Ehunmilak mendi lasterketan lehen postua lortu du Imanol Alesonek. Atzean168 kilometroko ibilbidea eta Gipuzkoako mendirik garaienak utzi eta gero, 25 ordu eta 14 minututan Beasaingo helmugara iristea lortu zuen. Nekea, kolpeak, iluntasuna eta hotza baino, azken metroetan jasotako txalo zaparradak ditu orain gogoan.
Yuri Agirre
2010ko Uztailaren 30a
Inoiz Euskal Herrian egin den mendi lasterketarik gogorrena da Ehunmilak. Proba hasi zuten 263 parte hartzaileetatik 121 bakarrik iritsi ziren helmugara. Horien artean lehenengoa Imanol Aleson izan zen. Ez da balentria makala azkoitiarrarena: 25 ordu eta 14 minututan Gipuzkoako 29 udalerri igaro eta Aizkorri, Txindoki, Erlo, Ernio eta Izazpiko gailurrak zapaldu zituen besteak beste.
Helmugara lehen postuan iristean, «sekulako poza» sentitu zuela dio Alesonek, «egindako sakrifizio guztiak emaitza» izan zuela ikusi baitzuen. Hurrengo egunak, berriz, «laino baten gainean bezala» igaro dituela azaldu du: «Kalera irtetean Tourra irabazi nuela zirudien, gurutzatzen nituen pertsona guztiek zoriontzen ninduten».
Alesonen asmoa, Beasainen hasi eta bukatzen zen ultramaratoia 28 ordutan egitea zen. Hala ere, 25 ordu eta 14 minututan iritsi zen Beasaingo helmugara. Ez zuen bere burua faboritoen artean, «lasterketa irabaztea ez zitzaidan burutik pasa ere egin» azaldu du. Probaren zatirik handiena bigarren postuan egin zuen, Iker Karrera faboritoak ia ordubeteko tartea ateratzen ziola. Hala ere, 18 ordu egin eta gero, Karrerak erretiratu egin behar izan zuen, «izterrak harriak bezala gelditu baitzitzaizkion».
Alesonek ere «momentu gogor ugari» pasa zituela aitortu du. «Fisikoki nahiz psikologikoki, askotan ez da erraza izaten aurrera egitea. Gaueko zatia, esaterako, oso gogorra izaten da. Linterna frontala erabiltzen dugu, eta bai zoruari, bai bidea zehazten duten zintei, biei begiratu behar diezu. Guk suertea izan genuen, egunero ibiltzen garen bideak izanik, ongi ezagutzen baikenuen ibilbidea».
Erorikoen inguruan galdetzean, gorputzean zehar dituen ubelduak erakusten hasi da Aleson. «Bat, bi, hiru, lau...gorputz guztia ubelduz beteta dut! Erorikoak, batik bat, gauez izan nituen, iluntasuna eta euria mendian korrika egiteko bidelagun gaiztoak baitira», kontatu du. Hala ere, askotan euria beroa baino nahiago izaten duela azaldu du: «Nahiz eta euriak harriak labaindu eta lokatza sortzen duen, gutxienez freskotasuna ematen du. Egia esan, euriak kontraesan bat sortzen du: bustiak zaildu egiten du, baina, era berean, freskotasunak lagundu. Beroa, berriz, 100 miliako lasterketa bat egiteko etsairik handiena izan daiteke».
Azkoitiko liburutegi parean bildu gara berarekin, Imanol bizi den etxetik metro gutxira. Hau izaten du entrenamenduen irteera, baita helmuga ere. Oinetakoak jantzi, motxila, jateko zerbait eta bi litro ur hartu eta mendirantz abiatzen da astean bost aldiz, Erlo aldera. Bertatik Hirugurutzetara, Samiñora... «Normalean inguruko mendietara», azaldu du. «Izarraitz ingurutik buelta pilo bat egiten ditut, gora eta behera, gora eta behera... Ordu asko sartzen ditut, baina gogoaren arabera ibiltzen nahiz», gaineratu du. Eguraldi txarra egiten duenean, ordea, etxean gelditzen da. «Orain afizio dudana ofizio bihurtu ezean, ez da ekaitza dagoenean ni mendira eramango nauenik!», esan ohi du askotan.
Ehunmilak egiteko prestaketa lanak otsailean hasi zituen. «Astean 120 kilometro inguru egiten ibili naiz», nabarmendu du. Bakarrik eta isiltasunean entrenatzea gustatzen zaio. «Lasterketetan ere sarri ibilbidea bakarrik egin behar izaten da, eta psikologikoki prestatzeko hobe izaten da entrenamenduak ere lagunik gabe egitea. MP3, iPod eta antzeko tramankuluak ere ez ditut gustuko; nahiago izaten dut mendiko zaratak eta txorien txio-txioa entzunez ibiltzea».
Alesonek ez du ez entrenatzailerik, ez dietistarik, ez eta mediku partikularrik ere. «Gorputzean ditudan sentsazioen arabera entrenatzen naiz ni».
Lehenengoan, txapeldun
Behin ere ez nuen Ehunmilak bezalako ultramaratoi batean korritu. «80 eta 100 kilometroko lasterketetan parte hartu izan dut, baina ultramaratoi batean inoiz ere ez. Honen antzeko bat, 100 miliako proba hura ere, Mont Blanc mendian izaten da. 40 urte betetzean bertan parte hartzeko asmoa nuen, baina duela bi urte Ehunmilak lasterketaren berri izatean, Euskal Herrian bertan probatzea erabaki nuen».
Lasterketa motzak, «10 kilometrokoak eta», ez zaizkio gehiegi gustatzen. «Gaztetan izaten den garra falta zait lasterketa motzetarako. Behin irtenez gero, ez dakit makal joaten, dena eman ohi dut. Ondorioz, gorputzari kristoren tratua ematen diot proba motzetan, eta zeharo birrinduta amaitzen dut».
Dagoeneko 37 urte beteta, Alesonek nahiago ditu proba luzeak. «Normalean ez dut maratoia baino motzagoak diren probetan parte hartzen. Urteen poderioz gaztetako potentzia galdu egiten da, baina baita erresistentzia eta lasaitasuna irabazi ere. Ondorioz, lasterketa luzeetan hobeto moldatzen naiz». 18 urterekin triatloietan parte hartzen hasi zen. Zazpi urte beranduago, berriz, Iron Man bat egin zuen Alpeetan. Hori egin ondoren, ordea, mendi lasterketetan buru-belarri ibiltzea erabaki zuen. «Garai hartan ez ziren mendi lasterketa asko izaten, Anetoko maratoia, Navacerradakoa... Orduan mendi lasterketak egiteko kanpora irten beharra izaten zen, Euskal Herrian ez zen horrelakorik».
Azken urteotan, ordea, izugarri ugaldu dira mendi lasterketak hemen ere. Alesonen ustez, «jende asko aspertu egin da asfaltoan lasterka ibiltzearekin, monotonoa bihurtzen baita. Mendi lasterketak gogorragoak badira ere, egunerokorako errazagoak egiten zaizkit: lur mota desberdinetan zabiltza, paisaiak politagoak dira, atsedenerako maldak daude... Eramangarriagoa egiten zait». Bestalde, lehen asfaltoan erreferente batzuk zeudela dio, Diego Garcia adibidez. «Horrek inguruko jendearengan eragiten zuen, afizioa sortzen baitzuen. Orain, ordea, ez dago erreferente garbirik, eta nabaritu egiten da».
Azken urteotan mendia bizitzeko moduak ere asko aldatu direla uste du Alesonek: «Lehengo mendi martxetan jendea taldean eta lasai-lasai ibiltzen zen, ondo jan eta edanaz puntuz puntu ibilbidea eginez. Gaur egun, ordea, lehiakortasuna erabat nagusitu da, eta ez mendian bakarrik. Loiolako santutegian pasieran ibiltzen diren andreak ere nor baino nor azkarrago ibiltzen dira! Gizartea bera da lehiakortasun horretan sartu dena».
Etorkizunean mendi lasterketa luze gehiagotan parte hartzeko asmoa du Alesonek. «Momentuz sasoi onean nago, eta gorputza ez zait kexatzen. Gorputzak iraun dezala ahal duena, eta jada gehiago ezin duenean, utzi egin beharko dut, beste kiroletan gertatzen den bezalaxe», onartu du. «Datorren urtean Madeira uharteetako proban parte hartzeko asmoa daukat», gaineratu du.
Orain, ordea, deskantsu txiki bat hartzeko ordua dela dio. «Abuztuan oporretara joango naiz. Merezitako atsedenaldia izango da», azaldu du.




