-

Joxe Rojas

2010ko Uztailaren 09a

Euskarazko komunikazioaren inguruko uda ikastaroa antolatu zuen aurrekoan Soziolinguistika Klusterrak. «Euskara Komunikatu, Nor-Nori-Nork?» jarri zioten izena. Eta, egia esan, euskalgintzan gabiltzanok dezenteko egurra jaso genuen hitza hartu zuten komunikazio adituen aldetik. Izan ere, hiru galdegai horietan ikusi zituzten arazo larriak euskararen inguruko mezua gizarteratzeko orduan.

Nor (edo zer) atalari dagokionez, euskararen inguruko mezuak akats larriak dituela azaldu zuten ikastaroan. Ez dago mezu argirik, ez dago euskararen inguruko komunikazio estrategia zehatzik, eta euskalgintzako eragileetako bakoitza bere kasa eta noraezean dabil. 'Kanpainaka' funtzionatzen da, eta kanpaina bakoitzak sortu ditzakeen irudi positiboak kanpaina bukatutakoan amaitzen dira, ez baitira marka edo mezu zehatz baten inguruan 'pilatzen'. Konponbide gisa, lehen begiradan kontrajarriak diruditen bi proposamen egin zituzten hizlariek: batetik, euskararen inguruko politika transbertsal baten beharra, bizitzako arlo guztiak busti eta hizkuntza lehen planora ekarri beharko lukeena, eta bestetik euskara apolitikoa, uste batekoek zein bestekoek beren egiteko modukoa.

Nori zatiari erreparatzen badiogu, berriz, informazioz eta publizitatez gainezka dagoen publiko bati zuzendu behar gatzaizkio. Beste igorle askorekin lehiatu behar dugu arreta gureganatzeko, gainera, eta haietako batzuk oso indartsuak dira eta, gainera, euskara posizio edo irudi jakin batekin lotu nahi dute espresuki. Horren aurrean, mezu propioa (eta bakarra) garatu eta hori zabaltzeari ekin besterik ezin da egin, besteen erasoei erantzuten indarrak galdu gabe. Lehiakideei uzten badiegu gure komunikazio estrategia markatzen, akabo. Hori bai, mezu bakarra eramateak ez du esan nahi beti eta edonori gauza bera esango diogunik. Mezua moldatu daiteke (moldatu egin behar da!) hartzailearen arabera, baina oinarrizko ideia beti bera dela.

Nork geratzen zaigu beraz. Zeinek zabaldu behar du euskararen inguruko mezu hori? Euskalgintzako eragileek, noski, baina baita euskalgintzatik kanpokoek ere. Arestian aipatu bezala, euskarak komunikazio estrategia transbertsala behar du, eta beraz, mezua edozein dela ere, arlo guztietako eragileek hartu beharko lukete parte haren zabalkundean: lantegiek, herri erakundeek, hedabideek, kirol taldeek... Horrekin lotuta, behin eta berriro aipatu zuten adituek 'cobranding' kontzeptua: hots, marka bat (euskararena, kasu honetan) hainbaten artean sortu eta 'elikatzea', haren irudia ondo finkatzeko 'kontsumitzaileen' artean. Baita win-win estrategiak ere, alegia: garaia dela elkarri mokoka aritzeari uzteko eta eragile guztiek zerbait irabazten duten formulen bila hasteko. Pentsatzekoa denez, ez da batere kontu erraza, baina ezinezkoa ere ez da, eta gure artean bestelako elkarlanak hasteko modu ezin egokiagoa izan daiteke errezeloak alde batera utzi eta batzen gaituen interes komunari begira lankidetzan hastea. Lehian arituz gero, batez ere inguratzen gaituzten hizkuntzen komunikazio ahalmenari erreparatuta, sekula ez dugu aurrerapausorik egingo.

Gauzak hobetzeko modua badago beraz, orain ea nor ausartzen den katuari joarea ezartzen...!