Albaitaritza ikasketak amaitu eta berehala joan zen Malaysiara lanera. Kongon lan egindakoa ere bada eta azken lau urteak Nigerian eman ditu drillen birpopulatze proiektu batean lanean. Etxean da orain, baina udazkenean berriz ere joatekotan da.
DATUAK: Duela 34 urte jaio zen Bilbon. Albaitaritza ikasi zuen Galizian eta ikasketak amaitu eta beka batek eraman zuen Malaysiara lanera. Kongon ere aritu da lanean eta lau urte daramatza Nigerian drillekin lanean, Pandrillus Fundazioaren eskutik.
Maider Eizmendi
2010ko Uztailaren 30a
Uztailaren hasieran itzuli zen Nigeriarik eta udako hilabeteetan albaitari zentro batean ari da lanean. Azken lau urteotan, ordea, oihanean eta drillez inguratuta eman ditu une asko Pandrillus Fundazioarekin lanean. Animali trafikoa eta deforestazioa dira galbidean egon zen espezie honen etsai nagusiak. Ezjakintasuna da bestea, izan ere, Jane Goodall ezagunaren hitzak errepikatuz, honela dio Ainarek: «Zerbait zaintzeko maitatu egin behar da; eta maitatzeko ezagutu». Egungo joerarekin jarraituz gero, urte gutxian espezie asko galduko direla uste du. «Gure bilobek animalia espezie ugarirekin zer gertatu zen galdetuko digute, baita desager ez zitezen zer egin genuen ere. Zer erantzungo diegu?».
Albaitaritza ikasi zenuen. Aldiz, zure burua etxe alboko albaitari zentro batean lanean ikusten ez zenuela dirudi, ezta?
Ez dakit. Egia esan, hasieran ez nuen kanpora joateko asmorik, baina, ikasketak amaituta, Malaysiako oihanak orangutanez eta elefantez birpopulatzeko albaitariak behar zituztela esan zidaten. `Zergatik ez?' pentsatu eta bertara joan nintzen hilabete baterako. Orangutanekin lan egitea egokitu zitzaidan eta hasieratik konturatu nintzen animalia haiek pertsonen modukoak zirela; espezien arteko muga ez zela horren sakona eta komunikatzeko gaitasun handia zutela. Eurekin liluratzen hasi nintzen; zerbait zor geniela ulertu nuen.
Txakurrekin, katuekin edota behiekin lan egiteko aukera beti izango nuela pentsatu nuen. Nik beti pentsatu izan dut aukerei ez zaiela ihes egiten utzi behar; izan ere, inoiz ez da jakiten berriz ere aukera bera parez pare jarriko ote zaizun. Gauzak bi aldiz pentsatu gabe egitea gustatzen zait.
Hura, ordea, bidaia luze baten lehen geltokia baino ez zen izan, ordutik ia hamar urte igaro dira eta ez zara etxera apenas itzuli.
Bai, Malaysiara hilabete baterako joan nintzen eta sei hilabete eman nituen bertan, dortokekin ere aritu bainintzen lanean. Gero Gironako Mona Fundazioan egin nuen lan; ondoren, Kongora joan nintzen eta bertara joan-etorrian bi urte baino gehiago eman nituen. Orain lau urte joan nintzen lehenengoz Nigeriara lanera eta ordutik Bilbon egonaldi txiki batzuk baino ez ditut egin.
Nolatan aurkeztu zitzaizun Nigeriako oihanak drillez birpopulatzeko lanetan aritzeko aukera?
Eurek deitu ninduten, bai baitzekiten birpopulatze programetan lanean aritua nintzela. Hasiera batean urtebeteko proiektua zen, baina luzatzen joan da.
Drillekin egiten duzu lan. Aurkez iezaguzu animalia hau.
Drillak taila erdiko tximinoak dira, buztan laburdunak eta marroi kolorekoak. Ikaragarri animalia ederrak dira. Fisikoki arrak eta emeak desberdindu egiten dira. Emeak txikiagoak dira; arrek, berriz, kolore biziak dituzte ipurdi aldean eta ezpain azpian emeak erakartzeko. Diziplina eta azkartasun handia duten animaliak dira, sistema matriarkal ezkutua dutenak. Oro har, ordea, animalia ezezagunak dira, senide dituzten mandril eta babuinoen inguruan azterketa ugari egin dira, baina drillen inguruan apenas egin da ikerketarik.
Eta zuri zer eman dizute?
Dena eman didate. Begiak zabaldu dizkidate. Asko disfrutatzen dut drillei begira, gogobetetze une ugari eskaintzen dizkit lanak.
Arriskuan dauden animalien artean kokatuta dago drilla.
Bai, Afrikan dauden primateen artean arriskurik handienean dagoena da. Izatez, 1987. urtean, desagertutako animalien zerrendan sartu zuten. Gure proiektuko zuzendariek, Peter Jenkinsek eta Liza Gadsbyk, orain 22 urte topatu zuten drill bat eta orduan hasi ziren lanean espeziea errekuperatzeko.
Zein da zehazki zuen eginbehar nagusia?
Gu konfiskatu ostean ematen dizkiguten animaliekin aritzen gara. Ehiztariek animalia helduak akabatzen dituzte, haragitarako; kumeak, berriz, saldu egiten dituzte, maskota gisa. Salgai dauden animaliak konfiskatu egiten ditugu, eta, era berean, drillak dituzten pertsonengana jotzen dugu, animalia hauekin zer arazo dagoen azaldu eta guri emateko eskatzeko. Orotara, 81 drill konfiskatu ditugu eta jada 500 animalia-edo baditugu. Gainera, beste 31 txinpantze ere baditugu. Guk animalia hauen osasun egoera aztertu, osatu eta taldeetan gure eremuan biltzen ditugu; ostean, familiak osatzen dituzte eta kumeak izaten dituzte. Helburua hori dena egin ostean lepokoa jarri eta bere kabuz bizi daitezen askatzea da.
Zure eginbeharra zein da?
Ni birpopulatze arduradun gisa hasi nintzen lanean, baina egun gerente gisa egiten dut lan. Animaliak ondo daudela ziurtatzen egiten dut lan, baina baita lantaldeak antolatzen eta diru iturriak lortzen ere.
Animalia trafikoa da animalia hauen etsaietako bat. Handitu egin da trafikoaren pisua?
Beti egon da. Uste dut mundu mailako debekatutako trafikoen artean hirugarren tokian kokatuta dagoela animalien trafikoa; arma eta droga trafikoa bakarrik ditu aurretik. Diru asko mugitzen duen negozioa da. Adibide bat jartzeko: orain zazpi urte hiru gorila eraman zituzten Nigeriatik Taipeiko zoologikora eta horiengatik lau milioi dolar ordaindu zituzten. Animalia hauen okela ere garesti saltzen da, delicatessen gisa hartzen baita. Orduan eta animalia arraroagoa orduan eta garestiago saltzen da bere haragia. Horregatik, dirudunen eta batez ere zurien plateretan amaitzen dute.
Deforestazioa da animalia hauen beste etsaietako bat.
Oraintxe bertan arazo larriena da. Nik Cross River estatuan egiten dut lan eta bertan lurraldearen %50 oihana zen. Azken hamar urteetan, ordea, %90 galdu da. Estatu honetan petrolio enpresen kontzesioak izan dira, baina orain galdu egin dituzte eta jendea alternatiba bila berriz ere oihanera begira jarri da bizirauteko. Aldiz, erreserbetan bakarrik daude zuhaitzak eta horiek mozteko Gobernuari eskatu behar zaio baimena. Egoera oso berezietan baino ez dituzte ematen baimenak teorian, baina praktikan, kontaktuak izanez gero, lor daitezke. Beraz, Gobernuan kontaktua izan eta tokiko biztanleen baimena lortuz gero, zuhaitzak mozteko aukera dago. Tokiko taldeei miseria bat ordaintzen diete urte askoko kontzesioaren truke; ostean, egurrarekin itzelezko negozioa egiten dute, besteak beste Europan salduz...
Zuen proiektuaren helburua betetzea, beraz, ia ezinezkoa da. Non askatu animaliak basoak egunetik egunera murrizten ari badira?
Hori da arazoa eta frustrazio handia sortzen du. Horregatik, gure proiektuko zuzendaria Anti-Deforestation Task Force proiektuan ari da lanean. Gobernuaren proiektua da izatez, bere helburua ekoturismoa bultzatzea da, eta, bide batez, atzerriko dirua erakartzea. Baina egurraren negozioaren atzean mafia handia dago eta poliziak eta militarrak ere tartean daude. Egoera oso konplikatua da. Gu oraindik ere salba daitekeen espezie bat salbatzen saiatzen ari gara, eta, egia esan, egungo gobernadoreak ikuspegi kontserbazionista du, baina...
Herritarrek zein jarrera dute honen guztiaren aurrean?
Sentsibilizazio kanpainak proiektua abiatu zenetik egin ditugu. Une batean herritarrek animalia honen garrantzia ezagutzea lortu genuela uste genuen, baina gerora ikusi dugu ezetz. Azken denboran asko igo da kokoaren prezioa eta herritarrak basoak erre eta bertan kokoa landatzen hasi dira. `Ez gara, ordea, primateak akabatzen ari' esaten digute, baina ez dira konturatzen euren etxea suntsitzen ari direla. Uste dut orain lau urte baino okerrago daudela gauzak, aurrera egin beharrean atzera egiten ari garela. Pena ematen du, ez gara konturatzen atzera bueltarik ez duen bidea abiatzen ari garela. Agian gure seme-alabek bai, baina ilobek animalia asko desagertuta ezagutuko dituzte eta galdetuko digute zergatik ez genuen ezertxo ere egin. Zer erantzun behar diegu?
Irailean edo itzultzekoa zara berriz ere Nigeriara, zer topatzea gustatuko litzaizuke?
Egia esan zalantzan egon naiz itzuli edo ez, segurtasun arazo larriak baitaude. Itzultzean babes erreala izatea nahiko nuke, basoen eta oihanen gaineko kontzientzia hartzea benetakoa izatea. Nazioarteko komunitatearen esku hartzea ezinbestekoa dela uste dut; izan ere, basoak ez dira defendatu behar soilik ederrak direlako, baita beharrezkoak eta oinarrizkoak direlako ere. Ingurugiro arloan hain handia da dugun arazoa, ez dugula horren aurrean begirik zabaldu nahi.
Akaso ezjakintasunak ere zeresana badu...
Agian bai. Jane Goodallek esaten zuen zerbait zaintzeko lehenik eta behin maitatu egin behar duzula eta maitatzeko ezagutu. Nork irakasten digu guri? Nik ere Afrikara joan aurretik telebistan erreportajeak ikusi eta pentsatzen nuen lehoiak edonon topa zitezkeela. Bertara joandakoan konturatzen zara nukleo zoologikoak zirela erakusten zizkigutenak. Deforestazioarekin gauza bertsua gertatzen da, ez zara arazoaren larritasunaz jabetzen bertatik bertara ikusi eta zein ondorio dituen jabetu arte.
Zuen gisara jarduten duten elkarteak zein egoeratan daude?
Kontserbazio arloan diharduten elkarteen arazo handiena diru iturri eskasia da. Proiektu humanitarioetara bideratzen da aurrekontuen %90 eta kontserbazio arloan proiektu asko dago. Niri esan izan didate `horrenbeste ume gaizki egonda zergatik ari zara lanean primateekin'. Ez dakizu zer erantzun, baina bada jendea haurrak zaintzen ari dena, gero diruarekin zer egiten den, hori beste kontu bat da.
Guk diru gutxi izaten dugu eta beraz lehentasunak zehaztu behar ditugu. Guretzat, noski, animaliak dira garrantzitsuenak; gero langile lokalen soldatak eta gainerakoak datoz. Proiektu humanitario askotan lehentasuna gastu administratiboak dira.
Zer sentitzen duzu, hona etorri eta bateko eta besteko zoologikoetako irudiak ikustean?
Niri pena handia ematen dit. Esan beharra dago zoologiko batzuek irabazien zatitxo bat kontserbazio proiektuetara bideratzen dutela, baina jendeak ez du benetan ezagutzen nolakoak diren ikusten dituen animaliak eta zein beharrizan dituzten.
Telebistan animaliei ematen zaien tratuaz ere kexatu zara.
Errespetu gabe tratatzen dira animaliak. Nik Gironan, Mona Fundazioan, lan egin nuenean telebista eta ikuskizunetan baliatzen ziren animaliak zaintzen nituen eta guztiak burutik eginda iristen ziren. Entrenamendu oso gogorretara behartzen dituzte, kolpatu egiten dituzte eta horregatik azaltzen dira hain bare. Horretarako eskubiderik ez da. Pertsonok espezie guztien gainean kokatu dugu gure burua, baina ez dugu ulertu hori erantzukizun bat dela, babestu egin behar ditugula, guztiek baitute euren funtzioa. Pertsonak ekosistemaren beste parte bat baino ez gara.
Oraindik ere Nigerian egiteko asko duzula begi bistakoa da, inoiz itzuliko zara Euskal Herrira behin betirako?
Bai, zergatik ez. Egia esan inoiz ez naiz horretan pentsatzen jarri, baina faltan botatzen dut hemen uzten dudan jendea: familia, lagunak... Nire erroak hemen dauzkat eta horrek pisu handia du niretzat. Materialki ez dut ezer faltan botatzen, baina pertsonalki gogorra da. Profesionalki, berriz, esperientzia aberasgarria da.
Nola moldatu zara Nigeriako bizimodura?
Ondo. Nik esaten du Nigeria ispilu baten modukoa dela; berdina dirudi, baina dena dago alderantzikatuta. Nigeriarrak oso zaratatsuak eta intentsuak dira. Zu ere horrelakoa bihurtzen bazara ikaragarri ondo hartzen zaituzte. Egia esan, lagun handiak egin ditut lau urteotan.




