Mikel Olasagasti
2010ko Uztailaren 16a
Amaitu dira Sanferminak. Herria Iruñetik ia ehun kilometrora egon arren, urtero kanpotarrez betetzen da, australiarrez eta zeelanda berritarrez gehienbat. Hortxe ibiltzen dira joan-etorrian, egunero festa eta hondartza tartekatuz. Baina aurten ez dira beste hemisferiokoak soilik etorri herrira, Alemaniako bi lagunen bisita jasotzeko aukera izan baitut.
Bat Rainer Karsten, Europako Free Software Foundation-eko idazkaria, iaz ezagutu nuen, sei hilean behin Goizuetako kanpinera egiten duen bidaia horietako batean. Alemaniatik etortzen da, Citroen 2CV zahar batean, poliki-poliki. Oraingoan, ordea, Bordeletik etorri da, bertan izan diren topaketa batzuk amaitutakoan; eta berarekin, bidaia lagun gisa, Kersten Gerloff, Europako FSFko presidentea.
Europako Free Software Fundazioa 2001ean sortu zen eta bere lan ildo nagusia software librearen eta formatu irekien aldeko borroka da. Egiten duten lanaren zati handi bat politikoa da eta interes edo lobby askoren aurka egin behar izaten dute, egunetik egunera, Bruselan. Fundazioa ehunka bazkidek egindako donazioei esker mantentzen da, eta horri esker emaitza asko lortu dira, besteak beste, software patenteen aurka bozkatzeko egin izan diren ekintza informatibo guztiak.
Egun hauetan atzera-aurrera ibili gara Euskal Herriko hiriburuetan barrena, ahal bezain beste kontaktu egiten. Hasiera batean, bilera gutxi batzuk eta turismo dezente egiteko asmoa bazen ere, azkenean, ia denborarik gabe ibili gara bileratik bilerara salto egiten.
Lehen geltoki garrantzitsua Lakua izan genuen. Bertan sortu berri den Software Librea bultzatzeko Bulego Teknikoari esker eta hauekin batera EJIE, Herritarrentzako Zerbitzu Sailarekin eta Gobernuko Informatika eta Telekomunikazio zuzendariekin biltzeko aukera izan genuen. Erkidegoan gaur egun dugun egoera aurkeztu ziguten eta FSFko buruak, aldiz, taldearen filosofia eta lan ildoak azaldu zituen. Bilerak bulego teknikoaren eta fundazioaren arteko lehen zubiak eraikitzeko balio izan du, eta aurrerantzean elkarlana sustatuko da, kanpoko esperientziak gurean nola txertatu daitezkeen aztertzeko; beraz, oso bilera interesgarria izan zela esango nuke, baina beti bezala, etorkizunak esango digu zuzen ote nabilen.
Goi mailako bileraren ostean, eta giro apalago batean, Donostian izan genuen zita. Bertan, euskal blogosfera eta komunitateko hainbat kiderekin egungo egoera beste plano batetik aztertu genuen, egunerokoan ikusten diren arazoak aztertuz eta hauei buelta nola eman pentsatuz. Besteak beste, Maite Goñik Jakintza ikastolan izandako esperientzien berri eman zigun eta askotan software librera salto egiteko oztopoak gauza eta detaile txikietan daudela azaldu zuen eta halaxe da, askoren ohiturak apurtzea ez baita lan erraza. Hemen ere indarrak berriz bildu eta aurrera bultzatzeko beharra ikusi genuen, Aske eta Librezale taldeak sustatuz.
Egun gutxiko bidaia izan arren, ezin zen Bizkaia zapaldu gabe utzi. Zamudioko parke teknologikoan 75 pertsonaren aurrean hitzaldi bat antolatu genuen, Europako administrazio publikoan egin diren migrazioen kasuak azaltzeko. Gai interesgarria da oso eta irekiak izan behar dugula argi geratu zen: besteek hasitako bideak erabiliz, distantzia laburragoa da. Denka estrategia finko baten menpe egon behar du eta gobernua kolorez aldatuko balitz ere, tinko egon beharko dugu, administrazio ireki eta libre baten alde lan egiteko.
Bilera hauek ikusita, goi mailako makinaria martxan dagoela dirudi, baita erdi mailakoa ere; baina maila baxuko geruzan lan asko dago egiteko. Aldaketari beldurra izateari utzi behar zaio, kasu bakoitza aztertuz. Aurrera egin nahi badugu, lan asko dago egiteko, denon artean, elkar lagunduz eta noranzko berdinera bultzatuz: gizarte libre eta irekiago bat dugu irabazteko eta Europako eredu bilaka gaitezke.




