Tomas Hernandez Mendizabalentzat, artista batek zer kontatua izatea da garrantzitsua, baita egiten duenarekin gozatzea ere, bertzeek zer erranen duten pentsatu gabe. Berak ezin hobeki betetzen ditu bi ezaugarriak eta bere txokoan, Donostiako Alde Zaharrean, ireki berri duen erakusketa antologikoko eskulturek bizia dutela dirudi.
Maider Iantzi
2010ko Uztailaren 30a
Langileen protesta bat, ama haurra besoetan hartuta edo dantzariak giroa animatzen. Tomas Hernandez Mendizabal herriko pertsona da, Donostiako Alde Zaharra primeran ezagutzen du, beti saltsa guztietan sartuta dabil, ekintzak antolatzen eta horietan parte hartzen. Hortaz, bere eskulturetan gainezka egiten du bizitzak.
Azaldu digunez, gizakia da protagonista, gizarte gaiak, benetako gauzak. Barrena askatzen du artelanak egiten dituenean eta ez zaio ideiarik falta. «Zerbait nuen kontatzeko jaio nintzenetik, nire izaeragatik. Iraultzailea izan naiz, baina nire baitan, niretzat», adierazi du.
Ascensio Martiarena irakasleak zera aholkatzen omen zion: «Zuk marraztu, marraztu, marraztu eta gehiago marraztu. Gero margotuko duzu». Urte anitz eman ditu Hernandez Mendizabalek marrazten eta margotzen, eta horretan segitzen du orain, ia 70 urterekin, artistek behar duten ezinegona eta egunero ikertzeko gogoa galdu gabe. «5.30ean jaikitzen naiz, egiten ari naizen koadroarekin pentsatzen. Nire azken lanak figuratiboak dira, baina ahalik eta gehien sintetizatzen eta isiltasun horrekin zerbait esaten saiatzen ari naiz», kontatu du sortzaileak.
Izugarri marrazteaz gain, kartel ugari egin du Donostiako eta Tolosako kultur eta turismo ekintzetxeetarako, Zinemaldirako, Realarentzat, Aldundiarentzat, udalentzat, inauterietarako, Jazzaldirako, Musika Hamabostaldirako, trikitilari eta bertsolarien emanaldietarako... «Guztira 150 bat kartel egingo nituen», aipatzen du bere bizipenekin osatu duen egunkari antzekoan.
Beharbada, eskulturak dira artista oparo honen obran gutxien ezagutzen direnak eta horiek deskubritzeko aukera paregabea dago abuztuaren 20ra arte Donostiako Alde Zaharreko Santa Maria elizan, bertako goiko aretoetan jarritako erakusketa antologikoan.
Xume baina indartsu
Eskulturen bizitzaz aparte, nabarmentzeko moduko bertze ezaugarri bat erabilitako materialak dira. Papera, egurra, plastikoa, kartoia... Familia umilekoa izaki, hagitz gazterik hasi zen Tomas lanean eta bizitzaren zati handi bat Donostiako eta Usurbilgo Industrias Gráficas Valverde enpresan diseinatzen eman zuen. Beraz, denbora eta diru falta dela-eta, material iragankorrekin osatu ditu beti obrak.
Adibidez, «Los utópatas» izeneko eskulturan berak hainbertzetan bizitako jarduera bat agertzen da: langileen manifestazio bat. Lan polita da, behargin bakoitzaren aurpegiko adierazpena agertzen delako: bat haserre, bertzea triste... Baita joko bat egiten duelako ere: alde batetik edo bertzetik begiratzen ahal zaio lanari eta bietan ikus daitezke adierazpen horiek, langileek atzean eta aurrean dituztelako aurpegiak.
Langileei eta euren aldarrikapenei omenaldi hau egiteko hainbat material erabili ditu Tomasek: pintzelak garbitzeko oihala, ostatuetan banatzen dituzten makilatxoak, buztina... Dena gordetzen du artistak eta gero gauzak ateratzen joaten da. «Maitasunez zaintzen badituzu, betiko irauten dute, ez dira hausten. Material ahulak dira, baina aldi berean gogorrak», azaldu du.
Erakusketako lan batek eman digu arreta: Askatasunaren Estatua. «Ikusi al duzu zer daraman ezkerreko eskuan?», galdetu digu irribarre batekin. Aizkora bat da, haurren danborradan erabilitakoa, eta Ameriketako Estatu Batuek erasotzen dituzten herriengatik jarri du hor. Irudiaren azpialdean pertsona batzuk ere badira, gerretan hildako guztiak dira.
«Galdames» ontzia gogoan
Bertze eskultura bat Errepublikaren aurkako altxamenduan «Galdames» kargaontzi txikian itotakoen omenez egina da. Tartean ziren Tomasen bi anaia, 2 eta 3 urteko Jose Antonio eta Ignacio Pablo. Ama, Maria Sarasola Mendizabal, ozta-ozta atera zen bizirik; Groseko lehenbiziko bainuzainaren alaba zenez, haren aholkuei jarraitu eta itsasontziaren metalezko nerbioei eutsi zien, ura sartzean burua murgilduz eta itsasbehera zenean oihukatuz.
Hala ibili zen, Mutrikuko mutil batek garrasiak entzun eta bodegatik atera arte. Lau umeetatik bi galdu zituen Mariak Estatu frantseseko uretatik bueltan «Canarias» frankisten ontzi handiak bonbaz eraso zienean.
Honekin lotuta, anaiak bezala altxamendu hartan bizia galdu zuten bertze donostiarren omenezko plakak Boulevard zumardian, «denek ikusteko moduan», jartzeko dena neurtua eta aurrekontua egina dagoela oroitarazi du Hernandez Mendizabalek.
Kantauriko arraunlariei omen egiten dien lan bat ere bada Santa Marian. Galiziako Baionatik Euskal Herriko Baionara, arraun elkarte guztien sinadurak jaso zituzten proiektua egiteko; Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Kutxak dirua jarri zuten; 2004ko udalbatzan jartzea onartu zuten, baina oraindik ez dute jarri.
Gauzatu gabeko mila proiektu ikusi ditugu erakusketa honetan, baina, batez ere, gauzatu daitezkeen mila ideia jaso ditugu gizarteko kontuak kontatzen dituzten eskultura ederren bidez.
Erakusketa:
Tomas Hernandez Mendizabalek 70eko, 80ko, 90eko eta 2000ko hamarkadetan egindako 50 eskultura.
Felix Garitano San Vicente eta Santa Maria elizetako erretoreak, Edorta Kortadi arte irakasleak eta Kutxak antolatua.
Egunero, 11.30etik 13.30era eta 16.30etik 19.45era, abuztuaren 20ra arte.
Santa Maria basilikaren gaineko aretoetan.




