Beiruteko ikerketa zentro baten txostenean oinarrituta, egileak Palestinako emakumeen egoerari buruzko lana uruknet.net webgunean argitaratu du. Beatriz Moralesek itzuli du gaztelaniara, “Rebelion” aldizkari elektronikoan argitaratzeko, eta GAUR8-k honako laburpena egin du.
Stephen Lendman - Uruknet
2010ko Uztailaren 16a
Beiruten, Libanoko hiriburuan du egoitza Al-Zaytouna Ikerketa eta Kontsulta Zentroak. «Arabiar eta musulman munduei buruzko azterketa estrategikoak» egiten ditu, batez ere, Palestinako gatazkaren ingurukoak. 2010ean eman du argitara “Ez naiz gizaki bat" bildumako txosten berria, "Palestinar emakumeen sufrimendua Israelen okupaziopean", hemen aztertuko duguna.
Nahiz eta palestinar emakumeek jasaten duten sufrimendua apartekoa izan, erresistentziarako sekulako gaitasuna erakutsi dute. Pobrezia egoeran bizitzeak eragindako estresarekin bizi dira, etxeak bota dizkietela, lurrak suntsituta edo desjabetuta, seme-alabak gaixotuta, senarrak kartzelan daudela, gurasoak gero eta gaixoago dauzkatela. Hala ere, emakume horiek dira itxaropenaren hazia erein dutenak, gizartean duten funtzioa kale egin gabe betetzen dute eta politikan zein erresistentzian egunero esku hartzen dute. 1948an Nakba (Hondamendia) iritsi zenetik, oinarrizko giza eskubideak ukatu zaizkie, segurtasuna eta adierazpen askatasuna ukatu zaizkie, baita mugimendu askatasuna ere, ingurune seguru eta osasuntsu batean bizitzerik ez dute. Eta, batez ere, hezkuntza ukatu zaie, aurrera egin ahal izateko ezinbesteko tresna. Iheslari bihurtu dira: beraien herrialdean bertan batzuk; atzerrian, besteak. Eta gainean daramaten zama munduko beste edozein lekutako emakumeek daukatena baino handiagoa da.
Okupaziopean, egunero egin behar dute borroka, eusteko, bizirik ateratzeko eta beren etxekoei, seme-alabei, familiei, emazte moduan edo ama, zaindari, borrokalari, erizain, langile edo irakasle moduan eman dezaketen onena emateko. Urtero, Martxoak 8 Emakumearen Nazioarteko Egunean, emakumeen lorpen ekonomiko, politiko, kultural, zientifiko eta sozialak gogora ekartzen dira. Baina palestinarrentzat badago beste zerbait. Israelen okupazioaren aurkako borroka, galdutako eskubideen aldekoa eta ezarritako estutasunen aurkakoa ere hor daude. Azken muturreraino eramaten dituzte borroka horiek, palestinar emakumeen erresistentziarako gaitasuna. Izan ere, Israelek ezarritako mugaren ondoan bizi diren Gazako emakumeek, ama gazte batek esan zuenez, «begiak zabal-zabalik egiten dute lo, bihotza puskatuta dutela bizi behar dute, edozein unetan mina berriz izan dezaketela jakinda».
Emakume batek, egunero, Muhammad semeak behar dituen botikak bilatzen ditu. Erietxean daukate umea, baina bertan ez dute botikarik. Berak lortu behar ditu, nola edo hala. Ama batzuek beren etxekoen argazkiren batzuk baino ez dituzte, kartzelara eraman baitzituzten eta ez baitiete haiekin harremanetan jartzen uzten. Gazakoen zama handiagoa da.
Israelek 2003an onartutako lege baten arabera, Israelgo herritartasuna dutenek ezin dute emaztearekin Israelen bizi, andrea Gazakoa edo Zisjordaniakoa bada. Israelek aspaldi abian jarritako araua legeztatu du legeak. Hala, emakume asko ia etxetik irten gabe eta legearen aurka bizitzera behartuta dago, kalera irtenez gero atxilotu eta kanporatu dezaketelako.
Pobrezia, langabezia, eguneroko indarkeria, etxeen suntsiketak eta beti zalantzan bizi behar izatea ere palestinar emakumeen arazoen zerrendan ageri dira. Oinarrizkoena izan gabe bizitzera behartuta daude. Gauza guztiak falta dira, baita osasun zerbitzuak ere eta, horregatik, askotan beren burua arriskuan ipintzen dute, batez ere haurdunek eta gaixotasun larriak dituztenek.
Kontrolean erditzea
Maisoon Sale Najef al-Hajekek honela deskribatu zuen bere esperientzia: «2002ko otsailaren 25ean, gauerdian, erditu aurreko uzkurdurak hasi zitzaizkidan. Muhammad senarra esnatu nuen. Bere gurasoen etxera joan ginen, anbulantzia bat eskatzera. Ibilgailuak pasatzerik izan ez zuenez, senarrak bere anaiaren autoa hartu zuen, Nabuluseko erietxera joateko. Koinatua gurekin etorri zen. Huarako kontrol militarrera iritsi ginenean, Israeleko soldaduek geldiarazi gintuzten. Muhammadi autotik irteteko agindu zioten eta bere paperak begiratzen hasi ziren. Gero, koinatuari eta niri eskatu zizkiguten paperak. Gero, autoa bera miatu zuten, goitik-behera. Soldaduei esan genien nik lehenbailehen joan behar nuela erietxera, erditzera, uzkurdurak hasita zeudela-eta. Ezetz erantzun ziguten hasiera batean. Gero, sabela erakusteko esan zidaten, gezurretan ez nintzela ari ikusteko. Azkenean, ordubeteko elkarrizketa eta zalantzen ondoren, aurrera segitzeko esan ziguten. Aurreraxeago, kilometro bat egin baino lehen, tiroak entzun genituen. Tiro asko, autoaren aurrean. Autoa gelditu egin zen. Nire senarra jo zutela konturatu nintzen, bolantearen gainean baitzegoen. Eztarrian eta bularrean jo zuten. Odoletan zegoen».
Hildako jaioberriak
Metrailak eta kristalek Maisoon Sale Najef al-Hajek bera zauritu zuten eta, balek, koinatua. Uzkurdurak azkartzen ari ziren. Soldaduek autotik atera zuten, bere egoera aztertzeko arropa ken zezala agindu zioten eta lurrean utzi zuten, zaurituta eta erditzeko zorian. Azkenean, erietxera eraman zutenean, neska batez erditu zen, igogailuan. Senarra hil egin zen. Koinatuak koma egoeran berrogei egun eman zituen. Gertakizunak bere bizitza goitik behera aldatu zuen.
Ez da gauza bera gertatu zaion palestinar emakume bakarra. NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen goi-komisarioaren bulegoak, 2007ko otsailean, gaiari buruzko txostena argitaratu zuen: «Israelek jartzen dituen kontrol militarretan erditzen diren palestinar emakumeen auzia». 2000tik 2006ra gertatutako 69 kasu bildu zituen, Palestinako Osasun Ministerioko Informazio Zentroak emandako datuetan oinarrituta. Erditze horietan, 35 jaioberri eta 5 emakume hil egin ziren, osasun zainketarik ez zegoelako. Beste sei erditzetan, israeldarren gas toxikoek, tiroek edo jipoiek emakumeak zauritu zituzten.
Bigarren Intifada 2000ko irailean hasi aurretik, osasun zerbitzuetara iristeko hamabost minutu behar ziren. Hogeita hamar, asko jota. Geroztik, lau ordu behar dira, gehiago ez bada eta, behin baino gehiagotan, segurtasun indarrek bidea erabat ixten dute. Horregatik, emakume askok etxean erditzea erabakitzen du, batez ere herrixketan, nekazaritza giroko herrietan, erietxeetatik eta kontrol militar horietatik urrutiago baitaude. Hesiaren beste aldean bizi direnentzat, erietxera gauez joatea ezinezkoa da.
Heriotza arriskua
Rula Ishtaja erditzeko zorian zegoen, baina soldaduek ez zioten bidea zabaldu. Harkaitz baten atzera joan behar izan zuen, arrastaka, bakar-bakarrik erditzera, oihuka, inoren laguntzarik gabe. Bera bizirik atera zen, baina jaioberria ez. Gaur egungo Palestinan, adin jakin batetik aurrera, haurdun dauden emakumeen hirugarren heriotza faktorea haurdun egotea da. Haurdun geratzea, bizitza berria iragartzen duen poza izan beharrean, hiltzeko arrisku bihurtu da berriz ere.
Erditzea ondo ateratzen denean ere, hiltzeko arriskua ez da desagertzen. Ondorengo konplikazioak asko larriagotu daitezke, batez ere Gazan, Israelek ezarritako blokeoaren eraginez. Goseak, desnutrizioak eta ondo zaindu gabeko beste gaixotasunek beti larriagotzen dute egoera. Horregatik guztiarengatik, azken ikerketek esaten digute palestinar lurralde guztietako emakumeak heriotza burutik kendu ezinik bizi direla, babesgabe eta lur jota sentitzen direla, batzuetan koleratsu, besteetan beren onetik aterata. Gainera, muturreko pobreziaren eraginez, beren burua ez dute zaintzen, etxekoak zaindu ahal izateko. Hala ere, ez dute amore ematen.
Hezkuntza ere arazo bihurtu da, kontrol militarrengatik, alde batetik, eta eskola batzuk atxiloketa eremu bihurtu dituztelako, bestetik. Familia askok alaba etxetik irten gabe edukitzea erabakitzen dute, inork eraso ez diezaion. Beste kasu batzuetan, neskek eskola ikasketak amaitu aurretik uzten dute, etxean ekonomikoki laguntzeko. Neska gazteentzat, eskolatik kanpo ez dago ondo pasatzeko, esku-hartzeko edo norbere burua garatzeko aukerarik. Kasu batzuetan, familiak alaba lehenbailehen ezkontzera behartzen du, pobreziaren eraginez. Hala ere, ikasketa eta bertaratze indizeak gero eta hobeak dira. Horrek frogatzen du gogoa dagoenean, bidea aurkitzen dela. Gauza bera esan daiteke lan-indarrari dagokionez.
Etxekoak atxilotzen, zauritzen edo hiltzen dituztenean, palestinar emakumea biktima bihurtzen da. Emakumeak ere atxilotzen dituzte, segurtasun indarrei laguntza emanez etxekoen aurka egin dezaten, bestela etxea botako dietela esanez. Mehatxu okerragorik egiten ez badiete.
Um Mansur Shreimen tragedia paradigmatikoa da. Bakarrik bizi da, Israelek preso dituen bere hiru seme-alabak gogoan, senarra semeari bisita egitera zihoala kontrol militar batean hil baitzuten. Bihotzekoa emanda hil zen, israeldarrek anbulantzia iristea oztopatu zutelako. Hilabete batzuk lehenago, israeldarrek bere etxea bota zuten, semeetako bat atxilotu ondoren. Horrela zigortzen ditu Israelek palestinar familiak, kideren bat atxilotzen duenean edo haien bila dabilenean. Batek sufritzen duenean, guztiek sufritzen dute eta emakumeak dira kalte handiena jasaten dutenak senarra edo semea atxilotu edo hiltzen dutenean.
Politikan ere esku hartzen dute palestinar emakumeek. Manifestazioetan, ibilaldietan, era guztietako protestaldietan... zauritutakoei laguntzeaz gain. Erresistentzia armatuan ere esku hartu izan dute eta ez dute zalantzarik egiten beren burua arerioaren eta palestinarren artean jarri behar denean, nahiz eta emakumea bera hiltzeko arriskua ikaragarria izan. Politikan esku hartzea tradizio bihurtu da palestinar herrian. XIX. mendean abian jarritako tradizioa. Palestinar emakumearen erresistentzia, espiritua, ez da hilko herri ausart hori aske izan arte, bere etxean eta bere lurrean berriz aske izan arte, Palestina askatuan bizi arte.




