-

Oiartzungo ikastetxeetan, Haurtzaron eta Elizalden, pasilloetan bertan nabaritzen da maiatzaren 5a hurbil dagoela: paper hori handiak ikus daitezke brickak itsatsita dituztela; bertze alde batean urdinak paper eta kartoiekin... Egun horretan hasiko dira herrian hondakinak atez ate biltzen, eta hezkuntzako lanari begiratu diogu guk.

Maider Iantzi

2010ko Apirilaren 23a

Euskal Herriko hainbat ikastetxek Tokiko Agenda 21a sinatu dute eta hori dela-eta urtero ingurumenarekin lotutako gai bat jorratzen dute. Oiartzunen badira urte batzuk Eskolako Agenda 21a aplikatzen ari direla eta arlo dezenteri heldu diote: kontsumoa, hondakinak, mugikortasuna... Aurten berriro hondakinak lantzea erabaki dute, aurki, maiatzaren 5ean, herrian zaborra atez ate biltzen hasiko direlako eta haurrak hezi eta gurasoengana ere iritsi nahi dutelako.

Oneka Zapirain Mendi Enara ingurumen hezkuntzako enpresako kidea da; Agenda 21a, Tokikoa eta Eskolakoa, lantzen ditu Astigarragan eta Oiartzunen. «Oiartzungo bi ikastetxeetan, Elizalden eta Haurtzaron, erakusketa bat egin dugu sentsibilizatzeko, zenbat hondakin sortzen dugun jakiteko, zer egiten den horiekin, biltzeko zer beste modu dauden, erraustegien eta zabortegien arazoa zein den...», hasi da azaltzen.

Gero, adinaren arabera, modu batean edo bertzean egin dute lan. Txikiekin, adibidez, Txis deitu dioten zizarea hartu dute ikurtzat ipuinen eta materialen bidez konposta azaltzeko.

Gurasoen kezkak

Azterketak egin dituzte: hondakinak pisatu, zer zabor mota sortzen diren ikusi, neurketak egin, egoera hobetzeko zer egin daitekeen hausnartu... Ikasturte hasieran galdeketa bat osatu zuten haurrek etxean betetzeko. Ea zaborra bereizten zuten jakiteko, zer iruditzen zitzaien atez ateko sistema... Erantzunetan ikusi zutenez, jendeak atez ateko sistemaren gainean zer edo zer aditua zuen, baina ez zuen ongi ezagutzen eta kezka adierazten zuen. Batzuk ados zeuden; bertzeak, ez. Orain, martxan jartzeko eguna hurbiltzen ari dela, kezka handiagoa nabaritzen du Zapirainek.

Egunotan DBHko ikasleak konpostaren gaia lantzen ari dira: zer den, egiteko zer modu dauden... Hori herriarekin lotuz, etxeetako zabor ontzien frakzioak zeintzuk diren begiratu eta orain arteko bilketarekin zenbat bereiz dezaketen aztertuko dute; berdin atez atekoarekin. Kalkuluak egitea nahi dute: 2007an X tona hondakin sortu zituzten etxeetan, organikoa konpostatzen badute, zenbat gutxiago bideratuko dute zabortegira?

Laster, ikasleek hondakin teknikariarekin bilera eginen dute. Aldez aurretik galderak prestatuko dituzte eta etxean sortutako zalantzak argitzeko aukera izanen dute. «Isunak jartzen hasiko dira!», kexatzen dira batzuk kalean. «Lehenago ere baziren arauak; beste kontu bat da jendeak jarraitzen dituen ala ez. Gezurrak zabaltzen ari dira. `Bizilagunak esan dit gaizki egiten badut ez dituztela bilduko'. Uste dut gauzak abiatzean lasaituko direla», iritzi dio Onekak.

Mendi Enarako langilearen ustez, ez da hainbertzeko aldaketa eta ahalegina; urduritasuna eta kezka da gehiago. Hor dute Usurbil. Mundu mailan ere, Katalunian, Alemanian, Italian, badira ereduak. Gero eta zabor gehiago sortzen dugu eta zabortegien eta erraustegien inguruan ika-mikak daude. Ikusi dute %30 inguru birziklatzetik %80 birziklatzera edo bereiztera hel daitekeela eta sekulako aldea dago. Eragingarria izan daiteke, eta, arazoa hain larria izanda, behintzat saiatzeari garrantzitsua deritzote.

Haurren proposamena

Orain arte ez dute atez ateko gaia landu ikastetxeetan, baina hondakinen inguruan bai, aritu izan dira eta harrigarria da ikasleek atez atekoaren antzeko proposamen bat egin zutela atera zituzten ondorioetan. Eskaera batzuk egin zizkioten Udalari eta horietako batean erraten zuten bizilagunek kode bat izan beharko zutela... Atez ateko sistema zen!

Sustatzaileek osasunari eman diote garrantzia batez ere. «Erraustegia non kokatu eztabaida sortu zen, baina erraustegia benetan beharrezkoa al da? Hobeto bereiztea lortzen badugu, askoz ere hondakin gutxiago sortuko ditugu. Zaborra bota eta ahaztu beharrean, bakoitzak bere hondakinen ardura hartzea da bilatzen dena».

Neska-mutikoek nahiko jarrera positiboa azaltzen dute ikastetxean ekintzak egiten dituztenean. Etxean nola bereizten duten aztertzean ez dira emaitza txarrak atera. Ez dute hain gaizki egiten. Agian, seme-alabek gurasoei errieta eginen diete. «Txikiek ez dutela ulertuko iruditzen zaigu, baina gero gurasoak etortzen dira haurrak konpostajeaz aritu zaizkiela esanez. Beraz, informazioa etxera iristen da eurekin ere, batzuetan handiekin baino gehiago!».

Gustura daude. Astelehenean batzar bat dute udaletxean eta ikasleek gai honekin lotuta hartutako konpromisoak azaldu eta eskaerak eginen dituzte.

 

Sorkunde Lekuona Haurtzaro Ikastolako zuzendaria

Ilusioa dute, praktika hau erabat koherentea delako diskurtsoarekin eta hori ikasleentzat ere garrantzitsua dela konbentzituta daudelako

 

«Curriculum berrian aipatzen denez, ikasleak oinarrizko ahalmen batzuk behar ditu bizitzan aurrera egiteko. Ahalmen orokorren ondoan badira zehatzago batzuk, hezkuntzako hainbat alorrekin lotuak. Horietako bat da ikasleak bere inguruan bizitzen jakitea. Horretarako ingurua errespetatzen jakin behar du, baita erabiltzen ere, zainduz beti».

«Hondakinen gaiarekin hori egiten dugu: zer zabor sortzen dugu? Sortzen dugunak zer kalte egiten du? Gutxitu dezakegu? Osasuntsuago egin dezakegu? Konpromisoa eta kontzientzia hartzen dugu, eta konpromiso hori non gauzatu dezakegun ikasi: galletak pakete txikietan edo handietan erosi... Ikastolan hamaiketakoetan eta meriendetan zabor asko sortzen dugu, zer egingo dugu horrekin? Orokorra zaintzea zailago egiten zaigu, baina bakoitzak berearekiko ardura duenean beste arreta bat jartzen dugu. Orduan, hortik abiatuko gara, gero gauza bera egiteko etxean, kalean eta inguru guztian. Hezkuntza gizarte txiki bat da entrenatzeko eta ondoren gizarte orokorrean praktikan jartzeko», adierazi du Sorkunde Lekuonak.

Hezkuntzan idealaz edo helburuaz anitz mintzatzen da, baina gero praktikan kontraesanak sortzen dira. Haurtzaron ilusioa dute, praktika hau erabat koherentea izanen delako diskurtsoarekin eta hori ikaslearentzat ere garrantzitsua izanen dela konbentzituta daudelako. «Eredu garbia da, egingarria, esfortzua eskatzen duena baina oso erraza tartea eskainita. Ikasleak ikusiko du gelan zein etxean egiten duenarekin kate bat dagoela eta funtzionatzen duela».

Sorkundek dagoeneko egiten du gaikako bilketa etxean, eta, azaldu duenez, egitean konturatzen da norbera benetan zenbat zabor sortzen duen eta zer saihets dezakeen. Atez atekoa martxan jartzean segituan onura batzuk nabarituko dituztela aurreikusten dute, baina bere ustez oraindik ikusteko dago etorriko dena, eskolan hortik abiatuz segur aski bertze gauza batzuei heldu ahal izanen dietelako.

Herrian atez ateko bilketarekin hastean gelan gauza bera eginen dute. «Ikasleak dira kontzientzia horretan agian malguenak. Ikastetxean lantzen dena ulertzen dute, baina gero portaeretan inguruko guztiak eragiten du. Herrian sentsibilitate desberdinak daude eta hori gure ikastolan islatuko dela uste dut: aldekoak, kontrakoak eta tartekoak egongo dira. Dena den, lan hau gurasoei aurkeztu genien eta ez dugu arazorik eduki, ezta gutxiago ere».

Berdin etxean zein kalean

Orain edukiontziak non jarriko dituzten pentsatzen ari dira. Segur aski geletan kokatuko dituzte aurrena, ikaste prozesu bat landu nahi dutelako eta horretarako marko egokiena gela dela deritzotelako. «Gauza bat da zer egin behar den jakitea eta beste bat egunerokoan aplikatzea», argitu du Lekuonak. Euren helburua etxean eta gelan gauzak berdin antolatzea da, ikasleek jokaera bera izateko bietan.

Material guztia behar bezala sailkatzen ikasi behar dute orain, eta gero, agian urte batzuetara, bigarren fase bat etorriko da. Dena barneratuta dagoenean korridoreetan jarriko dituzte ontziak eta orokortu eginen dute kudeaketa hau.

Baina aipatutakoa nola txertatu herriko egitasmoan? «Gure bitartekariak garbitzaileak dira, geletako zakarrontziak eurek husten dituztelako. Udalak jarritako ikastetxeko edukiontzi handietara botako dituzte hondakinak eta gauean kanpora aterako dituzte. Hortaz, ikastola ere herriko bilketaren barrenean egonen da.

Atez atekoaren aurretik, herrian hondakin organikoaren kudeaketan apustu bat egin zuten eta ikastetxean konpostaje makina jarri zuten jantoki ondoan. Hagitz ongi dabil eta kontent daude.

 

Arantza Elortza Elizalde eskolako zuzendaria

«Ikasleek ere herritarrak dira eta arduratsu izateko heztea da gure ardatza. Birziklatzeko kontzientzia badutela uste dut; inportantea da hori ematea»

 

Haurtzaron bezala, Elizalden ere ikasle guztiekin egiten ari dira jarduerak. Txikienak zaborrak ekartzen eta koloretan sailkatzen ari dira. Hagitz gauza praktikoak eta bisualak dira. Handiek, berriz, bere osotasunean lantzen dute gaia: alternatibak, erraustegiak, San Markos, hainbat herrialdetan zer aukera dauden, Usurbil... Orain, etxetik ekarri duten hainbat zabor bereizten eta leku bakoitzean zer bota ikasten ari dira.

«Ikasleak ere herritarrak dira eta herritar arduratsuak izateko heztea da gure ardatza», adierazi du Arantza Elortzak. Inportantea deritzo ikastetxean ere atez ateko bilketa lantzeari, zergatik eginen duten ikusteari eta egin dezaketela erakusteari, esfortzu txiki batekin irabazteko itxaropena dutelako.

Ikasleak, arduradun

Alde batetik geletan sortutako zaborra dute; bertzetik, jantokikoa. Geletakoa lehendik ere birziklatzen zuten, bazituzten paperarentzako eta ontzientzako zakarrontziak; organikoa falta zitzaien. Orain hirugarren ontzi hau jarriko dute eta Udaleko teknikariei edukiontziak ikastetxean bertan jartzeko eskatu diete.

Konpost makina dute hemen ere, baina geldirik. Egun batean argi mozketa bat izan zuten eta barrenean zegoen guztia usteldu egin zen. Arduraduna bajan zegoen eta bertan behera utzi behar izan zuten konposta. Orain, teknikariak erran du hemen edo bertze nonbait martxan jarriko dutela.

Zuzendariak kontatu digunez, ikasleek berek ateratzen dute zaborra kontainerretara eta eskularruak jarri eta errebisatu ere egiten dute, batzuetan gaizki egiten baita. Jarrera hagitz ona dute. Hemen ikasten dutena etxean ez dela egiten ikusten badute, eskatu egiten dute; ikasitakoa praktikan jartzen saiatzen dira eta gurasoei hori egiteko eskatzen diete. «Askotan ikasleak konbentzituago ikusten ditut gurasoak baino. Kontzientziatuago daudela iruditzen zait. Txikitatik ohitzen badira, pentsatzen dut ez dutela orain gurasoek duten beldurrik izango».

«Pasatu ditugun galdeketetan jende askok beldurra duela ikusi dugu. Nik uste beldurra dela: gauza berria da, ez dakigu ondo egingo dugun, ahalegin handia izango den, zer ordutegi izango duen... Badago jendea konbentzituta dagoena, baina beldur asko ere bada», adierazi du.

Arantzaren arabera, gauza hauek ez dira egun batetik bertzera lortzen. «Urteak eta urteak daramazkigu. Gauza guztietan bezala, lantzea eta ohiturak aldatzea da kontua. Zenbat eta lehenago hasi, hobeto. Ikasleek birziklatzeko kontzientzia badutela uste dut; inportantea da hori ematea, bai familiak bai eskolak. Eta hemen lanean ari garenez, gero etxera eramaten dute mezu hori».

Atez ateko sistemak oraindik gehiago birziklatzeko aukera ematen die Elizaldekoei, organikoa batez ere. «Garbitzaileekin eta zaborra ateratzen dutenekin negoziatu beharko dugu, denok sartu behar baitugu kontu honetan. Kontainerrak ikastetxean bertan jartzen badizkigute, bereiztea izanen da lana, besterik ez. Arreta handiagoa jarri beharko dugu langile guztiok: garbitzaileek, jantokiko langileek... denok. Lehenago egiten genuen, baina hemendik aurrera dena egingo dugu».

Herritar batzuek aipatzen dute: «A ze lana, dena bereizi behar!». Elortzaren ustez, gauza berri guztiek sortzen dituzte halako kezkak, baina atez ateko bilketa egin behar dutela ikusten dute.

«Ez bagaituzte behartzen askotan gauzak erdizka gelditzen dira eta apustu hau egin behar dugula iruditzen zaigu. Proiektuaren sustatzaileek jarrera oso irekia erakutsi dute, adibidez ontziak kokatzeko orduan; norbaitek zalantzaren bat baldin badu argitzeko bulego bat ere badute... Oraindik jendearen eskakizunetara eta proposamenetara egokitu nahi dutela ikusten dut. Ea zer gertatzen den maiatzaren 5etik aurrera, ea zenbateko lana ekartzen dion jendeari. Guk proiektuari babesa eman genion alde horretatik, jendea beldur dela sumatzen genuelako. Denetarik entzuten da: kontrolatuko gaituztela eta zer hondakin mota sortzen dugun jakingo dutela intimitatea kenduz... Eta gauzak ez dira horrela», agertu du.