-

"Remi, herriaren taupada" izenburua jarri diote, herriarekin eta herriarentzat, gazteak «nahiko lukeen moduan» egindako liburuari. Familia, neska-laguna, lagunak, herriko taldeak... guztiek hitzez hitz eta lerroz lerro marraztu dituzte Ertzaintzak jazarri ostean bihotzekoak jota hil zen Aiestaran gaztearen ontasuna eta konpromisoa.

Maider Eizmendi

2010ko Uztailaren 16a

Bihotza uzkurtuta, baina bihotz handiko mutilari bihotzez, nola ez, egindako lana zor zioten. Eta horrelaxe, gogo-bihotzez egindako lana kaleratu du Remi Gogoan Ekimenak, «Remi, herriaren taupada» izenburupean. «Hemen duzu, Remi, zure liburua, herri liburua; lehen ez bezala, zure betiko laguntza eta prestutasunik gabe egina. Kostata, baina herriarekin egina eta, gainera, herriarentzat, zure gustura!», eskaini diote ekimeneko kideek, hitzaurrean.

Akaso, ez dira bertan izan beharko luketen guztiak, baina diren guztiek izan behar zuten bertan: gurasoak eta anai-arrebak, neska-laguna, koadrilakoak, udal taldea, herriko talde eta erakundeetako kideak, txikitako irakasleak, Burgosko lagunak... «Zerrenda luzea egin genuen eta, gero, guztien artean aukeraketa egin. Batzuen parte-hartzea ezinbestekoa ikusten genuen, baina guztiak ez daudela ere badakigu», azaldu dute ekimeneko kide eta lagun Iyuya Urrutiak eta Unai Urreagak.

Nor bere erara aritu da liburuan: umoretsu eta Aiestaranen alderik baikor eta xelebreena azaleratzen, batzuk; bere konpromiso eta militantzia islatzen, besteak... Liburuko lerro eta hitz bakoitzean, sentimendua igartzen da, tristura ere bai, baina baita harrotasuna eta 28 urtean gazteak egindako ibilbidea, bihotzean ez ezik, paperean ere idatzita uzteko premia ere. «Pentsatzen dugu Euskal Herriko historia ezagutuko duten gazte belaunaldi horiei zure liburua idatzita aurkitzeak mereziko diela gure herriaren benetako iraganera gerturatzeko. Horregatik egin dugu liburu hau, Villabonako eta Euskal Herriko historian idatzita gera dadin nor izan zinen. Ez dugu iragana galtzen utziko!», idatzi dute liburuaren hitzaurrean herri ekimeneko kideek.

Lekukoa hartuta

Gaztea, iragan uztailaren 31n, Ertzaintzarekin istiluak izan eta bihotzekoak jota hil ondoren, berehala iragarri zuten ekimena osatuko zutela, «hark, bizirik egotekotan, egingo lituzkeen proiektuetako asko aurrera eramateko helburuarekin, bere lekukoa hartzeko». Talde handia osatu zen, «herritar eta lagun askok eskaini zuten euren burua laguntza emateko».

Lehen lana udazkenean gaztearen omenezko ekitaldia antolatzea izan zen. Bertaratutakoek sekula ere ahaztuko ez zuten ekitaldia antolatu zuten gaztearen omenez, liburuan jasotzen den moduan. «Hire lagunek antolatu ziaten omenaldia ikaragarria izan huan. Oso harro egongo hintzateke. Lagunek esan ziaten bezala, hik beti plaza bete behar zela esaten huan eta hik bete huan plaza, Remi. Leporaino bete, gainera. Merezi huan agurra eduki huan. Maite hituen eta maite hinduten pertsonez inguratua», halaxe dio, abenduaz geroztik kartzelan den Remiren anaia Mikel Aiestaranek liburuan, Navalcarneroko espetxetik idatzitako eskutitz sentituan.

Hura ospatu eta berehala hasi ziren, ordea, ekimeneko kideak herriko talde eta erakundeetan atea jotzen, liburua osatzeko. «Remi oso maitatua zen herrian eta jotako ate guztietan jaso dugu erantzuna eta laguntza. Jendeak hitz onak eta esker ona baino ez ditu Remirentzat. Lehen ere bagenekien, baina liburu hau egiteak zerbait argi utzi badigu, gaztea jende askok maitatu eta estimatzen zuela da», nabarmendu dute Urrutiak eta Urreagak.

«Jendeak eskerrak ere eman dizkigu, liburuan tartea egiteagatik -jarraitu dute-, nolabait, gaztearekin zuten zorra kitatzeko modua topatu du askok liburuan, behar bezala agurtzekoa», kontatu dute.

Onartu dute, hala ere, liburuan parte hartu duten askorentzat ez dela samurra izan osatze prozesua, oraindik, urtebete pasatuta, zail egiten zaielako «une batetik bestera kale bazterretik azalduko ez dela» pentsatzea .

Helduak eta gaztetxoak

Liburuan adin eta joera ezberdinetako jende asko batzea lortu dute. «Berari asko gustatzen zitzaion jende guztiarekin harremana izatea eta horretan lan handia egiten zuen. Liburu hau esku artera iritsiko balitzaio, oso-oso harro sentituko litzateke, konturatuko litzatekeelako lortu zuela, iritsi zela guztiengana».

Hala, testuz testu, oroitzapenez oroitzapen marrazten dira gaztearen gizatasuna, ontasuna eta konpromisoa. Hunkigarria eta sentitua oso, bere neska-lagunak egindako kontaketa, elkar ezagutu zuten egunetik hasi eta hil zen egunean bertan pastel bat hartuta etorri zitzaion unea barne; umoretsuak, berriz, koadrilakoek gazteaz nabarmendu dituzten uneak, txikitako jolasak, ikasle garaiko bitxikeriak, «han eta hemen berak banatutako garagardoa edanez» egiten zituzten parrandak... Lagunak egin eta harremanari eusten zekiena. Horrelaxe deskribatu dute Remi askok eta horren isla da Burgosera ikastera joan eta egindako lagunekin denboraren joanean eusten asmatu zuen harreman estua.

Etxetik urrun, errefuxiatuta edota espetxeratuta zeuden pertsonez ere ez zen sekula ahaztu, haiek ere gaztearen oroimenaz ahazten ez diren moduan: «Azkenekoz, barrote eta asko ukitu eta laztandutako kristal baten artean ikusi genuen elkar, 40 minutuz. Ezin izan genuen elkar besarkatu, nahiz eta gure nahia hori izan. Baina zure begiradak, irribarreak, eta gure harremanaren berotasunak kristalaren mugak zeharkatu zituzten. Eta zure muxu goxoa nire masailean sentitu nuen. Laburra suertatu zen bisita, eta berriz ere, kilometro andana gainditu eta ni ikustera etortzeko konpromisoa hartu zenuen. Gogoz gelditu nintzen», idatzi dio, orain gutxi espetxea utzi duen Mikel Garmendia lagunak.

Udala herren utzi zuten

Noski, Udalean egindako lanean inguruan bidelagun izan dituen zinegotziek ere hitz onak baino ez dituzte izan gaztearentzat. Berak utzitako hutsuneaz ere mintzatu dira: «Remiren heriotzarekin, txukun zutituriko mahaiari hanka bat jausi zitzaion eta Udala herren utzi zuen. Udalean zegoela herrigintzan egin zuen lanagatik berari buruz daukagun iritzia eskatzera etortzen zaizkigunean, bat-batean hitz hauek datozkigu burura: alaia, herrikoia, urduria, langilea, leiala, borrokalaria».

Ekimeneko kideek hilabete luzetako lana egin dute liburua goxo prestatzen eta, azaldu dutenez, herriko jendea hura eskuartean izateko zain egon da. «Villabona eta inguruko herrietatik haratago ere zabaltzea nahi dugu, ordea, bera han eta hemen zelako eredu».

Orain, herriko jaietan jarria dute burua ekimeneko kideek. Remiren heriotzak bertan behera uztera behartu zituen iazko Santio Jaien osteko lehenengo jaiak izango dira. Baina ondoren ere lanean jarraitzeko asmoa eta indarra badutela diote, «eta jenderik ere ez da falta».