-

Elurraren zuria begiak itsutzera iristen den inguruneetan bizi dira, Ipar Poloko haize jelatuak gogor jotzen duen eremuetan. Sustraiak, dena den, hainbat herrialdetan bota dituzte, oreinen hazkuntzari loturiko ogibidea izaki. Berezkoa duten kultura babesten izerdi andana botatakoak dira; kolonoen erasoei, ordea, isilean-isilean erantzun diete.

Ainara Rodriguez

2010ko Uztailaren 30a

Eurena ez da gatazka zaratatsua izan, ezta, ondorioz, ezaguna ere. Izerdi ugari isuri behar izan dute, ordea, gaur egun direna izatera iristeko. Zarata askorik atera gabe, isilean-isilean egindako lanari esker, beraien jatorrizko lurraldetik kanporatu ez ditzaten lortu dute, baita beraien historia, kultura, hizkuntza eta usadioak gordetzea ere. Aurkari baten kontra borrokatzearekin nahikoa ez, eta lau izan dituzte aurrez aurre; hori bai, guztiei aurre egiteko gaitasun aski badutela erakutsi dute Europa iparraldean barreiatuta bizi diren sami indigenek.

Ez dago jakiterik noiz iritsi ziren lurralde hoztu haietara. Arkeologoek diote 11.000 urte egin behar ditugula atzera samien berri izateko; Ipar Poloko haize jelatuez babesteko janzki bero koloretsuak erabiltzen zituen etnia bat ba omen zen ordurako inguru haietan, bizirauteko gogor lan egiten zuena. Arrantza eta oreinen hazkuntza zituzten, zehazki, aurrerabide. Azken horren jardunak batik bat, batetik bestera mugitu behar izatera eraman zituen samiak; ondorioz, sustraiak lur eremu zabalean bota zituzten. Norvegian, Suedian, Finlandian eta Errusiako Kola penintsulan bizi dira, gaur gaurkoz, samiak, guztiok elkarrekin Saapmi herria osatzen dutelarik. Ez dago datu zehatzik zenbat diren zehazteko; 80.000 eta 100.000 artean direla diote datu ofizialek, eta erdiak pasatxo Norvegiako lurretan bizi direla.

Gaur egunera bizirik iristeko, haatik, estatuen mehatxuei egin behar izan diete kontra samiek. Saapmi lurraldea errekurtso naturaletan oso aberatsa izaki, harrapariek berehala jo zituzten begiz bertako lurrak, baita XVII. mendean ere. Garai hartakoa daLappmark Aldarrikapena; iparraldeko lur jelatuak ez ziren batere erakargarriak kolonizatzaileen begietara, eta, aipatutako adierazpenarekin, zergak ordaintzeko betebeharraz salbuetsi zituzten kolonoak samien lurretara bizitzera joanez gero. Urteen joan-etorrian agortzen joan ziren samien borroka esparruak, eta herri kolonizatzaileen asimilazio estrategian erori ziren, itsumustuan. Norvegiak egin zuen samien aurka bortitzen; kultura samia ezabatzeko haurrentzako barnetegi bereziak sortu zituen, haurrak gurasoetatik aldendu eta urruti hezteko. Sami askok euren jatorria ezkutatu zuten hori dela eta.

Altzairuzko harresia

Oreinen hazkuntzari eutsiz joan-etorrian egin dituzten urteak ere, ez zieten batere lagundu lurraldearen gaineko eskubideak lortzerako orduan. Agintariek ez zekiten non bizi ziren, eta bizitoki hartutako lurretatik desplazatzera behartu izan dituzte maiz.

Bigarren Mundu Gerraren ostean Finlandia eta Errusia arteko pasabideetan altxatutako harresiak erakusten du argien, dena dela, samien tragedia. Altzairuz eraikitako hormak erdibituta laga zituen hainbat sami komunitate, alderik alde. Herritartasun finlandiarra edota errusiarra eskuratzea zen harresia igarotzeko aukera bakarra, baina hautu hori egindakoek ere ateak parez pare itxita aurkitu zituzten gerora.

Parlamentua helburu

Sami nortasunak, ordea, artean ez zuen azken hatsa emana. 60ko hamarkadan giza eskubideen borrokak nazioartean izandako bulkada baliatuta, bere egoera hobetzen hasi ziren samiak. 1989. urtean Olav V. Norvegiako erregeak barkamena eskatu zion samien herriari, «estatuak historikoki aurrera eramandako jazarpenagatik». Samiak eta norvegiarrak gizarte berberaren parte direla azpimarratu zuen orduan; sekulako urratsa, samien irudiko.

Barkamen esketik hainbat hilabetera, Samediggi edo Samien Legebiltzarra eratu zuten Norvegian, herrikide finlandiarren esperientzia ardatz hartuta (1973an eratu zuten bertako samien legebiltzarra). Nahiz eta erabakitzeko ahalmenik ez duen ia, samien erakunde gorena da. Sami kultura eta hizkuntza sustatzen egiten du lan batik bat, betiere Oslotik jasotako dirua kudeatuz. Aurretik bide luzea izan arren, beraien existentzia aintzatesten duen gertakari historikotzat jotzen dute samiek legebiltzarraren sorrera. 1993an Suediako Samien Legebiltzarra eratu eta Errusiako samiekin hartu-emanak estutu ostean, Samien Parlamentuetako Kontseilua ere osatu zuten, gainera, duela hamarkada bat. Kontseiluak estatuen aurrean zilegitasuna eman die, berezkoa duten nortasuna sendotu eta herri gisa ekiteko aukera eman baitie.

Anartean badute zer hobetua, aurrera eraman duten borrokak ez baitie dagokien oro itzuli. Ahopekako sekretua balitz bezala, erreboltan lanean segitzeko prestutasuna badute behintzat.

 

Mari Boine, kantari samia:

«Estatu barneko demokrazian sinesten dut, baina bertokoak gu garela eta beraiek kolonizatzaileak direla onartu behar dute»

Mari Boine (Gamehhisnjarga, 1956) abeslaria bere herriaren inguruko kontzientzia apenas izan gabe hezi zen, Norvegia zuri eta hotzean; bere jatorriaz lotsa sentitzera ere iritsi zela dio. Baina, unibertsitatean izandako bizipenek eta Patty Smith abeslari estatubatuarrak kutsatutako grinak, kantuen bidez bere herriari gertatutakoa kontatzera eraman zuten Boine. Euskal Herrian izan berri da, Donostiako Jazzaldian, bere kantutegiko hoberena eskaintzen. Alabaina, isilean, beste misio bat ere badu kantariak nazioartera bidaiatzen duen aldi bakoitzean; askotan, maizegi, isilarazia izan den Europa iparraldeko sami herriaren enbaxadore lanak egitea, alegia. Aise egiten du behar hori, gainera, izatera iritsi denaz harro.


Esan izan duzu zure jatorriaz lotsa sentitu izan duzula.

Eskolan hasi nintzenean norvegieraz ikasten genuen. Nire gurasoek, ordea, ez zekiten hizkuntza horretan mintzatzen, eta lotsa sentitzen nuen horregatik. Hezkuntza sistema norvegiera txertatzeko bideratua zegoen erabat, eta gainerako guztia ahanztera eramaten gintuzten. Unibertsitatean irakasle izateko ikasketak hastean izan nuen lehen aldiz nire kulturaren kontzientzia, 20 urterekin. Nire erraien inguruan gehiago jakiteak eta Patty Smith abeslari ezaguna entzuten hasteak, neskato lotsati hura abestiak etengabe sortzen zituen sumendi bilakatu zuten. Uste dut mundu honetan egin ditudan 30 urteotan dagoeneko hasi naizela kolonizatzaileek eragindako zauri guztiak ixten, eta nire herriagatik harro sentitzen. Nire abestiekin kultura guztiak berdinak direla azaltzen saiatzen naiz, ez dagoela bata bestearen gainean, eta behar-beharrezkoa dela kultura guztiak zaintzea, guztion oinordekotza baitira.

Herri samiarena isilean-isilean egindako iraultza izan da, batere zaratarik atera gabe egindakoa.
Ez dugu, ez, soinu gehiegirik atera, baina lortu ditugu gure gauzak. 70eko eta 80ko hamarkadak izan ziren, agian, zaratatsuenak; hainbat protesta izan ziren urte haietan samien eskubideen alde, gose grebak eta halakoak. Urte oparoak izan ziren. Nik ez dut sinesten indarkeria erabiltzearen aldeko borroka molde batean, gauzak hitz eginez konpon daitezkeela pentsatzen duen horietakoa naiz gehiago. Dena den, batzuetan gauzak aurrera eta besteetan atzera joan izan dira; bere garaian hogei bat urtez aurrera egin genuen bezala, azken hogei urteotan atzera egiten ari garen sentsazioa ere badut. Batzuetan baikorra sentitzen naiz, baina besteetan... Horri aurre egiteko pausorik garrantzitsuena garenaz lotsa ez sentitzea da, eta harro egotea garenak izateagatik.

Samien herria lau herrialdetan banatuta egonik ere, berdintasun printzipioa oso barneratua duzue.

Bai, hala da. Historian zehar oreinak hezten ibili izan da gure herria, batetik bestera, eta horrek samien herria lau herrialdetan hedaturik egotea ekarri du. Gure hizkuntza ere zonalde horietara guztietara zabaldu da. Handiagoak diren hizkuntzekin etengabe borrokan aritzeak, halaber, nortasun sendoa izatera eraman gaitu, guztiok berdinak garela aldarrikatzera, inolako salbuespenik gabe; zer esanik ez, gure artean.
Kantuetan zure komunitateak jasandako hainbat eraso salatu izan dituzu.
Kantuak idazterakoan, hasieran batik bat, abesti “amorratuak” egiten nituen; hala deitzen nien nik. Kolonizazioa agerian uzten saiatzen nintzen, Elizarekin eta lehen ministroarekin asko sartzen nintzen... 1993an Neguko Olinpiar Jokoak antolatzea egokitu zitzaion Norvegiari eta inaugurazio ekitaldian parte hartzeko eskatu zidaten. Nik kezka handia nuen, ordea, urtebete lehenago Kanadan gertatutakoa dela-eta; nire irudiko, indigenak erabili egin zituzten ekitaldian, dekoratuaren parte izango balira bezala, eta oso argi nuen ez nuela horrelakorik onartuko. Zurrunbilo ikaragarria sortu zen; samien artean ere ez zen ongi ulertu nire jarrera. Norvegiako komunikabideek, baita lehen ministroa ere, Mari Boine harroputza zela esatera iritsi ziren. Aldiz, zurrun erantzun nien: «Nor da, ba, lehen ministroa niri harroputz deitzeko, bera denean, handinahiez, indigenen eskubideak urratzen diharduena?».
Dena dela, komunitate indigenak hedatuta dauden herrialde guztien artean, Norvegia izango da gaur egun indigenen eskubideak gehien errespetatzen dituen herrialdea. Oraindik ere bidea geratzen da jorratzeko, baina bide egokian goazela uste dut.

Bide egoki horrek, beharbada, gaur egungo tokian jarri zaituzte; Samien Legebiltzarra izatera ere iritsi zarete. Eskura duzuen autonomia maila zuen eskubideak aintzat hartzeko aski dela uste duzu?
Alde batetik, pentsatzen dut mantsoegi doazela gauzak; gainera, detaile asko daude hori pentsatzera eramaten nautenak. Esate baterako, CDak kaleratzen ditugu, baina horiek Suedian eta Finlandian banatu nahi izanez gero, zerga bat ordainarazten digute. Tankera horretako detaile txiki asko daude. Beste aldetik, alabaina, pixkanaka urratsak ematen gabiltzala uste dut. Legebiltzarra osatzea aurrerapauso bat bezala ikusten da, eta, berez, hala da. Baina susmoa dut ez ote zuten Samien Legebiltzarra sortzea ahalbidetu gure herria isilik mantentzeko. Izan ere, Samien Legebiltzarrari ez diote kasu askorik egiten...
Nire bizitzan horrenbeste borrokatu dut, nekatuta nagoela dagoeneko; gazteen txanda iritsi dela uste dut, erreleboa hartu beharra dute. Batzuetan gainerako herrialdeetan beste herri indigenak nola bizi diren pentsatzen jartzen naiz, eta alderaketa egiten dut; behin hori eginda, ikusten dut Norvegia dela indigenak ongien tratatzen dituen herrialdeetako bat, eta hori ere aintzat hartu beharra dago. Norvegian adierazpen askatasuna bermatuta dago, hitz egin daiteke, ez duzu indigena izateagatik atxilotu edo hilko zaituzten beldurrik. Adierazpen askatasuna dagoenez, hedabideek gure inguruan hitz egin dezakete; aldiz, Norvegiako hedabideek ez diete pisu handirik ematen gure arazoei, eta, nire ustez, gehiago jorratu beharko lituzkete, konpontze bidean jartzeko. Egoera horrek sortu dit, batez ere, barruan daramadan nekea; behinik behin gazteei gure herriaren alde egiteko grina kutsatu diedala uste dut, gazteek guk hasitako borroka jarraitzeko adina bai, bederen.

Ez atzera ez aurrera izate hori herri samiaren independentziarekin gainditu daitekeela uste al duzu?
Independentzia ametsa da guretzat, baina ez dut uste gauzagarria denik. Estatuek indigenak zapalduta edukitzeko arrazoi nagusietako bat, indigenek eskura dituzten baliabideen gaineko interesa da; hori mundu osoan gertatzen da, eta, nola ez, baita Norvegian ere. Ez diete interes horiei uko egingo gu aske izaten uzteagatik, ez digute herri independente bat dohainik emango. Guk ez dugu ez inongo indar militarrik, ez beste ezer ere; beraz, oso zaila ikusten dut independentziaren errealitatea gauzatzea. Oso gutxi gara, gainera. Estatuaren barneko demokrazian sinesten dut, eta uste dut hori dugula irtenbidea samiek epe motzean. Hori bai, lurralde honetan egoten eta bizitzen lehenak samiak izan ginela onartu beharko lukete, baita kolonizatzaileak beraiek izan zirela ere. Herrialde demokrata badira, gure hizkuntza, kultura... errespetatu beharko lituzkete, ezinbestean.