Lehen Hezkuntza ikastera joan eta aktore bihurtuta atera dira gazte asko Zurriola ikastolatik. Amateur moduan aritzen dira gehienak, baina badira bide profesionala hartu dutenak ere. Tartean, ETBri esker, aurpegi ezagunak. Zurriola Antzerki Eskolaren helburua, dena den, ez da aktoreak sortzea, euskaraz antzerkia eginez ondo pasatzea eta, bitartean, hainbat giza balore lantzea baizik.
Xole Aramendi
2010ko Martxoaren 12a
Pozik! Triste! Urduri! Nekatuta! Gorrotoa!», esan die, bata bestearen atzetik, Joserra Fachadok. Eta aurpegieraren eta gorputzaren bidez adierazi dute irakasleak eskatutakoa. Kolore beltza da nagusi gelan, agertokiaren beltza. Eta gorria nabarmentzen da ingurune beltzean, clown sudurraren gorria. Ez da antzokia, Zurriola ikastolako gela baizik. Lehen Hezkuntzako 5. mailako lau neska eta hiru mutil Antzerki Eskolan ari dira.
Lehen Hezkuntzako 3., 4. eta 5. mailan, eskola orduen barruan ikasten dute antzerkia, astean ordubetez. Gainerakoek, eskola orduez kanpo egin dezakete.
Lau irakasle dira Antzerki Eskolan: Joserra Fachado, Mikel Sarriegi, Montxo Imaz eta Izaskun Lapaza. Aurtengo ikasturtean, dantza garaikidea gehitu dute eskolan, Lapazari esker.
Fachado eta Sarriegi, biak, dira aktoreak. Nabaria da ikasleekin lanean aritzea gustukoa dutela. «Gozamena da eta zoriontsu gara. Antzerkia oso polita da, jendearekin egiten dugu lan», adierazi dute.
Antzerki Eskolaren helburua ez da aktoreak sortzea. «Gure nahia euskaraz antzerkia egitea, ondo pasatzea eta baloreak zabaltzea da, elkarlana adibidez -adierazi dute Fachadok eta Sarriegik-. Guk ondo pasatu nahi dugu. Eta, era berean, balore asko transmititzen dira; ez guk, antzerkiak berak baizik».
Lehen Hezkuntzako 3. mailan mimoarekin, adibidez, gorputza eta espazioa lantzen dituzte. «Eta, zer esanik ez, irudimena eta sormena. Aulki bat eman eta sekulako istorioak lantzen dituzte», kontatu dute.
Bilakaera ikusgarria izan du Antzerki Eskolak. Irakasle bakarretik lau izatera pasatu dira eta urtero, batez beste, 260 ikasle dituzte. «Askoz gehiago ezin da handitu, ez daukagu tokirik», diote.
Adinaren arabera, arlo desberdinak lantzen dituzte: clowna, mimoa edota testu dramatikoak. «Orain, adibidez, handiagoekin, `La Casa de Bernarda Alba' ari gara prestatzen. Gero eta ur handiagoetan sartu nahi dugu. Erronka da».
Beti gauza bera egiteak ez du balio. «DBHko 3. mailan, ikasleek eurek sortzen dituzte antzezlanak. Oso neketsua da, baina aukera eman nahi diegu. Hurrengo ikasturtean, 4. mailan, inprobisatzen saiatzen gara. Pentsa profesionaloi zenbat kostatzen zaigun inprobisatzea eta haiek aritzen dira...».
Joserra Fachadoren ustez, agertokiaren gainean gertatzen denak bezainbesteko garrantzia dauka oholtzaren atzekoak. Hor lantzen dira giza-baloreak, adibidez, elkartasuna. «Antzokietan, politena ez da oholtzan ageri dena, atzekoa baizik», argitu du.
«Une hartan ez ginen ohartzen. Azken urteotan ari naiz konturatzen ze garrantzitsua den atzeko mugimendu guztia. Horrek funtzionatu behar du jendeurrean aurpegia ematerakoan funtziona dezan», gaineratu du Asier Oruesagastik.
Eskola orduek libre uzten dituzten atseden uneak aprobetxatzen dituzte. Bazkaltzeko garaian, gazteenen bi talderekin aritzen dira; ordubete, bakoitzarekin. Arratsaldean, 17:00etatik 19:ooetara talde batekin eta, 19:00etatik 21:00etara, beste batekin. «Guztira, 11 talderekin, 22 eskola ordu ditugu. Eskolak prestatzeak ere denbora eskatzen digu. Ikastolako beste edozein irakasleren dedikazio bera da gurea», diote.
Eskolak daukan eskasiarik nabarmenena testuei dagokiena da. «Arazo larria da, ez dago adin hauetarako testu dramatiko idatzirik. Hasieran, irakasle batzuk hasi ziren idazten, musutruk. Gero, gurasoen laguntzarekin jo dugu aurrera. Batxilergoko ikasleak ere animatzen dira, tarteka», kontatu dute.
Pixkanaka, testu bilduma ari dira osatzen. Orain, testuak eskatzeko deitzen diete.
Hamasei bat urte daramatza Joserra Fachadok eskolan lanean, baina bere aurretik Gotzon Aleman hasi zen. Duela 25 urte izan zen hori. «Ni sartu nintzenean, Montxo Imaz ari zen, bi talderekin. Anartz Zuazuak ere bolada luzea egin zuen», gogoratu du.
Ez dira ikasleak bakarrik aritzen antzerkian, nahi duenak ikasketak bukatu ondoren ere jarrai dezake. Gurasoen talde bat ere badago. «Gurea ez da eskola profesionala, baina bederatzi urterekin hasi eta batxilergora arte edo ondoren -25 urteko ikasle ohien taldea badago- lortzen den esperientzia sekulakoa da. «Ez da irakasleak onak garelako -hirurak barrez hasi dira-, atzean dedikazio handia dagoelako baizik».
Honez guztiaz gain, ikastolak berak ere asko mimatu du antzerkia. Hau dena batuz lortzen da emaitza. «Gurasoen babesa handia izan da», nabarmendu dute irakasleek.
Antzerkiak irakasleei dedikazioa eskatzen die, baina eman? «Asko ikasten dugu -diote Sarriegik eta Fachadok-. Egunero 4-6 ordu aktoreei begira pasatzen ditugu eta aparteko entrenamendua da. Anartz Zuazuak halaxe esaten digu. Orain «Wazemank» saioan aktoreak zuzentzen ari da eta Zurriolakoa oso prestakuntza ona izan zela dio», kontatu du Fachadok.
Urtero eskuratzen dituzte sariak antzerki topaketetan. «Aurten, seniorretan bi eta amateurretan lau talde aurkeztuko gara», esan dute.
Antzerkia hezkuntzan nola uztartu erakutsi du Zurriola ikastolak eta beste ikastetxeentzat eredugarria da arlo honetan. «Ez da harrokeria handia esatea Zurriola garrantzitsua izan daitekeela gero Euskal Herrian hedatzeko», adierazi du Fachadok.
Landaberrin ere bai
Lasarte-Oriako Landaberri ikastola, esaterako, animatu da antzerki eskola martxan jartzera. Sarriegi eta bera ari dira bertan irakasle. Fachadok amateur talde bat dauka, gurasoena. Donibane Garazin eta Donostian, «Garrasi isila» antzezlana eskaini berri dute. Eta Sarriegik lau ikasle talde zuzentzen ditu.
Euskal Herriko hainbat ikastetxetatik datoz Zurriolara, haien esperientzia bertatik bertara ezagutzera. «Eguerdi batean, hiru areto bete-betean aurki ditzakete, talde bakoitza berean. Mugimendu hori ikusi eta harrituta geratzen dira. Baina irakaslegoa formatu beharra dago. Nik eman izan ditut clown ikastaroak Hik Hasin, baina mugatuak dira, hiru egunekoak. Horrek atea irekitzen du, baina jarraipena behar du. Noski, herri honetan, oraindik antzerki eskola ofizialik gabe gaudenez, begira nola gabiltzan... Pentsa haur eta gaztetxoetzat eskatzen badugu. Nola txikientzat? Profesionalok ez daukagu eta..., esan dezakete». Ikasturte bukaera data seinalatua da Zurriolako ikasleentzat, urte osoko lanaren emaitza ikaskide, guraso zein lagunen aurrean erakusten baitute. Hainbeste talde izanik, apirilean hasi eta ekainera bitartean jarraitzen dute emanaldiekin. Aurtengo egutegia begiratzea nahikoa da nolako mugimendua sortzen den ikusteko.
«Gurasoek diote txikiek estreinaldiaren aurretik ez dutela lorik egiten. Polita da», adierazi dute bi irakasleek.
Ikasleen artean ahoz ahokoaren bidez jakin-mina eta interesa pizteko ere baliagarria da. Honela, ikasleak eskolan izena ematera animatzen dira. «Primeran pasatzen dutela esaten diote elkarri eta, horrez gain, ikasturte amaierako erakustaldian parte hartzea garrantzitsua da eurentzat», esan du Sarriegik.
Era berean, ikusle bezala oso kritiko bihurtzen dira. «Antzerkia ikusteko ohitura handia dute. Badakite oihala biltzean geldirik egon eta agertokira begiratzen. Ez dago ezer esan beharrik».
Hainbat zine zuzendarik ere zuzenean Zurriolara jo izan du castinga egitera. ETBko telesailetan -«Goenkale», «Hasiberriak», «Martin», «Klikowski»...- hogeitik gora ikaslek hartu dute parte. ETBren harrobitzat jo izan da Zurriola ikastola. «Boom txiki bat gertatu da, baina guk eguneroko lanean sinesten dugu gehiago. Ikasle horiek hemen gehiegi nabarmendu ez daitezen saiatu gara. Esan diegu batzuk zortea izan dutela, baina horregatik ez direla aktore hobeak».
Asier Oruesagastik bere tokia aurkitu du interpretazioan
Zirrara. Horixe sentitu zuen Asier Oruesagastik “Goenkale’’ko platoa lehen aldiz zapaldu zuenean. 9-10 urte besterik ez zituen eta figurazio lana egitera zihoan. «Erraldoia iruditu zitzaidan: hainbeste foko, kamera, hainbeste jende... denak bueltaka.... Han egon nahi nuen, naturala zen niretzat», gogoratu du.
Ez zen harritzekoa, gurasoek kontatu diotenaren arabera, 4-5 urterekin, bere gelan bakarrik prestatutako «emanaldia» ikustera behartzen baitzituen. «Nik uste barruan neukan zerbait atera nahi nuela», adierazi du aktoreak.
Oruesagastiren bidean, Joserra Fachado erabakigarria izan da. Bederatzi urterekin hasi zen berarekin mimo egiten. «Oso ona zen», aitortu du irakasleak, hasierako garaiak gogoratuz. Lehen figurazio lana egitera ere bere bitartez joan zen ETBra.
Ikasketak amaitu arren, ez zuen Antzerki Eskolarekin zuen harremana eten, duela hiru urtera arte. Ikastolak antzerki munduan duen pisua nabarmendu du Oruesagastik: «Antzerkiko gazte taldeen topaketetan Zurriolak beti sariak eskuratzen ditu, hainbat kategoriatan. Alegia, kontua ez da ondo pasatzea bakarrik, nahi duenak asko ikas dezake. Nik asko zor diot Antzerki Eskolari», esan du.
Antzerkia, telebista, zinea... denetarik egin du. «Profesionalki, bost urte daramatzat eta ezin dut sinetsi egindako bidea», kontatu du.
Ezin gusturago dago. Teatre du Chimeres taldearekin “Baba zango horiak” lana estreinatu zuen, joan den martxoaren 3an, Saran. «Profesionalki, hirugarren antzezlana da. Oso polita da, niretzat erronka hizkuntza da, Ipar Euskal Herriko euskara erabiltzen baitut», azaldu du.
Zorteko sentitzen da interpretaziora dedikatu ahal izateagatik. Eta, batez ere, pozik, antzerkian modu profesionalean hasi delako. «Telebista ondo dago, soldata finkoa daukagu. Zineak beste magia eta tempo batzuk dauzka. Baina antzerkian egunero egin behar dugu ondo. Ez dakigu ikusleak nola egongo diren... Gehiago betetzen nau», dio.
Asko eman dio interpretazioak. Testuliburuekiko ez zuen interes handirik, baina agertoki gainean, bere lekua aurkitu zuen. «Gazteak garenean, gure bidea aurkitzen ari gara eta antzerkia oso bide inportantea izan daiteke. Kontua ez da beste ezertarako balio ez dugulako antzerkira jotzea... Ez, antzerkirako ere balio dugulako baizik», argitu du Fachadok. «Aukera bezala, betiere», zehaztu du Asierrek.
«Apunteak hartu eta memorizatzea ikaragarri kostatzen zitzaidan. Karrera bat egiteko ez dut balio. Baina mutur aurrean gidoi bat jartzen badidate, gai naiz ikasteko eta ahalik eta ondoen egiteko», esan du. “Goenkale”ko eguneroko jardunak asko laguntzen dio. Gustura dago Kevin pertsonaiari bizia emanez. Lau urte daramatza horretan. «Oso gustukoa dut. Kalean beti hitz onak entzuten ditut Kevinen alde». Jendearengan duen onespena aztertzean, pertsonaiaren sorrerara doa. «Txisteak eta hitz-joko asko egiten zituen, baina, era berean, jenio bizia ere erakusten zuen. Batzuetan, dena den, onegia da...», esan du.




