-

Gorka Elejabarrieta

2010ko Abuztuaren 27a

Gatazka politikoen kudeaketa, konponbidea edota transformazioa ez dira gauza bera. Prozesu demokratikoa edo bake prozesua esatea ez da berdina. Askotan hitz batzuk edo besteak erabiltzen dira, gauza berdina esan nahi dutelakoan. Baina maizago termino batzuk edo besteak gatazka bera desitxuratzeko eta norberaren estrategia indartzeko erabiltzen dira. Horregatik erabiltzen ditugu abertzaleek eta unionistek modu eta hitz oso ezberdinak gatazka berari buruz hitz egiterakoan.

«Contemporary Conflict Resolution» (Ramsbotham, Woodhouse eta Miall) liburuan gatazka politikoekin lotutako termino batzuen esanahi zehatzaren bila aritu naiz, eta horra hor aurkitu dudanaren laburpen txiki bat.

«Gatazka» (conflict): talde ezberdinak helburu bateraezinak lortzen saiatzen direnean ematen den egoera. Definizioa irakurrita, argi dago gure herrian gatazka bat edo batzuk existitzen direla. Euskal Herriaren eta Espainiaren eta Frantziaren artean. Abertzaleen eta unionisten artean eta abar. Euskal Herriaren independentziaren alde egiten dute batzuek, eta espainiar zein frantziar Estatuen interesen alde besteek. Gatazka existitzen dela ziurtatzeko batzuek zein besteek erabiltzen dituzten tresnak edo moduak ez dira garrantzitsuak. Faroe uharteen eta Danimarkaren artean gatazka dago, nahiz eta bien arteko harremanak eta gatazka bera bideratzeko moduak gurearen oso desberdinak izan.

«Gatazka armatua» (armed conflict): gatazkan dauden bi aldeetako taldeek indarra erabiltzen dutenean ematen den egoera. Esan beharrik ez dago gurea gatazka armatua dela. Bi aldeek erabiltzen dute indarra, eta horren zilegitasunean edo tamainan sartu gabe, indar horren erabilpenaren konstatazioak gurea gatazka armatua dela esateko balio digu. Faroe uharteen eta Danimarkaren arteko gatazka, gure gatazkaren antzekoa izanik ere, ez da gatazka armatua. Gatazka armatua dagoenik ez diegu entzungo Estatu espainol zein Estatu frantsesaren ordezkariei; indarkeria, neurrigabea gainera, erabiltzen dutela ez dute publikoki onartuko. Beraiek nahiago dute gatazka biolentoa dagoela esatea, edo talde biolento eta ez demokratiko bat dagoela esatea, horrela gatazka horren konponbidea «talde biolento» horren desagerpen hutsarekin lotzen baitute. Izan ere, «gatazka armatua» (armed conflict) eta «gatazka biolentoa» (violent conflict) edo «gatazka hilgarria» (deadly conflict) ez dira gauza bera. Aipaturiko autoreen arabera termino ezberdinak dira. Azken bi terminoek gatazka armatuaren antzeko esanahia dute, baina alde bateko indarkeria kasuak azaltzeko ere balio du. Horregatik erabiltzen dituzte espainolek behin eta berriro. Gurean ETAren indarkeria bakarrik existituko balitz bezala.

Gatazkaren izaerari buruz bakarrik arituta, hara hor gatazka bera definitzeko erabil daitezkeen termino zeharo ezberdinak. Gatazkaren izaera, kudeaketa eta konponbidea definitzen dituzten terminoak.

«Gatazka konponbidea» (conflict resolution): gatazkaren erroak kontuan hartu eta eraldatzen direnean, «gatazka konponbidea» terminoa erabiltzen da. Aldeen arteko harremanak ez dira gehiago indarkeriazkoak, jarrerak ez dira jada etsaien artekoak eta gatazkaren estruktura aldatu egiten da. «Gatazka konponbidea» terminoa prozesuari eta helburu edo emaitza berari buruz hitz egiteko erabiltzen da.

«Negoziazioa» (negotiation): gatazkan dauden aldeek beraien arteko liskarrak konpondu nahi dituztenean erabiltzen duten prozesua.

«Bitartekaritza»-k (mediation) hirugarren alde baten parte hartzea ekartzen du. Prozesu boluntarioa da, eta inplikatutako aldeek ondorioen kontrola daukate («bitartekaritza purua»). Batzuetan indukzio negatibo zein positiboekin konbinatzen da («muskulu edo indar bitartekaritza»).

Aipatu ditudanak termino gutxi batzuk baino ez dira, argi dago askoz gehiago existitu eta erabiltzen ditugula. Gatazka existitzen dela onartu gabe, gatazka armatua dela aitortu gabe, ez du zentzurik gatazkaren konponbidea eta horretarako beharrezkoa den negoziazioa edo bitartekarien parte hartzea bermatzeak. Gurean baina, eta egon diren konponbide saiakeren ondoren are eta gehiago, onarpen fase hori aspaldi gainditu genuelakoan nago.