-

Iñaki Carrok egunotan aurkezten du «Del cielo a la montaña» eleberria, Guatemalan azken mende erdian gertatutakoak irakurleari hurbiltzeko idatzitako liburua.

Jose Angel Oria

2010ko Maiatzaren 07a

Bilbon 1971n jaiotako idazleak Guatemalako jatorrizko herrien ikuspegitik kontatu nahi zuen historia; indigenen erresistentzia, beraien lurra lapurtzera etortzen zirenen aurka. Neurritik ateratako gatazkak 200.000 hildako eragin zituen, 400 kide zituen gerrillaren aurkako borrokan. Bertsio ofizialak Armadaren eta gerrilla marxista baten arteko borrokari egozten dizkio hildakoak, baina Carrok beste era batean azaldu digu kontua, sarraskiak han egin zituztenen, eta hemen agindu zituztenen, interesei erreparatuta.

«Del cielo a la montaña» eleberriaren aurkezpenak datorren astean hasita Europar Batasuneko eta Latinoamerikako estatuburuek Madrilen egingo duten gailurrarekin batera giza mugimenduek antolatu duten egitasmoan sartu dituzte, mundu justuago baten aldeko borrokan ari diren ekintzaileen filosofiarekin bat egiten baitu liburuak. Horiek mundua nola ikusten duten ulertzeko oso baliagarria da. Ezkerretik historia nola irakurri beharko litzatekeen esaten digu Carrok, eta berak onartzen duenez, Javier Gurriaran Nebajeko erretore ohiaren ekarpena izugarri garrantzitsua izan da horretarako.

Geldirik egoteko balio ez duten horietakoa da Carro. 90eko hamarkadaren hasieran gizarte bazterkeriaren aurkako mugimenduan aritu zen. Langabetuen Asanbladan, eledun lanetan. Intsumisioaren aldeko mugimenduan (kartzelan eduki zuten 1995ean, Langraizen eta Basaurin, lehenengo intsumitu presoetako bat bilakatu zelarik). 10 urte daramatza Argilan gizarte laguntzari buruzko bulegoan: «Horretarako kolegiatu nintzen abokatu, helegiteak, administrazioarekiko auzi-prozesuak eramateko; gizarte laguntza jasotzen duen jendea aholkatzen dut eta astero nago Ekoetxean». Orain urte eta erdi sortutako okupazio bulegoan ere aritzen da: «Etxebizitzetako okupak eta gaztetxe batzuk eramaten ditut: Barakaldokoa, Santutxukoa, Portugaletekoa...»

Euskal Herritik kanpo ere asko ibilitakoa da Carro. Hemen eta Munduan plataformarekin Pragara joan zen. Globalizazioaren aurkako mugimenduaren lehen urratsak ziren Europan. Lehenengo mobilizazioa 1999an, ekainean, izan zen AEBetako Seattlen, eta Europako lehenbizikoa Pragan, Nazioarteko Diru Funtsaren gailurraren aurkakoa. «Autobusa antolatu zen. Kartelak ikusi nituen. Ni apuntatu egin nintzen, zein etorriko zen ez nekiela pentsatuz. Denak ezagunak ginen: antimilitarista girokoak eta abar. Han sortu zen globalizazioaren aurkako Europako mugimendua. Pragan atxilotu gintuzten zenbait euskaldun. Hiru egun egin genituen polizia etxean». Guatemalan egoteaz gain, Kolonbiara ere joan zen; sei hilabete eman zituen indigenekin lanean 2000. urtean.

Zure ibilbide osoa ikusita, koherentzia bat badagoela sumatzen da; zu ere beste mundu bat posible dela uste duten horietakoa zarela, alegia.

Bai, bai, bai. Liburua irakurri dutenek esaten didaten lehenengo gauza izaten da sekulako lana egin behar izan dudala. Idazteko garaian nahikoa perfekzionista naizenez, paragrafo bat hasi aurretik hogei buelta ematen dizkiot. Lan asko, bai, baina betiko helburuekin. Beti, Pragara joan nintzenean, Kolonbian egon nintzenean, intsumitu egiteagatik kartzelara sartu nindutenean, aparteko orduen kontra borrokatzeko langabetuen asanbladarekin garabi batera igo nintzenean... nire motibazioa beti bera izan da. Badirudi ez daukala zerikusirik multinazionalen baten aurka borrokatzera Kolonbiara edo Guatemalara joateak, soldaduskari ezetz esatearekin edo garabi batera igotzearekin, baina niretzat borroka bera da. Gainera, hemendik aurrera oso egoera gogorrak ikusi beharko ditugu, Grezian gertatzen ari dena hona ere iritsiko baita.

Bosnian ere izan zinen, 1994. urtean. Agian esperientziarik gogorrena izango zen.

Guatemalara joan baino lehen egon nintzen Bosnian. Denok izaten ditugu txikitan zirrara handia eragiten diguten gertaerak. Ni txikitan bitan izan nintzen Jugoslavia ohian. Elkarrekin ikusten genituen kristau ortodoxoak, katolikoak, musulmanak... Handik bost urtera itzuli nintzenean, unibertsitateko ikasleek, Europako unibertsitarioek alegia!, negarrez esaten ziguten gelako kideen artean bortxaketak eta hilketak ere izan zirela; esaten ziguten ezin zutela ulertu zer gertatu zen. Garai bateko Jugoslavia herrialde komunisten arteko aurreratuenetakoa izango zen. Askotan pentsatzen dugu naziek egindako sarraskiak garai bateko kontuak direla, baina orduan Bosnian konturatu ginen hori ez dela horrela, oraindik ere ez dugula ikasi. Nik Pedagogia ikasi nuen eta gurasoak ere irakasleak dira. Beti pentsatu dut hezkuntza dela pertsonen askatasunerako bidea, baina gero garrantzitsuena zer ikasten den dela ikusten duzu; baloreak eta ideiak, besteekiko errespetua da ikasi beharrekoa. Eta hori da hemen ikasten ez duguna, matematika eta gauza horiek bai, pilo bat. Ingelesa da orain oso inportantea. Baina ingelesak ez du ezertarako balio tirano bat baldin bazara. Horrelakoak ikusten dituzunean egiten dituzu hausnarketa horiek.

Liburuak ematen dituen etekinak Latinoamerikan proiektu erraldoien aurka lanean ari diren erakundeentzako izango dela jakinarazi duzu. Zergatik?

Liburuko punturik indartsuena Guatemalako egoera lurraren inguruko borrokan kokatu izana da. Guatemalan, bertan gertatutakoari buruzko bertsio ofizial bat dago. Horren arabera, 200.000 hildakoak alboko kalteak, kolateralak, izan ziren, bi armaden arteko borrokek eragindakoak. Armadak kontrainsurgentziaren urrezko araua jarri zuen indarrean, arrainak akabatzeko ura kendu egin behar zaiela dioena, Maoren esaldi ezagunari buelta emanez. Herrixka guztiak suntsitu zituzten arrainari ura kendu nahian.

Hori da bertsio ofiziala, baina ez benetan gertatutakoa. Ez ziren gerrillariak suntsitzera joan, lurra kentzera baizik. Sarraskiak egin zituzten gerrilla inoiz izan ez den lekuetan; guda haren ondorioz, militarrak goi-lautada osoaz jabetu ziren eta jende guztiak daki hori. Orain lanean dauden proiektu asko 60ko hamarkadakoak dira, gerrillarik ez zegoen lekuetakoak. Nola lortu zuten orduan lurra multinazionalek? Indigenak hilda. Gaur egungo borrokak borroka haien jarraipen bat dira. Kolonbian gauza bera gertatzen da: iristen da Armada eta FARCekoak bertan daudelako base militar bat jarri beharra duela esaten du. Eta indigenek ez dute ulertzen, gerrillariak beste aldean baitaude. `Hemen inoiz ere ez dira izan'. Handik sei hilabetera iristen da multinazionala, meategia edo urtegi handi bat egitera.

Baretu al da Guatemala?

Guatemalan hilketa politikoak ikaragarri ugaldu dira azken bi urteotan. Bazirudien gerra bukatu egin zela, gerrillariek armak utzi egin zituztela, baina bortizkeria politikoa ez da desagertu. Alderantziz. Lurraren lapurreta gerra garaian baino intentsuagoa da une honetan eta 80ko hamarkadan baino hilketa politiko gehiago izaten dira orain.

Orain Guatemalara narkotrafikatzaileen inguruko indarkeria ere iritsi da.

Bertako jendeak esaten du indarkeria horrek asko aldatzen dituela gauzak. Orain arte hango eragile garrantzitsuenak ziren oligarkia, Armada eta gizarte mugimenduak edo gerrilla. Narkotrafikantea eragile berria da, inolako konturik inori azaldu behar ez diona. Estatu baten kontra borroka egiteak ez dauka zerikusirik horien aurka borrokatzearekin. Estatuak itxura zaindu beharra izaten du; askotan ez du zaintzen, Guatemalan gertatu den moduan, baina gero berreskuratzen du demokrazia formala, Nazio Batuetan elkartzen da beste estatuekin... Itxura zaindu behar du. Baina narkotrafikatzaileek ez. Azken kalkuluen arabera, narkoek gaur egun herrialdearen heren bat kontrolatzen dute, Senatuaren heren bat, Poliziaren zertxobait gehixeago, epaileen %80... Bospasei talde dira nagusi, holding modukoak, horrelaxe funtzionatzen baitute. Horien aurrekontua ikaragarria da, esaten da estatuarena bera bikoiztu egiten duela, Estatuak berak baino askoz ere diru gehiago daukatela, nahi duten gauzatan erabiltzeko.

Ezkerrak zer proposatzen du fenomeno horri aurre egiteko?

Legalizazioa. Kolonbian gerrillariek esan izan dute drogaren arazoa gurea dela, AEBena eta Europarena, ez beraiena, baina narko- trafikoaren ondorioak beraiek jasaten dituztela. Kokaina kanpora eramateko egiten da, ez bertan kontsumitzeko. Horregatik diote irtenbide bakarra legalizazioa dela. Zenbat eta debeku gehiago, orduan eta arazo gehiago. Non? Herrialde horietan, hildako askorekin, begiratu zenbat hil dituzten Mexikon; eta kartzeletan...

Edonola ere, lehen aipatu dituzun hilketa politikoek ez dute zerikusirik narkotrafikoarekin, ezta? Nork egiten ditu hilketa politikoak? Noren mesederako?

Euskal Herriko multinazional handienak ere, Ibredrola eta BBVA, Latinoamerikan sartuta daude. Union Fenosa ere hurbila egiten zaigu. Herri mugimendu bat dago Union Fenosaren eta pribatizazioaren aurka. Konpainiak kobratzen die herritarrei sekulako tasa argindarra emateagatik, baina askotan ez dago zerbitzurik. Latinoamerika osoan izan dira tankerako pribatizazioak. Aurka dauden pertsona horien artean zortzi hildako izan dira orain arte. Horiek dira egungo hilketa politikoak, mundua osoan gertatzen direnak, eta Kolonbian beste inon baino gehiago. Aipatzekoa da ere Mexikoko Oaxacan lehengo astean gertatutakoa. Bi pertsona hil zituzten. Herri indigena bat multinazional baten kontra. Laguntzera edo elkartasuna adieraztera joan ziren bi ekintzaile, Finlandiakoa bat eta Mexikokoa bestea, hil egin zituzten. Mexikarra Nafarroako Mugarik Gabe taldearen laguntzailea zen. Hori adibide bat besterik ez da. Euskal Herritik ere dozenaka pertsona joan ahal izan dira tankerako laguntza ematea. Eta Oaxacan hil egin dituzte; berdin zaie nondik joandakoak diren hiltzaile horiei. Nork egiten ditu hilketa horiek? Tiroa sikarioren batek egingo du, baina erantzukizuna hemen dago, hemengo multinazional horietan. Hango sikario batek ez du tirokatzen elkartasun karabana bat, ideia burutik pasa zaiolako, inork ezer esan gabe. Norbaiten interesak defendatzeagatik egin du hori. Ez dugu Guatemalara joan behar interes horiek non dauden jakiteko, hemen ondoan dauzkagu-eta.