Argazki bilduma oparoa utzi zuen Jesus Elosegik. Aranzadi Zientzia Elkartearen sortzailea, zientziarekiko zaletasunaz gain bazuen beste bat: argazkilaritza. Afizioaz gain ofizio bihurtu zena, gainera. Elosegiren argazki bildumak XX. mendeko lehen erdiaren testigantza eskaintzen du. Datorren astetik aurrera GureGipuzkoa.net webgunean jarriko du Aranzadi elkarteak edonoren eskura.
Xole Aramendi
2010ko Maiatzaren 28a
Datorren astetik aurrera Joseba Elosegiren argazki bilduma oparoa Interneten ikusteko aukera eskainiko du Aranzadi Zientzia Elkarteak. GureGipuzkoa.net atarian eskegiko dute materiala.
Argazki kamera eskuan hartuta makina bat irudi atera zituen Elosegik bere bizitzan zehar. Kopurua ez da nolanahikoa. «Guztira 18.000 irudi digitalizatu ditugu. Horietatik 16.000 jarriko ditugu sarean», kontatu du Anais Rodriguezek, digitalizazio lanetan aritu den Aranzadiko kideak.
Irudi gehienak negatiboak ziren, baina beste hainbat euskarri ere landu zituen Elosegik: zeluloidea, kristala zein papera.
Rafa Zubiriak du gaur egun argazki fondoaren ardura. Joseba Elosegi ezagutu zuen Zubiriak. Haren heriotzaren ondoren, Pilar Sansinenea alargunak senarraren ondare osoa -dokumentazioa, argazkiak eta liburutegia- Lazkaoko beneditarrei eman zietela esan zion. Denborarekin, digitalizazio-lanei ekitea pentsatuta, Lazkaoko artxiboaren zuzendaria den Juan Joxe Agirrerekin jarri ziren harremanetan Aranzadikoak.
Lau urteko lana
Lau urteko lanaren emaitza da orain kontsultagai izango dena. Izan ere, 2002. urtean hasitako digitalizatze lanak 2006an bukatu zituzten. Argazki fondoaren digitalizazioa Aranzadik Lazkaoko beneditarrekin sinatu zuen hitzarmenari esker egin da. «Hasieran kaxa bat ekarri, barruan zegoen materiala digitalizatu eta Lazkaora eramaten genuen bueltan. Ondoren, behin hitzarmena sinatuta, materiala gure egoitzan gordetzen joan gara», azaldu du Rodriguezek. Orain fondo guztia Aranzadi elkartearen artxibo nagusian dago gordeta eta bertan jarraituko du denboraldi batean.
Irudiak txukun-txukun sailkatuta zeuzkan argazkilariak. «Argazkiek identifikatu ahal izateko kodea eta deskribapena zituzten, baina familiartekoen eta ingurukoen laguntza eskertuko dugu inbentarioa osatzerako garaian», gaineratu du Rodriguezek.
Aranzadiren sortzailea
Arkeologia arloan egin zuen lan Joseba Elosegi Irazustak (1907-1979). Aranzadi Zientzia Elkartearen sortzailea izan zen, baita lehen zuzendaritza taldeko kidea ere. Jose Miel Barandiaranen jarraitzailea, ederki ezagutzen zituen inguruko mendiak. Hainbat dolmen eta cromlech aurkitu zituen.
Tolosan jaioa, Industria Ingeniaritzako ikasketak utzi eta 1932. urteaz geroztik argazkilaritza izan zuen lanbide Joseba Elosegik. Kirola, kultura eta zientzia naturalekiko zaletasuna islatzen dute haren kamerak ateratako irudiek. Egindako lana ezagutarazi zuen bere garaian. Hainbat argitalpenekin -«Argia», «Pyrenaica», «Munibe», «El Día»- kolaboratu zuen.
Aralar mendian eta Pirinioetan asko ibili zen tolosarra. «Aralarko artzainei argazki ugari egin zizkien, garai hartan hain ohikoa ere ez zena», azaldu du Anais Rodriguezek.
Eguneroko gertaerek ere piztu zuten argazkilariaren arreta: Tolosan 1953. urtean izan ziren uholdeek utzitako txikizioa, tren istripuak... Familia giroari ere eskaini zizkion argazkiak.
1936. urtean une zailak etorri ziren Elosegi eta gertukoentzat. Bidasoaz bestaldera ihes egin zuen. Erbestean zegoen bitartean tropa frankistek Tolosako Rondilla kalean zeukan estudioa suntsitu zuten. Material asko desagertu egin zen. Horrela kontatzen du Carlos Olaetxea Elosegik, Josebaren ilobak, osabaren bizitza ardatz hartuta idatzi zuen biografian.
Ipar Euskal Herrian Eresoinka abesbatza eta dantza taldeko kide izan zen tolosarra. Kultura alorreko pertsona ugarirekin izan zuen harremana. Europako hainbat herrialdetan biran ibili zen, eta Jose Antonio Agirre lehendakariarekin topo egin zuen. Kamera beti eskura izaten zuenez, Agirrek Belloyn Lluis Companysi eskaini zion ongietorriaren testigantza jaso zuen.
1940. urtean jaioterrira itzuli zen Elosegi. Atxilotu eta langile batailoi batera bidali zuten; Miranda de Ebrora hasieran eta Oiartzunera ondoren. Argazki bilduman aurki daiteke Oiartzungo irudirik. Hamar hilabeteren buruan aske utzi zuten. Ondorengo urteetan Pasaia izan zuen bizitoki. Bakailao gibel olioaren salerosketan aritu zen. 1947an Aranzadi sortu zuen beste lagun batzuekin batera.




