-

Jon Benito

2010ko Martxoaren 12a

Hotz da malda behera. Isiltasun gor batek hartu du errepidea. Bidean datozen autoen argiek gaua urratzen dute. Txirria hautsontziaren aurka sakatu, infusioaren azkena tragoan edan eta balkoiko leihoa ixten dut. Donostia ikusten da kristalaz bestaldera eta mendiaren bizkarra beltz, ilunetan, bide nabar eta baso itsu. Ez dakit izarrak irakurtzen eta ezin jakin berri onik dakarten.

Afariko ontziak jaso eta sukaldetik logelara atea nire bizkar hersten dut, jende eta munduarentzat orain arte zabalik zena, loak iraungo duen denboran niretzat mugatzeko. Ate bakoitza kanpoari jartzen diodan harresi bat da, ate bakoitza niretzat irekitzen dudan eremu berria.

Begietako putzuak sakontzen ari zaizkidala nabaritzen dut, komuneko argipean, ispiluan hortzak garbitzerakoan. Ahul eranzten naiz. Gauza handiak egiteko gai den heroia eguneko nekeak bentzutua dago.

Larre bustia bezalakoa izango den ametsa nahi dut.

Etxebidean autoak galga zapaldu eta martxa nola sartzen duen entzuten dut. Azeleragailua hondoratu eta espaloira igotzen da. Ez aurrera ez atzera geratzen da motorra amatatu gabe. Begiak maindiretan itxita, bihar arte atseden hartzeko jarria nagoen arren, loak ez du etorri nahi. Bihotza bizirik da eta burua eguneko kezkak deslotzeko lanetan galtzen da. Besoa luzatzen dut irratia pizteko.

Musika saihesten dut notizien bila. Egunaren amaierako albistegietan Zornotzan desagertutako umeaz ari dira; Lemoan aurkitu omen dute. Onik da. Auto itzarriaren dardara entzuten dut irratiaren gainetik. Norbaitek hor dagoela ohartarazi nahi dit. Tarteka besteren ahotsik gabeko elkarrizketa bat izan daitekeena heltzen zait. Zakurrak zaunka egiten du. Ulertzera ailegatzen ez naizen hitzak hotzak forma emanik irudikatzen ditut. Arnasa lurrun egiten da gauean aterian.

Biharko gauzak errepasatzen ditut: lehen orduan bilera, goizean zehar lana, etxerako egin beharreko erosketak eta lagun arteko afaria. Gero da biharamuna. Inoiz baino polizia gehiago dagoenez, kaleko segurtasunak gora egin duela esan du Herrizaingo Saileko arduradunak irratian.

Autotik etxepeko parkerantz boten zolek hartxintxarretan egiten duten azantza ezezagun da zakurrarentzat. Haizeak pertsianan jotzen du nire ziurtasun apurrak mehatxatuz. Oinak sendo dira eta pausoak luze. Ohean nire gorputzak dardar egiten du. Hotzez ala izuz?

Beste auto bat heltzen da. Honek ere ez du motorra zarratzen. Oin gehiago sumatzen ditut hartxintxarra zanpatzen eta ezkaratz parean gure jendeena ez den elkarrizketa bat. Ate bat ixten da. Irratiko tertulian datozen astetan mugimenduak izango direla iragartzen dute.

Memoriara jendeen izenak etortzen zaizkit. Gure ateak, ez irteteko bezain sendoak al dira nahi ez dugunari ixteko? Libre uste izan naiz, baina nire logela beldurren zelda bat da orain. Etxeko hormak hauskor iruditzen zaizkit, askatasuna edozein unetan galtzeko arriskua sentitzen dut.

Zakurrak zaunka egiten du. Irratiko eguraldi iragarpenean, hotz eta ekaitza errepikatu dute biharko. Oin hotsak etxepetik urruntzen dira. Bihotza belarrietan entzuten dut. Azeleragailuei eman eta autoak badoaz.

Hotz da malda. Eta isiltasuna gor izatera itzuli da. Gauak ilun behar du kanpoan, baina bihotzak, ikusi gabe, susmatu egiten du.

Maindire artean begiak zabaldu gabe jarraitzen dut. Ondo dakit loa ez dela gaurkoz gehiago etorriko. Ez naiz zuri esatera ausartzen, baina mehatxuz inguratua dago pertsona librea.