Jose Angel Oria
2010ko Martxoaren 12a
Europar Batasunak sekulako nortasun krisia duela ez da gauza berria. Eslovakiatik iristen diren berri batzuk entzutean, hasierako ideia hori indartu besterik ez da egiten. Europak, aurrera egin beharrean, atzera egiten duela dirudi, XXI. mendean ez baita onartzeko modukoa inork maite ez duen ereserki nazionala entzutera behartzea herritarrak. Eta horixe egiten ari dira Eslovakiako Agintea duten indar politikoak, «Hospodarske Noviny» Bratislavako egunkari ekonomikoak jakinarazi duenez. Youtuben ere jarri dute aipatu ereserkia: himnoa entzuteaz gain, Eslovakia helikopterotik hartutako irudien bitartez ezagutzeko aukera izango dugu, «Euskal Herria lau haizeetara» dokumental sailak eskaintzen zigun moduan. «Ekainaren 12ko hauteskundeetarako aste batzuk falta direnean, Eslovakiako alderdi politikoak abertzaletasunaren domina lortzeko lasterketan hasiak dira -irakur daiteke hnonline.sk aipatu egunkariko webgunean-. Orain arte plazaratu dituzten ideien artean handiena, aipagarriena, eskoletan, udaletxeetan eta hedabideetan ereserki nazionala entzuteko agindua ematea izan da».
Egunkariak nabarmentzen du martxoaren 2an erabaki zutela herrialdeko agintariek, datorren apirilaren 1etik aurrera eskoletan, astelehenero klaseak hasi aurretik, himno nazionala entzutea derrigorrezkoa izango dela. «Era berean, ereserkia entzun beharko da herri edo hiri batean egin behar diren udal bilera guztiak hasi aurretik. Jokaldia borobiltzeko, irrati eta telebista kate publikoak ere himnoa beraien saioetan eskaintzera behartuta egongo dira. Hori da lege berriak agintzen duena. Abertzaletasuna sustatzea da ekimenaren helburua. Hauteskunde kanpainan egin dute proposamena Jan Slotaren Eslovakiar Alderdi Nazionaleko hiru buruk -Jan Slota gobernu koalizioan dagoen eskuin muturreko alderdiko presidentea da-. SMER Robert Fico lehen ministroaren alderdi sozialdemokratako diputatuek lagundu egin dute dekretua onartua izan zedin».
Kanadan ere himno nazionalarekin bueltaka dabiltza, baina bertako politikarien maniobrak helburu goragarriak dituela esan daiteke, Efe agentzia espainolak emandako informazioaren arabera. «Stephen Harper Kanadako lehen ministroak iragarri du herrialdeko ereserkiaren letra ez dutela aldatuko, nahiz eta Gobernuak berak proposatu zuen orain egun batzuk zati bat aldatzea, genero maskulinoa besterik aipatzen ez duelako. Gobernuak Parlamentuari proposatu zion jatorrizko hitzetara itzultzea, neutroak generoari dagokionez». Ideia ona zirudien, baina kanadiarren ezezkoa jaso du. «Kanadiarrei eman genien gai honen inguruan pentsatzen dutena adierazteko aukera, eta kanadiar askok, batez ere Alderdi Kontserbadoreko kide askok, oso garbi hitz egin dute. Ez dute eztabaida hori zabaldu nahi», esan zuen Dimitri Soudas lehen ministroaren eledunak. «Zure seme guztiengan aberriarekiko benetako maitasuna sorrarazten duzu», dio gaur egungo letrak, eta «guztiengan» 1880an frantsesez idatzi zuten jatorrizko bertsioak. Ingelesezko bertsioa egin zutenean, ordea, ez zuten itzulpen zuzena egin, eta zentzua zertxobait aldatu egin zioten.
Gure inguruko hedabideetan momentu jakin batzuetan baino ez dira aipatzen himnoak, ekitaldi ofizial batzuei buruzko kronikatan, kirol arloko gertakizunetan... Eta Eslovakian ere ez zioten jaramon handirik egingo ereserkiari, politikarien ateraldi hori iritsi zaien arte. hnonline.sk webgunean idatzi dute abertzaletasunaren inguruko legeak ustekabean harrapatu dituela eslovakiarrak, «ez baitzeuden psikologikoki prest. Inork ezin zuen imajina horrelako ezaugarriak dituen legea onartzera iritsiko zirenik. Neurriak aro komunista ekartzen du gogora. Orduan, burkideek aginduta, Txekoslovakiako zein Sobietar Batasuneko ereserkiak zalaparta handiz jartzen zituzten. Himnoa zorrozki errespetatzen bazen ere, errituak berehala galdu zuen zentzua. Askok uste dute Eslovakiako ereserkia etorkizun bera izatera kondenatuta dagoela».
Egunkari ekonomikoak hungariar jatorriko komunitatearen kezkak ere aipatu ditu. «Eslovakiako hegoaldean dagoen komunitateak lege hau hartu du eraso pertsonal moduan eta une honetan bere buruari galdetzen dio ea zein izango ote den hurrengo urratsa. Zer gertatzen den zain gauden bitartean, neure buruari esaten diot gertatu dena eslovakiarron frustrazioaren adierazpen bat besterik ez dela izan, geure buruarekiko konfidantza erabat galduta dugu-eta», idatzi du Lubomir Smatanak «Hospodarske Noviny» egunkarian.
Smatanaren arabera, Eslovakian indartzen ari dena ez da abertzaletasuna, «populismoa» baizik. Berak Robert Fico lehen ministroari leporatzen dio populismoaren fenomenoa herrialdean erein izana. Hor hasten dira Eslovakiako gauzak ulertzeko arazoak, populismo hitzak zer esan nahi duen jakiterik ez dago-eta. Gaur egun, Europako mendebaldeko hedabide askok Latinoamerikako Gobernu aurrerakoiak aipatzeko erabiltzen dute hitz hori, beti ere gutxiespen-zentzuarekin. «Bere burua herri osoaren interesen aldeko gisa agertzen duen mugimendu politikoa -da populismoa, hiztegiaren arabera-. Oso termino lauso eta zehazgabea da eta maiz jarrera kontrajarriko mugimenduen izendapena izan da», esaten digute Harluxet hiztegi entziklopedikoko egileek. Kontuz, beraz, hitz horrekin, «terrorista» hitzarekin egiten dutena egiteko balio du-eta. Smatanak Fico lehen ministroaren proposamen «populista» asko ikusi ditu. Esaterako, iazko irailaren 1ean, Konstituzioaren egunean, klaseak hasi aurretik ereserki nazionala abesteko eta bandera jasotzeko proposatu zuen. Gainera, Bratislavako Gazteluan Svatopluk printzearen estatua bat egitea ere proposatu zuen, «eslovakiarren erregearen» estatua alegia.
Egilearen iritziz, Ficoren populismoak gai nazionalak hartzen ditu oinarri moduan, «Erdialdeko Europan sozialdemokraziaren ideologia hilda dago-eta. Politikarien artean, ia inork ez ditu gai sozialak aipatzen. Horrela ulertzen da, Eslovakiar Alderdi Nazionaleko botoemaileak erakarri nahian, Ficok nazional-populismoaren bidea hartu behar izatea. Ez da ahaztu behar Eslovakia dela Europako herrialderik gazteenetako bat eta, horretxegatik, berpizkunde nazionalaren fasetik pasa beharra daukala. Dagoeneko fase hori bizita duten inguruko estatuei egungo gertakizunak barregarriak irudituko zaizkie. Eslovakiak txekiarren eta hungariarren txisteak jasan beharra izaten du».
«Hospodarske Noviny» egunkariak nabarmendu du himnoari dagokion legea ez betetzeak ez duela eragingo ez isunik ez bestelako kalterik. Beraz, aurki inork ez duela beteko aurreratu du. «Herritar bihurrien esku geratzen da legea kontuan ez hartzeko ausardia izatea». Smatanak gogorarazi du beste lege iskanbilatsu bat urratzeak, hizkuntzaren inguruko legea urratzeak, isunak eta bestelako ondorioak eragiten dituela.
Iaz onartu zuten beste lege hori, hizkuntzarena, eta Hungarian Eslovakiako gutxiengoen giza eskubideak urratuta ikusi zituzten orduan, «Heti Vilaggazdasag» astekariaren arabera. Eslovakiako politikariek erabaki zuten herrialdeko leku publikoetan derrigorrez eslovakieraz egin behar dela. Eta aipatu hedabideak Europar Batasunari eskatu zion Eslovakiaren «joera nazionalista» geldiarazteko. hvg.hu aipatu astekariaren webgunearen arabera, «legeak Ceausescuren gutxiengoekiko politikak ekartzen ditu gogora: hemendik aurrera, Hungariako edozein medikuk eslovakieraz hitz egin beharko du bere hungariar gaixoarekin, nahiz eta biek hungarieraz egitea nahiago izan. Hori bezain surrealista izan daiteke edozein ekitaldi kulturalera doan hizlariaren egoera: hitzaldi osoa eslovakieraz errepikatu beharko du, nahiz eta entzule guztiak hungariarrak izan». Budapesteko astekariak nabarmendu zuen eslovakieraren legeak Hungariako Parlamentuan ordezkariak dituzten alderdi guztiak ados jarri zituela. «Jomeiniren edo talibanen polizia erlijiosoa izango balira bezala, Bratislavako agintariak hizkuntz polizia moduan ariko dira aurrerantzean. Historiaren ironia da: zaharkitutako pentsamendua duten eslovakiar buruek, kontzientzia nazionalaren fundamentalista etnikoek, garai bateko magyar nazionalismoaren adibiderik penagarrienak kopiatzen dituzte», idatzi du Laszlo Tamas Pappek. Bere ustez, «demokrazia modernoen garaian, jasankaitzak dira tankera honetako politika nazionalistak».




