-

Jon Benito

2010ko Uztailaren 30a

Autoan arazoetan sar zaitzakeen ezer ez duzun begiratu. Irratia piztu. Frekuentzia aldatu. Martxa jaitsi. Leihoa beheratu. Mugaraino egongo den ilara irudikatu eta distantzia hori zenbat kilometro izan daitezkeen kalkulatu. Inguruko autoei erreparatu (oinak luzatuta lo doan neska ilehoria esnatuko ote da kontrolera heldu aurretik?). Atzerritarren matrikulak nazioaren arabera sailkatu. Juntakulata gorritu aurretik motorra itzali. Irratia frekuentziaz aldatu. Ordularia begiratu. Autobidearen ondoan bizitzeak lo egiterakoan nola eragin dezakeen pentsatuz denbora galdu. Irunen bizi den inor ezagutzen dudan galdetu. Etxeetako pertsiana itxiak zenbatu (oporretara joanak izango dira? Lotan daude? Inor ez da bizi bertan?).

Berriz, albistegien bila, irratiko frekuentzia aldatu. Berriz ondoko autoei begiratu (ez dirudi kontrolera heldu baino lehen esnatuko denik). Auto bakoitzean zenbat jende doan kalkulatu. Gasolioaren gordailuan dudanarekin zenbat kilometro egin ditzakedan ikusi markagailuan. Ordularia begiratu. Txinaletik oinak aterata alfonbra gainean jarri. Hatzekin irratiko kantuaren erritmoa jarraitu. Tourreko lehen txirrindulari euskal herritarra nor den galdetu. Autoko paperetan usnaka aritu eta hurrengo paperontzian botako ditudanak alboratu. Berandu noala ohartarazteko erdi ezkutuka dei bat egin mugikorretik (legezkoa al da?). Karteran dirurik ba ote dudan begiratu. Motorra piztu, metro batzuk aurrera egin. Oin biluziekin gidatzen saiatu.

Eskuekin alkandora lixatu. Erretrobisorean begiratuta, aurpegian dudan hortzak garbitzeko kremaren orbana kendu. Datorren astean ilea moztera joan beharko dudana apuntatu garondoko zokondoren batean. Oinarekin karezko txintxar bat ukitzean, herenegun lagunekin afaltzen izan nintzenekoaz gogoratu. Gogoratzen hasita, etxerako erosi beharrekoen zerrenda egin (non apuntatu baina?). Autoko departamentuetan boligrafo bat bilatu. Ordularia begiratu.

Erretrobisoretik burua jiratu atzera dagoen ilara ikusteko. Kontrola ze poliziak jarri duen asmatzen saiatu. Irratia frekuentziaz aldatu. Asfaltoaren beroa sudurretik nola sartzen den nabaritu. Belauneko urratua laztandu min egin arte. Gustuko kantu bat jartzen dutenean ahopean kantatu. Ondoko autoetako familien bizitzak irudikatu (haserre antzera doaz) (Esnatuko ote zen neska ilehoria?). Bazterbidetik aurreratzen dutenekin haserretu. Bozina jo bi-hiru aldiz. Arreta zorroztu, lehen martxa sartu eta aurreko autora gerturatu lekua ez galtzeko.

Galgari eman. Ordularia begiratu. Martxa geldika jarri. Intermitenteari eman, eskuaz keinu egin bere ilaran sartuko zarela adierazteko, begien kliskarekin eskerrak eman utzitakoan. Beste ilaran geratu direnak baino inteligenteago sentitu. Kontrola pasatakoan zitara ailegatzeko beharko duzun denbora kalkulatu. Oraingoan ere berandu ailegatuko zarelako zeure buruarekin haserretu. Beste ilarek aurrera egiten dutela ikusi. Besteak baino ergelago sentitu.

Enbragea askatu, aldapan behera metroak jan, biharko egunkariak irudikatu, tximeleten habia sabelean lehertzen sentitu, aitzakia bat asmatzen saiatu, zergatik zoazen gogoratu, ordularia begiratu eta arnas hartu.

Autoan arazoetan sar zaitzakeen ezer ez duzula begiratu berriz. Leihoa igo. Eta kontrol postura hurbildu ahala, eguzkitako betaurrekoak jantzi, eserlekuan zurrundu, jende eredugarriaren bisaia jarri, irrati frekuentzia kate espainiarrera pasatu eta telefonoaren bestaldeko administratiboren bati zure autoaren matrikula ematen dion poliziari aurpegira begiratu irribarre batekin.