Iratxe Esnaola
2010ko Uztailaren 30a
Horixe da Youtube atariak martxan jarri duen azken proiektuaren izenburua: «Life in a day» (http: //www.youtube.com/lifeinaday). Helburua, bat eta bakarra: erabiltzaileen laguntzarekin, elkarlanean film dokumental bat egin eta 2011n Sundance Film Festival-era aurkeztea.
Uztailaren 7an aurkeztu zuten ekimena. Erabiltzaileak -hau da, oro har, Youtube elikatzen duen komunitatea-, uztailaren 24an beraien egunak kameraz grabatzera gonbidatu zituzten. Bideo horiek guztiak gaur, uztailak 31, bukatu baino lehen igo behar dituzte Youtube-ra. Komunitatea izango da, beraz, pelikula dokumental hau filmatu duena.
Eguna bideo batean dokumentatzea eskatzen zuten, eta, proiektuaren helburua bermatzeko, galdera batzuk planteatu zituzten ekimenaren antolatzaileek. Zer maite duzu? Zerk beldurtzen zaitu? Zerk sor dezake zugan irribarre bat? Zer dago zure poltsikoan? Istorio bat al dago objektu bakoitzaren atzean? Galdera horiei erantzun behar zien bideoak. Eta, derrigorrean, uztailaren 24a izan behar zuen.
Galdera horien erantzunen grabaketarako, irizpide eta gomendioak ere eman zituzten. Sormena sustatu nahi zutela zioten. Eta pertsonalizazioa baloratua izango zela. Eta galderen erantzunak irudi bidez erantzutea zela asmoa (eta ez kameren aurrean jarri eta galderak erantzutea). Kalitateak ere garrantzia zuen; erresoluzioak, alegia. Ez da gauza bera mugikor batekin edo kamera on batekin grabatzea (mugikorraren arabera, noski). Ez zegoen mugarik hizkuntzaren aldetik, ezta denboran edo grabaketaren luzeran ere. Eta marka edo logotiporik ez erakusteko eskatzen zuten. Eta musikarik edota ekoizpen ez-propioko materialik ez jartzeko. Hortik aurrera, den-dena libre.
Behin bideo guztiak jasota, gaurtik aurrera, zinemagintzako profesionalak bilakatuko dira proiektu honen hurrengo fasearen protagonista nagusiak. Batetik, Ridley Scott britainiarra izango da film dokumentala ekoitziko duena. Scottek «Robin Hood», «Gladiator» eta «Black Hawk Down» pelikuletan hartu du parte, besteak beste. Film dokumentalaren zuzendaria, berriz, Kevin MacDonald izango da, «State of Play», «Last King of Scotland» eta «Touching the Void» filmetan aritu dena.
Bi profesionalen lanaren ondoren, film dokumentala 2011ko Sundance Film Festival jaialdian aurkeztuko dute. Jaialdi hau urtero antolatzen da AEBetako Utah estatuan eta AEBetako zine festibal independenteen artean handiena eta ospetsuena da. Eta hor erakutsiko dute, beraz, lehen aldiz eta ofizialki, komunitatearen ekarpenetan jatorria duen filma.
Film horretan, noski, ez dira erabiltzaileek uztailaren 24an grabatu eta proiektura igotako bideo guztiak aterako. Ekoizpenaren baitan, bideoen aukeraketa bat egingo dute eta aukeratutako bideoen egileak, zuzendarikide gisa azalduko dira filmeko kredituetan. Era berean, aukeratuetatik hogeik Sundance Film Festival-era joateko txartela lortuko dute, pelikularen estreinaldi ofizialean parte hartzeko aukera izango dutelarik.
Komunitateari irekitako proiektua da, hortaz, «Life in a day». Ikusiko dugu, garaia iristen denean, baina, zalantzarik gabe, egungo munduaren zati bat erakutsiko du. Batzuek egungo jendartearen egun bat nolakoa den azalduko duen film bat izango dela esaten dute. Ordea, munduaren beste zati bat ez da film dokumental horretan agertuko. Izan berandu jakin dutelako, izan kamerarik ez dutelako, izan konexiorik ez dutelako, izan erakusteko ezer ez dutela pentsatzen dutelako edota, funtsean, aukeratuak izan ez direlako.
Filmak munduaren zati bat soilik erakutsiko du, halabeharrez, eta, beraz, horri hertsiki lotutako bizitza estiloak besterik ez ditu azalduko. Espero dezagun mundua ikusteko modu bat baino gehiago behintzat izango direla igotako bideoen artean, eta, noski, denetarik aukeratuko dutela.




