Egoitz Lasa
2010ko Uztailaren 16a
Ailegatu da opor garaia. Oporrak eta dirua dituenarentzat ondo. Batzuek honezkero erosita izango dute hegazkin txartela, besteak, berriz, azken momentuko txolloaren zain egongo dira. Zein erraza den garai hauetan bidaiatzea. Internetez txartela erosi, hegazkina hartu eta kito. Ordu batzuetan, munduko edozein puntatan zaude. Oso gustuko dut bidaiatzea!
Zakurraren putza, gustuko duzuna paradisu batean egotea da, ez bertaraino bidaiatzea. Bestela, 23 ordu, 4 eskala eta 2 autobusen ondoren, Indonesiako irla bateko hotelera iritsi orduko, bueltako hegaldia hartuko zenuke, berriz ere bidaiaz gozatzen jarraitzeko. Marka da, ordea, 23 orduan Indonesiako irla batean egon eta hala eta guztiz ere bidaia luzeegia izatea. Inor gogoratzen al da zenbat denbora behar zen orain dela 70 urte Indonesiako uharte batera joateko? Zer gertatu zaigu?
Gaur egun, hegazkinez bidaiatzea, gure aiton-amonentzat amets bat zena, guretzat bizitzako egunik okerrena izan daiteke. Zer moduz joan da bidaia? Infernua. Hasteko, hegazkina ordubete berandu atera zen, gero gainera ondoan tipo potolo bat zurrungaka tokatu zitzaidan, janaria oso txarra, pelikula ingelesez eta maleta... zintan azkena atera zen! Un horror!
Ja, baina 6 ordutan New Yorken. Zertaz kexatzen gara? Ez al dugu ba alfonbra magiko batean bezala zerua zeharkatu? Gainera, eserita eta pelikula bat ikusiz. Benga honbre! Lelotu egin gara zeharo. Perspektiba galdu dugu. Egia da hegaldia asko atzeratzen edo bertan behera geratzen bada asko izorratzen duela, baina oporretara goazela suposatzen da. Denbora daukagula.
Terraza batean eseri eta zerbitzariari presa sartzen ibiltzea bezala da, presa badaukazu ez eseri terraza batean, terrazak patxadan egoteko dira eta. Baina oporrak ere presaka bizi ditugu. Monumentuak, kalak eta elizak ikusi behar dira. Bestela, alferrik galduko ditugu oporrak. Planing-a bete behar da. Atzeratzearen arrazoia greba edo sumendi finlandiarra bada, zer egingo diogu ba. Orain, atzeratzea Barajasko aireportuko langileak Espainiako futbol selekzioari ongi etorria egiten ari zaizkielako bada, ekintza guztiak balekoak dira.
«Ahi vemos a todos los trabajadores de Barajas dando la bienvenida a la seleccion». Eta komentarista ere gustura! Ez al zegoen beste hegaldirik ordu horretan? Horiek dituk potroak! Horixe da oporretan onetik ateratzen nauen gauza bakarrenetariko bat, espainiarrak. Ezin dut beraiekin. Munduko edozein puntatara joan eta hantxe agertuko da familia bat, bikote bat ez, familia bat, gehiago izorratzen du eta. Eskandalua, harrokeria eta buila.
Ezin dela argazkirik atera, espainiar bat kamerarekin flash! Kola dagoela, han dira espainiarrak kolatzen, jatetxe batean afaltzen zaudela lasai-lasai, familia espainiar bat etorri arte. «Sorry, but it's an Indian restaurant, we don't have `cocretas pal niño'». Horregatik, horixe da kontuan hartzen dudan gauzetako bat, espainiarrekin ez koinziditzea.
Zorionez, aurten abantaila bat daukat. Guztiak erosi berri dituzten selekzioko kamisetekin joango dira oporretara harro, munduko kanpeoiak direla denei gogorarazteko, eta orduan urrutira ikusi eta kontrako bidetik alde egin ahal izango dut. Azkenean, mundialak ere izan behar zuen zerbait ona.
Oporrak eguneroko estresetik deskonektatzeko omen dira. Horretarako onena, bizia errazten diguten teknologiak alde batera uztea. Erraza, ezta? Edo ez. Izango al zinateke kapaz mobilik eta internetik gabe hilabete pasatzeko? Ni ez. Ondo pasatu oporrak eta kontuz gorriak ikusi gabe.




