Ramon Sola
2010ko Martxoaren 12a
Herritar arruntei askotan entzun diet horixe behar zuela Euskal Herriak: barnetegi antzeko bat. Alderdi politiko nagusietako ordezkariak bertan bildu, atea giltzaz itxi eta akordioa egiteko denbora mugatua eman. Jose Luis Kortak, esaterako, esana du hori errazteko janaririk eta edaririk gabe uztea komenigarria izan litekeela. Arinkeriaz botatako burutaziotzat har daitezke hauek, gauzak ez direlako hain errazak. Baina orain baieztatu dugunez, ez zen oso ezberdina izan Loiolako Arrupe Etxean 2006ko urrian eta azaroan gertatu zena. Hamabi bilera, dozenaka orduko eztabaida, hitz bakoitzari buruzko borroka estua, negoziazio zorrotza. Eta helburu bat, orandik ere helburu dena: mendeetako gatazka konpontzeko akordio politikoa.
Zapore gazi-gozoa uzten du ``Loiolako hegiak'' liburuak. Gozoa, batetik, Euskal Herriko hiru sentsibilitate politiko nagusiak -espainiarzaleak, autonomistak eta independentistak- mahai baten inguruan bildu eta gutxieneko akordioak lortzea egingarria dela frogatzen duelako, dena jasaten omen duen paperean behintzat. Baina gazia bestetik, ahalegina ez zelako azkenean gauzatu, eta hitzetan ados jar zitezkeen arren, borondate politikoetan argitasunik ez delako agertzen.
Helburu oso ezberdinak zituzten mintzakideek. Akordio politikoa berez lehenesten zuen bakarra, bistan denez, Batasuna zen. EAJrentzat hori ETA amaitzeko ordainsaria zela argi uzten du Iñigo Urkulluren lekukotasunak. Eta zer esanik ez Eguigurenenak. Rodolfo Aresen etengabeko telefono dei horiek frogatzen dute Madrildik esku beltz batek mugitutako txontxongiloa baino ez zela izan. Eta Jesus Egigureni dagokionez, han hitzartutakoa Estatuak errespetatuko ote zuen zalantza uzten du une orotan.
Baldintza horietan, azkenean akordioa izan balitz ere, batek daki hori gero gauzatuko ote zen. Zehaztapen bila ezker abertzaleak luzatu zuen azken proposamena horren froga garbia da. Anbiguetatea bikoitza izan zen PSOEren partetik. Paperean, lehenengo, independentzia gauzatzea egingarria ote zen eta Euskal Herriko zatiketa gainditzeko ahalegina egingo ote zuen ez baitzuen zehaztu nahi izan. Eta errealitatean, gero, hori idatzita geratu balitz ere, auskalo gaur -hiru urte eta erdi geroago- hitza beteta izango zen. Ez al zuen Jose Luis Rodriguez Zapaterok berak esan, 2006ko ekainean 30ean, euskal herritarren erabakia errespetatuko zuela? Ez da hitz kontua, beraz, borondate kontua baizik.
Imanol Muruaren liburua irakurtzean, Loiolako mahaikide guztietan sentimendu bera sumatu dut: bakardadea. Imajinatu dut Egigurenek eta Aresek, esaterako, hasperen luze bat egingo zutela, dagoeneko Madrilen zer eta ezker abertzalearekiko akordio politiko baten inguruan azalpenik ez zutelako eman beharko. Gauza bera Urkulluk eta Imazek, EAJk 30 urtez ibili duen bidea okerra zela ez zutelako onartu beharko. Errazagoa izango zuten agian Otegik, Etxeberriak eta Santestebanek, baina konsziente izanda ere lortutakoak ez zuela kide guztien egarria asetuko. Gerry Adamsek esana du bakoitzaren negoziazio zailena etxe barruan egin beharrekoa dela.
Bakardade hori sumatu dut guztiengan, ardura historikoaren zama, nolabaiteko dardara hanketan. Eta ulergarria da. Horregatik, agian, oker gaude, eta hainbeste txalotu den barnetegiaren aurkako bidea jorratu behar da, hain juxtu ere. Atea ireki, kalera atera. Kontsentsu politikoa landu. Eztabaida gizarteratu. Besteari jakinarazi, baita besteari entzun ere. Indar korrelazio berriak sortu, konponbidearen aldekoak. Hitz egin, bozkatu, erakundeetatik eta hedabideetatik ere eragin. Nazioarteari begiratu. Etxea zutabeetatik eraiki, ez teilatutik. Hurrengo Loiolakoaren moduko baten protagonistek errazago izango dute.




