Egoitz Lasa
2010ko Abuztuaren 13a
Hori zerrikeria bat duk! Sexu proposamen lizun bati emandako erantzuna izan zitekeen, baina ez da. Atez ateko zabor bilketari buruz jendeari galdetu diodanean gehien jasotako erantzuna da. Egia esan, harrera hobea espero nuen, baina gauza batez konturatzeko balio izan dit. Berekoikeria latza dagoela herri honetan. Dena balekoa da, «nire herrian» ez bada. Atez atekoa? «Usurbilen bai, baina gure herrian inposiblea da». Orduan, zabortegia? «Bai, zera! eta gero San Markosen bezala, kriston kiratsa. Gure herrian, ez». Ba orduan, errauskailua? «Kita-kita, horrek kantzerrak eta kristuak ekartzen ditu. Horiek guztiak, urruti». Argi dago, beraz. Zaborra jan egin beharko dugu. Horretan ez genuke arazorik izango. Gehiago esango nuke, harro egongo ginateke. Jan kontuetan munduko potentzia bat gara. Errezetaren bat prestatuko du sukaldari bikainen batek, edo Basque Culinary Centerreko lehenengo promozioko proyecto de fin de curso izan daiteke: Milhojas de bolsa de eroski kon bote de yogur de platano y tapon rojo de lejia salteado con virutas de papel albal. Edo motzean, Tartar de mierda. Baina «nire herrian ez» kontzeptua ez da zaborrarekin bakarrik gertatzen, festekin ere gertatzen da. Harrigarria ematen du, baina, bai. Sanferminak? «Bua, munduko festarik onenak! Baina han. Iruñean. Australiar eta amerikar desfasatuak, urruti. Badaezpada ere, ez daitezela nire herrian tokatu, edo okerragoa dena, nire auzoan. Nire auzoa sakratua da. Nire auzoan ez dezatela festarik egin, horretarako dago alde zaharra. Ez dezatela OTArik jarri, ez telefonia mugikorreko antenarik, ez metadona zentrorik, ez tanatoriorik eta... eta... eta Gabonetan ez daitezela umeak kantari etorri... diru eske ez behintzat, bestela berdin zait». Klaro, eta guapa guztiak auzoan bizi daitezela. Bejondeigula! Errazena beti marroia besteei pasatzea da, baina aukera hori ere bukatzen ari da.
Zaborrarekin garbi ikusten da. Orain arte gustura bizi izan gara, gure ardura bakarra zakar poltsa etxetik ateratzea zen, batzuetan kontenedoreetara, eta besteetan, hori ere ez. Konfort. Baina jada ez da nahikoa. Zabortegiak tope eta errauskailua... «nire herritik, urrun». Solidarioa. Bai solidarioa Palestinarekin, Kubarekin, eta putaetxekomadreakin, baina ondokoagatik behatz bat mugitu behar badugu, ke les den! «Zergatik hasi behar dut nik orain atez ateko sistema ikasten?» Ba sortzen dugun zaborraren ardura gurea ere badelako, eta irtenbide ekologiko eta merkea delako. Egia esan, beste aukera bat badago: orain errauskailuaren alde egin, eta hemendik 15 urtera Onkologiko handiago bat eskatu, a ke mola? Aldaketari izugarriko beldurra diogu, ordea, horrek gauza berriak ikastea esan nahi duelako. Ohiturak aldatzea.
Beldurrak ez dira berriak, gogoratu esaldi gogoangarri haiek: «nik ez dut telefono mugikorrik izango edo ordenadoria ta letxiak, yo soy de lápiz». Zertan geratu dira beldur haiek, ordea? Ba, horixe. Bada gauza kurioso bat. Euskal Herrian odol emaile eta organo emaileen kopurua izugarri handia omen da, Europan ere erreferentzia omen gara. Ondokoei odola eta organoak emateko gai gara eta ez al gara gai zaborra bi egunez etxean izateko? Ez al gara kapaz gure zaborraren ardura hartzeko? Gustura irakurriko nuke gure herria erreferente bihurtu dela Europan birziklatze datuak direla-eta. Nork ez luke hori gustura irakurriko? Baita birziklatzen ez duenak ere. Baina ezer egiten ez badugu eta «Diario Vasco»ren kanpaina mediatikoari kasu eginez gero, ez da ezer aldatuko eta berriz ere pasatuko dugu bizia Finlandia eta Alemaniara begira. Han bai gauzak ondo egin; bueno, eta Holandan? Marabilla! Dena ekologikoa eta naturala. Eta hemen, zakurraren putza! Pintxoak, kirolariak eta sukaldariak. Ba nik marroia etxean nahi dut. Kuboa. Nire herria ere erreferente izatea nahi dut. Nire herrian, bai.




