-

Joxe Rojas

2010ko Martxoaren 12a

Azken boladan behin eta berriro oldartzen zaizkigun haizete, erauntsi eta ekaitzen ondorioz, akaso, badirudi herri aldizkariei tokatu zaiela asteotan egurra handik eta hemendik jasotzea. Egunotan orri hauetatik ez oso urrun irakurri ahal izan diren zenbait kontu ez zaizkit batere justuak iruditu eta, errimak egiten jakiteak inori komunikazio proiektuei buruzko dotrina emateko eman diezaiokeen ahalmenari buruzko eztabaidan sartu gabe, kontrapuntua jarri eta txalotu beharreko zenbait kontu ekarriko ditut hona, parte interesatua naizela argi eta garbi utzita.

Beharbada, herri aldizkarien (bueno, eta irrati, telebista eta abarren) inguruan zabalduen dagoen ustea diru-laguntzetatik bizi ei direnekoa da. Egia da, alferrik litzateke ukatzea, diru publikoak oso garrantzitsuak direla tokiko hedabideentzat. Baina horrek ez du esan nahi finantzabide nagusia zergadunon sosak dituztenik. Aldizkari bakoitzaren finantzazio publikoa %20-30en bueltan ibiltzen da, eta bada kasuren bat %40ra iristen dena. Hortik gora, buruari buelta asko eta asko eman behar izaten dizkiote aldizkarietako «jauntxoek» aurrekontuaren gainontzeko zatia poltsikoratzeko: ohiko publizitatea, ezkontza gehigarriak, produktu osagarriak... baina baita bazkidetza kanpainak, era guztietako zozketak, txosnak eta bestelakoak... eta, sinetsi ezazue, ez da erraza jendea konbentzitzea diru apur bat eman dezan edonola ere dohainik jasotzen duen produktu baten truke.

Hori da beste kontu bat: herri aldizkari gehienak dohainik dira. «Carrefourreko panfletoen moduan» banatzen direla, edo «dohainik harrarazten direla, bestela ikusi ere ez genituzke egingo» esaten duenik ez da falta. Masibotasunaren aldeko apustua aldizkarion arduradunen fijazio obsesibo-konpultsibo baten ondorioa balitz bezala. Doako zein ordaindutako erdarazko hedabideek etenik gabe bonbardatutako gizarte batean biziko ez bagina bezala. Jakina aldizkarietako asko ikusi ere ez genituzkeela egingo dohainik eman ezean; besteak beste, euskarazko kultur ekoizpena anekdotikoa delako, inguratzen gaituen erdarazko oldearen aldean.

Gasteizko jauntxoek emandako dirutxoei esker, azken bi urteotan 4.000 inkesta egin dira aldizkari hauetako bosten banaketa eremuetako biztanle guztien artean. Gizonezkoak eta emakumezkoak, gazteak eta zaharrak hartu dira kontuan, erdaldun elebakarrak zein euskaldun peto-petoak. Haietako %80k, 3.200 lagunek, tartean euskaldunik petoenek ere, aitortu dute haien etxean ez dela euskarazko beste ezelako argitalpenik sartzen.

Bestelako datu interesgarriak ere atera dira 4.000 inkesta horietatik. Kontuak kontu, eta usteak uste, jendeak ondo baloratzen ditu aldizkari hauek. Nota jartzeko eskatu zaie guztiei, eta batez bestekoa 7,5ekoa izan da. Aldizkariok egotea oso ona, ona, txarra, oso txarra ala ez bata ez bestea den galdetuta, 4.000 horien artean batek ere ez du esan txarra edo oso txarra denik. Tartean, berriz ere, era guztietako hizkuntz ohiturak, pentsaera politikoak eta aurreiritziak dituen jendea egon bada ere. Harro egoteko moduko gauzak iruditzen zaizkit niri... parte interesatua naizelako, akaso.