Elkarrizketa -

Betidanik sentitu da dantzari. Euskal dantza tradizionalak ezagutu zituen lehenik, klasikoa eta garaikidea ondoren. Orain, koreografiak sortzeak betetzen du gehien.

 

IBILBIDEA

1972an jaio zen, Ezkion. Haurra zela, Zumarragara lehenik eta gero Donostiara joan zen bizitzera. Gaur egun, Alegian du bizitokia, nahiz mundu osoan dabilen. Dantza, musika, antzerkia eta Arte Ederrak ikasketak egin zituen. 1999tik 2000ra Genevako Alias konpainian aritu zen. 2004an, Euskal Herrira itzultzean, Ertza konpainia sortu zuen, sorkuntzari toki egiteko gune berria. Interprete eta koreografo lanak uztartzen ditu. Hainbat tailer ere eskaini ditu. Uda Brasilen emango du, lanean.

Xole Aramendi

2010ko Uztailaren 16a

Artelekun egin dugu hitzordua.  Hutsik eta isilik dago entsegu gela. Gizakia izaten dute ardatz bere lanek eta buruan jira-biran izaten dituen galderak hementxe bihurtzen dira dantza ikuskizun. Dantzatzea eta sortzea, biak ditu gustuko, baina azkenaldian geroz eta gehiago ikusten du bere burua sorkuntzaren arloan. Dantza etengabeko ikasbide bezala ulertzen du. «Informazioa bildu, besteen esperientziak entzun, landu... Horregatik hartzen ditut intereseko gaiak», kontatu du.

Mikel Laboaren musikan oinarritutako «Zilbor hestea» lana ikusten ari zela, bat-batean, berak ere hura egin nahi zuela erabaki zuen. 18 urte zituen, «nahiko berandu zen dantzan serioski hasteko», baina euskal dantzan txikitatik aritu izanak lagundu zion. Baita sormenerako duen grinak ere.

Brasilera zoaz datorren astean. Zer duzu eskuartean?

Joinvillera noa, bakarlan bat aurkeztu eta ikastaro bat ematera. Gero, Belo Horizontera joango naiz, hango konpainia batentzat koreografia sortzera. Eta Porto Alegren ere izango naiz, beste bakarlan bat erakusten.

Ertza konpainiak Artelekun du egoitza. Hemen arnasten den giroak laguntzen al dizu?

Noski, ondo datorkigu hemen egotea. Batetik, dokumentazio zentroa eta beste hainbat material eskura dauzkagu. Eta, bestetik, etengabe egiten diren ikastaro eta seminarioak. Elkarla- nerako aukera ere ematen du.

Gipuzkoako Diputazioak dantzaren aldeko apustua egin du Artelekun. Baloratzekoa da.

Baloratzekoa da, bai, eta behar bati erantzuten dio. Dantzak oraindik pauso asko eman behar ditu Euskal Herrian eta egoitza bat edo toki fisiko bat izatea horietako bat da. Bizkaian eta Araban ere egitekoak ziren, baina uste dut beste bietan asmoa zintzilik geratu dela.

Bilbon irekitzekoak diren Arte Eszenikoen Goi Mailako Zentroaz zein da zure iritzia? Dantzari Profesionalen Elkartea bertako batzordean dago.

Elkarteko kidea naiz, baina bileretan egon ez naizenez, gauza askorik ez dakit. Dudarik gabe, dagoen hutsunea betetzera dator eta denborak esango du bide onetik abiatu den ala ez. Formazio arloan, gabezia handia dago formazio.

Batek zera pentsa dezake: dantzariak orain ere negarrez...

Errealitatea da. Suitzan bizi izan naiz eta beste mundu bat da. Hezkuntzatik hasita, jendeak dantzarekiko duen erlazioa guztiz desberdina da. Hori ez da doan etortzen eta hasieran bultzatu egin behar da. Hezkuntzaren bidez, hainbat motatako programen bidez, proiektuak zuzenean lagunduz, espazioak irekiz... Urte askotako lana da.

Bitxia da egoera, Euskal Herria oso herri dantzaria izan dela kontuan hartuta.

Bai, dantzari asko eta oso onak eman ditu. Euskal dantzek indar handia dute, oso ezagunak dira. Ikastoletan-eta egiten dira, beste leku askotan gertatzen ez dena. Baina, gero, mundu horretan jarraitu nahi izanez gero, kanpora joan behar da.

Diziplina kontua da? Tradizionaletik kanpo garaikidea egin nahi duzunean al datoz zailtasunak?

Beste herri askotan, dantza tradizionaleko hainbat eta hainbat konpainia profesional daude, eta hemen, aldiz, gutxi. Ni neu Donostiako Kresala dantza taldean aritu nintzen, urte askoan. Nazioarteko hainbat jaialditan parte hartzen genuen, oso maila onean, beste talde profesionalen parean, baina gu inoiz ez gara profesionalak izan. Hori hainbeste dantzari eta talde egonik...

«Urrunetik ametsetan» lana estreinatu berri duzu, Donostiako Dferia jaialdian.

Proiektu baten bigarren zatia da. Iaz, Brasilen, sortu zen. Hango jaialdi batek lan bat egiteko aukera eskaini zidan. Andrea Anaya dantzariarentzat bakarlan bat egin nuen; bere ametsetan oinarrituta, bere intimitatearen barruko bidaiatxo bat planteatu nuen. Prozesu interesgarria iruditu zitzaidan, oso esperientzia polita izan zen. Beste pertsona batekin probatzeko gogoz geratu nintzen; prozesu berdina, galdera berak, baina dantzari desberdina. Noemi Viana aukeratu nuen. Bi lanak Dferian erakutsi ditugu eta oso ondo joan da. Orain, Noemirekin Brasilera joan eta bi bakarlanak bertan erakutsiko ditugu.

Intradance proiektuan ere aritu zara aurten.

Bai, aurtengoa sorkuntzen urtea izan da. Lan bat edo bi sortzea ohikoa izaten da, baina ez hainbeste... Deialdi publiko bat izan zen. Egoitza Moskun duten hainbat kultur etxe (Espainiako Cervantes Institutuaren parekoak) daude: frantziarra, alemaniarra, ingelesa, portugaldarra eta italiarra. Horiek deialdia egin zuten, Europako zazpi herrialdetako koreografoei eta Errusiako beste hainbeste konpainiari zuzenduta. Koreografo bakoitza konpainia batera joan eta koreografia bat prestatu genien. Bai guretzat, bai beraientzat bitxia eta aberasgarria izan da. Konpainia bakoitzaren hirietan estreinatu genituen lanak eta, ondoren, Moskun, maiatzean egindako jaialdian.

Gorputza lanabes izateagatik erakarri zintuen dantzak?

Gorputza da erreminta, nahiz nire lanetan beste diziplinekin jolasten naizen. Bideoaren posibilitateak ikustea gustukoa dut, irudiak koreografikoki erabiltzea, lanaren zati izan daitezen eta ez lagungarri huts. Bideoaz beste pertsona batzuk arduratzen diren arren, edizioan probak egin eta saltsan ibiltzea atsegin dut, nahiz teknikoki ez jakin arlo horiek nola landu. Hasieratik garbi zehazten dugu abiapuntutzat hartuko dugun gaia. Ahalik eta informazio gehien bildu eta gure esperientziak partekatu ondoren, hainbat ideia sortzen dira, egin edo esan dezakegunari buruzkoak. Eta, nire ustez, ideia bakoitzak erabakitzen du adierazteko modua. Gauza asko hitzez esan behar dira eta beste batzuk ezin dira hitzez esan eta, kasu horietan, dantza edo gorputz espresioa bezalakorik ez dago.

Konpainian elkarlanerako dinamika ezartzen al duzu?

Lankideen inplikazioa eskatzen dut. Funtsezkoa da. Agian nik ikusten ez ditudan beste ikuspuntu batzuk azaltzen dizkidate eta proiektua interesgarriagoa izan daitekeen beste bide batetik eramaten dute.

Ikusleen emozioak piztea da helburua ala hausnarketa bultzatzea?

Biak batera doaz. Publikoarengan erreflexioa pizten dugunean, hor emozioa eta sentimendua sortzen dira. Niretzat hori da helburua. Publikoak posizio aktiboa eduki dezala. «Zoo» lanean, esaterako, gizakiak oraindik daukan animaltasuna islatzen dugu: matxismoa edo oso lehiakorrak diren lanbideetan nork bere terrenoa markatzeko dauzkagun teknikak. Nahiz gu oso kontziente ez izan. Prozesua oso polita izan zen. Obserbazio ariketa bat egin genuen eta izugarria da, animaliak gara. Lan horretan, ikusteko oso erosoak ez diren jokabideak erakusten ditugu.

Dantza ikuskizun batek beti mezua izan behar al du?

Dantzak ez du derrigor mezu bat eman behar, baina niri hori egitea gustatzen zait. Dena den, ikusle bezala, lan bat ondo eginda badago, asko gozatzen dut batere mezurik ez daukanean ere.

Zeure burua ez duzu interprete huts gisa ikusten. Beste baten konpainian ez da erraza sorkuntza lana, ezta?

Konpainiaren araberakoa da hori. Suitzan, oso gustura nengoen, eszenak edo akzioak proposatzeko aukera neukalako. Aldiz, koreografoaren pausoa erreproduzitu besterik ez daukadanean, ez zait interesatzen.

Lakuako gobernuak dantzari profesionaloi zuzendutako hainbat egitasmo jarri izan ditu abian. Nolakoa izan da zure esperientzia?

Zirkuituan hasierako urteetan parte hartu nuen. Beharrezkoa ikusten dut, zirkuiturik ez dagoenez, naturalki ez badago, bultzatu egin behar da. Eboluzio ona ikusi diot, geroz eta antzoki gehiago sartzen joan direlako. Geroz eta produkzio eta lan gehiago sartu dituzte, baita kanpokoak ere. Noski, zirkuitua handitzea eta gero eta antzoki gehiagok parte hartzea beti dago ondo, horrek ere publikoa sortzen lagunduko baitu. Baina arriskua ikusten diot. Hasieran, bazirudien Euskal Herriko konpainiak edo produkzioak laguntzeko sortu zela. Orain, zirkuitoa zabalduz doan heinean, guk eduki genitzakeen gutxienezko aukerak ez daude segurtatuta. Lan kopurua handiagoa da eta, hasieran bezala, antzokietako programatzaileek aukeratzen dituzte lanak. Helburua bertako produkzioak bultzatzea bazen, hasierako egoerara itzultzeko arriskua dago, bertakoak pixkabat baztertzekoa.

 

«Suitzan nire lengoaiarekin gehien identifikatzen
zen lan egiteko modua aurkitu nuen»

Suitzan, sei urtez egon zinen. Han, mundu berri bat ireki al zitzaizun?

Lehen pausoak Donostian eta Bilbon eman nituen. Valentzian ere egon nintzen, ia bi urtez eta ia mundu osoan zehar ibili ginen. Gero, Geneva etorri zen. Han edo Valentzian, berdintsua da, izan ere, lan egiteko era, harremanak izateko modua eta hedapen esparrua, azken finean, berdinak dira.


Zer ikasi zenuen han?

Suitzan, nire lengoiarekin gehien identifikatzen zen lan egiteko modua aurkitu nuen, baita gaiak tratatzeko modua ere, nire gustuetatik gertuen sentitzen nuena. Ordurako, hainbat koreograforekin lana egindakoa nintzen, baina batzuk dantza hutsa ziren. Dantza garaikidea oso zabala da eta, batzuetan, gauza polit bat izatera mugatzen da. Joan, ikusi, eta kito. Suitzan, gai serioak tratatzen ziren eta dantzan hori egin ahal izateko erraminta oso baliagarria aurkitu nuen. Hainbat diziplina mota batere konplexurik gabe nahasteko modua ere topatu nuen, testuak sartzen; Alias konpainian beti artista plastiko batekin lan egiten zuten eta denak zentzu poetikoa zeukan. Asko lagundu zidan nire gustuak eta lengoaia definitzen.


Nolatan itzuli zinen Euskal Herrira?

Lanean oso gustura nengoen, lankideekin ondo moldatzen nintzen, baina nire bizitza lanera murrizten zen eta pertsonalki ez nuen nire lekua aurkitzen. Hori izan zen hona bueltatzeko arrazoi nagusia. Beldurra ere sentitu nuen eta, badaezpada, proiektu bat besapean nuela etorri nintzen. Bakarlan bat han estreinatu nuen eta hura hartuta etorri nintzen. Donostian, Bilbon eta Gasteizen erakutsi nuen eta ia urtebete zerura begira eman nuen, zain. Ez zen gauza handirik atera eta hasiera nahiko gogorra izan zen. Ondoren, pixkanaka, beste proiektu batzuekin hasi nintzen. Garai hartan sortu zen Eusko Jaurlaritzaren dantza zirkuitua eta hark bultzada eman zidan. Poliki-poliki, pausoak ematen hasi ginen eta lana sendotzen joan zen. Era berean, hemen zuztarrak botatzen hasi nintzen.


Dantzari bezala, 1994an hasi zinen. Koreografo moduan?

Sortzeko grina beti izan dut. Nahiz konpainietan beste koreografo batzuentzat lan egin, oporraldian nengoen hilabetean beti aritzen nintzen neure kabuz zerbait egiten, bakarrik edo inguruan nituen lagunekin.  


Zein gai dituzu gustuko?

Giza psikologiari lotutako gaiak interesatzen zaizkit. Beti erakarri izan nau egoera desberdinetan nola jokatzen dugun ikustea, egoera batzuetara nola bultzatzen gaituzten... horrek guztiak. Batzuetan kontzienteki edo inkontzienteki nola jokatzen dugun, hainbat modutan, baldintzatzen gaituzten kondizionanteak tarteko, nahiz konturatu ere egin ez. Adibidez, “Look” lanean, itxurakerian jarri genuen arreta, gaur egun zer pisu daukan eta zenbat pertsonaren zoriontasuna baldintzatzen duen. “Ostrukaren zuloa”n beldurra hartu nuen gaitzat. Beldurrak zenbat traba jartzen dizkigun eta hasierako helburuak nola eraldatzen diren ditugun beldur horien arabera.

Sortze prozesuan, buruan dituzun galderak publikoari erakutsi nahi izaten dizkiozu. Zergatik?

Niri, publiko bezala, posizio aktiboa edukitzea gustatzen zait eta inozotzat hartua ez izatea, askotan sentitu izan dudan moduan. Ez naiz dantzaz bakarrik ari, baita zinemaz, antzerkiaz... Oso kontenta errazak gara. Oso erraza da ikusleen txaloa lortzea, horretarako teknikak daude. Baina hori balitz helburu bakarra, ni ez nengoke hemen. Nahiz dantzaren esparruan izan, beste zerbait egingo nuke. Guk, dantza konpainian, gai horiek hartzen baditugu, horien inguruan ahalik eta informazio gehien bildu, landu eta hainbat galdera planteatzen ditugulako da. Eta funtsezkoa iruditzen zait galdera horiek guztiak ikustera datorren publikoari azaltzea.