-

Gorka Elejabarrieta

2010ko Uztailaren 30a

Bartzelona futbol taldeko presidente ohiak, Joan Laportak, Uriel Bertran ERCko kideak eta Alfons Lopez Tena CIUko kideak proposamen bat luzatu diete kataluniar alderdi politiko abertzale eta katalanistei. Hauteskunde autonomikoetara zerrenda bateratua aurkez dezaten, Generalitateko lehendakaritza eskuratu eta Kataluniako parlamentuan Kataluniaren independentzia aldarrikatzeko.

Auzitegi Konstituzionalak kataluniar estatutuaren inguruan harturiko erabakiak autonomismoaren garaiari amaiera eman diola uste dute. 1906. urtean Solidaritat Catalana lelopean, eta autonomia eskuratzeko helburuarekin, antolatu zen hautagaitza bateratua errepikatu nahi dute. Baina independentzia eskuratzeko helburuarekin.

Proposamena Convergencia democratica de Catalunya (CDC), Esquerra Republicana (ERC), Esquerra Unida I Alternativa (EUIA), Iniciativa per Catalunya Verds (ICV), Unio Democratica de Catalunya (UDC), Candidatura d'unitat Popular (CUP), Entesa del Progres Municipal (EPM), Reagrupament (Rcat) eta Democracia Catalana (Dcat) alderdi politikoei zuzendu diete. Baita gizarte mugimenduei eta gainontzeko alderdiei ere. Laportak Bartzelona futbol taldea utzi ondoren egingo zuenaren inguruan zurrumurru asko egon dira. Alderdi propioa sortu behar zuela, edo alderdi politiko jakin baten zerrendetan aurkeztuko zela. Bere proposamena oportunismo hutsa den edo sakoneko planteamendua den esatea zaila egiten zait. Edozein kasutan, Katalunian azken urteetan ematen ari den zurrunbilo politikoa eta independentismoaren igoera tamainakoak izan dira.

Giro eta mugimendu itzela

Kataluniako herri eta hiri askotan antolatu diren galdeketak, eta etorkizunerako ere beste horrenbestetan prestatzen ari direnak garrantzi handikoak izan eta izango dira. Gizarte mugimenduak bultzatu eta antolatuak. Azkenean alderdi politiko gehienak alde azaldu behar izan dira, sortu duten giro eta mugimendua itzela izan delako. Argi dago gizartea alderdi politikoak baino aurreratuagoa dagoela. Gizarte mugimenduak dira Katalunian abangoardia, eta alderdi gehienek bozkak irabazi eta botoak ez galtzearen truke jarrerak aldatzen dituzte. Auzitegi Konstituzionalak harturiko erabakiaren ondoren antolatu zen manifestazio erraldoian horietako batzuk esan zituztenak eta hurrengo egunetan bota zituztenak konparatzea besterik ez dago.

Ez dirudi Solidaritat Catalanak plazaraturiko proposamenak alderdi eta familia politikoak batzea lortuko duenik. Datozen hauteskunde autonomikoetarako ez behintzat. Momentuz ERCk eta CIUk zerrenda propioekin aurkeztea erabaki dute, aipaturiko proposamenari sorbalda emanez. CUPek aspaldi erabaki zuen datozen hauteskunde autonomikoetara ez dela aurkeztuko, eta, proposamenari dagokionez, baldintza batzuk jarri ditu bere babesa ematearen truke. Reagrupamentek baietz esan dio proposamenari, eta badira publikoki beraien jarrera adierazi ez dutenak. ERC eta CIU gabe baina beste alderdi batzuen babesa izatekotan Solidaritat Catalana aurkeztuko litzatekeen edo ez, ez dago argi. Argi dago aurkeztu dituen helburuak betetzea zaila izango lukeela, hau da, hautagai bozkatuena bilakatu eta Kataluniako independentzia aldarrikatzea.

Edozein kasutan, argi dago Katalunian gizartearen parte inportante baten helburu independentistek, helburu horiek defendatuko dituen plataforma elektoral edo alderdi politiko baten falta sumatzen dutela. Umezurtz daude. Badira alderdi eta mugimendu abertzale ezberdinak, baita independentziaren aldeko mezu argia daukatenak ere, baina horiek ez dute lortzen behar adina indar eta babes edo hauteskunde hauetan parte ez hartzea erabaki dute.

Gehiengoaren babesa

Famili eta tradizio politiko ezberdinak batzea lortuko duen plataforma politikoa noizbait sortuko balitz, kataluniarren gehiengoaren babesa izango lukeela uste dut. Hala ere, CIU bezalako alderdi autonomista, independentziari aspaldi sorbalda eman diona, eta CUP bezalako mugimendu abertzale eta ezkertiarren agendak adostea oso konplikatua suerta daiteke.

Alderdi politikoek, gero eta gehiago, independentziaren aurrean duten jarrera argitu beharko dute, eta hori izan daiteke bidea, autonomismoaren bideari uko egin ez diotenak zama izateari utzi, eta beraiek gabeko plataforma independentista sortu dadin. Mugimendu independentistak oso sendo daude Europa mailan. Flandesen, Eskozian, Faroe uharteetan, Irlandan, alderdi independentistak izan dira bozkatuenak azken urtean. Katalunian bide horretan doaz.

Hagako Auzitegiak Kosovoren independentzia aldarrikapenaren inguruan esan dituenak bide horri babes juridikoa ematen diote. Espainolen jarrerak gero eta isolatuagoak geratzen ari dira Europan. Groenlandiako erreferendumean, Danimarkako lehen ministro eskuindarrak, groenlandiarrek erabakiko zutena betearaziko zuela esan zuen. Erresuma Batuan, eskoziarrek eta ipar irlandarrek erabakiko dutena errespetatuko dutela esan dute. Flandestarren gehiengoak independente bilakatzea erabakitzen badu, Belgikarenak egin du. Espainiar Estatuaren gabezi demokratikoa bere gordintasun osoan azaltzen dute adibide horiek.

Argi dago baina, inongo estatuk ez diola bere lurraldearen zati bati uko egingo, eta, ondorioz, herri guzti hauek, gu barne, independentzia eskuratuko badute duten indarraren ondorioz izango da, ez estatuen borondate on edo garantia ezberdinen ondorioz.