-

Atzerriko dantza erritmoak gero eta ezagunagoak dira gure artean. Asko dira hango eta hemengo eskoletara koreografiak ikasi eta mugimenduak lantzera doazenak. Egun batean, ordura arteko bizimodua utzita, dantzaren aldeko apustua egin zuten hiru emakumerekin egon gara. Larraitz Ugartemendiak klasikoa eta klakea uztartzen ditu, nahiz AEBetako beltzen artean sortutako erritmoekin gozatzen duen gehien; Askoa Etxebarrieta Lasheras, La Pulga, berriz, flamenkoak bizi du; eta Miren Gonzalezi, behin sabel dantzak piztu zion lilura ez zaio itzali.

Xole Aramendi

2010ko Uztailaren 30a

Larraitz Ugartemendia, klake dantzaria eta irakaslea:

«Klakea oso dantza erosoa da eta guztiz librea, eta askatasun hori asko eskertzen dut»

Klasikoa eta klakea, biak dantzatzen ditu Larraitz Ugartemendiak (Orereta, 1972), baina «egia da sentitzeko orduan, gehiago identifikatzen naizela klakearekin», aitortu du. Oso desberdinak dira: «Klasikoa oso diziplina gogorra da eta klakea askoz jolasgarriagoa». Prestakuntza fisikoari dagokionean ere klasikoak diziplina handiagoa eskatzen dio dantzariari.

Klakea jazzarekin, swing erritmoekin lotu izan da, baina aukera zabala ematen du. Horren erakusle, irailaren 17an Donostian estreinatuko den lana, «Tirauki traukian», Oskorriren «Tirauki» kantuan oinarritua. Bertan, dantza garaikidearekin uztartu dute klakea.

Aterpean programan -Dantza Hirian egitasmoaren barruan dago- prestatu du proiektua Izaskun Lapazaran dantzariak. Larraitz Ugartemendiarekin batera, Amaia Nabaskues da hirugarren dantzaria, eta, laukotea osatuz, Maria Lobero biolin jotzailea. «Baionatik Donostiara bitarteko zirkuitua da. Biarritz, Baiona eta Donibane Lohizunen ere erakutsiko dugu. Hamabost konpainien artean aukeratu gintuzten eta oso gustura gaude, aukera ona da. Artista egoiliarren programa da. Bi astez Biarritzeko Gare du Midin entseatu dugu eta orain beste bi astez ari gara Donostiako Artelekun», kontatu du. Emaitza 20 minutuko pieza izango da.

Duela 16 urte hasi zen dantza klasiko eta klake ikastaroak ematen Errenteria Musikalen. Bi ikasle zituen garai hartan klakea ikasten. Gaur 80 klakean -6 urtetatik hasi eta 50etik gorakoak ere bai, emakumeak gehienak- eta beste 100 klasikoan. «Jende askok ematen du izena klake ikastaroan, oso erakargarria egiten zaie», azaldu du. Haurrek, batez ere, gustukoa dute zarata egitea. Oinetakoen zolan jositako txaplata metalikoaren zarata egitea ezinbestekoa da. «Hori da daukan xarma», esan du. Uda Bartzelonara joan eta ikasteko baliatzen du, baina aurten ezingo du, proiektu hau dela eta. «Oso dantzari onak daude Bartzelonan -argitu du-. Urte osoan klaseak ematean hustuta geratzen zara eta behar dut», kontatu du. Han elikatu egiten da, ikastaro berriari aurre egin ahal izateko.

AEBak dira klakearen erreinua. New Yorkera joan eta han ikastea ametsa litzateke Larraitzentzat. Adineko beltzak dantzan ikustea du gustuko. «Ez dute kristoren teknika behar: aske, lasai eta irribarrea aurpegian ikusten dituzu, gozatzen. Horrek asko transmititzen du».

Klakearen ezaugarri bat nabarmentzerakoan, freskotasuna aipatu du. «Dantza osoa da eta guztiz librea. Eta askatasun hori asko eskertzen dut. Hainbeste gustatzen zait... -adierazi du-. Erritmoa eta musikaltasuna ere lantzen duzu. Asko inprobisatzen da». Klakea musikariaren eta dantzariaren arteko elkarrizketa da. «Musikarekin egindako jolasa da: melodia bat dago, une batean musikari baten soloa dator eta galderak luzatzen ditu eta ondoren klake dantzariaren erantzunak... Jokoa da. Klakea egiten dugunok ez gara musikariak, baina ezta dantzari soilak ere. Erritmoarekin jolasten dugu», kontatu du.

Klakeak bere teknika dauka: terminologia, bere pausoak... «Pauso horiekin erritmoa lantzen duzu. Musikarekin ala gabe egin daiteke. Badaude dantza estandarrak, dantzari mitikoek egin dituztenak, eta koreografiak sortu ere egiten dira. Aukerak daude jolasteko», esan du.

AEBetan beltzek sortutako diziplina da. Berez esklaboen dantza zen, nahiz guk zinemaren bitartez zuriek dantzatutako klake finagoa, klasikoagoa ezagutu dugun. Irlandako eta Afrikako eragina ere badu dantza honek.

Oreretarra da Ugartemendia eta txikitatik gustatu izan zaio dantzan aritzea. «5 urterekin hasi nintzen Ereintza taldearekin euskal dantzak egiten eta 7rekin balletean, Oiartzunen, Mentxu Alkortarekin. 9 urte nituela Donostian hasi nintzen Mentxu Medelekin, 18rekin Madrilera joan nintzen arte».

Lehen ikastaroa Oiartzunen egin zuen eta asko erakarri zuen. «9 urterekin izan zen. Ondoren, gurasoek dantza klasiko karrera egitea nahi zuten, eta ni, neure kabuz, klake eskolara ere joaten nintzen Madrilen, erdi ezkutuan», gogoratu du.

Madrildik bueltan, hasieran, lagun musikari batzuekin aritu izan zen dantzan, kalean. Ondoren, beste batzuekin tabernetan ere aritu izan da.

 

Miren Gonzalez, sabel dantza irakaslea:

«Euskaldunok aldakak mugitzeko arazoak ditugula uste da, baina ez da egia»

Miren Gonzalez (Bilbo, 1981) ballet klasikoa, Karibeko dantzak eta aretokoak egindakoa da, baina egun batean sabel dantzarekin sentitu zuen lotura ez du eten.

Berezia da: «Dantza gehienetan oinak eta besoak mugitzen dituzu, sabel dantzan, aldiz, gerria eta aldakak. Ez gaude gune hori mugitzen eta kontrolatzen ohituta eta hasieran, batez ere, asko kostatzen da -azaldu du bilbotarrak-. Gorputzean hor zeneuzkala ez zenekien giharrak deskubritzen dituzu. Niri oraindik ere gertatzen zait».

Usteak ustel. Euskaldunok aldakak mugitzen arazorik ez dugula nabarmendu du Gonzalezek. «Horren ustea dago, baina ez da egia», esan du.

Ekialdeko dantzen alde sentsualaz galdetuta, zera dio: «Hori ezin zaio kendu. Izan ere, aldakak mugitzen dituzu eta gorputzaren sexu-energia guztia hortik ateratzen da. Baina gihar asko kontrolpean izatea eskatzen du diziplina honek eta asko ez dira horretaz jabetzen. Aldakak ez dira mugitzen dituzun bakarrak; besoak, hankak -batetik bestera zoaz-, bularraldea... ere mugitzen dituzu. Gorputzaren gaineko kontrola erabatekoa da. Dantzan egindako mugimenduen bidez gorputz barneko organoei masajeak ematen dizkiezu».

Onura fisikoa edo psikologikoa pertsona bakoitzaren araberakoa da. «Zure gorputza zuk nahi duzuna egiteko gai dela ikustea pozgarria da. Orokorrean, autoestimuan laguntzen du, eta, horrez gain, pertsonaren arabera, onura fisikoak edo psikologikoak gehiago nabarituko ditu. Ezagutu dut inoiz bikinirik jantzi gabeko emakumerik, sabelaldea erakutsi nahi ez zuela eta, sabel dantza egiten hasi eta urteetara hondartzara bikinian joan denik -esan du-. Nik neuk ere bizkarreko arazoak nituen eta orain askoz hobeto nago, ez daukat minik».

Bartzelonan Diseinu ikasketak egiten ari zela ezagutu zituen Ekialdeko erritmoak. Hainbeste gustatu zitzaizkion, azken ikasturtean ikasketak bertan behera utzi eta dantzaren aldeko apustua egin zuela. «Bartzelonan bost urtez egon nintzen eta han sakondu nuen dantzan. Irakasle izateko prestatzen eman nuen urtebete eta ondoren etxera itzuli nintzen. Bilbon orain ari dira ikastaroak antolatzen eta irakasleak gonbidatzen, baina orduan ez zegoen ezer. Orain ere atzetik goaz», dio.

Bederatzi urte pasa dira lehen aldiz Ekialdeko dantzekiko lehen hurbilketa izan zuenetik. Eta bost irakasle lanetan hasi zela. «Hasieran nahiago izango nuen dantzan aritzea, baina orain atsegin dut besteei irakastea. Lehenengo eskoletan denek diote oso traketsak direla, baina ikastaro amaieran ikusten duzu asko hobetu dutela».

Horrexek ematen dio poza eta motibazioa: «Gero eta pertsona gehiago dira dantza egitera datozenak -dio-. Eta oso eskergarria da kurtso amaieran pozik ikustea. Izan duten garapena ikusten duzu eta aisialdiaz nola gozatzen duten ere bai. Une hori eurekin partekatzea gozamena da. Hurrengo urtean errepikatzeko desiratzen egoten dira».

Baina bada oraindik lortu ez eta zaila duen zerbait: gizonezkoak sabel dantza egitera animatzea. «Oraindik ez dut lortu mutil bakar batek izena ematerik. Etorri izan dira probatzera, baina ez dira animatu. Bartzelonan nik ikasi nuen akademian ere 300 ikasle inguru ginen eta horietatik lau ziren mutilak».

Sarabi izeneko metodoa jarraitzen du Miren Gonzalezek. Deborah Korek estatubatuarrarekin ikasi zuen Bartzelonan. «30 urte inguru daramatza sabel dantza lantzen eta ikastaroak ematen. Berotze ariketak, giharren kontrola, mugimendu desberdinak... nola irakatsi eta ikastaroa nola antolatu ikasi nuen berarekin. Eta nik berak erakutsi bezala ematen ditut eskolak».

Ugaritzen

Euskal Herrian ez dira asko sabel dantzan ari diren dantzariak. «Bilbon pare bat irakasle ezagutzen ditut, beste bat Donostian eta baita Gasteizen ere. Baina gero eta gehiago dira. Ni hasi nintzenean bizpahiru besterik ez ginen eta gaur egun akademia, gimnasio eta polikiroldegi askotan eskaintzen dira ikastaroak», argitu du.

Formakuntza ikastaroak egiten ditu. «Ezinbestekoa da, hori egin ezean atzean geratzen zara», adierazi du. «Bartzelonara joan izan naiz, baina orain ez da beharrezkoa, Euskal Herrian bertan aurki daitezke tailer intentsiboak».

Egipton ez da inoiz izan. Hara bidaiatzearekin batera, eskola propioa irekitzea du amets. «Ekonomikoki inbertsio handia eskatzen du eta momentuz zaila ikusten dut», argitu du. Bitartean, bera da Bizkaiko hainbat herritara joaten dena. Nolanahi ere, dantzatik bizi da. «Unibertsitate garaian inork esan izan balit, ez nioke sinetsiko», dio. Egun batetik bestera hartutako erabakiaz ez du damurik.

 

Askoa Etxebarrieta Lasheras «La Pulga», flamenko dantzaria eta irakaslea:

«Flamenkoa motibazio iturria da niretzat, zerbait lortzeagatik borrokatzea, eta bizitzeko arrazoietako bat eman dit»

Askoa Etxebarrieta Lasherasen izen artistikoa La Pulga da. Lagun min batek jarri zion eta horrexekin geratu da. Flamenko dantzaria da eta Montrealen dago. Han igaroko du abuztua, eskolak eta tailerrak ematen.

Etxebarrieta (Gasteiz, 1976) Jesus Guridi Musika Eskolatik ateratako dantzarien lehen belaunaldiko kidea da. Ballet klasikoan eman zituen lehen pausoak baina behin flamenkoa deskubritu zuenetik, duende-ak betirako lotu du. «Zaramaga auzoko lokal okupatuetan tailer batean erritmoak eta txaloak lantzen aritzen ginen. Behin Rosa La Hoz (gero irakaslea izango nuena) dantzan hasi zen eta nik ere horixe egin nahi nuela pentsatu nuen», gogoratu du dantzariak Montrealdik.

Zerk erakarri zuen galdetuta, honokoa dio: «Erritmoak, borobilean jarrita egoteak, bata kantuan eta albokoa dantzan hasteak... Norbait dantzan hasten denean une horretan arimatik sortzen zaiolako da».

Flamenkoa artea da La Pulgarentzat, historian zehar hainbat herri eta kulturen eragina jaso duena: ijitoa, arabiarra, indiarra... «Oso aberatsa da erritmoari dagokionez eta musika, kantua eta dantza uztartzen dira».

La Pulgaren esanetan parranda polita egiteko ez da askoren beharrik, ezta dirurik ere. «Lagun talde bat txaloka jarri eta pixka bat abestea nahikoa da», nabarmendu du.

Flamenkoa motibazio iturri du gasteiztarrak, «zerbait lortzeko borrokatzea». Dantzan bizitzeko arrazoietako bat aurkitu duela nabarmendu du. «Izpiritua betetzen dit. Dantzan ari naizenean nire unea da, nire sari-ordaina, eta primeran sentitzen naiz -azaldu du-. Era berean, niri begira daudenei ere egiten diodan oparia ere bada».

Eraldaketa

Espresiobide du dantza eta agertokiaren gainean eraldatu egiten da. «Batzuetan harroxko ere jartzen naiz, nahiz ni ez izan horrelakoa egunerokoan», dio.

«Flamenkoa aurkitu ez banu ez dakit gaur egun zer egingo nukeen», adierazi du, dantzarekiko lotura zenbaterainokoa den azalduz.

Gogoan du ilusioz gainezka Andaluziarako bidea hartu zuenekoa, flamenkoa bere bizitzaren ardatz hartuta. Zortzi urtez egon zen Granadan eta Sevillan, handienekin ikasten. «Ni bezala, dena utzi eta flamenkoa ikastera joandako jende asko zegoela ikusi nuen hara iristean», esan du dantzariak. Kalean askotan dantzatutakoa da. Gustukoa du. «Sevillan udan kalean dantzan ateratzen nuen diruarekin bi hilabetez eskolak ordaintzen nituen. Maitasun handiz gogoratzen ditut garai haiek eta orain ere, tarteka, aritzen naiz. Kaleak asko irakatsi dit. Gustatzen zait: ez dago ordutegirik, jendearekin zuzeneko harremana daukazu...».

Gure artean flamenkoa gero eta ezagunagoa delakoan dago. «Gainera, jendea ari da ulertzen gauza batek ez duela bestea kentzen, hau da, izan zaitezkeela, aldi berean, Euskal Herrikoa eta oso flamenka. Hemen hainbat herritan ikastaroak eman izan ditudanean arrakasta izan dute, eta horrek poztu egiten nau».

Dantzariak agertoki gainetik transmititzen duena gailentzen da teknikaren gainetik, La Pulgaren ustez. «Teknika oso garrantzitsua da, baina sentimendua are eta gehiago. Norbait gozatzen ari denean transmititu egiten du. Nik, oholtza gainera igotzen naizenean, gozatzean pentsatzen dut. Eta publikoan dauden pertsonei euren barruan zerbait mugiaraztea, izan positiboa edo negatiboa. Noski, nahiago izaten dut positiboa izatea eta ikusleek une atseginaz gozatzea».

Etxebarrietak ez omen daki gauzak erdizka egiten, eta irakasten ari denean ere energia guztia jartzen duela dio. Ikastea ere ezin alboratu. «Andaluzia edo Madril aldera joaten naiz. Neuri ere egurra ematen didate irakasleek. Bestela ez duzu aurrera egiten eta ikasten jarraitu nahi dut», dio.

Flamenkos del Zaramazulo eta La Pulga y Compañía taldeetan jarraitzen du han-hemen emanaldiak eskaintzen.