Hirugarren Mundua ez da estatubatuarrek telebista pantailetatik ikusi ohi dituzten gerrek birrindutako lurralde urruna soilik. Hirugarren Mundua egunero igarotzen dituzten kaleen azpian ere badute ametsak egi bihurtzen omen diren lurraldean. New Yorkeko lurpeko pasabideetan, mundutik babesteko aterpea dute milaka pertsonek.
Silvio Gonzalez (Prensa Latina)
2010ko Uztailaren 30a
Asko idatzi eta espekulatu izan da New Yorkeko lurpeko pasabide zaharretan bizi den jendearen inguruan. Gai hau jorratzean askotan zientzia fikziora jo izan bada ere, egiazki milaka lagunek egiten dute bizimodua lurpean, eguzki argirik ia ikusi gabe. 1989an New Yorkeko alkatetzak eginiko ikerketa baten arabera, 5.000 pertsona bizi ziren lurpeko pasabideetan.
Bizitzaren mila korapilok lur azpian bizitzera behartu dituzten pertsona hauek gizartetik guztiz baztertuta bizi dira, isolaturik. Lur gainean etxe eta laguntzarik ezin aurkituta, lur azpiko pasabideetan topatu dute bizitokia. Ametsak egi bihurtzen omen diren gizartean alboratuak, bizitzeko aterpe bat dute askok New Yorkeko metro geltoki abandonatu zaharretan.
Lur azpian, gainera, poliziaren eta instituzioen nahiz delinkuentzia eta krimenaren hatzaparretatik at mantentzeko gotorlekua aurkitzen dute askok.
Pete Samsonek «The Sun» aldizkarian argitaratu zuen artikuluan, lurpean familia osoak bizi direla dio. Bertan dioenez, lur azpian jaio diren pertsonak ere badira, inoiz eguzkiaren argirik ikusi ez dutenak. Badira lurpean bere egitura sozial eta politikoa egituratu duen gizarte bat dagoela diotenak ere, ezaugarri kultural propioak dituena. Gainera, lurpean lur gainean baino ondasunen banaketa justuagoa ematen dela diote.
Lur azpiko biztanle hauen berri ematen lehenetarikoa «Los Angeles Times» egunkariko Jennifer Toth erreportaria izan zen, «The Mole People» (Zator jendea) liburu ospetsuaren bidez. 1993an argitaratua, liburua lur azpiko bizimodua azaltzen duen ikerkuntza erreportajea da eta bertako pertsonak giza talde antolatu gisa deskribatzen ditu Tothek. Kazetaria urtebetez egon zen lur azpiko pertsonen bizimodua ikertzen. Erreportajean, mota guztietako pertsonak azaltzen dira, guztiak ere gizarteak baztertu eta lurpean babesa aurkitu dutenak. Lur gaineko bizitza uzteko arrazoi desberdinak badituzte ere, erreportajean agertzen diren pertsona guztiak gauza batek ezaugarritzen ditu: kanpoko zibilizazioari dioten mespretxua.
Hala ere, Tothen liburuak New Yorkeko metroko errail abandonatuen inguruan aditu den Joseph Brennanen kritikak jaso ditu. Honen ustez, Tohek ez ditu ondo zehazten lurpeko biztanleak bizi diren tokiak. Tothek, kritikei erantzunez, zehaztasun eza lurpeko biztanleen anonimotasuna eta biziraupena babesteko direla dio.
Hiri azpiko biztanleek bizirauteko guztia dute lurpean. Argi indarra, esaterako, metroaren errailetatik hartzen dute. Gainontzekoa (jatekoa, arropa, armairuak...) New Yorkeko biztanleen zaborretatik aise lor dezakete. Bestalde, bada beren dieta nagusia estoldetako arratoiak direla dioen mitorik ere.
Beste mito batek, berriz, euren jateko preziatuena estoldetan bizi diren krokodiloak direla dio. Antza denez, gizarte estatubatuarrean oso zabalduta dago etxerako maskota bezala krokodilo kumeak erostea. Horiek, ordea, haziz doazen heinean, etxekoentzat traba eta arazo bilakatzen dira, eta askok komun zulotik behera botatzen dituzte. Horrenbestez, krokodiloak New York azpiko estoldetako ur zikinetan hazten omen dira, lur azpiko biztanleen harrapakin bihurtu arte. Nabari denez, lurpeko biztanleen inguruan den ezjakintasunak eta idazle batzuen imajinazioak, euren gainean mito eta istorio asko agertzea eragin du, fikziotik gehiago dutenak errealitatetik baino.
New York burdin eta hormigoiz eraikitako hiri erraldoia da. Zoru harritsu baten gainean eraikia, lur azpia norabide guztietan zulatu zen hiriko metroa eraikitzeko.
New York, labirintoa
Metroa eraikitzen 1904an hasi ziren, eta orduz geroztik pasabide eta tunel berriak etengabe egin dituzte. Garai batean, zaharkituta gelditzen ziren metro lineak itxi egiten zituzten, erabat abandonaturik gelditzen zirelarik. Gainera, New Yorkeko klase altuek metroko linea pribatuak eraiki zituzten, euren luxuzko etxeak burgesiaren interes guneekin lotuz. Horiek ere, ordea, denboraren poderioz zaharkituta eta abandonatuta gelditu ziren.
Ondorioz, metroko errail zaharrek elkar lotutako tunel eta metro geltokien sare erraldoia osatzen dute. Behin tunel abandonatuen sarera sartuta, oso erraza omen da iparra galdu eta metroko errailek osatutako labirintoan ezin irtenda gelditzea. Tuneletako asko, sakonera handian zulatuta daude, New York azpiko harri gogorrean. Batik bat, Manhattan auzo ospetsuan aurkitzen dira lur azpiko pasabide abandonatuak. Metro geltoki zaharrek, berriz, utzitako egoera berdinean jarraitzen dute, aspaldiko diseinu eta itxurarekin, denboraren orratza lurpeko geltokietan gelditu egingo balitz bezala.
Bada lurpeko pasabide hauetan klase altuenak eraso nuklear batetik babesteko babeslekuak daudela dioenik. Beste batzuek, berriz, tunel hauek lapurren ohiko ihesbideak direla uste dute. Berriro ere, mito ugari agertzen zaizkigu lurpeko pasabide hauen inguruan.
Kontuak kontu, New Yorkeko kale gorrian baztertuak izan direnek, bizirauteko aterpe bat bilatu dute lur azpian. Kanpoan, errealitatea eta fikzioa uztartuz, milaka istorio, mito eta zurrumurruren eskutik lurpeko biztanleei buruz hitz egiten jarraituko da.
Kaleen azpian, berriz, eguzkiaren argi izpirik ikusi ez dutenek errail zaharren, arratoien eta ur zikinaren artean bizitzen jarraituko dute, gaua eta eguna bereizten ez diren lekuan bizirauten.




