Gasteizko Artium museoak ezohiko erretratua irudikatu du egunotan. Bertako koadro eta eskulturen artean, geroan, akaso, artista handiak izatera iritsiko diren hamar gazteren lotarako zakuak egon dira. Hamabi egunez elkarrekin bizi izan dira han, Dinamik(tt)ak auzolandegiko partaide gisa; sormena lantzeari abagunea eskaini diote.
Ainara Rodriguez
2010ko Uztailaren 16a
Museoaren patioan alderik alde esekita diren eskuoihalak ikusita, artea bere mugara iritsi dela pentsatu ahal izan du batek baino gehiagok. Edota artistaren irudimenak goia jo duela. Izan ere, argazki ezohiko bezain bitxia erakutsi du egunotan Gasteizko Artium museoak: lotarako zakuak lurzoruan, kolorez betetako bazterrak, zarata han eta hemen... Izan zitezkeen arren, ordea, ez dira uste bezala museoko artelanen parte; hamabi egunez bertan elkarrekin bizitzen jardun duten 17 eta 19 urte bitarteko hamar lagunen trasteak baizik. IA18 elkarteak antolatutako Dinamik(tt)ak proiektuko auzolandegietan parte hartzea erabaki duten gazteenak, zehazki.
Uztailaren 5etik 16ra bitarte, museoa kalera ateratzea eta herritarrak bertara gerturatzea izan dute gazte haiek xede; bi aldeen arteko zubia eraikitzea, alegia. Sormenari ihes egiten utzi behar izan diote horretarako, eta hark osatzen dituen diziplina guztietan arakatze lan xehetua egin. Arkitektura, filosofia, komunikazioa, diseinua... guztiak ere, kalera atera, elkarren artean eragin, eta gizartea bera aldatzeko helburuz. «Sormen prozesuak eraldaketa sozial moduan ulertzen ditugu, errealitatea eraldatzeko elementu bezala», argitu du Idoia Azkorra auzolandegiko begiraleak. Artium museoa hiriko eragile aktibo gisa hartu behar izan dute, hiriari eskaini ahal dizkion aukerak aztertu eta haiek garatzeko.
Adierazpen estetikoa lantzen duten teknikak sormena garatzen laguntzen duten ekintzekin batu dituzte. Ez dute lan arrotza izan, burutzen ari diren ikasketetan bide artistikoari eutsi baitiote gehienek. Ondoan, diziplina horietan aditu diren punta-puntako artistak izan dituzte bidelagun, edonola ere, norabidea egokiro zuzentzen.
Lau lantegitan bereizita, zubiaren adreiluak ipintzen joan dira, apurka-apurka. Lehen fasean, esaterako, Spiral antzerki konpainiako kideekin aritu dira solasean. Azkorrak esplikatu du «gazteen istorio pertsonaletatik abiatu, eta istorio kolektibo bat» osatzea izan dutela eginkizun nagusi lehen egunetan. «Hura izan zen museoarekin izan zuten lehen kontaktua». Antzerki konpainiak erakutsitako oinarri eta teknikak lagungarri izanik, alabaina, ezagutzen ez dituzten ingurune eta bidelagunekin konfiantza giroa sortzen bota dute izerdi gehien.
Alta, museoa eta ekintza-lagunak aski ezagututa, bigarren fasean, zenbaitetan ezagun eta beste horrenbestetan arrotza duten hiria ezagutzea izan dute jomuga. Platoniq nazioarteko erakundeko espezialistekin eskuz esku aritu dira horretarako. Hiriko arazo eta erronkak identifikatu dituzte, inguruko komertzio eta tabernetan galdetuz, herritarrekin harreman zuzena izanez. «Informazio eta komunikazio tekniken erabilera sozialak baliatuz, hiritarren antolamendua, komunikazioa eta autoformazioa bultzatu dituzte azkenean, haien esperientzia, nahi eta beharrak abiapuntu izanik», Azkorraren arabera.
Hirugarren urratsean izan dituzte, nolanahi ere, buruhauste gehien. Aurreko bi faseetan ikasi eta hautemandakoa espresatu behar izan baitute: «Taldeak ikasitakoa hirira nola atera, nola antolatu, erabaki behar izan du. Herritarrekin truke moduko bat egitea da kontua». Lucia Antonini artistarekin gizarte-antolamenduak sortzen dituen hierarkiak zalantzan jartzen ikasi dute, baita sormena kolektibotasunean garatzen ere. Harekin landu dute laugarren urratsa, proiektu nagusia. «Muxutruk» hitzan oinarrituta, lantaldetan banatu eta uztailaren 15ean kalera irten ziren, azken ekimen hori egiteko.
Denbora errealean hamaika esperientzia eta bizipen bizi izan dituzte parte-hartzaileek; eta haiek ahazturan ez geratzeko, minutu bakoitzean jazotakoa dokumentatzeko ahalegina ere egin dute, auzolandegiak iraun duen bitartean, Neokinok taldeak lagunduta. Argazkiak, bideoak eta istorio andana zintzilikatu dituzte, egunez egun berritzen joan diren blogean, eta, saiakera hori ere, proiektuaren helburuak lortzeko beste ekimen baten gisa ikusi du Azkorrak, baita antolatu dituzten bestelako hitzaldi, txango eta tailerrak ere.
Errepikatzeko modukoa
Urterik urte abagunera egokitzen jakin duten arren, Dinamik(tt)ak ez da proiektu berria. Arrakasta eta emaitzen fruitu oparoa ikusita, bosgarren aldiz antolatzea erabaki baitute; azken biak, Artiumen. «Batxilergo artistikoa edo etorkizunean ikasketak sormenarekin lotuta egin nahi dituzten gazteei zuzenduta dago auzolandegia», esplikatu du begiraleak. «Ondo pasatzeaz aparte, sormen prozesuan gauza asko ikasi dituztela aitortu izan digute gazteek, taldean lan egiten, batez ere. Institutu eta unibertsitateetan ez dute halakorik egiten».
Hala dio egun hauetan Artiumen izan den Algortako Adrian Sanchok (18). Han ikasitako guztiak Batxilergo artistikoko ikasketetan oso baliagarri izango dituela uste du; areago, hamabi egunetan urte osoan baino gehiago ikasi duela dio. «Artea gizartearekin lotzen ikasi dugu. Izan ere, artea ez dira bakarrik koadroak eta eskulturak, are zabalagoa da». Gorlizko Marinie Castañeda (18) ere iritzi berekoa da. «Denetarik egin dugu. Denbora librean ere ez gara geldirik egon, eta momenturo egitasmo berriak egiten eta asmatzen aritu gara». Beraiek proiektuan parte hartu duten lehenengo aldia da, baina berritasunak eskaintzen duen sentsazio kilikagarri hori baztertu gabe, aurreko urteetan parte hartu duten hainbat gaztek errepikatzeko beharra ikusi dute aurtengoan ere. Sormenari, egun batzuetan bada ere, lipar bat eskaintzeko.




