Herritarren parte-hartzea eta gizarte hirigintzari buruzko I. Jardunaldiak egin berri dituzte Donostian. Hiria kolektiboko kideak bertan izan dira. Gizartearen eta generoaren begietatik begiratzen diote hirigintzari. Diziplinaren berrikuspena egitea beharrezkotzat jotzen dute eta bizilagunen parte-hartzea ardatz duen hirigintza proposatzen.
Xole Aramendi
2010ko Ekainaren 11a
Ingurura begiratu eta kale kantoiak, eraikinak, plazak... ikusten ditugu. Hiritarrak batetik bestera. Eguneroko zereginei lotutako joan-etorri bizkorrean batzuk, aisialdiaz lasai gozatzen besteak. Begira diezaiegun gure hiri, herri eta auzoei beste modu batez. Lasai eta gustura bizi al gara? Seguru sentitzen al gara? Egunerokoan behar ditugun azpiegiturak eskura al ditugu? Nahi ditugun ekintzak egiteko aukera eta tokia aurkitzen al dugu gure inguruko plaza eta kaleetan? Gure bizilagunak ezagutzeko aukerarik ba al daukagu etxe inguruan? Umeek jolasten al dute? Adinduek etxeko aulkia jaisten al dute kalera?
Galdera guzti hauek egiten dituzte Amaia Albeniz, Oihane Ruiz, Ane Alonso eta Koldo Telleria arkitektoek. Laurek osatzen dute Hiria kolektiboa eta hirigintza aztertzerakoan generoa eta gizartea hartzen dituzte ardatz.
Generoa faktore erabakigarria da euren ustez, denok aukera eta eskubide berberak izango ditugun hiria proiektatzerakoan. «Hirigintzaz eta generoaz hitz egiten dugunean bizitzeko egokiak diren hiriak eraikitzeaz ari gara; hiri abegitsu, atsegin, bero eta toleranteez. Erritmo indibidualak eta kolektiboak bateratzen uzten duten hiriez ari gara, espazio eta eraikin publiko guztietara pertsona guztiek sarrera izatea bermatuko duten hiriez, memoria historikoa baloratu eta inguruarekin harmonia bilatuko dutenez», azaldu dute.
Gizarteko beste hainbat alorretan bezala, gizonezkoen esku egon da hirigintza. «Eurek esklusiboki diseinatu, pentsatu, irudikatu eta eraiki dituzte hiriak. Emakumeak, salbuespenak salbuespen, XX. mendearen amaiera arte ez dira sartu esparru horietan», gogorarazi dute.
Horren aurrean, «gizon-eredua neutro eta unibertsaltzat jotzen duen objektibotasun faltsua atzean utzi, eta bizitza-ereduen aniztasuna, ezberdintasuna, ñabardurak eta subjektibotasuna baloratu beharraz» ohartarazi du Hiria kolektiboak, hirigintzaren gaineko ikuspegi konplexu eta aberats eta dinamiko bati helduz.
Hirigintza diziplinaren berrikuspen bat egitea ezinbestekotzat jotzen dute arkitektoek. «Oraintsu arte gizonezkoek ia inolako lan ugalkorrik egin ez dutenez, hiriak horren isla dira. Lan produktiboaren neurriz kanpoko balorazioa gainditu eta eguneroko bizimoduari balio handiagoa eman behar diogu. Izan ere, lan produktiborako baldintza egokienak sortzea bezain garrantzitsua da lan ugalkorra -haurrak zaintzea, erosketak, egitea, otorduak prestatzea, nagusiak medikuarengana eramatea...-. Eta guztiz beharrezkoa da parte-hartze prozesuetan indarra, denbora eta dirua jartzea».
Batetik, guztiontzako eraikitako hiri eta herrietan eguneroko bizimodurako beharrezko diren azpiegiturak eskura izan behar dira. Garraioa lan ugalkorrari zein produktiboari egokitua izatea ezinbestekoa da. Baita segurtasuna ere. Azkenik, emakumeek hirian duten presentzia sinbolikoa areagotu egin behar da arkitekto talde honen ustez. «Izan ere, oroimen antolatua da hiria Annah Arendt filosofoaren arabera», adierazi dute.
Diseinuak, gestioak eta ikusmoldeak erabakitzeko moduak aldatu egin behar dira, birdefinitu eta berritu. «Gehienetan, hiri-proiektu handiak eta herritarren beharrak ez datoz bat. Gizon-emakumeen berdintasuna dela, arrazen artekoa dela, gizartearen zahartze prozesua dela, ingurumenarekiko errespetua, teknologien erabilera edota gure hiriak kultura askotarikoak direla».
Egungo hirigintzaren erronka nagusia ez dago makroproiektuetan, herritarrentzat «bizitzeko hiri atsegina eta eskuragarria ehuntzean baizik», adierazi dute Hiria kolektiboko kideek.
Espazio kolektiboa
Espazio kolektiboa herritargo konplexu eta pluralari galdeginez adostu eta diseinatu behar dela nabarmendu dute. «Benetako parte-hartzea sustatuko duten tresna eta mekanismoak asmatu behar ditugu, prozesu parte-hartzaile errealak sustatu behar dira. Horiek bai beharrak identifikatzerakoan, bai espazioak sortzean, bai guztion artean partekatzen ditugun lekuen kudeaketan landu behar lirateke», diote.
Hau hobeto ulertzeko, parte-hartzea zer ez den azaldu dute: «Ez da espazio publikoa diseinatzen eta gestionatzen jarraitzeko gainditu behar den urrats burokratiko bat; ez da kontsulta-galdetegi huts bat; ez da azterketa sozialik egin gabeko prozesua, ez da diseinu bat edo bestea aukeratzea; ez da arkitektura lehiaketa baten aurrean egiten den bozketa», argitu dute.
Herritarren parte-hartzea formazio, hausnarketa eta iritzi-emate prozesu bat da, beraien iritziz. Hau guztia ardatz izan zuen lehen jardunaldia egin zuten Donostiako Arkitektura Fakultatean maiatzaren 20an. Esparru teorikoa azaldu eta hirigintza parte-hartzailearen adibide zehatzak erakutsi zituzten ikuspuntu arkitektoniko eta soziologikotik. Teoria praktikara eramateko asmoz, jardunaldiaren testuinguruan, CAVIAR (Calidad de Vida en la Arquitectura) ikerketa taldeak, EHUko Arkitektura sailarekin, Hiria kolektiboarekin eta Herrerako Herripe auzo elkartearekin batera, Estatu espainoleko ikasle eta lizentziadun berriei zuzendutako ideia lehiaketa antolatu du.
Bertan, Donostiako Herrera auzoko industriagune baterako proiektuak proposatuko dira. Bi fasetan garatuko da: lehena datorren uztailean bukatu da. Orduan Pasaian egingo duten «Arkitektura kolektiboak» izeneko topaketetan erakutsiko dituzte jasotako proiektuak. Hala, auzotar eta herritarren iritzia jaso ahal izango dute. Proiektuaren ondorengo garapenean, lehiakideek beharrezkoa izango dute hiritarren ideiak jaso eta bereganatzea. Azken lanak urrian entregatuko dira. Epaimahaikoek erabakia hartu eta auzoan ospatuko duten ekintza kolektibo batekin bukatuko da lehiaketa.
Koldo Telleria, Hiria kolektiboko arkitektoa, prozesuan parte hartzen ari da. Aurretik badu esperientziarik era honetako egitasmoetan. «Hernanin, urte eta erdiko prozesuaren ondoren, zortzi puntu arriskutsu eraldatu zituzten herritarrentzat seguruagoak izan zitezen. Hiri debekatuaren mapatik hasi eta herria eraldatzeko lanekin bukatu zen prozesua, genero ikuspuntutik eguneroko bizitzarako egokiagoak izan zitezen», kontatu du. Donostiako Herripe auzo elkartearekin elkarlanean ari da orain. «Udalak Herreran egindako PERIan (Plan Berezia) bial bat aurreikusi zuen. Auzo elkarteko kideek alternatiba bat proposatu nahi zuten eta gugana jo zuten. Ordurako proiektua onartuta eta lanak esleituta zeuden. Ezer aldatzea zaila zela ikusi arren, gaur egun harrigarria den herri mugimendu indartsua ikusteak aurrera egitera bultzatu gintuen», azaldu du.
Jende asko bizi den gunea da, eta batetik bestera oinez joatea ezinezkoa da. Gainera, azpiegitura handiz inguratuta dago. «Diputazioa biribilgune handi bat eta autobiderako lau erraildun sarrera-irteera ari zen planteatzen. Eta egungo plaza desagertuko zen. Biala egin gabe, beste modu batera antolatzeko eskatu ziguten Ager Iñarra eta niri. Herrera, San Pedro eta Trintxerpeko eremuak hartu eta azpiegituren azterketa egin genuen: Renfe, portuko sarrera-irteerak... dena berrantolatu genuen lehentasuna oinezkoari emanez. Azpiegitura maila bat sortu genuen eta horren azpitik jarraipena zuen herria. Era horretan, Herrera -gaur egun isolatuta dagoena- inguruko auzoekin oinez komunikatzea lortu dugu».
Bere garaian, N-I errepidea eraiki zenean errekastoari bidea itxi egin zioten horma batez. «Gure proposamena da horma bota, zubia egin, erreka berreskuratu eta inguruan parke bat egitea, aldian behin uholdeak egongo diren jakinean», gaineratu du.
Ezin izan zuten bialaren obra gelditu, baina lortu zuten Diputazioak alternatiba kontuan hartzea -proiektua oraindik zehazteko fasean zegoen-. «Ondorioz, lau errail eraiki ordez bakarra planteatu, eta loturak asko sinplifikatu dira. Herritarrak ez dira asebeteta geratu, biala hor baitago, baina gauza asko lortu dira», gaineratu du Koldo Telleriak.
Haren esanetan, Administrazioarentzat -Donostiako Udala, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Diputazioa tartean egonik- zaila da adostasuna lortzea eta proposamena auzotarrengandik zetorrenez, errazagoa izan da onartzea, jakinik bizilagunen adostasuna izango duzula».
Bidea ez zen hor agortu. «Orain zer egin? galderaren aurrean ideien tailer bat egin genuen. Herritarrei hirigintza genero eta gizarte ikuspegitik begiratzen erakutsi genien eta informazio teknikoa eman gaur egun auzoko puntu desberdinak Donostiako plangintzarekiko zein egoeratan dauden azalduz. Ikusi zen industriagunea dagoen tokian etxebizitza eraikinak egitea planteatzen duela. Erabilerak eta dentsitateak, bai, definituta daude baina oraindik zehaztu gabe dago nolakotasuna. `Udalak kantitatea zehaztu du, har dezagun guk kontuan kalitatea', planteatu genien. Udalak plana egin aurretik proposamena egitea da helburua», dio.
Hirigintza parte-hartzailea sustatzeko, lehiaketa deialdia egin dute. «Udalak zehaztu dituen kopuruak eta auzotarren nahiak uztartu beharko dira», gaineratu du. Nahi duenak esazu.org orrian kontsulta ditzake lehiaketaren oinarriak.
Ziriza etxean
Datorren uztailaren 19tik 23ra Pasaiako Ziriza etxean izango da «Arkitektura Kolektiboak» jardunaldietan hirugarren edizioa. Katalunian eta Caceres-en izan dira aurreko biak. «Profesionalak elkartuko dira Administrazioaren eta gizartearen arteko lotura bultzatuz bide berriak egin eta sare berriak sortzeko. 100 pertsonatik gora bilduko dira, horien artean eragile asko. Batetik, elkar ezagutzeko topaketak dira. Horrez gain, Ziriza eraikinaren erabilera bultzatu nahi da. Etxea hutsik dago eta botatzea planteatzen denez, astebetez modu gestionatu batean erabiliko da. Bertako kolektiboei ere eskainiko zaie», kontatu du Telleriak.
Jardunaldien barruan dozena bat tailer antolatuko dira. Hiria kolektiboak Pasaiako badiaren inguruan antolatu du horietako bat. «Badiaren kontzeptua landuko dugu. Egin diren proiektu denak kanpotik etorri dira, instituzioetatik. Bertakoek proposatutakoak udalerri bakoitzaren barrutira mugatzen dira, ez dago badiaren ikuspegi orokor bat. Badiaren inguruan zerbait esan edo ekarpena egin nahi dutenak gonbidatuko ditugu. Astebetean ezin da parte-hartze prozesu egoki bat egin, baina sor daiteke talde bat aurrerantzean lanean aritzeko asmoz».




