Nazio Batuen Erakundeak atera berri duen NBIP txostenak kaltetutako ingurumena berreskuratzearen aldeko apustua egiten du. Hori defendatzeko, txostenak argudio ekonomikoak erabiltzen ditu. Munduko punta batetik bestera, ondasun naturalen berreskuratzeak eta zainketak lanpostuak eta aberastasuna sortzen dituztela defendatzen dute.
Unai Belaustegi
2010ko Uztailaren 16a
Nazio Batuen Ingurumen Programaren (NBIP) arabera, galdu diren, galzorian dauden edo kaltetuta dauden ekosistemak -baso, ur gezetako mangladi eta hezegune, nahiz beste era guztietakoak- berreskuratzea irabazi ekonomikoak lortzeko, lanpostuak sortzeko eta pobreziari aurre egiteko irtenbide bat izan daiteke.
Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren harira aurkeztu berri duen txostenean, munduko ekosistemak berresku- ratzeko milaka proiektu bildu ditu. Hori gutxi balitz, alde positibo horiek erakutsiz, zenbait komunitate nahiz herrialdetako bizimoduak aldatzen ari direla ziurtatzen duten 30 berrikuntzatik gora azaltzen ditu txostenak.
Txostenaren izenburua «Planeta hila, planeta bizia. Bioaniztasuna eta ekosistemen berreskuratzea, garapen iraunkorrerako» da eta, hazkundearen eta garapenaren aurkako zerga bat jartzeko saioa baino gehiago, galzorian edo galtzeko arriskuan dauden ondasun naturaletan inbertitzeak etekin ekonomiko handiak eta gizarteari onura ikaragarriak sor diezazkieketela defendatzen da. Ondasun naturaletan inbertitzearen barruan sartzen dira, besteak beste, ibai eta lakuetarako emariak berreskuratzea, nekazaritzarako ezinbestekoak diren lurzoruen egonkortasuna eta emankortasuna hobetzea, eta, batez ere, atmosferarako karbono dioxido isurketak gutxituz klima aldaketaren aurka borrokatzea. Nazio Batuen Ingurumen Programatik gehienbat puntu horiek jorratu nahi izan dituzte.
Txostenak azpimarratzen duenez, ukitu gabe dauden ekosistemen zaintza eta babesa ezinbestekoak dira, baina munduko ekosistemen %60 baino gehiago -padurak, koral uharriak, oihan tropikalak eta, lurzorua, orokorrean- galbidean daudela ikusita, ekosistemok berreskuratzeak ere lehentasun erabatekoa behar dute. Ekosistemak berreskuratzeak eta birgaitzeak lanpostuak sortzen dituzte eta, NBIPen arabera, munduan ia mila eta bostehun milioi langabetu egonda, horrek arazo bat baino gehiago konponduko lituzke.
Beraz, ahalegin honek bat egingo luke nazioarteak 2010. urte honetarako bioaniztasunaren galera moteltzeko egindako apustuarekin. Horregatik, txostenean galdera zehatz bat luzatu dute: benetan merezi al du bioaniztasunaren aldeko apustuak?
Galderak berak zalantza askorik gabeko erantzuna dakarrela esango du batek baino gehiagok. Txostenean bertan, baiezko erantzuna ahalik eta modu zurrunenean demostratzen saiatu dira. Eta bide horretan, alderdi ekonomikoak erabateko garrantzia du. Nolabait, mundua kontzientziatu beharra badago, kontzientziazio hori ekonomiaren aldetik bideratu du NBEk.
Drakensbergeko proiektua
Oinarri zientifikoa duten eta oso ongi zehaztutako programen bitartez, eta hainbat komunitateren laguntzaz, gaur egun, oraindik, munduko ekosistemen %25 eta %44 bitartean berreskura daitezkeela esan du NBEk, bertan bizi diren animalia, landare eta bioaniztasunaren parte diren gainontzeko bizidunekin batera. Ideia hau Hegoafrikako Drakensberg izeneko mendietako ibaietatik hurbil galbidean dauden landa eta lur degradatuak berreskuratzeko egindako proiektu baten bidez azaldu dute.
Proiektu haren bitartez, Drakensberg inguruko komunitateei neguko emariak itzultzeko aukera egongo da, guztira lau milioi metro kubiko inguru. Gainera, karbono isurketak gutxitzeko eta lur emankorren galera murrizteko aukera ikusten dute. Proiektuaren kostua zazpi urtetan 3,6 milioi euro ingurukoa izango dela kalkulatu dute eta, urtero, proiektuari eusteko beste 800.000 bat euro beharko direla. Lanaren errentagarritasuna, ordea, urteko sei milioi euro ingurukoa izango litzatekeela uste dute adituek. Baliabide naturalen kudeaketetan aritzeko 300 lanpostu finkotik gora sortuko lirateke eta, beste hamaika lanpostu, ekosistema horiek berreskuratzeko lanetarako.
Ekosistemen berreskuratzea lan zaila da, ordea. Txostenean bertan, halako lanak ongi planifikatu eta burutzearen garrantzia azpimarratzearren, ekosistemak berreskuratzerako orduan onura baino kalte gehiago ekarri dituzten zenbait proiektu ere aipatzen dira. Ipar Amerikako karramarro konkretu bat Europako uretan sartu zutenean bezala. Karramarro hura Suedian sartu bazuten ere, 21 herrialdetako karramarroekin nahastu zen eta tokian tokiko espezieak galzorian utzi ditu. Orain, zenbait herrialdetan, izurri horren aurka gogor ari dira.
Achim Steinerrek, Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiaren laguntzaile eta NBIPeko zuzendariak zera esan du: «Planetaren azpiegitura ekologikoak gizadiari, urtero, 70 bilioi dolarreko balioa lukeen zerbitzua eskaintzen dio edo, agian, baita gehiago ere. Iraganean, inor ez zen kezkatzen zerbitzu horietaz eta herrialdeei ez zitzaien horren inguruko konturik eskatzen. Hori aldatu beharra dago».
Nazio Batuen Bioaniztasunaren Nazioarteko Urtea den honetan, NBIP txostenak «gobernuei, komunitateei eta herritarrei bi mezu argi zabaltzeko helburua du», Steiner-ek helarazi duenez. «Batetik, ondasun naturalekin egiten ari garen kudeaketa txarra garapena oztopatzen ari da. Oztopo horren ondorioak egun bizi dugun krisi ekonomikoak sortzen dituen galerekin aldera daitezke. Bestetik, guztionak diren zerbitzu hauek berreskuratzeko egindako planifikazio, inbertsio eta berrinbertsio egokiek errentagarritasun handia ematen dute eta, garrantzitsuagoa dena edo, agian, berebizikoa dena, bultzatzen ari garen eredu iraunkor baterako bidea erakusten digute», amaitu zuen Steinerrek, Kigalin (Ruanda), Ingurumenaren Urteko ospakizunen egoitza nagusian.
Ekosistemen berreskuratzearen gai honekin lotuta, NBIPeko enbaxadorea den Gisele Bundchenek eta bere aitak, euren sorterrian, Horizontinan (Brasil), 2008an Ur Garbia Proiektua martxan jarri zuten. Euren helburua ibaiertzak berreskuratu eta euren inguruan existitzen zen bioaniztasuna zaintzea izan zen. Bundchenen ustez, «ekosistemak berreskuratzearen inguruko NBIP informeak komunitateei euren etorkizuneko garapenean inbertitzeko dituzten aukerak erakusten dizkie». Zera gaineratu du: «Ingurumena berreskuratzea egungo nahiz biharko seme-alabei utz diezaiekegun gauzarik onena da. Beharrezkoa da mundu guztia sentsibilizatzen hastea, mundu zoragarri honetan bizia zaintzeko eta etorkizun oparo bat izateko eta, horretarako, gure eta gainontzeko sistema naturalen arteko loturez konturatu behar dugu».
Christian Nellemannek, NBIPeko GRiD-Arenaleko kideak zera adierazi du: «Ekosistemak berreskuratzea merezi du. Hezeguneetan eta basoetan inbertitzea ura tratatzeko plantetan inbertitzea baino 22 aldiz errentagarriagoa izan daiteke». Nellemannek, Norvegian, NBIPen barnean aurkeztu berri den «Erantzun Azkarra» informea bideratu du. «Gauzak ongi egin ditzagun, etorkizun luze baterako babesa eman diezaiogun eta behar den lekuetan behar diren legeak ezartzen saia gaitezen. Honelako proiektuen arrakasta eta etorkizunean emango dituzten onurak era horretara bakarrik ikusi ahal izango ditugu», esan du.
«Erantzun Azkarra» informe horretan, zenbait gomendio egiten ziren; garrantzitsuenak, agian, nazioarteko finantzazioez arduratzen diren erakundeei bideratutakoak izan dira. Besteak beste, ekosistemak berreskuratzea garapenerako laguntzak jasotzeko ezinbesteko baldintza izatea, elikagaien segurtasunaz, lanpostuak sortzeaz eta pobrezia gutxitzeaz gainera; estatu bakoitzak bere BPGaren %1 ingurumenaren eta baliabide naturalen kontserbaziora, kudeaketara eta berreskuratzera bideratzea; berreskuratze hori bildutako esperientzian oinarritua izatea, aurreikusi gabeko ondoriorik eragin ez dadin, izurri edo espezie inbaditzaileen zabaltzea kasu; lehentasuna bioaniztasunari eta ekosistemen kontzentrazio guneei ematea; eta, azkenik, ekosistemei kalte egin diezaieketen azpiegiturak eraikitzerakoan, kalteak ordaintzeko eta antzerako beste ekosistema bat berreskuratzeko diru funts bat bermatzea.
Munduko adibideak
NBIP txostenak, hasiera-hasieratik, ekologiaren aldeko apustua egiten du, baina apustu horretan ekonomia da oinarri. Ekosistemak berreskuratzearen alde egiterako orduan, argudio ekonomikoak ematen ditu. Nazioarteko erakundeak, «Ekosistemen ekonomia eta bioaniztasuna» (TEBB, ingelesez) ekimenaren bitartez, NBIPek eta beste milaka informe eta ekimenek babestuta, Lur planetaren ondasun naturalen eta horiek garapenean duten garrantziaz jabetzeko bide berria ireki dela defendatzen da. Eta zenbait datu esanguratsu ematen ditu: aurrez aipatu bezala, ekosistemek Ameriketako Estatu Batuei (AEB) eskaintzen dizkieten zerbitzuen balioa urtean 72 bilioi dolarrekoa izan daitekeela kalkulatu dute adituek, ia estatu hark urtero dituen sarrera gordinen baliokidea. Egin dituzten zenbait kalkuluren arabera, 2050. urterako, ekosistema jakin batzuen galerak munduko elikagai produkzioaren %25en galera ekarriko du.
Txostenean irakur daitezkeen adibideak asko eta modu guztietakoak dira, baina ingurumena lehenbailehen babesten hasteko beharra dagoela erakusten dute guztiek.
Hezeguneen balioa
Azken 100 urteetan, munduko hezeguneen erdiak (noizbehinka urez estaltzen diren eremuak) nekazaritzarako bideratu dira, eta hezegune horiek bakarrik eskaintzen dituzten zerbitzuen balioa 7 bilioi dolarrekoa da, adituen arabera. AEBetako kostaldeko hezeguneen balioa, berriz, 23.000 dolarrekoa da. Indian, bestalde, biztanleak ekaitzetatik babesten dituzten mangladiei esker, ekaitzek etxeetan eragiten dituzten kalteak 153 dolarretik 33 dolarrera murrizten dituztela kalkulatu dute.
Ekosistema asko izurriak modu naturalean kontrolatzeko oso erabilgarriak omen dira eta, zinez, kafe, te edo mango laborantza zenbait txori eta intsekturen polinizazioak ematen duten kontrolari esker bakarrik da posible. Munduan, erleek eta gainontzeko intsektuek egiten duten polinizazioari esker, esaterako, nekazaritza produkzioaren balioa 153.000 milioi dolar handiagoa da.
Kenyan dagoen Mau izeneko basoak ematen dituen zerbitzuek, alegia, energia hidroelektrikoa, ur edangarria, tearen industriarako beharrezkoa den hezetasuna eta turismoa erakartzen duten ur emariak (Massai Mara edo Nakuru Lakua), urtero, 320 milioiko balioa sortzen dutela kalkulatu dute, baina erabili ahal izateko, baso horiek zaindu egin behar direla ohartarazi dute. Basook arrisku larrian daude, besteak beste, zuhaitzak moztu eta euren ordez te sail gehiago landatzen ari direlako.
Gaur egun, munduan erabiltzen diren ur gezaren erreserben %75 basoetatik dator, txostenaren arabera. Zenbait hirik, Rio de Janeirok, Johannesburgok, Tokiok, Melbournek, New Yorkek edo Jakartak, esaterako, euren inguruan dituzten basoetatik ateratzen dute beharrezkoa duten ur edangarria. Guztira, munduko 100 hiri handienetan gertatzen da gauza berbera.
Venezuelan, adibidez, babestutako naturgune horiengatik ez balitz, ibaiek sortzen duten higadurak nekazaritzatik eta abeltzaintzatik lortzen diren irabazietan 3,5 milioi dolarreko murrizketa eragingo luke.
Lehen mundua bezala ezagutzen dugun honetan bizi den populazioaren %80k, osasuna zaintzeko, zuzenenean landareren bat edo beste erabiltzen du, eta mundu osoan salgai dauden botiken lautik hiru landareetatik zuzenean ateratako osagaiekin egiten dira.
Ingurumenaren suntsiketa, ekosistemen galera barne, hondamendi naturalen ugalketa ekartzen ari dela salatu dute NBIPeko arduradunek. Uholdeek, lehorteek, edota ur mailen bat-bateko igoerek urte osoan 270 milioi pertsonari eragiten diete eta 124.000 pertsona hiltzen dituzte; horietako %85, Asian.
Ingurumena babesik gabe
Txostenaren egileek hasiera-hasieratik defendatu dutenez, ekosistemak zaintzea galdutakoak leheneratzea baino askoz merkeagoa da. Parke naturaletan eta antzekoetan egiten den lana «kontserbazio efektibo» gisa deskribatu dute, baina arazoa horixe bera da: Lur planetako oso eremu txikiak besterik ez daudela babesturik: kontinenteen azalera osoaren %13 besterik ez, kostaldeen %6 eta itsasoen %1. Eremu hauetatik kanpo geratzen dira, beraz, munduko zaindu beharreko leku gehienak. Galzorian dauden ekosistemak leheneratzea haiek kontserbatzea baino hamar aldiz garestiagoa dela dio NBIPek, baina, hala ere, txostenaren egileen ustez, berreskuratutakoan, ekosistema horietatik aprobetxatuko dituzten zerbitzuen erabilpenari esker, edozein inbertsiok errentagarriago izaten jarraituko du. Izan ere, demostratzen saiatu direnez, ongi planifikatutako ekosistemen berreskuratzeetatik lortzen diren irabaziak, kostuak baino 25 aldiz altuagoak dira.
TEEBen hasierako ikerketen arabera, landa eremuak eta basoak berreskuratzea da, kostuen eta irabazien arteko konparaketan, emaitzarik onenak ematen dituena. Dena den, Nellema-nnek gauzak ongi egin beharra dagoela nabarmendu du: «Harrituta gaude berreskuratzeak aurrera eraman diren lekuetan hango jendeak lan hauei eman dien babesarekin. Babes hori garrantzitsua da, baina lana ongi egin beharra dago». Eta ongi egindako zenbait lanen adibideak aipatu ditu.
Turkia eta Vietnam
Istanbulen (Turkia), azken hogei urteetan, tratatutako urak erabiltzen dituztenen kopurua ehunka milaka gutxi batzuetatik 9 milioitara igo da, populazioaren %95era. Hau lortzeko, ibaiertzak garbitu, kutsatzen duten industriak beste leku batzuetara mugitu, urak tratatzeko azpiegiturak eraiki eta ibaien inguruetan landaredia berreskuratu dute.
Vietnamen, 12.000 hektareatan mangladiak landatzeak eta babesteak, milioi bat dolarretako kostua izan du eta horrek, urtero, dikeen mantentzean gastatzen ziren zazpi milioi dolar aurreztea ekarri du, esaterako. Indian ere antzerako zerbait gertatu da.
Andhra Pradesh-eko 500 hektarea mangladidun berreskuratzeak hiru milioi eurotako kostua ekarri du, baina horrek jangarriak diren karrama- rroen populazioa ugaritzea eta behientzat belar gehiago haztea ahalbidetu du, aniztasun biologikoa bultzatzeaz gain (mota askotako txoriak eta ugaztunak ugaritu dira). Gainera, bertako biztanleen baliabide ekonomikoak handitu ditu.
Aitzakia gutxi
Eta hainbeste adibideren artean, Tanzaniako Shinyanga lakuaren kasua ere agertzen da. Victoria lakuaren hegoaldean dagoen eremu horretan, bertako baso mozketaren eta lurrak nekazaritzarako erabiltzearen ondorioz, ingurumena ia erabat suntsitzera iritsi ziren. «Tanzaniako basamortua» bezala ezagutzen da leku hura, baina 18 urtez luzatuko den proiektu bat jarri dute martxan, baso eremuak ugarituz eta lurraren errentagarritasuna handituz, bertako nekazarien egoera hobetzeko asmoz. 350.000 hektarea landatu dira, 2,8 milioi pertsona bizi diren eremuan.
Tanzaniako Gobernuak eta Ingurumen eta Baliabide Naturalen Kontserbaziorako Nazioarteko Batasunak egin dituzten ikerketen arabera, proiektu honen abantailak ikaragarriak izan dira, eta bertako biztanleek euren elikaduran ere igarri omen dituzte abantailok. Hobeto jaten omen dute, eta osasuntsuagoak omen dira. Ikuspuntu ekonomikotik begiratuta, berreskuratze horren onura ekonomikoak, hilabeteko eta pertsonako, 14 dolarrekoak dira.
Nazioarteko klimaren inguruko akordioen bitartez, herrialde garatuak hirugarren mundu deituriko herrialdeetan dauden altxor ekologikoak babesteko saiakerak egiten ari dira. Esaterako, leku batzuetan, basoak moztu beharrean haiei eustea errentagarriagoa izaten ari da.
Basoen mozketa eta horrek eragiten duen kaltea ekidinez gero, munduan berotegi efektua eragiten duten gasen isurketa 1.500-2.700 milioi tona inguru murriztuko litzateke. Horrek, urtean, 17.000 eta 33.000 milioi dolar bitarteko kostua izango lukeela kalkulatu dute, baina epe luzera, irabaziak 3,7 bilioi dolarrekoak izango direla kalkulatu dituzte.
NBIPen informe hau ez da denen gustukoa izan eta kritikak ugariak izan dira. Askok diote egungo sistema kapitalistan oinarritzen den munduko ordena aldatu ezean, halako konponbideak ez direla benetakoak. Eta txostena bera nondik datorren ikusita ere, benetako iturri kutsatzaileak zeintzuk diren ez direla argi eta garbi azaltzen salatu dute. Ahots kritikoenen esanetan, multinazional handiak eta interes ekonomiko ikaragarriak daude guztiaren atzean eta horiei ez zaie aipamenik egiten. Ingurumenaren «ehiztariak» ez direla txostenean agertzen, arazoa azaletik aztertzen ari direla, eta informazio guztia ez dela ematen dioenik ere bada. Alegia, talde interesatuei kalterik ez egiteko, txostena egiterako orduan lortu duten informazio guztia ez dela kaleratu. Finean, nazioartean aurpegia zuritzeko beste trikimailu bat besterik ez omen da txostena.
Kontuak kontu, Lur planeta babesteko zerbait egin behar dela dioten ahotsak gero eta gehiago dira. Ahots horiek ingurumena babesteak, zaintzeak eta etorkizuneko biztanleei modu egokian lagatzeak errentagarritasunarekin zerikusirik ez duela adierazi dute. Dena den, adituen arabera, ingurumena babestea ekonomikoki errentagarria izan daiteke, beraz, aitzakia bat gutxiago, kutsatzen jarraitzeko.




