In fraganti -

Argazkilaria, artista eta argazkilaritzan aditua. Txikitatik izan du Juantxo Egañak irudiarekiko sentsibilitatea eta hamazazpi urte zituela lehen kamera oparitu ziotenetik saiatu da bere argazkietan hori islatzen. Jendeak kontatzeko duena kamerarekin jasotzea gustatzen zaio, hitzekin transmititzen ez diren sentimenduak harrapatzea.

Maider Eizmendi

2010ko Uztailaren 16a

Patxadaz mintzatzen da, etengabeko analisian. Lotsatia dela dio eta, egia esan, kameraren aurrean ez dirudi oso eroso sentitzen denik. «Kamerek nolabait biluztu egiten dute bat», dio. Baina badaki nola jarri, argazkilariaren eskaerei nola erantzun, kamera atzean trebea baita bera, eskarmentuduna, jantzia.

Donostiako Igara auzoan duen estudioan egin dugu hitzordua, kamera, haiek eramateko poltsa eta beste hainbat materialeren artean.

Irudiarekiko sentsibilitatea eta afizioa etxean eta txikitatik elikatu zituela kontatu du, aita zine operadorea baitzuen, baina «berandu, hamazazpi urterekin edo» hasi zuen lanbide eta pasio duen argazkilaritzarekin lehen kontaktua. «Gabonetan, etxekoek kamera oparitu zidaten eta harekin hasi nintzen lehen argazkiak egiten».

Urteetan izan omen zuen opari hura lantresna eta gogoan du harekin atera ziola Jorge Oteiza handiari argazkia, Altzuzako iturrian. «Oso kamera arrunta zen, baina argazki asko eta niretzat oso garrantzitsuak direnak atera nituen harekin».

Argazkilaritzan egindako ibilbidearen hastapenaz galdetuta, bi izen dakartza berehala gogora: irakasle izan zuen Fernando Larruquert argazkilari ezagunarena lehenik; Joan Luis Mendizabal «Mendi» margolariarena, ondoren. Bere esanetan, izan ere, margolaritzak asko irakats diezaioke argazkilariari, batez ere, teknika menperatzen.

Erretratugilea

Erretratuak dira bere zaletasun nagusia. «Korapilatsua da erretratu on bat egitea, hori ez dut ukatuko. Argazkilari gisa ni ere urduri jartzen nau ezezagun baten aurrean jartzeak». Egoera horietan bi aukera daudela dio: «Erabat inplikatu eta pertsona horrekin denbora luzean hitz egiten aritu ostean, kamera jartzea, edo, argazkia egin eta desagertzea, ihes egingo bagenu bezala».

1993an, Europako erretratu sariketa bat irabazi zuen, Ricardo Ugarte eskulturagileari ateratako argazki batekin: «Nire estudiora etorri zen, bere artelanetako batekin eta hondo beltzean jarri zenean, segituan ikusi nuen irudia».

Sari hark ez zion, ordea, lehiaketa gehiagotara aurkezteko grina piztu: «Ez dut inoiz lehiatzeko interesik izan, nire lana egin eta hura erakustearekin konformatu izan naiz beti».

Jendea kameraren aurretik pasatu eta ezertxo ere esan gabe ateratzen diren argazkiak atsegin ditu, batez ere, «`hala edo bestela jar zaitez' esanez hasiz gero, argazkiek xarma galtzen dute», bere ustez. Pertsonek hitzez beste kontatzeko dutena kamerarekin harrapatzea gustatzen zaio, begietara begiratzea eta haien espresioei erreparatzea gustatzen zaio. «Egunak eta kamera aurrean jarritako pertsona sentitzen ari denak itzelezko garrantzia daukate, egun batean harberago senti daiteke eta hurrengoan ez».

Baina argazkia egiterakoan, kamera aurrean jartzen dena ez ezik, kamera atzekoa ere hustu egiten dela uste du, argazkilariak ere «sentitzen eta bizitzen ari dena transmititzen baitu».

Irudikatu eta esan nahi zuen hori ondo transmititu izanaren sentsazioa utzi zioten, esaterako, «Hutsuneak» izenburupeko erakusketan erakutsitako lanek. «Pilotalekuen irudiak dira, baina hutsik, nolabait, guztiok gure bizitzako uneren batean ditugun hutsuneak adierazi nahi nituen lan horiekin. Bizitza den bezalakoa da eta une onak eta ez hain onak ematen dizkigu. Argazkiaren bitartez, barru hutsune horiek igortzeko gaitasuna izatea niretzat oso esperientzia ona izan zen», azaldu du.

Azkenaldian, «Hutsaren isiltasuna. Jateko moduko mundu baten ikuspegiak» erakusketa osatzeko lanean aritu da. Donos- tiako Kutxa Boulevard aretoan dago ikusgai, hilaren amaiera bitartean eta, Egañak dioen moduan, berarentzat lan hau amildegian jartzearen parekoa izan da. «Niri zuri beltzean aritzea gustatzen zait eta lan honetan kolorez inguratu naiz».

Proiektu polita izan da, ordea, besteak beste, Enrique Feischman Akelarre jatetxeko ikertzailerekin konplizitate handia lortu duelako. «Telebista programa baterako argazkiak egiten ari nintzela ezagutu nuen eta han sortu zen ideia». Feischmanek eta Borja García Argüellesek artelan jangarriak egin dituzte eta Egañak argazkiak egin dizkie. «Esperientzia ona izan da, baina ni, oraindik orain, zuri beltzarekin geratzen naiz», nabarmendu du, barrez.

Argazkilaritzaren egoera

Kameraren atzean ez ezik, argazkien aurrean jartzea ere gustatzen zaio eta eskarmentua du, gainera, erakusketetako komisario eta koordinatzaile gisa, bai eta argazkigintzaren inguruko artikulugile gisa ere; izan ere, Euskal Herriko argazkigintzaren historian gehien arakatu duen pertsonetako bat da.

Argazkia oro har aztertzea, hausnartzea eta irakurtzea gustatzen zaio. «Argazki asko kontsumitzen dut. Egunkariak, esaterako, asko begiratzen ditut eta testuetan bezalaxe koherentziari eusten ote dioten ikustea gustatzen zait». Zentzu horretan, kritiko ageria da: «Diseinua argazkiaren gainetik jartzen dela uste dut eta horrela, modu batean, argazkilariaren balorea murrizten dela. Gainera, kalitatearen gainetik azkartasuna gailendu da gaur egun».

Orokorrean, argazkilaritzaren digitalizazioak «denak balio du» printzipioa argazkilaritzara zabaldu duela uste du. «Demokratizatu egin duela esaten da maiz, baina kalitatea galtzen ari gara; ez du axola enkoadreak, ez du axola...». Irudia ukitzeko programez ere mintzatu da. «Lana errazten dute, baina beste tresna bat baino ez dira, oinarrian kalitatezko irudia izatea ezinbestekoa da, gainerakoan, alferrikakoak dira ukitu guztiak».

Edozein lekutara doala kamerarekin joan behar duen horietakoa ez dela esan du. «Sanferminetara, esaterako, eraman nuen, baina gero ez nuen kalera atera, grafikoki ez naute asko inspiratzen. Autoan nindoala, istripuak ikusi eta atera izan ditut argazkiak, baina ez naiz horiek galtzeko beldurrez bizi».

Bereak dituen eta pixkanaka artxiboan sartzen joan den argazkiak bai, horiek mimoz gorde eta zaintzen ditu. «Badaezpada, segurtasun kopiaren kopia ere egiten dut; egin eta gorde ditudan argazkiak galtzea sekulako kolpea izango litzatekeela sentitzen dut; horregatik hartzen ditut horrenbeste neurri».

Etxeko argazkiak

Etxekoen bizipen eta une askori atera die argazkia, paperean gorde ez eta ahazteko beldurra balu bezala: «Nire alaba zaharrenari eskuz egindako argazki albuma erosi genion eta, bertan, lehen ekografiako argazkia ere gordea dugu. Erditze unea argazkian jasotzea ere pentsatu nuen, baina argazkiak egiteko baino hor egoteko unea zela pentsatu nuen. Bost hilabete zituen arteko guztiekin collage moduko bat egin nuen eta alaba txikienarekin ere ia gauza bera egin nuen».

Alabek asko eskertzen dioten lana dela dio: «Oheratzean, ipuinak kontatu beharrean, albumari edota ordenagailuko argazkiei errepasoa egin izan diegu askotan, `gogoratzen argazki hau atera genuen eguna' esanez».

Ateratzea gustatuko litzaiokeen argazki batez galdetzean, pentsakor geratu da, baina azkar mamitu du buruan duen irudi hori: «Zalantzarik gabe, zuri beltzeko irudia litzateke, erretratua, baina ez oso kontzentratua. Irudi irekia litzateke, irekierak dituen espazio itxian egina...». Eta pertsona? «Edozein». Uneak eta pertsonak baino nahiago ditu, beraz, ezaugarriak.