-

Sasia eta mendia eskola eta gimnasioa izan dira larretxeatarrentzat eta hala izaten jarraitzen dute. Beren kasara hasiak eta ikasiak dira Patxi eta Donato Larretxea eta aitek lurrean marraztutako urratsen gainean ari dira oinez Gari eta Oihan semeak. Herri kirolen eta, batez ere, aizkoraren munduan leinu ezaguna da Arantzako baserri galdu batean abiatu zena. Gaur egun, beteranoek eta gazteek plazan topatu dute elkar.

2010ko Martxoaren 12a

Nolako egurra, halako ezpala. Esaldi ezin egokiagoa, aizkolari leinu famatu bati buruz ari bagara. Larretxeatarrek Oronoz Mugairin duten entrenamendu tokian harrapatu ditugu, larunbat goizez. Astean zehar nahiko lan daukate basoan eta majo iluntzen du aizkoran aritzeko edo kirola egiteko tartea hartzen dutenerako. Entrenatu, ordea, egun osoz egiten dute basoan. Garai bateko aizkolarien modura, eguneroko lanean zailtzen dute gorputza. Laurak batera harrapatu ditugu: Donato eta Oihan aita-semeak eta Patxi eta Gari aita-semeak. Ez da gurea balentria handiegia izan, hala ere, ordu asko ematen baitituzte laurek elkarrekin; bai basoan lanean, baita entrenamendu lokalean ere.

Larretxeatarrak herri kirolen munduan marrazten ari diren bidea Patxik abiatu zuen, 17 urte zituela. «Korrika apustu bat egin eta bost mila duro jokatu nituen. Hor hasi zen guztia. Gero, aizkoran hasi nintzen eta atzetik etorri zen Donato». Hain juxtu, Patxik Baztan-Bidasoako txapelketa batean parte hartu behar zuen eta bezperan belaunean min hartu zuen, basoan motozerrarekin ari zela -egia esan, motozerrak utzitako marka dezente dituzte larretxeatarrek-. Berak ezin zuenez jokatu, Patxiren ordez Donato aritu zen aizkoran. 18 urte zituen eta plazan lehendabiziko aldia zuen. Eta gustatu egin zitzaion nonbait, ordutik egin duen bidea ikusi besterik ez dago.

Patxi eta Donato Arantzako baserri batean jaioak dira. Baserritik herrira oinez ordubeteko bidea zuten kasik, horregatik-edo, baserri inguruan eta basoan topatu zituzten zaletasunak. Etxekoek ez zuten herri kirolik egiten, baina beti zebiltzan saltsa horietan. «Etxekoen lan mundua baserria eta kontrabandoa zen eta apustu giroa betidanik bizi izan dugu etxean. Eta, horrez gain, irrati bidez jarraitzen zuten herri kirolen mundua. Akordatzen naiz baserrian bazela irrati zahar bat eta haren bueltan biltzen ginen denak adi-adi. Guretzat oso gertukoa izan da beti herri kirolen mundua».

Irrati zahar hartatik jaso zuten apusturako eta plazarako grina eta egunero basoan egiten zuten lan gogorrak eman zien sasoia. «Gure gimnasioa mendia eta eguneroko lana izan dira», esan du Patxik. Eta konturatzerako, plazaz plaza hasi ziren Patxi eta Donato anaiak. Patxi, harri-jasotzen, trontzan eta txingetan, batez ere, eta Donato, aizkoran. «Geure kasara hasi ginen lehendabizi eta, gero, zekitenengana gerturatu ginen. Donamariako Mariñelarenarekin hasi nintzen mozketa nola egin ikasten. Aizkoran ez baita aski egurrari jotzea, non eta nola jo jakin behar da. Txapela irabazi nuen eta ingurukoek ikusi zuten nonbait banuela gaitasuna. Eta apustuak-eta sortzen joan zitzaizkidan. Pixkanaka, gora egiten joan nintzen», esan du Donatok. Ordutik, lehen desafio eta txapelketa haietatik, txapela mordoa bildu dute, bai Patxik eta bai Donatok.

Txapela, aita-semeentzat

Donatok duela aste pare bat jantzi du oraingoz bere azken txapela dena, Urrezko Aizkolarien Binakako txapelketan. Hamar finaletatik zortzi jokatu ditu eta bosgarrenez jantzi du txapela. Bereziena, hala ere, azken hau izan da, semearekin batera irabazi duelako. «Ez dakit nik, baina horrelako gauzarik ez da ezagutu izanen eta polita izan da semearekin batera lortzea txapela», esan du Donatok.

Izan ere, aizkoran, bi belaunaldik egin dute topo plazan; erretiratzeko adina gertu duena da bata eta, hasi berria, bestea. Tartean, etena nabarmena izan da. Larretxeatarrek -beste aizkolari leinu ezagun askok bezala- ondo islatzen dute bi belaunaldi horien arteko topaketa. Donatok indartsu jarraitzen du artean eta Oihan semea eta Gari iloba behetik gora datoz. «Ni erretiratuko nintzateke, azpitik datozenek horrela aginduz gero. Hutsune handia izan da. Aizkolariak izan dira, baina ez gure mailakoak. Gu maila jaitsita gaude, ez gaude duela hogei urte bezala; normalean, atzean utzita egon beharko genuke», jarraitu du Donatok.

Faktore asko elkartzen dira, beraz, ezin erretiratu horretan; aizkoraren biziraupena ziur samar ikusi nahia, mailari ahalik eta gorenean eutsi beharra eta erretiratzen ez jakitea. «Zaletasun handia daukagu. Nik arazo handiak izan ditut gerriarekin eta askotan pasatu izan zait burutik aizkora uzteko aukera. Baina pena ikaragarria emango lidake. Hainbeste urte dira aizkoran... Ezin utzi», aitortu du Donatok.

Egia da beteranoek eta gaztetxoek plazan egin dutela topo, baina plazara bitarteko batzuen eta besteen bidea desberdina izan da. «Gu mendian bizi ginen. Herritik ordubeteko bidea genuen etxera eta kalea gutxi ikusten genuen orduan. Aukerarik ere ez genuen. Lehen aizkora Patxik ekarri zuen. Akordatzen naiz ze ilusio egin zidan! Aizkora hura hartu eta bakar-bakarrik joan nintzen mendira probatzera. Orain, igoal ehun aizkora izango ditugu gurean, aukera-aukerakoak eta ondo prestaturikoak. Guk garai batean horrelakoak harrapatu izan bagenitu! Orain, semeak eta ilobak eskura daukate dena. Egurrak hemen jarriak, erremintak ere bai eta guk bidean ikasitako guztia ere beren alde daukate».

Errazagoa al da, orduan, etxeko gazteentzat aizkoran aritzea? «Ez dut uste errazagoa denik. Dena eskura-eskura izatea ez da sobera ona nire ustez. Asko duenak ez du estimatzen duen guztia. Gu bezala gutxi izan duenak izugarri baloratzen du daukan gutxi hori», jarraitu du Donatok. Semeari ematen dizkio aholkuak, baina tamainan. «Ezin gara beti ibili `hau egin ezak eta bestea egin ezak' agintzen. Norberak ikusi behar du zer komeni zaion; mendi buelta bat ematea edo aizkoran pixka bat aritzea komeni zaion norberak ikusi behar du, barrutik atera behar zaio», uste du Donatok.

Aizkora lepoan, ibili munduan. Patxi eta Donato dezente ibili dira munduan barna, aizkoraren aitzakian. «Ameriketako Estatu Batuetara zazpi-zortzi aldiz ailegatu naiz eta Europa mailan ere pixka bat ibili gara. Mundu pixka bat ikusi dugu eta munduan aizkolari asko dago. Australian bertan, ikusgarria da zenbat federatu dauden. Zeelanda Berrian, Polonian, Alemanian, Estatu frantsesean... Baina gu bezalako lan luzeak egiten ez dira aritzen. Lan motzagoak egiten dituzte. Gurea lan zakarra da eta hori esaten digute atzerriko aizkolariek, erotuta gaudela», jarraitu du.

Txapela, aita-semeentzat

Belaunaldi berrikoak dira Oihan eta Gari, baina prestaketan lehengo aizkolarietatik gertu daude. «Basoan aritzen dira gurekin lanean eta hori da beren entrenamendu nagusia. Gimnasioan aritzea baino hobea edo okerragoa den? Ez dakit, nik uste dut lanbide gogor horretan aritzeak mesede egiten diela plazan aritzeko», esan du Patxik.

Plazan dabiltzan aizkolari gazteen abizenei erreparatu eta denak dira aizkora leinu ezagunetakoak. «Etxean aizkolaririk izan gabe zerotik hastea nahiko gogorra da. Horregatik, duela bi urte inguru, hemen, Oronozen, eskola txiki bat sortu genuen -Gure Kirolen Kluba. Baztan-Bidasoa- nahi duena herri kirolen munduan sartzen has dadin. Grina baldin badu, behintzat, proba dezala», jarraitu du Patxik. Hogei lagunetik gora dabiltza eskolaren bueltan eta aizkoran ez ezik, trontzan, harri jasotzen eta txingetan aritzeko modua dute bertan. Azken urteotan, mota horretako eskolak sortzen ari dira, han eta hemen. «Baina aldundiek eta udalek apenas ematen duten laguntzarik. Eskola horiek bultzatu beharko lituzteke eta horretarako laguntza handiagoa eman beharko lukete. Gaur egun, mundu honetan gabiltzanak ari gara eusten eta hori ez da zuzena. Ez dut uste herri kirolak galduko direnik, euskaldunak burugogorrak garelako eta maite dugunari tinko eusten diogulako. Baina bideak errazagoa izan beharko luke», kexatu da Patxi.

Trabak traba, gazteak ari dira herri kirolen mundura gerturatzen. Horren adibide dira Oihan eta Gari lehengusuak. Oihanek 20 urte bete zituen joan den astean eta Garik ekainean beteko ditu. Ez bata, ez bestea, ez dira akordatzen noiz hartu zuten lehendabizikoz aizkora. Beren lehendabiziko plaza, berriz, Arantzan egin zuten, elkarrekin, bederatzi urte zituztela. «Ez dut uste adin ona denik. Ez da indar askorik izaten, nekatu eta erreminta arriskutsua gerta daiteke. Indar pixka bat behar da», esan du Oihanek. Gari ados dago: «Gutxieneko adin bat behar da aizkoran hasteko, 13-14 urte inguru». Bai Garik eta bai Oihanek badituzte gerrako markak, gehienak aizkora zorrozten ari zirela eginak. Baina susto handirik ez dute izan. «Txikitatik etxean hori ikusteak animatzen gaitu, baina zaletasuna ere behar da, ez baita kirol erraza», jarraitu du Garik. Kategoriako maisuak izan dituztela onartzen dute; «nahiz eta agian gu beti ez garen ikasle onak izan», gaineratu dute.

Egunero, basoan aritzen dira lanean aitekin eta astean bitan entrenatzen dute. «Sufritzeko gaitasuna behar da eta gure lana ez da txarra aizkorarako. Laguntzen digula uste dut. Aizkora menditik dator eta guri mundu hori guztia gustatzen zaigu», esan du Oihanek. Bai, egia da, agian ordu gehiegi ematen dituzte aita ondoan dutela. «Baina gero, lehengoan bezala, aitarekin batera txapela jantzi eta ahalegin horrek guztiak merezi duela sentitzen dugu», jarraitu du.

Gazteak gaztea erakartzen du. Eta plazan zenbat eta aizkolari gazte gehiago aritu, orduan eta gazte gehiago ikusleen artean ere. «Egia da plazan batez ere adineko jendea ikusten dela, baina azkenaldian gero eta gazte gehiago ikusten da eta hori pozgarria da», esan du Garik. «Hainbeste aitona eta txapela ikusteak aspertu ere egiten du!», jarraitu du lehengusuak.

Aizkora kirol gogorra da, baina ikusten ez den partea ere ez da samurragoa. «Lan handia dauka aizkorak. Egurrak prestatzen-eta lan handia dago, nahiz eta hori ez den ikusten eta ez den baloratzen», agertu du Oihanek. Baina gustuko aldapan, nekerik ez, eta bai Oihani, bai Gariri, gustatu egiten zaie. Beren aitak bezala erretiratzeko garaian erretiratu ezinda ibiliko al diren? «Hori ezin da jakin, oraingoz gustura ari gara eta jarraitu egingo dugu. Gero gerokoak», zehaztu du Oihanek.

Hauek ere zainetan baitaramate lehia eta irabazteko grina. Eta horrek indar handia du.