-

Ali Abunimah - The Electronic Intifada

2010ko Uztailaren 30a

Palestinan bi Estatu eratzeko agindu zuen NBE Nazio Batuen Erakundeak orain 60 urte baino gehiago. Israelgoa berehala eratu zuten; ez, ordea, palestinarrena. Geroztik bazirudien palestinarren Estatua zutitzea litzatekeela gatazka konpontzeko bide bakarra, bi herrien ordezkariek egiten zituzten negoziazio ahaleginetan behintzat. Baina Israelek beti oztopatu du bide hori. Palestinar ezkertiar batzuk orain urte asko hasi ziren Estatu bakarraren aldeko apustua egiten. Israelen ere bazeuden Estatu bakarra eratzearen aldeko ezkertiarrak, baina oso gutxi. Egileak nabarmendu duenez, aldiz, Israelgo eskuineko indarren artean, baita kolonoen artean ere, konponbide horren aldeko ahotsak gero eta ugariagoak dira. Eta hori, The Electronic Intifada agerkari elektronikoko sortzailearen arabera, itxaropena indartzeko modukoa da.

Indartu egin den jarrera

Azken urteotan, palestinarren artean berriz indartu da Estatu bakarraren aldeko jarrera. Aipatu Estatuan eskubide berberak izango lituzkete Palestina historikoan bizi diren guztiek, palestinarrek zein israeldarrek. Pentsatzekoa da konponbide horrek Israelgo juduen artean defendatzaileren bat edukitzekotan, ezkertiarren artean izango lukeela. Eta horrela gertatu da orain arte, baina oso gutxi dira.
Zisjordanian bizi diren palestinarrei Israelgo hiritartasuna emateko proposamenaren inguruko eztabaidak gauzak aldatu egin ditu ordea. Egin diren proposamenen arabera, palestinarrek Knesset edo Israelgo Parlamentua hautatzeko aukera ere izango lukete. Harrigarriena da proposamen horiek nondik sortu diren jakitea. Reuven Rivlin Knesseteko presidente eskuindarrak eta Moshe Arens Defentsa ministro ohiak, esaterako, bat egin dute proposamenekin. Biak Benjamin Netanyahu lehen ministroaren Likud alderdiko kideak dira. Are harrigarriagoa da ideia bera defenditu dutela kolonoen mugimenduko buru batzuek. Noam Sheizafek “Endgame” (saio amaiera) izenburuko artikulu esanguratsua idatzi zuen gaiari buruz uztailaren 15ean “Haaretz” egunkarian.
Israelgo eskuindarren ikuspuntua ez dator bat Estatu bakarra aldarrikatzen duten palestinarrenarekin, jakina. Esaterako, israeldarren proposamenek diote Estatu berria ere «Estatu judua» izango litzatekeela, sinbolikoki bederen. Gaza Estatu horretatik kanpo utziko lukete, eta iheslarien auzia (Palestinan bertan zein Palestinatik kanpo bizi direnena) ez dute aipatu ere egin nahi. Hala ere, palestinarrei kendutako lurretan kokatu diren kolono horiek ez dira palestinarren giza eskubideen defendatzaileak, epe luzera beraien interesak arriskuan ikusten dituzten pertsonak baizik. Proposamen batetik bestera aldaketa batzuk izaten badira ere, garrantzitsuena da eztabaida abian jarrita dagoela, eta era irekian ari direla eztabaidan, gutxien espero zitekeen sektoreetan gainera.
Estatu bakarra eratzearen aldeko Likudeko kideak eta kolonoak konturatu dira Israelek ezingo diola beti eutsi juduen burujabetzari. Beraiek ere badakite milioika palestinar giza eskubiderik gabe edukitzea, Israelek duen indar militarrari esker, ezinezkoa dela; hori ez dela jasangarria. Gainera, eransten dute Palestina historikoa, beraiek Eretz Yisrael deitzen duten hori, bi Estatutan zatitzea ez dela onartzeko modukoa, eta azken urteotan argi ikusi dela hori egitea ezinezko dela, neurri handi batean kolonoen mugimenduaren jardueraren eraginez.
Israelgo eskuineko hainbat ordezkarik orain onartzen dute Meron Benvenisti geografo israeldarrak orain dela urte batzuk esandakoa: Palestina historikoa dagoeneko bi nazio hartzen dituen Estatua dela egitez, eta hori zatitzeko ez palestinarrek ez israeldarrek ordaindu nahi ez duten kostua ordaindu beharko litzatekeela. Hori bai, egitez Palestinan dugun Estatu horretan guztiak ez dira berdinak, batzuk «zaldiak» eta besteak «zaldunak» baitira, kolono batek oso era grafikoan “Haaretz” egunkarian adierazi zuenez.
Auzia kolonoen ikuspuntutik aztertuz gero, bigarren Estatua eratzeak eragingo luke gaur egun Zisjordanian bizi diren 500.000 kolonoetako askok alde egin beharko luketela bertatik; gainera, arazo nazionala konpondu gabe geratuko litzateke. Esaterako, Zisjordanian geratuko liratekeen kolonoak (gaur egun dauden gehienak, mahai gainean jarri diren konponbideen arabera) noren menpe geratuko lirateke? Israelen menpe? Egun bezala, ustezko palestinar Estatu osoan dauden kolonien sarea nolabait kontrolatzen jarraituko al luke Tel Aviveko Gobernuak? Eta, hala izanez gero, nola eraiki daiteke benetako Estatu palestinarra baldintza horietan?
Gaur egungo bide horretatik jarraituz gero, aurreikusi daitekeen arriskurik larriena Zisjordania hamabi Gazatan bihurtzea litzateke, Israelgo zibil asko palestinarren ghetto gainpopulatuen artean, horma erraldoiek babestuta, bizitzera kondenatuta uzteko. Aipatu palestinar Estatu horrek bere pobrezia kudeatzeko gaitasuna besterik ez luke izango. Eta tarteka sekulako sarraskiak ezagutuko lituzke.

Leialtasuna

Israelek eta kolono guztiek Zisjordaniatik alde egingo balute ere (horrelakorik ez da ageri egungo bake egitasmoetan), arazoak ez lirateke hor amaituko, egungo Israelgo mugen barruan geratuko bailirateke milioi eta erdi palestinar. Gaur egun ere baztertuta bizi dira Israelgo hiritartasuna duten palestinarrak. Israelekiko leialtasuna erakusteko exijitzen diete gero eta maizago. Pentsatzekoa da Israelek Zisjordaniatik irten beharra izanez gero, bertan dauden kolonia guztiak hutsik utzita eta horrek eragingo lukeen traumarekin, Israelen bizi diren hiritar horien bizitza asko gogortuko litzatekeela, garbiketa etnikoaren aukera bera ere baztertu gabe.
Urte asko igaro dira dagoeneko bi Estatuen konponbidea zutitu nahian, ia ezer aurreratu gabe. Sionisten artean eskaini den alternatiba bakarrak palestinar guztiak kanporatzeko eskatzen du. Egitasmo horren alde gehien ahalegindu direnen artean dago Avigdor Lieberman Atzerri ministroa, Yisrael Beitenu alderdikoa. Bere jarraitzaileen kopuruak gora egin du etenik gabe azken urteotan.
Israel bidegurutzean dago, bere buruari ispiluan begiratu beharrean. Arens bezalako Likud alderdiko politikari gogorrei ere ez zaie gustatzen ikusten dutena. Yisrael Beitenu plataforma «burugabea» dela esan zion Arensek “Haaretz” egunkariari, «bideraezina» izateaz gain. Israel egun nazioartean paria moduan tratatzen badute, zer gertatuko litzateke milaka palestinar kanporatzen hastean?
Horiek horrela, «itxuraz konponbiderik txarrena dena, onena da: nazio biko Estatua, erabateko anexioa, erabateko hiritartasuna», Uri Elitzur Netanyahuren aholkulari ohi eta kolonoaren hitzetan.
Israelgo eskuinaren iratzartzea 80ko hamarkadan Hegoafrikako zuriei gertatutakoarekin aldera daiteke. Ordurako garbi zegoen gutxiengo zuriaren Gobernuak abian jarritako «konponbideak» porrot egin zuela. Beltzei botoa emateko eskubidea ukatzeko bantustanak sortu zituen, baina gauzak ez ziren aurreikusi bezala atera. Gainera, gero eta handiagoak ziren beltzen barne erresistentzia eta nazioarteko boikot kanpainak eragindako presioa.
80ko hamarkada amaitzeko urteak falta zirenean, Hegoafrikako zuri gehienek ulertzen zuten apartheid politika ez zela inolaz ere jasangarria, eta bestelako irteerak aztertzen hasi ziren; hori bai, ANC Afrikako Kongresu Nazionalak eskatzen zituen puntuetara iritsi gabe, hau da, «pertsona bat, boto bat» aldarrikatzera iritsi gabe. Aldaketen bidea 1984an hasi zen, Parlamentuan hiru ganbera sortzeko proposamenarekin (beltzak ganbera horietatik kanpo geratzen ziren), benetako agintea zurien esku utzita. Ia apartheid sistema bukatu arte, inkestek zioten zuri gehienak sufragio unibertsalaren aurkakoak zirela, baina bestelako aldaketa batzuk onartzeko prest zeudela, zuriek erabaki garrantzitsuenak geldiarazteko ahalmena izanez gero. Edonola ere, hori ez zen garrantzitsuena, negoziazioei hasiera eman izana baizik. Eta negoziazioak abian jarri ondoren, inork ez zekien azken emaitza zein izango ote zen. Negoziazio haietatik erabat demokratikoa zen Estatua sortuko zen 1994an. Hegoafrika berria gehiengo beltzak eta gutxiengo zuriak onartzen zituzten (edo onartzen zituztela esaten zuten) puntuetan oinarritu zen.

Kolonoen kontuak

Israelgo juduek palestinarrek ere giza eskubide berberak izan behar dituztela onartzen dutenean, ezin izango dute beraien gehiegizko pribilegioei eutsiko dien sistemarik ezarri. Nazio biko Estatuak zilegi diren Israelgo juduen interesak babestuko lituzke, baina gauza bera egin beharko luke zilegi diren beste edozein sektoreren interesekin.
Eskuindarren artean Estatu bakarraren aldeko jarrera indartu izanak aditzera ematen du Israelek sentitzen duela egiten zaion presioa; ahalmena galtzen ari dela konturatu dela. Kolonoek pentsatuko balute gatazka hori irabazteko aukerarik badutela, palestinarren eskubideei ez liekete erreparatu ere egingo. Baina Israelgo juduek egunero ikusten dute zilegitasun morala galtzen ari direla mundu osoan, eta demografikoki Palestina historikoan bizi diren palestinarrak aurki juduak baino gehiago izango direla.
Jakina, oraingoz Israelgo juduek palestinarrek baino ahalmen gehiago dute. Ahalmen hori ahultzen ari bada ere, denbora asko beharko da egungo egoera erabat aldatzen hasteko. Israelek duen abantaila nagusia da, indarkeriarako baliabideei dagokienez, bere nagusitasuna erabatekoa dela, AEBen babesari esker. Baina ez egonkortasuna ez zilegitasuna ezin dira lortu indarraren bitartez. Horixe da israeldar batzuk onartzen hasi diren ikasgaia, Gazaren eta Askatasunaren Flotillaren aurkako erasoen eraginez herrialdeak gero eta lagun gutxiago dituenean. Akordio politiko justu bat adostea behar da zilegitasuna lortu nahi izanez gero.
Israelgo eskuindarren artean Estatu bakarraren alde daudenek pentsa dezakete beraien interesak babestuko dituen trantsizioa negoziatzeko unerik egokiena indartsu daudenean dela. Tankerako gatazken esperientziak esaten digu ezin dela baztertu Estatu bakarraren aldeko proposamenak Israelgo eskuinetik sortzea. Hegoafrikan, esaterako, apartheid sistema desegin zutenak ez ziren izan betiko zuri liberalak, sistema bera zutitu zuen Alderdi Nazionala baizik. Ipar Irlandan, berriz, ez ziren David Trimble eta John Hume unionista eta nazionalista «moderatuak» izan 1998ko Belfasteko Itunen arabera agintea banatu zutenak, beti itun horien aurka egon ziren Ian Paisleyren DUP Alderdi Unionista Demokratikoa eta IRArekin harreman estuak zituen Sinn Fein alderdi nazionalista baizik.
Hegoafrikako eta Ipar Irlandako esperientziek erakusten dute kolonoaren eta bertakoaren arteko harremana, jabearen eta esklaboaren artekoa, zaldunaren eta zaldiaren artekoa, eskubide berberak dituzten hiritarren arteko harreman bihurtzea oso prozesu luzea, zaila eta zalantzazkoa dela. Bidean oztopo ugari ageriko dira, batzuetan atzera egin beharko da, beste lekuren batetik aurrera egin ahal izateko. Inork ez daki prozesuak arrakasta izango duen ala ez. Konstituzio berria onartzea ez da nahikoa horretarako; aberastasuna birbanatzea eta justizia ere oinarrizkoak dira, baina horiek lortzeko bidean kontuan hartzeko moduko erresistentzia aurkituko dute. Edonola ere, Estatu bakarraren aurkakoek esaten dutenaren kontra, transformazio hori ez da ezinezkoa. Gehiago esango nuke: gaur egungo itxaropena «oso zailaren» eta «ezinezkoaren» artean kokatuta dagoela.
Israelgo eskuinetik sortu diren proposamenak egokienak ez izan arren, kasu batzuetan iraingarriak badira ere, itxaropen hori indartu egiten dute. Palestinarren ustez beraien etsairik gogorrenak direnak ere, amildegi baten aurrean daudela konturatzeko gai direla ematen dute aditzera proposamen horiek, eta hemendik aurrera egin beharreko bidea oso bestelakoa izan behar duela ikusteko gauza direla. Eztabaida horren bilakaera aztertu behar dugu. Eta ahal den neurrian, eztabaida bera bultzatu eta bertan esku hartu. Azkenean, garrantzitsuena, ez da konponbideari zein izen jartzen zaion, palestinarren eskubideak eta nahiak asetzen ote dituen baizik.