Munduko txoko ezkutuenetara joatea atsegin du Izagirrek; zaletasuna lanarekin uztartzea ere lortu du, eta kazetaritzaren bidez kontatzen digu bere ibileren berri. Azken abentura Pakistanen bizi izan du, Broad Peak mendiko magal elurtuetan.
Ainara Rodriguez
2010ko Abuztuaren 13a
Istorio bilatzaile nomada da Ander Izagirre, ipurdia erredakzioko aulkian esertzea gutxi maite duen horietakoa. Nahiago du zorroa bizkarrean hartu eta munduan zehar ibili, hango eta hemengo berri emanez. Pakistanen egin ditu azken bi hilabeteak, lurretik 6.500 metrora, han izan baita Naturgas-Broad Peak espedizioaren sekretuak kontatzen. Donostian egin dugu zita berarekin, etxean; hurrengo trenak nora eramango duen artean jakin gabe, bere ibileraren berri eman digu.
Broad Peak menditik iritsi berria zara. Turismoa egiteko beste modu bat bihurtu al da himalayismoa azken urte hauetan?
Bai, eta, neurri batean, ez zait gaizki iruditzen. Talde asko joaten dira trekkingak egitera; Pakistanen ibili garen zonaldea oso ikusgarria da, eta Euskal Herritik ere talde piloa joaten da bertara. Batzuk ez dira puntako kirolariak, mendira joatea besterik ez dute nahi. Azkenean, turismoa egiteko beste modu bat da, zinez erakargarria. Himalayako herrialdeetan duen eragina oso ona dela ere esango nuke, bertakoei lana egiteko aukera ematen baitie. Gailurretako zirkuan eta azkeneko urteotan sortu diren saltsa lehiakor horietan sartzen bagara, hori jada beste kontu bat da.
Naturgas espedizioaren berri ematen aritu zara, milaka metrora. Erraza egin al zaizu?
Oso mundu arrotza zen niretzat. Han nengoela beste mundu batean nengoela iruditzen zitzaidan. Bi hilabeteko bidaia izan da, ia 40 egun pasa ditugu oinarrizko kanpalekuan, 5.000 metrora dagoen glaziar batean. Ingurunea ez dela batere xamurra esan nahi dut, eta horrek asko baldintzatzen du, altuerak izugarri nekatzen baitu. Baina niretzat oso esperientzia ona izan da; puntako kirolari batzuen jarduna gertutik ezagutu dut. Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza, gainera, oso pertsona bereziak dira. Oso ikuspegi kritiko interesgarria dute euren munduari buruz, gogoeta interesgarriak egiten dituzte, mendia ikusteko modu berezia dute. Han gora eta behera nola dabiltzan ikustea ikaragarria izan da, nahiz eta baldintzak munduko hoberenak ez izan. Dena dela, sukaldari bat duzu nahi duzunean tea eskatzeko, lotarako sekulako zakua duzu... Ezin gara kexatu.
Baliabide aldetik nola moldatu zara?
Ordenagailu pare bat eta sateliteko telefono bat nituen. Bazegoen bitxikeria bat; kanpalekuan ez genuen konexiorik satelitearekin, parez pare 6.500 metroko mendi bat genuelako satelitearen norabide berberean. Egunero 15 minutu oinez jaitsi behar izaten nituen mendien arteko lepo batera iritsi eta satelitearen seinalea harrapatu arte. Glaziar baten erdian nuen antolatua nire erredakzioa; nahiko lantoki berezia, kuriosoa.
Boliviako meatzetan lanean diharduten haurren inguruko erreportajeagatik Manos Unidas saria eman berri dizute.
Broad Peak mendian nengoela izan nuen, justu, horren berri. Poz bikoitza eman zidan; sariak jasotzea ematen duen berezko poztasunagatik, eta erreportajea saltzea kostatu zitzaidan guztiagatik. Nik uste nuen oso istorio indartsua nuela, erakargarria, gogorra; kontatu behar den horietakoa. Ezusteko handi xamarra hartu nuen oztopo guztiak ikusita. Baina, bat-batean, Internet bidez zabaltzen hasi zen, eta bide horrek eskaintzen dizkigun baliabide interesgarriez konturatu nintzen. Komunikabide nagusiek ez badute zure istorioa atera nahi, badago modua blog, Twitter eta halakoen bidez oihartzuna lortzeko. Eta sariak azkenean hori berretsi du, istorio horren balioa. Azkenean konturatzen zara istorio horrek baduela interesa.
Badago anekdota bat, niri oso esanguratsua iruditzen zaidana. Han, Potosiko Cerro Ricon nengoela hasi nintzen erreportajea idazten, Abigail protagonistarekin egunak pasa ondoren. Ziber-kafetegi batetik istorio horren paragrafo batzuk idatzi nituen nire blogean, eta, eguneko 200 irakurle izaten banituen, egun hartan 7.000ra igo nintzen. Nik ez nuen ezer egin, blogean jarri, besterik ez. Baina jendearen gomendioen eta sarearen bidez zabaltzearen ondorioz, 25 aldiz biderkatu nuen bisitari kopurua. Horregatik nioen ez dudala sinesten istorio horrek interesik ez duenik. Erreportaje harekin izan nuen hasierako nahigabea, beraz, sarearen aurkikuntza horren poztasun bilakatu da sariarekin.
Jendeak freelance hitza erabili ohi du, bai, baina niri ez zait gustatzen; niri gerretan dabiltzan kazetariak ekartzen dizkit gogora. Nire blogean periodista destajista naizela dio; hitz potoloa dirudi, baina, azken finean, nire kontura lanean nabilela besterik ez du esan nahi.
Kazetaritza bidaiatzearekin lotu izan duzu. Hala behar du zuretzat?
Gazte nintzela konturatu nintzen kazetaritza eta bidaiatzea oso gustuko nituela, eta batak bestea elikatzen zuela, gainera. Bidaietatik ateratzen dut idazteko behar dudan lehengaia, eta, idatzi beharrak ere, bidaia antolatu eta moldatzen duela frogatu dut. Askotan, alferkeriagatik edo lotsagatik ez gara tokietara galdezka joaten; aldiz, dokumentatu beharra duzunean, ez duzu beste erremediorik, eta, bide batez, lurraldea bera ongi ezagutzea ahalbidetzen dizu. Bi jarduera horiek ongi lotzen direlakoan nago.
Baina zergatik atzerrira? Euskal Herrian ez al dago istorio interesgarririk?
Hasieratik oso urrutira bidaiatzen hasi nintzen. 23 urte nituela, kontinente bakoitzeko puntu baxuenak ezagutzen aritu nintzen talde batekin; «Los Sotanos del Mundo» liburua ere idatzi nuen bidaia horrekin. Kanpoko istorioek asko erakartzen ninduten. Baina, une batean, geroz eta hurbilago bidaiatzen hasi nintzen, eta hemen egiten zizkidaten mandatuen bidez, oso jende bitxia topatzen hasi nintzen, etxetik gertu; pentsatzen dut zortzi bat urteko ibilbidea behar izan nuela hortaz konturatzeko, etxe ondoan ere zer kontatua bazegoela ikusteko. Hemen bertan, Donostiako Ulia mendian, oso istorio polita dago, Josetxorena, egunero bertara igo eta 20 urtez bertako bideak zaintzen aritu dena. Harekin egun bat igarotzea benetan aberasgarria izan zen niretzat; pentsa, etxetik atera eta inolako garraiobiderik hartu gabe, oinez irits nintekeen bertara.
Zaila al da munduko beste puntara jo eta irakurleentzat interesgarria izan daitekeen istorioak topatzea?
Denborarekin horretan ere trebatzen zara. Nik hari orokor bat jarraitzen dut. Agian, batetik bestera oso ezberdinak diruditen gaiak jorratu izan ditut, baina gehienek dute elkar lotzen dituen halako hari bat: jendearen bizimoduarekiko dudan jakin-mina, alegia. Egindako lehenengo bidaian konturatu nintzen bizitzeko modu oso anitzak aurki daitezkeela munduan zehar; gizakia, alde horretatik, oso aberatsa da. Ez dakit, Afrikan karabana batean ibiltzen den nomada baten bizimodua eta Australiako meatzari batena arrunt ezberdinak dira... Normalean etxetik ikusten ez ditugun egoera horien gaineko jakin-mina dut. Batzuetan istorio gogorra izan daiteke, Boliviako haur meatzari batena, esaterako; baina ez du zertan hala izan.
Istorio gogorrak saltzea errazagoa al da?
Nik hala uste nuen, baina justu kontrakoa gertatu zait. Agian bizi garen garaiagatik izango da, baina Boliviako haur meatzarien inguruko erreportajea saltzea ikaragarri kostatu zitzaidan; egunkari batek gogorregia zela erantzun zidan. Harrituta nago. Egunkariak ez dakit zeren beldur diren, agian irakurleak galtzearen beldur izango dira...
Puntu honetara iritsita, bada galdetzeko garaia: zergatik egiten duzu lan freelance gisa?
Askatasun kontua da; nire denbora eta nire ahaleginak zertan gastatu nahi ditudan erabakitzeko libertatea. Inoiz ez da erabatekoa, noski, baina lanpostu finko batean baino lasaitasun handiagoa duzu, urtea antolatzeko, bidaiak prestatzeko... Beste kontu bat da hori ekonomikoki errentagarria den; nik, halako kazetaritza egiten dudanean, normalean dirua galtzen dut, eta hemen ditudan beste enkargu eta lan batzuekin berreskuratzen dut. Tira, ez da aberasteko bizimodua, baina bai gustura bizitzeko modukoa.
Jendearen begietara ogibide erakargarria duzu. Baina izango ditu bere zailtasunak ere...
Nire borondatez hautatu dudan lanbide bat denez, beti hartu dut baikortasunez, baina egia da egonkortasun eta segurtasun falta batzuk egon badirela. Ez dut soldata finkorik, ez dakit zenbat diru izango dudan hilabete hasieran... Dena den, ez diot meritu handiegirik ikusten; nik ez dut interes berezirik etxe bat jabetzan izateko, ezta autorik izateko ere... Beraz, nire bizimodua oso merkea da. Esaten didatenean diru asko izango dudala horrenbeste bidaiatzeko, kontrakoa erantzuten diet, diru gutxi behar dela; hipoteka ordaindu beharko banu, ezingo nuke bidaiatu. Behar gutxi izatea da gakoa.
Egin dituzun bidaietatik, zein da bereziki markatu zaituena?
Arlo ezberdinetan, baina, beharbada, Boliviakoa izan zen garratzenetarikoa, oso bizimodu gogorrak topatu bainituen. Oso sakon eragin ninduen. Orain egin berri dudanetik, aldiz, oso harrituta itzuli naiz mendizaleek sufritzeko duten gaitasuna ikusita; benetan zenbaterainoko kirol jarduera gogorra den ikusi ahal izan dut. Bidaia bakoitzak, hala ere, badu bere ezaugarria; guztiek uzten dizute hala-nolako oinazeren bat.
Eta gehien zapuztu zaituena?
Ez dut halako oroitzapenik. Laneko bidaiak direnean informazioa landuta eramaten dut, eta badakizu gutxi gorabehera zer aurkituko duzun, nahiz eta beti dauden azken uneko ezustekoak...
Kazetaritza lana egiteaz gain, liburuak ere idatzi dituzu. Kazetaritzako formatuek ez al dute zure ibilerak kontatzeko nahikoa toki eskaintzen?
Logikoa den bezala, egunkarietan espazio mugatua duzu; aldiz, batzuetan, istorio batzuek merezi dute tokia ematea ere. Nik idazten ditudan erreportajeak, gainera, luzeegiak dira sarri egunkari batean ateratzeko. Orain esku artean ditudanak ere hala dira; Saharako errefuxiatu kanpalekuez eta Groenlandiako inuitez idazten ari naiz, eta erreportaje bakoitzak 15 eta 20 orri artean ditu. Istorioak lasaiago eta merezi duten neurrian garatzeko bideetako bat liburuena da. Nik neuk liburuetan topatu dut azkenaldian irakurri dudan kazetaritzarik onena.
Zein da buruan duzun hurrengo proiektua?
Udazken-negu aldera begira, Angolara bidaia bat egiteko asmotan gara, pelikula bat egiteko edo. Baina nahiko geldirik dago proiektua. Momentuz etxean nabil idazten; bidaia batetik bueltan, bolada egonkor bat ere behar dut, nire kontura idatzi eta etxean lasai egoteko.
Hainbat astez atzerrian ibili ostean, plazera izango da etxera itzultzea...
Oraingoan, beharbada, sekula baino gehiago igarri dut; zibilizazioarekin maitemindu naiz itzulitakoan! Nik etxean ere gozatzen dut, ez naiz urte osoa bidaiatzen pasako lukeen horietakoa. Bi erritmo horiek tartekatzea gustatzen zait. Kanpoan nabilenean etxemin hori izaten dut, eta etxean nagoenean, kanpora joateko gogoa. Biak tartekatzen pasa ditut azkeneko urteak, eta, nik uste, aurrerantzean ere horrela jarraituko dut.




