Iņaki Altuna
2010ko Uztailaren 30a
Burua estalita zutela, ohiko jantziekin, ETAko hiru militantek agiria irakurri zuten aurreko larunbatean, Ziburuko plazan Jon Anzari eginiko omenaldian. ETAk esandakoak erreakzioak eragin zituen, ohi-ohikoak. Zenbait adierazpeni segituz gero, badirudi Euskal Herrian ez dela azken boladan ezer gertatu, eta hori ez da egia. Badirudi erakunde armatuak zer esan zuen ere berdin-berdin diola, eta hori gezur galanta da.
ETAk azken hilabeteotan zer esan duen eta zer egin duen aztertuta, «Oarsoaldeko Hitza»-n ondokoa esan berri du Rufi Etxeberriak: «Hilabete luze hauetan ETAk duen jokaera lagungarria da». Etxeberriak datu zehatzetan oinarritu zuen baieztapena. ETAk urtebete darama ekintza armaturik egin gabe -jendarme bat hil zuen arren, polizia-indar horrekin ezustean aurrez aurre topo eginda- eta bere agirietan ezker abertzaleak esandakoa berretsi du. Ekintza armaturik ez egitea ezin liteke gaitasun ezaren argudioarekin azaldu, eta, beraz, ezker abertzaleak egindako eztabaida eta marraztutako ibilbidea errazteko jokabidea, ekintzez eta hitzez, hartu duela ondorioztatu behar da. Horrek ez du esan nahi ikusmolde desberdinak eta arazoak izan ez direnik. Beste modu batean izatea litzateke harritzekoa. Baina ibilbidea bere osotasunean hartuta, ezin liteke Etxeberriak esandakoa baizik esan.
Halere, intoxikazio ugari izan da, Espainiako Barne ministroak egindako adierazpenek eta iragarpenek elikatu eta hedabideen «informazioek» barreiatu duten gezur andana. Ezker abertzalean burutzen ari zen eztabaidan ere eragin nahi zuten, liskarra sortzeko eta, eztabaidaren muina desitxuratuz, barne zatiketa ere eragiteko.
Beste jokabide okerrik ere izan da azkenaldian, itxaropen faltsuak sortzen aritu baitira asko. Data ezberdinetan ETAk zerbait esan behar zuela iragarri eta gero, horrelakorik gertatu ez delarik, ETA itxaropena zapuzten ari zela esaten aritu dira behin eta berriz. Eta horrelako batzuek ez zuten ez hankarik ez bururik. Adibidez, Bruselako Adierazpenaren ondotik, Aberri Egunean ETAk adierazpen hari erantzun biribila emango ziola zabaldu zuten, nork daki nork. Ez zen halakorik gertatu, nahiz eta erakunde armatuak nazioartetik etorritako deiari erantzungo ziola iragarri. Frustrazioaren diskurtsoa egin zuten berriz batzuek. Baina nazioarteko eragileek ere jakingo zuten hain tarte txikian ez zela eskatutako erantzunik izango.
Aitzitik, egia ere bada ETAk, bai nazioartean bai Euskal Herrian gertatutakoari esker (Bruselako Adierazpena ez ezik, besteak beste, Iruñean ezker abertzaleak egindako agerraldia, EA eta ezker abertzalearen arteko akordio estrategikoa, eta eskubide zibil eta politikoen aldeko ekimen berriak ere izan dira hilabeteotan), sortutako aukerari erantzun behar diola etorkizun ez oso urrunean.
Segur aski, Ziburuko agerraldia ez zetorren horretara. Hildako militante baten omenaldian, espresuki, zabaltzeko mezua zen. Ezin da, beraz, hilabeteotako gertaerei ETAk eman dien erantzuntzat jo, ezta hartu ere. Halere, nabarmentzekoa da halako ekitaldi batean, hainbesteko hunkipena sortzen duen halako ekitaldi batean, ETAk egoera aldatzeko sortutako baldintzez eta horiei laguntzeko prestutasunaz hain garbi hitz egitea. Hilotza ekarri berria zela horrela hitz egiteak heldutasun politiko handia erakusten du. Hori ikusi nahi ez izatea fede txarraren edo egoera politikoari behar bezala erantzuteko gaitasun ezaren seinale da. Harritzekoa izan da, adibidez, EAren erantzuna, bere apustua egiazkoa bada, pozik egon beharko bailuke Ziburun entzundakoarekin.
ETAk oraindik ez duela esan beharreko guztia esan egia santua bada ere, bide jakin bat babestu duela ondorioztatzeko nahikoa ere esan duela ez da gezurra.




