Goizeko seiak eta erdietan askatu zituzten Lille ondoko Arras hirian eta arratseko zortziak aldean iritsi zen lehena Oiartzunera; ordubete beranduago heldu zen bigarrena Azpeitira. Euskal Herriko uso mezularien urteko «maratoia" da: ia 1.000 kilometro zuzenean. Orientazio sen izugarria duten hegaztiak dira, baina ez dira denak iristen. Drama bat baino gehiago bizitzen dituzte bidean.
Joxean Agirre
2010ko Uztailaren 30a
Roberto Artegabeitia, Bizkaiko uso mezularien Hegalari elkarteko lehendakaria, Gernikako Seber Altube ikastolako zuzendaria da. Bilbon bizi da, baina bere jaioterrian, Ean, dauka usategia. Usoak lasterketaren batean dituenean urduri egoten da, ordenagailuan hegaztien heldueraren berri ematen dion programari begira, mugikorra ondoan duela nolanahi ere, elkarteko kideak elkarri abisu emanez ibiltzen baitira. Oraindik orain bere hamar uso onenak bidali zituen Arrasera eta bost bakarrik itzuli ziren; horietako batzuk, gainera, zaurituta. «Usoak noiz itzuliko ematen ditugu orduak. Korrikalariei bezalaxe, usoei ere txip bana jartzen diegu hankako eraztunaren parean. Usategian antena bat dugu eta iritsi ahala, ordenagailuko programak erregistratzen du helduera eta ordua. Arrasetik hona 900 kilometrotik gora daude zuzenean, baina haizearen edo eguraldiaren arabera askoz gehiago egiten dituzte; hori bai, okerrena belatzak dira. Taldean eta indartsu datozenean, ihes egiten diete, baina banaka eta nekaturik iristen direlarik, eraso izugarriak jasaten dituzte. Nik badut uso bat bitan zauri larriekin iritsi dena. Bigarren aldian ebakuntza bat egin genion. Sendatu egin zen eta oraingoan ere iritsi da. Atzo denboraldiko azken lasterketa egin genuen, Cognac-Euskal Herria, urtebetez azpiko usoentzat. Goizeko zazpiak eta erdietan askatu zituzten eta bazkalondoan hasi ziren iristen. Gazteak txoroagoak dira, gazteak direlako, eta errazago galtzen dira, baina helduak ez», hasi zitzaigun kontatzen.
Etxanon dute lurralde mailako egoitza. Han egiten dituzte bilerak, han dute pentsuen eta botiken biltegia eta han dituzte askatu behar dituzten lekura eramateko kaiolak ere. «Iparraldeko elkartearekin harreman estuak ditugu. Guk Biarritzeraino eramaten ditugu furgoneta batean eta haiek kamioi batean eramaten dituzte behar den lekuraino. Urtean zehar lasterketak luzatzen joaten gara eta luzeena Arras edo Lilletik hona egiten duguna da. Donostiatik hona egiten dugu lehen lasterketa, Biarriztik hurrengoa eta poliki-poliki luzatuz joaten gara», esan zigun Jose Inazio Irakulis elkarteko diruzainak.
Jose Inazio orain hamar urte hasi zen usoekin lanean, baina berehala ohartu zen alergia ziola hegazti horien hautsari. Usategi barruan arnasa hartzerik ez du. Baina gaitzaz jabetzerako zaletasuna barruan zuen eta usoekin jarraitzen du, usategiak adiskide batek zaintzen badizkio ere. Ura eta janaria kanpotik ematen dizkie usoei. Robertori ere aitaginarrebak laguntzen dio Eako usategia zaintzen. Elkarteko hormetan zintzilik daude aurtengo lehiaketetako zerrendak. Bien izenak behin eta berriz ageri dira goiko postuetan. «Lasterketa labur guztiak irabazi ditu aurten Robertok. Urteak izaten dira, batzuetan oso gazteak nabarmentzen zaizkigu eta besteetan helduak. Fondoko lasterketa batek irabazten du, laburrekoa beste batek eta abiadurakoa hirugarren batek. Hemen denek janzten dute txapelen bat. Futbolariekin bezala gertatzen da: hasierako lasterketak irabazten dituen usoa nekatu egiten da eta ezin dio denboraldi osoan mailari eutsi», erantsi zuen Juan Inaziok. «Irabazten dudanean aitaginarrebagatik dela esaten didate. Nik hogei minutu ateratzeko esaten diot eta ordubete ateratzen ditu, jaten gutxi emateko agintzen diot eta berak nahikoa gose pasatu zuela erantzuten dit eta ontziak bete egiten dizkie, eta, hala ere, ondo moldatzen dira lehiaketan», esan zuen.
Etxea amets
Usoek badute herrimin antzeko bat, saudade berezi bat, jaio ziren lekuaren nostalgia. Etxetik urrun direlarik, egonezinik jartzen dira eta askatu orduko abiatzen dira etxerantz. «Arra emearekin gogoratzen da. Hemen bakoitzak bere metodoak erabiltzen ditu entrenatzeko orduan. Nik arrak eta emeak berezita edukitzen ditut eta lehiaketa baino egun batzuk lehenago jartzen ditut elkarrekin. Juan Inaziok `erdi alargun' edukitzen dituela esan ohi du. Arrarengan eragin nabarmena du emearenganako grinak. Emeak, aldiz, ez dira arrarekin motibatzen, usakumeekin baizik. Edozein modutan ere, etxetik urrun eramaten dituzularik, hil egin behar dutela iruditzen zaie eta askatu orduko hartzen dute etxeko norabidea. Dena den, lasterketarako uso onak lasaitasuna izaten du. Guk asteazkenean eramaten ditugu kaiolan sartuta eta ez dituzte askatzen larunbata arte. Oso ona lasai egoten da, ez du alferrik indarrik galtzen. Badakite indarrak bidean beharko dituztela. Jan, edan eta geldirik egoten dira. Badaude abiadurako usoak ere, lasterketa laburretan, 300 kilometro arte, oso ondo moldatzen direnak, eta horiek urduriagoak izaten dira. Donostiara urtebeteko uso bat eraman eta askatzen duzularik, erotuta bezala hasten da hegan, heriotza ikusi duela ematen du», erantsi zuen Robertok.
Orientazio sena
Kontuan hartu behar da bidea arriskuz betea izango duela. «Bizkaiko kostan Iberiar penintsulako gainontzeko lekuetan baino belatz gehiago omen dago eta zain egoten dira. Usoek haize korronteak baliatzen dituzte hegan, batzuetan oso goitik egiten dute hegan, 1.000 metro ingururaino igotzen direla esaten dute; beste batzuetan, aldiz, begiz ikusteko altueran joaten dira. Guri mugikorretik hasten zaizkigu deika; Zumaiatik, esate baterako, Julianek deitzen dit, bertara iritsi direla esateko. Donostiatik Zumaiara hogei minutu egiten dituzte. Beste ordu laurden batean daude Etxanon. Nire usoek Donostia eta Ea arteko bidea 35 minututan egiten dute», jarraitzen du Robertok. «Asteko egunik politena izaten da hori guretzat», erantsi zuen Juan Inaziok.
Nola lortzen dute bidea aurkitzea? «Zientzialariak ere ez datoz bat orientazio sen horren oinarrian zer dagoen argitzeko orduan. Badirudi latitudearen pertzepzio zorrotza dutela eta eguzkiaren argiaren ñabardurak medio mugitzen direla bidean. Hegazti migratzaileek iparraldea eta hegoaldea bereizten dituzte, baina uso mezularien mekanismoa askoz ere konplexuagoa da, zehaztasun handiz, GPS bat buruan balute bezala, egiten dutelako bidaia», jarraitzen du Robertok. Beste batzuen iritziz, lurraren eremu magnetikoa atzemateko magnetita dute mokoan eta pertzepzio horri esker orientatzen dira. Misterio horiek gorabehera, hegazti harrigarriak dira.
«Abere gehienak, eta hegaztiek bereziki, askatu eta alde egiten dute. Usoak jaio diren edo bizi diren lekura itzultzen dira eta sekulako herioan gainera», esan zigun Juan Inaziok.
Belatzen beldur
Robertok 80 uso heldu eta beste 80 gazterekin hasi zuen urtea. Kopuru horien bueltan ibiltzen dira Bizkaiko usozale gehienak. Gipuzkoan usategi handiagoak dituzte; oro har, 300dik gorakoak. Guztiak ezagutzen dituzte. «Hegan ikusi eta badakigu zein datorren», esan zuen Juan Inaziok. Herrialde atzeratuetako zaletasun bat dela pentsa dezake norbaitek, baina ez da horrela. Txina da, bai, lizentzia gehien duen herrialdea, baina Alemania, Belgika eta Britainia Handia zale asko dituzten herrialdeen zerrendan oso goian ageri dira. Herbehereetan, esate baterako, 29.000 lizentzia dituzte. Estatu espainiarrean 4.200 bakarrik eta horietatik erdiak Kanariar uharteetan. «Herrialde batzuetan dirutzak mugitzen ditu zaletasunak, dirua jokatzeko antolatzen baitira lasterketak. Guk hemen txapel bana banatzen dugu eta kito, baina Katalunian bertan ere sari dezenteak ematen dira. Taiwanen, esate baterako, bada irabazleari milioi bat dolar ematen dioten lasterketa bat. Badut Dunkerqueko lagun bat eta hark kontatzen didanez, han ere diru asko mugitzen du usoen munduak. Gurea zaletasuna da, haiena negozioa», azaldu zuen Robertok.
Usozaleak tarteka oso ikuskizun gogorrak ikusi behar izaten ditu belatzeak direla eta. «Emeak dira gogorrenak. Belatzen erasoa jaso eta zauriturik ere iritsi egiten dira, egoera penagarrian askotan. Nik badaukat 2003tik lasterketatan dabilkidan uso bat bitan larriki zaurituta iritsi zaidana. Ura eman eta paparretik atera egiten zitzaion. Josi genuen, sendatu egin zen eta iaz ere, lasterketa luzea baino hilabete lehenago belatz batek harrapatu zuen eta hegoa hondatu zion. Sendatu egin zen eta lasterketa bukatu zuen. Aurten ere iritsi egin da. Dena den, uso batek sasoiko eta indarrean dagoenean erraz ihes egiten dio belatzeari», jarraitu zuen Robertok. Emeen motibazioa bere kumeak edo arrautzak zaintzera etortzea da. Horregatik, batzuetan arrautza faltsuak jartzen dizkiete. «Horrek gauza bat erakusten du, kirola ez dela giharren kontua bakarrik, buruak sekulako eragina duela», erantsi zuen Robertok.
«Belatzek jolas egiten dute uso bat nekatuta ikusten dutenean. Oso ikuskizun gogorrak ikusten ditugu. Airean erosoa jo, alde egiten utzi eta berriro erasotzen diete. Lasterketa laburretan ez da horrelakorik. Talde handiak iristen dira eta taldea handia denean belatzek ez dute erasotzen. Guk Baionara, esate baterako, 1.600 uso eraman ditzakegu Bizkaitik eta horiek denak bateratsu etortzen dira. Ederra da bakoitza bere usategiaren parean nola jaisten den ikustea. Hegalak ixten dituzte eta goitik behera jaisten dira», esan zuen Juan Inaziok.
Bi ibilbide nagusi erabili izan dituzte Euskal Herriko usozaleek, Belgikatik hona datorrena bat eta Cadiztik datorrena bestea. Baina bigarren hori gutxiago erabiltzen dute azkenaldi honetan, Iberiar penintsula oso lehorra delako. Usoak gauean ura edateko geratzen dira. Estatu frantziarrean nekazaritzarako ur asko erabiltzen dutenez, aiseago aurkitzen dute ura.
Hegalari elkartea Bizkaia Mensajeratik sortu zen. Euskaldunak baztertuta sentitzen zirela eta elkarte berri bat sortzea erabaki zuten. Bestea desagertu egin da. Gipuzkoan bi daude. Bizkaia Mensajera izenarekin bata, bitxia bada ere, egoitza Itziarren duena, eta egoitza Errenterian duen Mensajeras de Igeldo. «Programa informatikoak euskaraz ditugu eta funtzionamenduaren zati handi bat euskaraz egiten da. Eivissako kide batek asmatu zuen Windowseko programa operatibo hau eta berak eskatu zidan euskaratuko al nuen. Gu Espainiako federazioan gaude, baina harreman estua dugu Biarrizko elkartearekin; haiekin dugu harremanik estuena», agertu zigun Robertok.
Bi irakasle, Foru Aldundiko informatikari bat, bi igeltsero, albaitari bat, abere denda baten jabea, bi mekanikari, gasolindegi bateko langilea... era guztietako lanbideak biltzen dira elkartean. «Egia esan, diru pixka bat eskatzen duen zaletasuna da. Nire kalkuluen arabera, urtean 5.000 euro inguru joaten zaizkigu. Nik ez dakit zaletasun hau noizkoa den Bizkaian. Gerra aurretik ere egon zitezkeen beharbada, baina nik zaila ikusten dut, gosea baitzegoen. Garestia da, baina umeentzat eta adineko jendearentzat oso zaletasun ederra da», esan zuen Robertok.
Euskal Herrian hiru elkarte dituzte eta ezin dute federaziorik sortu, horretarako bost elkarte behar baitira. Baina kanpoan lehiatu behar dutenean Euskal Herriko ordezkari moduan hartzen dute parte.
Eguberritan hasten dira arrautzak jarri eta kumeak ateratzen eta San Joanetan kumeak entrenatzen. Oporretan ere usoak dituzte gogoan. Bidaian doazen lagunei ematen dizkiete usoak, aska ditzaten. «Aste honetan bertan Donostiatik bidali dizkidate bi uso gazte. Hamabost kilometrora ikusten omen du uso baten begiak. Memoria orografiko izugarria dute», esan zuen Robertok.
«Usoak Interneti irabazi zion Hegoafrikan»
Hegoafrikan ere, Unlimited IT enpresako gazte batzuek froga bitxi bat egin zuten joan den urtean uso mezulari bat Internet baino azkarragoa zela erakusteko. Frogaren helburua Telkom telekomunikazio enpresaren utzikeria salatzea zen.
Uso mezulariak ordubete eta zortzi minutu behar izan zituen hankari lotuta zeraman USB giltza Pietermaritzburgetik kostako Durban hirira eramateko. USB giltzan zegoen 4 GBko informazioa usoa askatzearekin batera hasi ziren Internet bidez bidaltzen Telkom enpresaren sarea erabiliz; usoa helmugara iritsi zenean, informazioaren %4 bakarrik zegoen bidalita.
Juan Inazio Albizuri, 25 urte usoen munduan
Azpeitiko Ezkuztako gasolindegi gainean dauka usategia. Hogei kide diren elkartean, tartean bi errumaniar eta nederlandar bat. «Nik 200dik gora ditut eta kirolariak bezala zaintzen ditut, neure burua baino askoz ere hobeto. Nik hiru bidali nituen Arrasera eta bi etorri ziren, bat egun berean, gaueko bederatzietan. Lau uso bakarrik iritsi ziren egun berean Euskal Herrira. Baina hala heltzen dira, erabat abailduta», azaldu zuen.
Juan Inaziok dioenez, pertsona bat betetzeko adinako zaletasuna da hau. «Beste leku batzuetan diru asko mugitzen du. Lasterketako zaldiaren prezioak ordaintzen dituzte uso batengatik, baina poztasun bera ematen digute guri. Orduak itxoiten egon eta zure uso bat iristen ikustea izugarria da», jarraitu zuen.
Lau usozale daude Azpeitian, beste sei Zumaian, Añorgan dago bat, Oiartzunen, Hondarribian eta Irunen ere badaude. «Ederra izango zen euskaldun guztiok elkarrekin bilduko bagina, baina Araba eta Nafarroako usozale batzuek beherako joera dute. Ez dute gurekin harremanik», gogoratu zuen.
Kanpotik ekartzen dituzte uso mota ezberdinak eta, ostean, usategian nahasten dituzte. Aurten Gipuzkoan 2.500 usakume atera dituzte eta Bizkaian 1.000 inguru. «Badaude dagoeneko neure abizena daramaten uso motak ere. Genealogia asko zaintzen duten usozaleek aukera gehiago dituzte lasterketetan, baina edozein zaleren usoak irabaz dezake, ez da inoiz jakiten. Kanariar uharteetan lantzen dute asko usoa. Lau etxetik batek usategia du», esan zuen.




