Gaur ikasgaien %80 baino gehiago euskaraz ematen dituzte EHUn. Baina ez da, noski, beti horrela izan. 1979-80 ikasturtean sartu zen garaiko Zientzi Fakultatean ikasgaiak osorik euskaraz egin zituen lehen promozioa. Hogeita hamar urte eta gero, joan zen ostiralean bildu ziren berriro eta unibertsitatea euskalduntzen lan egin dutenei gorazarrea egin zieten, bertako Areto Nagusian.
Joxean Agirre
2010ko Martxoaren 12a
Urteak ez dira alferrik pasatu. Orain 30 urte euskal lerroak abian jarri zituen Zientzietako lehen lerroak ospakizuna egin zuen joan den asteburuan, Leioan, eta lehendabizi iritsi ziren batzuek arazoak izan zituzten elkar ezagutzeko ere edo elkarren izenak gogoratzeko. Eskerrak hamarretarako orain Zientzia eta Teknologia Fakultatea deitzen denaren sarreran (orain 30 urte Zientzi Fakultatea zen) ikasle ohien txartelak banatzen hasi ziren. Bakoitzak bere txartela paparrean zeramala, inork ez zuen izen-deiturekin gogoratzeko arazorik. Horretarako, Jesus Mari Txurrukak eta Itziar Urretxak, 1979-80 ikasturtetik aurrera zientzietako euskal lerroak abian jarri zituztenen fitxak berreskuratu zituzten beren bulegoetako armairu zokoetatik eta izen-deituren txartelak ez ezik, promozio bakoitzeko garaiko aurpegien argazkiak ere argitaraturik zituzten, ezusteko opari gisa banatzeko. «Normalean, fitxa horiek bota egin ohi dira, baina euskal lerroak abiatu zituzten talde horiek bereziak izan ziren guretzat eta gordeta genituen», esan zigun Itziar Urretxak, garai hartako Kimika irakasleak.
Hogeita bost edo hogeita hamar urteren buruan berriro elkar ikusteak une hunkigarri asko sorrarazi zituen eta zalantzazko uneak ere bai. Jesus Mari Txurrukak, ekitaldia bultzatzen eta antolatzen lanik gehien egin duen irakasleak okasiorako sortutako blog batean elkar agurtzeko gomendioak ere eman zizkien beren ikasle ohiei. «Neskok, zeuen “gerrako pinturekin”, produktu farmazeutikoekin edo ileapaindegira egiten dituzuen bisitekin Lurdeseko Amak baino mirari handiagoak egiten dituzue, baina mutilok, salbuespenak salbuespen, axolagabeagoak gara edo arlote, “karrozeria” zaintzeko kontuekin», zioen bere betiko ironia eta umorearekin, eta gomendioekin hasten zen. «Beraz, ekitaldira zatozen neska jator horrek, duela 30-25 urte ezagutu zenuen ile kizkurreko mutil bizardun argaltxo hura, gaur egun burusoil, bizargabe, tripa handi bihurtuta aurkitzen baduzu, pentsatu arren, ez egiozu esan: ‘Kaixo! Ia-ia ez zaitut ezagutu! Hona hemen meloiek ilerik ez daukaten froga bizia!’. Eta horren ordez zer esan behar zuen aipatzen zuen. Eta antzeko gomendioak mutilei ere. «Lehen mailan ezagutu zenuen grabitate-indarraren erakarpenari muzin eginez dena hestu, tente eta bere lekuan zeukan poxpolin hura erabat aldatuta ikusten baduzu, esan iezaiozu ‘lehen mailan baino emakume-kurba markatuagoak dituzu’», esate baterako.
Zuhaitz bitxien bila
Goizeko hamarretan Zientzia eta Teknologia Fakultatean bildu zirenen artean, baziren gutxi batzuk lanetik zuzenean, traje eta gorbatarekin, etorri zirenak eta bazegoen mendiko gomazko botekin etorri zen bat ere. «Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen Sailean lan egiten dut eta Jesus Mari Txurrukak zein zuhaitz mota ekarri nahi zituen jakin nuenean, laguntza eskaini nion, zenbait mota eskuratzea ezinezkoa iruditzen zitzaidalako. Landare bitxiekin lan egiten duten mintegietatik ekarri behar izan ditugu, Herbehereetatik bereziki eta Australiatik. Pinus Armandii izan da arazorik gehien eman diguna. Txinan du jatorria eta Britainia Handitik ekarri behar izan dugu. Hiruzpalau Pagoetako Arboretumean bikoiztuak dira», esan zuen Jon Iñaki Zulaikak.
Bera hirugarren promozioko ikasle ohia da. Biologia egin zuen, 1981-82an hasita. Bere mendiko botak zirela-eta adarra jotzen ziotenei, «bai, bai, lehen ere lan egitera etortzen zen ikasle bakanetakoa nintzen eta gaur ere lanera etorri naiz». Ordu erdi bat geroago bildu ziren guztiak (bost promoziotako ikasle ohiak), Leioako Arboratumean. Iñaki Goirizelaia, Goio Monreal eta Joseba Madariagak Cycas Rovoluta bat sartu zuten. Errektoreordeen txanda etorri zen ondoren eta 1979-80ko lehen promozioko sei irakasleena segidan (zuhaitz landare politena aukeratu zuten, ekitaldiko aurkezleak, Txurrukak, adierazi zuenez, Australiako Wollemia Nobilis). Azkenik, ikasleek zuhaitz landareak sartu zituzten. «Ikasle ohiontzako 10 zuhaitz daude eta zuhaitz bakoitzeko hamabi bat ikasle ohi zaudetenez, pala txiki batzuk erosi ditut, lehenbizikoek lur guztia bota ez dezaten», esan zuen Txurrukak. Hasi ziren lurra botatzen eta pala txiki horietako bat hautsi egin zen. «Pala hauek denda txinatar batean erosi ditudala pentsatuko duzue, baina ez da egia, lorazaintzako katalogo batetik erosi ditut», jarraitu zuen umorez.
Lehengo egunak gogoan
Ekitaldian bildu zirenek jorratu ederrik eman zioten memoriari. Beste garai batzuk ziren haiek. Joserra Etxebarriaren klase batean, esate baterako, Ibone Amezagaren txakurra egon omen zen behin, lehen lerroan eserita, adi-adi, ikasle asko baino zintzoago. Jesus Mari Txurrukak eguerdian Areto Nagusian egin zuten ekitaldi akademikoa baliatu zuen bere hitzaldian antzeko beste hainbat zertzelada gogorarazteko.
Jon Koldo Izagirre Aguas del Norte enpresako gerentea da eta, bere ustetan, irakasle batzuen meritua izan zen ikasketa horiek martxan jarri izana. «Gu ezer jakin gabe etorri ginen matrikula egitera. Ez genekien ezta aukera hori bazegoenik ere. Gogoratzen naiz Lekeitioko lagun batekin etorri nintzela, Josean Goitiarekin, eta Joserra Etxebarria eta Itziar Urretxa irakasleak aurkitu genituen hemen, ilaran, ikasleei galdezka. Ea euskaraz bagenekien galdetu ziguten lehenik eta ea ikasketak euskaraz egin nahi genituen ondoren. Beldur pixka bat bagenuen, ikasgaiak euskaraz ikasteko gai izango ote ginen, baina ondo moldatu ginen. Gainera, arazorik izanez gero, gaztelerazko taldera pasatuko ginela esan ziguten eta izena eman genuen», esan zuen.
Erramun Martiarena, Ikastolen Elkarteko material didaktikoen arduraduna, hirugarren promoziokoa izan zen. «Laugarren mailara arte ikasketak euskaraz egin zituen lehen promozioa izan zen gurea, oso uzta ona. Gaur egun, irakaskuntzan lan egiten dute askok. Errektoreorde dagoen bat, Jon Irazusta, gure promoziokoa da. Badira gure taldeko beste pare bat ikasle ohi EHUn. Irakaskuntzan gabiltzanok elkarren berri gehiago izan dugu, ikastaroetan elkar ikusten dugulako. Besteekin harreman gutxiago izan dugu, baina familia bat osatzen dugun sentipena izan dugu beti, testulibururik gabe ikasten genuenez, taldean lan asko egin behar izaten genuelako», esan zuen.
Jazinto Iturbe izan zen 1979an eman zen jauzi horren bultzagileetako bat. Ordurako, tesina bat euskaraz aurkeztua zuen. «Klaseak hasi ziren urte horretan ni AEBetara joan nintzen ikerkuntza egitera, baina aurretik hemen lan asko eginda zegoen. Entusiasmoa, ilusioa eta lanerako borondatea izan ziren jauzi hura emateko giltzarriak», esan zuen.
Eguerdiko ekitaldi akademikoan, oso garbi utzi zuten 1979-80ko euskal lerroen hasiera ez zela gertakari bakana izan. Karmele Artetxek tesi bat egina du 70eko hamarkadan euskarak unibertsitatean irabazi zituen esparruen inguruan eta gertakari horren aurrekari batzuk aipatu zituen. Rikardo Arrue kardiologoak, esate baterako, 1976an defendatu zuen euskarazko lehen tesia; 1977an, Donostiako Kimika Fakultatean euskaraz eman zituzten ikasgaiak; Donostiako eta Bilboko irakasle eskoletan euskal ikastaroak antolatu zituzten eta 1978tik aurrera euskal filologia jarri zen martxan.
Karmele Rotaetxe, Maria Jesus Barandiaran, ondoren, eta Enrike Zuazua mintzatu ziren eta Jesus Mari Txurrukak eman zion amaiera ekitaldiari, beste behin barre algarak eraginez. «Oso denbora gutxian pasatu ginen ‘jausi zatazen’ esatetik ‘erori zitzaizkidan’ esatera. Bi esaldi horiek elkarrekin duten gauza komun bakarra azken n-a da», esan zuen, esate baterako. Garaiko hiztegien errepasoa egin zuen eta, tarteka, garaiko argazkiak proiektatu zituen. Argazki bat proiektatu ondoren, zera adierazi zuen: «Lau mutil eta hiru neska astebete pasatzera joan ginen Esako urtegira. Oso harreman politak egin genituen. Besterik ezean, hiztegiei buruz hitz egiten genuen». Eta ideia polit batekin bukatu zuen: «Hainbeste etorri zaretela baliatuz, zer iruditzen zaizue, zuhaitzak landatzeaz gain, gaur euskal lobby baten hazia ereingo bagenu?».
Txema PITARKE: Nanoguneko zuzendaria
«25 urteotan normalizatu egin da euskara EHUn»
Donostiako Nanogune inauguratu zenean, Txema Pitarke zuzendariak ingelesez eta euskaraz egin zuen bere hitzaldia. «Horrek erakusten du gaur normaltasun osoz hitz egin dezakegula zientziari buruz euskaraz. Orain 25 urte hasi nintzen irakasle hemen, bosgarren promozioko ikasleekin, 1984-85 ikasturtean, Materia Kondentsatuaren Fisika ematen eta, gero, tarteka, AEBetan eta Britainia Handian ikerketak egiten denboraldiak egin baditut ere, bertako irakaslea izan naiz eta, iaz, Donostiako Nanoguneko zuzendari izendatu ninduten arren, tarteka, master-etako klaseak ematen jarraitzen dut. Hogeita bost urteotan euskarazko ikasketak ezartzeko egin den lana izugarria izan da».
Itziar URRETXA: Kimikako irakaslea
«Gure ikasle izandakoak irakasle dira gaur egun»
«Hogeita hamar urte daramatzat EHUn Kimika euskaraz ematen. Jazinto Iturbek ordurako tesina euskaraz aurkeztua zuen. Ikerketa bat egitera AEBetara joan zen 1979an eta haren ordezko gisa sartu nintzen ni. Ordurako, Jazintok mintegiak ematen zituen euskaraz. Nik 27 urte izango nituen orduan, tesia egiten ari nintzen, baina ez nuen artean euskara oso landurik. Etxeko euskara ateratzen zitzaidan, Berrizkoa. Ez zegoen hautuzkorik garai horretan. Bost ikasgai ziren, Biologia Txurrukak ematen zuen, Fisika Joserra Etxebarriak, Geologia Maribel Arriortuak, Matematika Jesus Mari Arregik eta Mari Jose Zaratek txandakatuz eman zuten eta Kimika nik. Gure ikasle izandako euskarazko lehen ikasle horiek fakultatean daude gaur lanean».
Joserra Etxebarria: Irakaslea
«Matrikula egunean, ikasleak euskarazko lerroan apuntatzen saiatzen ginen»
Eguerdiko hamabietan Areto Nagusian egin zen ekitaldi akademikoan, Enrike Zuazuak, Basque Center for Applied Mathematics-eko zuzendariak, esan zuen berari infinitua zer den galdetzen dioten batzuetan Joserra Etxebarria dela erantzuten duela. Irakasle hau izan zen Zientzi Fakultatean euskarazko ikasketak martxan jartzeko lanik gehien egin zuena. Bilboko Ingeniari Eskolan karrera ikasten ari zela, ikaskide batek galdetu omen zion ea euskaraz bazekien. Baietz erantzun zion honek. Eta ea atomoa, protoia edo antzeko gauzak nola esaten ziren galdetu zion segidan. Horrelako gauzarik ez zela euskaraz esaten erantzun zion Etxebarriak. Etxera joan eta buruari bueltak ematen hasi zen. Hamazazpi urte zituen.
Orduan hasi zinen zeure burua alfabetatzen.
Arreba nagusiak “Anaitasuna” hartzen zuen etxean. Hura irakurtzen hasi nintzen, baina izugarri kostatzen zitzaidan hasieran. Karrera bukatu nuenerako, nahikoa alfabetatua nengoen.
Ingeniari Eskolan ikaskide euskaldunok elkar ezagutuz joan zineneten.
Hori da. Orduan, denek gazteleraz hitz egiten zuten. Eibarren egin nuen batxilergoa. Ikasle guztiak, pare bat izan ezik, euskaldunak ziren eta inork ez zuen kolegioan euskararik egiten. Euskara etxeko kontua zen. Ingeniari Eskolan hasi ginen euskaldunak elkarrekin biltzen eta soldaduska (miliziak) elkarrekin egitea erabaki genuen. Cadizera joan ginen. Hara joan eta soldadu askok ez zekiten idazten eta irakurtzen eta alfabetatze klaseak antolatu genituen, gazteleraz. Bukatu genuenean ikasle batek esan zidan pozik zegoela, idazten eta irakurtzen ikasita Polizia Nazionaleko kide izateko aukera zuelako. Beti pentsatu dut polizia izango zela beharbada, baina beti gogoratuko zuela euskaldun batek erakutsi ziola idazten eta irakurtzen.
Noiz hasi zinen Unibertsitatean klaseak ematen?
Orain Medikuntza Fakultatea den eraikuntzan 1971n hasi nintzen klaseak ematen, laguntzaile gisa, Mekanika Teorikoan. 1972-73an ireki zen Zientzi Fakultatea eta han hasi nintzen klase teorikoak ematen.
1979an nola animatu zineten promozio oso bati ikasketak euskaraz ematera?
Aurreko hiruzpalau urteko prozesu baten emaitza izan zen. UEU sortuta zegoen. Ordurako, ari ginen testuak prestatzen. Ni, klaseak ematen hasi nintzenetik, apunteak euskaraz prestatzen ari nintzen. Kontuak atera, beraz. Zortzi bat urte baneramatzan prestatzen. Harremana nuen Donostiako Ingeniari Eskolakoekin ere, Zalbide, Luis Mari Bandres eta abarrekin, gero Elhuyar sortu zuen taldearekin, eta UEUn biltzen ginen udan. Aurreko bi urteetan klaseak gazteleraz eman ondoren, astean behin, nahi zuten ikasleei, euskaraz klase gehigarri bat ematen nien
Baina lehen promozio honetan egongo ziren euskaraz ezer ikasi gabeko ikasleak?
Bai, bai. Matrikula egunean mahaitxo bat jartzen genuen irakasleok eta euskaldun itxurako ikasleak euskarazko lerroan apuntatzeko konbentzitzen egoten ginen.
Zer-nolako taldea bildu zenuten?
Zientzi Fakultateko lehen ikasturtea nahikoa komuna zen. Biologia, Kimika eta Geologiako ikasleak biltzen ziren ikasgai komunak egiteko. Hogeita hamar bat laguneko taldea zen, gutxi gorabehera. Ondorengo ikasturteetan joan ginen hainbat adarretan euskarazko lerroa zabaltzen. Geroztik, euskararen erabilera normalizatu egin da unibertsitatean, baina klasetik kanpoko erabileran atzera egin dugu. Hasierako gure lehen taldeetan beti egiten zuten euskaraz.




