-

Iņaki Altuna

2010ko Uztailaren 16a

Udak aurrera egin ahala, jai giroa nagusitzen ari da bazter eta txoko guztietan. Jai egunak ditugu Euskal Herriko herri eta auzoetan, baina, haatik, jendearen bizipoza eta parranda gogoa baino kontu gehiago dago aipatzeko festen karietara, egoeraren eta errealitatearen ispilu ere baitira. Irakurketa orokorra egiteko ere laguntzen dute hilabeteotan hainbat festetan gertatzen ari direnek.

Iaz egin zuen modura, Adolfo Aresek zuzentzen duen Ertzaintzak presoen irudien eta elkartasun ikurren kontrako kanpainari ekin dio, festaz festa. Ezin esan, oraindik, iaz baino indar gehiago edo gutxiago jarri duen eginkizun horretan, baina, aldez aurretik, bi gauza behintzat badakizkigu: alde batetik, Barne sailburuak «terrorismoa» kaletik kentzeko konpromisoa berretsiko duela hitz handiekin, eta, beste batetik, presoen aldeko elkartasuna ez duela, horregatio, desagerraraztea lortuko. Oso adierazpen irmoak egin arren, iaz ere giltzapetutakoen argazkiak ezin izan zituzten ezabatu, ezta gutxiagorik ere. Batzuetan, polizien trabak eta jazarpena zela-eta, beste forma eta modu batera azaldu zen kolektibo horrekiko elkartasuna. Zenbaitetan, gainera, leku berrietara ere hedatu zen, debekuari aurre egiteko gogoak bultzatuta. Nolanahi ere, ezin izan zuten errealitate hori ezabatu, horretarako bide bakarra baitago, eta hori ez da, preseski, errepresio bidea.

Errepresioa, eskubide murrizketa -beste batzuen artean, adierazpen askatasunaren mugapena-, kontrol soziala... azken urteotan agintariek indartu nahi izan duten ereduaren osagaiak dira. Nonahi ditugu adibideak. Presoen argazkiekin gertatutakoa dugu horietako bat, baina beste eremu askotara ere zabaldu da askatasunari mugak jartzeko joera, festetako herri batzorde ugari gero eta gehiago pairatzen ari direnez. Euskal Herriko hiriburuetan eta beste herri mordoxka batean gertatzen ari dena ikustea besterik ez dago. Udaletxeetatik gero eta maizago eta zorrotzago ezartzen dituzte debekuak eta zigorrak.

Errealitate horrek badu, ordea, beste alde bat, oso bestelako alde bat: festa eremuan ahalik eta askatasun handiena izateko lanean eta, zenbaitetan, protestan ari diren herritarren borondatea. Iruñeko peñak ikusi ditugu azken aste honetan, eta beste festa batzuetako herri eragileak protesta egingo dutela iragartzen ari dira, Bilboko konpartsak adibide. Horrek ere irakurketa soziala eta politikoa merezi du: erakundeen asimilazioari eta askatasun murrizketei aurre eginez, beste eredu sozialak eta politikoak garatzeko borondatea duen herri mugimendua bizi-bizirik dagoela frogatzen dute jai herrikoien alde lanean dihardutenek. Orain arte izan den bezala -hor daude hamarkadotan gauzatutako milaka eta milaka ekimen eta herri proiektu-, etorkizunari begira ere herri mugimendua eta herri protagonismoa oso kontuan hartzeko faktoreak dira Euskal Herrian.

Herri protagonismo hori edozein eremutan izan daiteke funtsezko, baita lehen mailako eztabaida eta erronka politikoan ere. Prozesu demokratiko bat abiarazi behar dela eta jada lehen urratsak egin direla entzuten ari gara azken boladan. Prozesu demokratiko horrek aldaketa politikoa eta benetako egoera demokratikoa ekarri behar duela ere entzun dugu. Eta hori guztia behar bezala gara dadin eta norabide egokia izan dezan herria dela bermea esan digute.

Jaietatik hasita gatazkaren konponbidera iristea akaso urrutiegi joatea da. Baina, edonola ere, batean zein bestean, dela goi mailako politikan, dela han eta hemen gertatzen diren liskar txikietan eta ez hain txikietan, ereduen arteko talka dugu. Inposizioa eta mugak, alde batetik, eta partaidetza eta aukera aniztasuna, bestetik.