Hautaprobak eta Baxoa -

Maider Iantzi

2010ko Ekainaren 04a

Carmen Gonzalez Murua, EHEko Akademia Antolakuntzarko Errektoreordea

Selektibitatea baino, hobeki da Carmen Gonzalezentzat sarrera proba deitzea, hainbat gradutan unibertsitatera nola sartu finkatzen baitu. Bere ustez, aurten martxan jarriko duten proba berriari esker, bokaziozko ikasleak izanen dituzte edo, behinik behin, ikasleak hobeki sailkatuko dituzte titulazioetarako.

Akademia Antolakuntzako errektoreordeak azaldu duenez, azterketa berri honetan bi proba mota daude: orokorra eta espezifikoa. Orokorra beti bezala baloratzen da: batxilergoaren notak %60 balio du eta selektibitatekoak %40. Bost bat aterata unibertsitatera joateko gai zarela erraten dizute. Hori bai, titulu eta unibertsitate bakoitzean zenbat ikasleentzako lekua dagoen finkatzen dute eta gerta daiteke eskaintza baino eskaera gehiago egotea. Horretarako dago proba espezifikoa. Bertan, galdera eta notek zerikusi handiagoa dute zure titulazioarekin eta hauek ongi egiten badituzu gaitasun handiagoa izanen duzu titulaziorako. Horri garrantzitsua deritzo, gaur egungo unibertsitateko gauza ikaragarrietako bat eskola porrota baita.

Proba berriak unibertsitateko sarrera eta onarpena bereizten ditu, beraz: sartzeko bostarekin nahikoa da, baina onartzeko ikasleak ordenatu egiten dira. Bere ustez, prozesu berri honen benetako balioa ikasleak horrela ordenatzea da.

Bertze alde on bat unibertsitateen autonomia litzateke. «Askotan esaten dugu hemen unibertsitate autonomia egiten dugula, tituluetako ikasgaiak ezberdin puntua ditzakegulako, lekura egokituz».

Proba berri hau ez da Batxilergoko ikasleentzat soilik, Lanbide Heziketakoentzat, 25 urtetik gorakoentzat, lan esperientzia duten 40 urtetik gorako pertsonentzat eta 45 urtetik gorakoentzat ere bada. «Aldaketa honetan, ez azterketetan bakarrik, unibertsitatean (nik ez nuke Bologna aipatuko, Unibertsitatea 2015 baizik) campusa zabalik dago zentzu guztietan. EHUko Donostiakoa campus modernoaren prototipoa da. Psikologia fakultatearen parean etxebizitzak daude eta haurrak jolasten dira. Hiriak unibertsitatea bizitzen du, unibertsitatea hiriaren parte delako. Akademikoki eta intelektualki gauza bera gertatzen da, nahi duzun adina aldiz etor zaitezkeelako unibertsitatera, nahi duzun adinean».

EHUko ordezkariaren arabera, unibertsitatea librea da, eta gradua arrakastaz buka dezaketen ikasleek lekua izanen dute bertan. Prestatutako pertsonak beren gaitasun intelektualengatik soilik ordenatzen dituzte. Aukeratutako gradura egokitutako ahalmenagatik. «Unibertsitate publikoa gara, eta, beraz, gizarteak emandako diruarekin ikasleen emaitza aurreikusitakoa izateko ardura dugu. Horregatik diot unibertsitatea librea dela, baina pertsona bakoitza beretzat aukera hoberena denera bideratzen du».

Baina, justua al da gaitasun hauek egun gutxi batzuetako azterketen bidez neurtzea? Gonzalez Muruaren arabera, hori iruditzen ahal zaigu, azterketa batean jokatzen dugula dena, baina ez da egia. Azterketak egin dituzte batxilergoko bi urteko noten eta sarrera proben arteko harremana ikusteko, eta korrelazio zuzena dagoela baieztatu dute. Hau da, ikasleak ordura arte erantzun duen bezala erantzuten du, nahiz eta hamarren batzuk gutxiago lortu tentsioagatik.

Azterketek ikasleak testuak buruz ikastera bultzatzen ez ote dituzten galdetuta, hor urratsak eman behar dituztela onartu du. «Graduak antolatzeko plan berria bide horretan doa. Garrantzitsua da gure unibertsitatea ikertzailea izatea, irakasleak egokituta egonen direlako eta arazoak pentsatzeko eta konpontzeko heziko dituztelako pertsonak. Gaitasunak landu behar dira ezagutzak baino gehiago».

Zer egin daiteke sistema hobetzeko? Graduko titulazio guztiak urtero-urtero baloratzeko konpromisoa hartu dute. Bestalde, «unibertsitateak ahalegin handia egin du gizartearekin eta ikasleekin komunikazio bide gehiago irekitzeko. Eta sarrerako probaren kontuarekin inoiz baino gehiago hitz egin dugu jendearekin informazioa ailegatu dadin». Garrantzitsua deritzo Carmenek neurtzeari, non zauden jakin eta beti maila bat igotzeko, pertsonalki, ez ondokoarekin lehian. «Gizartearekin, herri gisa iritsi behar dugu».

Edurne Larrañaga, Euskal Herriak Bere Eskolako ordezkaria

EHBEren arabera, beharrezkoa da proba hauen gaineko hausnarketa sakona egitea. «Hezkuntza sistema arrotzen inposaketaren adibiderik gordinena direla kontutan hartuz, herri gisa jarrera komuna definitu behar dugu», nabarmendu du Edurne Larrañagak. Bakoitzak bere ikuspegia izanen badu ere, Hezkuntza Sistema Nazionalaren alde dauden herritar, sektore eta eragileek lan ildo zehatzak mahai gainean jarri behar dituztela pentsatzen du, egungo hautaprobei aurre egin eta bestelako eredu bat egunez egun eraikitzeko.

Defendatu duenez, ikasleak dira subjektua eta beraiek barneratu beharreko gaitasunek egon beharko lukete erdigunean. Beste gauza bat da hori nola baloratuko den. Gero eta gehiago dira ebaluazio jarraituaren aldeko apustua egiten dutenak.

Herri mugimendu honek hautaproben eta baxoaren gaineko ikuspegi kritikoa du. Eta baieztapen horretara iristeko, hiru aldagai izan ditu presente.

Lehenik eta behin, kultur ikuspegia. «Curriculum espainiarraren zein frantziarraren araberako ezagutzak baloratzen dira bereziki. Baxoan, euskarak ez du tokirik ere. Selektibitatean, berau euskaraz egin bagenezake ere (askotan probak gaizki itzulita edota modu desegokian idatziak daudela) guztiz iraingarria iruditzen zaigu hizkuntzaren beraren azterketak zein maila lantzen duen. Horretaz gain, gure herriaren gainerako ezagutzak ez dira kontuan hartzen».

Bigarrenik, ikuspegi pedagogikoaren aldagaia dago. «Eredua atzerakoia bultzatzen dute, ezagutza memoristikoa baita baloratzen duten bakarra. Azterketa gehiegi denbora gutxiegian egiteak ikaslearengan sortzen duen presioa, estresa eta ezinegona ere oso presente izan behar dugu. Ondorioz, ezagutza memoristikoa bera ere ezin dugu modu egokian baloratu. Gainera, egun hezkuntzan gailentzen ari diren ikuspegi berriak aintzat hartzen baditugu, gaitasunen lanketa hezkuntza prozesuaren erdigunean kokatzea, hain zuzen ere, guztiz kontraesankorra da azterketa eredu honek indarrean jarraitzea».

Azkenik, helburuak aztertu dituzte, baliagarritasuna azken finean. Eta zera ondorioztatu dute: «Argi dago ez dutela ikasleria, ez ikastetxea ezta irakas-ikas prozesua baloratzeko balio. Unibertsitaterako sarreraren sailkapenerako tresna besterik ez dira. Hemen kokatuko genuke hirugarren aldagaia: nolakoa izan behar den unibertsitaterako sarrera; existitu behar duen edo ez; egotekotan, zeren araberakoa izan behar den...».

Larrañagaren iritziz, proben eragina ezin dugu azterketa batera mugatu, ikastetxeetan urte osoko planteamendua egiten baitute horiek gainditzeko.

Hautaproba berriei buruz, honakoa adierazi du: «Aldatzeko premia nabarmena zen eta berau aldarrikatzen zuten ahotsak gero eta ozenagoak ziren; beraz, borondatezko aldaketa baino, beharturik hartutako erabakia izan delakoan gaude». Larrañagaren aburuz, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroa Garaian indarrean dagoen unibertsitate sistema espainiar hezkuntza sistemaren baitakoa da, Europako hezkuntza sistema zaharkitu eta atzerakoienetako bat. Bertan ikaslea ez da ikasketa prozesuaren subjektua, oinarrian jakintzagaiak baitaude eta gaitasunak. Ezarritako aldaketek Europako hezkuntza markoaren homogenizazioa dute helburu, Bologna prozesuari jarraiki. Hortaz, Lapurdiri, Nafarroa Behereari eta Zuberoari dagokienez, Europako gainerako estatuetara hurbiltzeko saiakera dira.

«Kultur ikuspegitik (azterketen edukian sartuz), ordea, atzerapausoak nabarmenak dira. Berritzen ari diren curriculum autonomikoetan eduki arrotzak txertatzen ari dira eta horiek barneratzea betekizun bilakatu da. Hemendik aurrera, euskara gainditu gabe Euskal Herriko unibertsitatera joaten ahal zara, baina ez espainiar Konstituzioa ez baduzu barneratua». Azpimarratu duenez, gero eta nabarmenagoa da estatuek hezkuntzaren bidez uniformizazio linguistiko eta kulturala lortu nahi dutela. Eta, bide horretan, selektibitateak eta baxoak batxilergoko curriculuma ezarri eta ikuskari lana betetzen dute.