-

Oñatiko Potxo Argitalzuloak perla bat aurkeztu du. Perla, «historia ofiziala" gainditu eta 1936ko altxamenduaren aitzinean anarkistek Donostian egin zuten borroka azaltzen duelako; perla, garai hartako hiriaren argazki bikaina erakusten duelako. «Urbieta kaleko borroka"ren hirugarren edizio hau hobekuntzaz eta ezusteko atseginez hornitu dute.

Maider Iantzi

2010ko Uztailaren 16a

Eskoriatzako udaletxean eman zieten Potxo Argitalzuloko lagunek herritar eta komunikabideei «Urbieta kaleko borroka»ren berri, masta nagusian bandera anarkista jarrita eta komiki-liburuxkako protagonisten senideak ondoan zituztela. Kideetako batek, Iñigo Biainek, kontatu digunez, joan den asteburuan egin zuten aurkezpena eta hagitz sentipen goxoarekin gelditu ziren denak.

Biainen ustez, memoria historikoa berreskuratzen ari garen egunotan, ezinbertzekoa dugu historia liburuek diotenaz harago joatea eta kanpokoek zein barrenekoek estali nahi izan dutena azaleratzea. Komiki hau historia horren zati txiki-txiki bat bertzerik ez da, eta agerian uzten du anarkista euskaldunek Francoren tropen kontra egindako borroka zein beharrezkoa izan zen, bai Donostian, bai bertze leku anitzetan.

Bereziki, Felix Likiniano «Liki»k, Casilda Mendez haren bikotekideak eta Manuel Chiapuso adiskideak jokatutako rola islatzen da. Askatasunaren hiru mosketari hauek ausardiaren ikur dira, beraiek eta bertze herritar ugarik hain bitarteko gutxirekin defendatzeko izan zuten ausardiaren irudi.

Hain zuzen ere, Adela Mendez, Casildaren ahizpa, eta Martin eta Marisol Sansinenea, Casildaren eta Likiren ilobak, etorri ziren joan den larunbateko aurkezpenera, Potxo Argitalzuloko kideei laguntzera eta, hedabideei eta Eskoriatzako udaletxean bildutako jendeari azalpenak eman ondotik, guztiek elkarrekin bazkaldu zuten. Hagitz mahai-inguru interesgarria sortu zen.

Istorio bitxia egilearekin

Egileak J. J. Pi izenarekin sinatu zuen komikia eta hala plazaratu zen, 1979an. Potxokoek nabarmendu dutenez, lan fina egin zuen eta bikain marraztu zituen Donostiako txokoak. Gainera, gidoirako, Manuel Chiapuso istorioko protagonistaren liburu bat hartu zuen oinarri: «Los anarquistas y la guerra en Euskadi. La comuna de San Sebastian».

Oñatiarrek hirugarren edizioaren proiektuari heldu ziotenean egin zuten lehenbiziko gauza egilearekin harremanetan jartzen ahalegintzea izan zen. «Patxik ate asko jo zituen [Patxi Hipolito, argitaletxeko ardura- duna] haren bila, baina ez zen inondik inora agertzen, eta bitxiagoa zena, inork ez zigun pista bakar bat ere ematen. Azkenean, aurkezpenaren eguna iritsi, eta egilea nor zen jakin gabe!», adierazi du Iñigok.

Komunikabideei deialdi bat egin zezatela eskatu eta 48 ordu geroago jaso zuten fruitua, Jose Javier Pik berak jo zuelako eurengana. «Egia esan, lotsa pixka bat ere sentitu genuen, baina tira, azkenean zirkulua itxi izana da garrantzitsuena», agertu du Biainek.

Zenbakitutako 666 alek osatzen dute lehen tirada hau eta, oraindik zehaztu gabe badago ere, Oñatiko, Eskoriatzako eta Donostiako hainbat tokitan salduko dela uste dute. Salneurria, Potxoren produktuetan ohi bezala, hagitz merkea izanen da, 3 eurokoa. Eskoriatzako Udalak finantzatu du proiektua, nahiz eta Arrasaten jaio, Likik Eskoriatzakoak zituelako gurasoak.

Edizio honetarako, hizkuntza aldetik hobekuntza batzuk egitea erabaki zuten, jatorrizko euskara zuzentzea eta Felix Likinianoren testuak eskoriatzeraz jartzea. Horrek errotulazio guztia aldatzea ekarri zuen, Roberto Maiztegi maketatzaileak ezin hobeki egin duen lana. Bestalde, Luis Mari Jimenez de Aberasturi historiagileari hitzaurre bat egiteko eskatu zioten, komikiak islatutako unea historian kokatzeko eta pertsonaiak biribiltzeko.

Kontrazala Donostian oraindik ikus daitezkeen proiektil aztarnak erakusten dituen Ruth Cerqueiraren argazki batekin jantzi dute. Eta Likiren eta Casildaren familian Gabonetan abesten zuten abesti anarkista baten zatitxo bat ere sartu dute. «Arroja la bomba que escupe metralla, / coloca petardos, empuña la star, empuña la star! / Ya es hora que caiga, / tanta dictadura, verguenza del pueblo, / que caiga el poder ... que caiga el poder! / Acudid los anarkistas ... / empuñando la pistola hasta morir, / con petroleo y dinamita, / los conventos y las cárceles abrir y destruir!».

 

Zerbait sortu eta adierazteko gogoaren hazia ereiten dabil Potxo Argitalzuloa

Potxoren burmuina beti ari da bigarren plano batean lanean, baina inoiz ezin da erran zein izanen duen hurrengo ekimena. Euren printzipioei jarraiki, ekimen txikitxoak eginen dituztela aurreratu digu Iñigo Biainek, edonork eskuratu ahalko dituen perla txikitxoak; txikiak, baina pisu handikoak. “Urbieta kaleko borroka” bezalakoak, edo honen aitzinetik kaleratu zuten Henry D. Thoreau (1817-1862) idazle estatubatuarraren  “Desobedientzia zibila”ren gisakoak.
Thoreauren bizitzan bi gertaera garrantzitsu izan ziren: ekintza xume bat —Basoan etxola batean bizitzera joan zen bi urtez— eta ez-ekintza bat —zergak ordaintzeari uko egin zion eta, ondorioz, kartzelan sartu zuten, egun baterako–. Bertan zela, Ralph Waldo Emerson poeta eta filosofo herrikidea bisitan joan zitzaion eta honela galdetu zion: «Baina zer dela-eta zaude zu hemen?». Eta Thoureauk erantzun: «Eta zer dela-eta ez zaude zu hemen?». Kartzelako esperientziatik abiatuta idatzi zuen “Desobedientzia zibila” maisulana, Edu Lartzangurenek euskaratua eta Interneten irakur daitekeena, http://sites.google.com/site/desobedientziazibila webgunean, baita entzun ere, audioliburua izeneko atalean.
Halako testuak plazaratuz hamalau urteko ibilbidea egina dute jada Potxokoek eta sustatu dituzten proiektuekin hagitz kontent daude. Poesia, komikia, kantak... Denetariko lanak kaleratu dituzte: Lope Agirrekoaren “Carta a Felipe II”, Luis Duranen “Barco pirata” eta “Algebra”, Pernan Goñiren “Aingeru baltza”, Jon Aiastuiren “Nongo nor”, Angel Mosquitoren “Villa Tesei”, Zura musika taldearen “Ilargi handi, zauri zarae”... Azken honetan, adibidez, 1936ko gerrak desagerrarazitako Federico Garcia Lorca, Lauaxeta eta Nikolas Lekuona omendu nahi zituzten, euren poemak eta irudiak bilduz.
Argitaletxe hau kultur ekoizpenean lan bereziak egiteko asmoz jarri zuten martxan zenbait lagunek, Oñatin. Inor ez da bizi Potxon egiten duten lanetik eta horrek askatasun handiagoa ematen die. Kultura errebelde samarra hedatzea dute helburu, ideia emankorrak, benetako pasioak kaleratzea, pentsamendua akuilatzea, zerbait sortu eta adierazteko gogoaren hazia ereitea. Ikusiko dugu etorkizunak zer fruitu dakartzan.