-

Ińaki Soto

2010ko Uztailaren 16a

 

Aditu batzuen ustez, inperioak eta metropoliak matxinadaren beldur dira, beste ezeren gainetik. Matxinada armatua, esan nahi da. Honek apurtzen omen ditu, berez eta edozein kasutan, inperioaren, konkistatzaileen edo kolonoen eskema, zilegitasuna, gailentasuna. Kinkan jartzen du beren garaipena. Palestinan, Afganistanen edo Iraken indar okupatzaileekin gertatzen ari dena aipatzen da honen erakusgarri. Nazioartearekin sarri gertatzen den bezala, hausnarketa hauen interesa ez da beti han gertatzen dena aztertzea, baizik eta norberak bere herrirako irakaspenak topatzea. Hau egitea zilegi da, zalantzarik gabe. GAUR8ren atal hau jarraitzen dutenek ondo dakite horixe dela “datorrena”-ren helburuetako bat: nazioartean sortzen diren joerak aztertzea, betiere ikuspuntu internazionalista eta ezkertiar batetik eta Euskal Herria den europar txoko honetarako atera daitezkeen ondorio teoriko eta praktikoak oso kontuan hartuz.
Hartara, ez naiz ni matxinadaren aurka mintzatuko, ezta gutxiago ere. Ez han eta ez hemen. Baina aipatutako herrialde horietan gertatzen denari buruzko zenbait irakurketa interesgarri baino gehiago interesatuak iruditzen zaizkidala aitortu behar dut. Hasteko, ereduak bilatzen hasita, Ekialde Hurbileko kasuak ez direla egokienak esango nuke. Beste aukera zera da, aditu hauek matxinada termino militar eta moral soiletan aipatzea, ez termino politikoetan; boterearen aurkako bizi-jarrera bezala, ez boterea lortzeko helburua duen tresna politiko gisa. Eta era honetan ulertuta, matxinada ez da niretzat bereziki interesgarria, besterik gabe. Horregatik ez matxinadari, ez matxinoei baliorik kendu gabe, jakina. Izan ere, hausnarketetan bat ez etortzeak ez gaituela batzuk edo besteak okupatzaileen aldeko egiten abiapuntu on bat da, ezta?
Nolanahi ere, aipatutako kasu hauen arteko erkaketa sinple batek matxinadaren balio politikoa orokortzeko joera okerra dela erakusten du, nire ustez. Afganistanen eta Palestinan dauden indar okupatzaileen aurka egotea ez baita, niretzat bederen, alde bateko eta besteko matxinoek duten proiektuaren alde egotearen sinonimo. Toki batean matxinada armatua oso indartsu egotea okupazioak duen babes ezaren seinale izan daiteke, baina hortik alternatiba politiko bat osatzera alde handia dago. Zentzu honetan, Afganistani buruz iritzia ematean (edo Pakistani buruz, baita Irani buruz, beste zentzu batean bada ere), arazoa ondokoa da: aurreko mendean eskualde hartako indar progresistak suntsitu egin zituztela eta gaur egun ez dagoela era honetako alternatiba politikorik bertan.
Bitartean, palestinarrei buruz hemen dugun ideia etsaiak saltzen duenaren antzekoegia dela iruditzen zait. Adibidez, Robert Naiman Just Foreign Policy-ko zuzendariak bere blogean aipatzen duenez (www.huffingtonpost.com/robert-naiman), duela gutxi “Wall Street Journal”-ek Hamaseko Aziz Dueik parlamentariaren hitzak jasotzen zituen: «Biolentzia erabiltzen dugunean, Israeli nazioarteko babesa irabazten laguntzen diogu. (…) Gazako Flotillak 10.000 suzirik baino gehiago egin du Gazagatik» (http://europe.wsj.com, 2010-7-2). Antza denez, Hamasentzat nazioarteko ikuspuntua oso garrantzitsua da. Bitartean, Mendebaldeko ezkertiar eta iraultzaile askok Hamasi buruz –besteak beste– ematen duten irudi okerrak nazioartearen garrantzia desitxuratzeko besterik ez du balio.
Arrazoi eta zilegitasun moral osoa izan arren erabat zapalduak eta suntsituak izan diren hamaika erresistentzia mugimendu daude historian. Matxinada, ikuspuntu politikotik, ezin zaio indar ideologiko eta politikoari kontrajarri. Ez baitago ideologikoki eta politikoki ahula den matxinadarik. Ezinezkoa da, ez da bideragarria.