira uda honetan, eta horrek zuhaitzek xurgatutako erradioaktibitatea atmosferara askatu du. Gero haizeak eramaten du arazoa beste nonbaitera, prezipitazio erradioaktibo moduan. Baso haiek erre egin direla onartu zioten Reuters berri agentziari Errusiako basozainek. Azken mila urteotako udarik beroenaren eta lehorte gogorrenaren eraginez, sute ugari izan dituzte aurten Errusian. Moskuko erradioaktibitatea neurtu dute, sute horien eraginez gora egingo zuelakoan, baina orain arteko neurketek ez dute arazorik adierazi.
Bryansk probintzia. Sergei Shoigu Errusiako Larrialdietako ministroak abuztuaren 5ean esan zuenez, Bryansk probintziako basoetan suteren bat hasiz gero, partikula erradioaktiboak atmosferan heda daitezke. Reuters agentziaren arabera, Vasily Tuzov basoak zaintzen dituen agentziako zuzendariordeak onartu zuen suteak izan zirela Txernobilgo istripuak kutsatutako basoetan. «Gehienak itzali ditugu», erantsi zien. Agentziako webguneak emandako datu bat ez zuen komentatu nahi izan, alegia, 39 kilometro koadro erre zituela suteak. Bryansken suteak izan dira. Ukrainako mugatik gertu dago.
Sobietarrak bezala. Txernobilgo istripuak kutsatutako basoak erre egin zirela jakitera eman zenean gertatu zenak, garai bateko sobietar agintarien joera ekarri zuen gogora. Interfax berri agentzia publikoak plazaratu zuen Bryansken 28 sute izan zirela; eta Kaluga, Kurgan, Tula, Oriol, Penza eta Cheliabinsk eskualdeetako kutsatutako lurretan ere suteak izan zirela erantsi zuen. Guennadi Onischenko Errusiako Osasun Zerbitzuko buruak berehala erantzun zuen, giroa bere onera ekarri nahian: «Han dena lasai-lasai dago, ez dago beldurtu beharrik». Larrialdietako ministroak esan zuenez, Bryansken ez zen suterik. Txernobilekoa gertatu zenean ere, arazoa ezkutatzen saiatu ziren, erradioaktibitateak muga guztiak zeharkatu zituen arte, eta orduan ezin izan zioten gezurrari eutsi.
Alderatzeko mapak. Errusiako Basoak Zaintzeko Agentziak gaizki hartu zituen politikarien adierazpenak: «Kutsatutako eremuen mapak dauzkagu, baita suteek suntsitutako eremuenak ere. Edonork aldera ditzake. Nola esan dezake inork hori gezurra denik?». Greenpeace nazioarteko erakunde ekologistak Moskun duen bulegoak ere jakinarazi zuen sateliteek bidalitako irudiek Bryanskeko suteak erakutsi zituztela. Vladimir Kotenkov Bryanskeko basozainen buruak itzalitako suteen berri eman zuen, horietako batzuk kutsatutako lurretan izan zirela baieztatuz. «Kutsadura gehien duten lekuetara sua iristen bada, istripu nuklearrak berak eragindako ondorioen tankerakoak izango genituzke», erantsi zuen. Kotenkovek aipatutako leku horietara iristea oso zaila da, ia biderik ez dagoelako. Istripua izan zenetik erabat itxita egon dira, zaindu gabe. Horrek suari gauzak erraztu egiten dizkio. Eta erradioaktibitateak ez du mugarik onartzen.




