Gizakiok zabor gehiegi sortzen dugu eta gero ez diogu behar adinako kasurik egiten. Zer gertatzen da zabor horrekin? Zati handi bat itsasoetara joaten dela, bertako abereak, flora eta habitata kaltetzera. Plastikozko piezak biodegradagarriak ez direnez, ozeanoetan pilatzen dira, kontinente baten neurriak dituzten «uharteak" sortzeko.
Jose Angel Oria
2010ko Martxoaren 12a
Plastiko-zopa deitzen diete batzuek, zabor-uharteak besteek. Ozeanoetan hazi dira, kontinente baten neurria hartu arte. Eta hazten jarraitzen dute. GAUR8n aipatu genuen orain bi urte Ozeano Barean Europa erdiaren azalera zuten orbanak aurkitu zituztela. «Bi uharte modukoak dira eta horietako bakoitzak AEBetako Texas estatuaren azalera zuen, gutxi gorabehera. Hawaii uhartetik iparraldera dago», esan dio orain GAUR8ri Maria Jose Caballero Greenpeace nazioarteko erakundeko kideak.
Orain esan digute Atlantiko ozeanoan ere tankerako zerbait aurkitu dutela, dentsitate txikiagokoa, hori bai, baina handia, ikaragarri handia, nahiz eta mugak non dauzkan oraindik zehaztu ez duten. Karibe itsasotik iparraldera dago plastiko zopa hori. «Ez dute neurtu azalera. Sigi-sagan doan ibilbide bat egin dute, Bermudetako triangelua gutxi gorabehera, Belizetik irtenda Azores bitartean -jakinarazi du Greenpeacekoak-. Ez da hain handia, dirudienez, baina ez da oso urruti ibiliko. Badirudi Ozeano Bareko iparraldean gertatzen ari den fenomeno berbera dela Atlantikokoa, antizikloi birak daudelako eremu horietan, ordulariaren zentzuan itzuliak egiten, eta kasu horretan zaborra erdian pilatzen da. Itzuliak kontrako zentzuan eginez gero -ipar hemisferioari dagokionez-, barruan dagoena kanporatu egingo luke. Itsaslasterrek bertan pilatzen dituzte plastikoak». Haizeak frontoi bateko puntu batean hosto lehorrak pilatzen dituen moduan pilatzen dute zaborra ozeanoko itsaslasterrek.
Txikiak eta kaltegarriak
Oso txikiak dira ozeanoetako eremu horietan pilatu diren plastiko zatiak, eguzkiaren, haizearen eta ur gaziaren eraginez. «Txikiak izanda ere, inoiz ez dira desegiten. Kalkulatu dute 500 eta 1.000 urte bitarteko iraupena izaten dutela, ur hotzak mantendu egiten dituelako. Zentimetro bat eta hamar zentimetro bitarteko zatiak izaten dira normalean, eta plastikoaren ezaugarri kutsakor guztiak dituzte. Nahiz eta 500 urte baino gehiago egiten duten itsasoan, egin diren ikerketek esaten digute lehen urtean jadanik hasten direla oso gai kaltegarriak askatzen, PCBa edo pestizidak, DDTa esaterako, eta horien eraginez abereen ugalketa kaltetuta geratzen da».
Atlantikoan eta Ozeano Barean horrelako orbanak badaude, zer ez ote da egongo Mediterraneo itsasoan? Txikia izan arren, populazio handiko herrialde askok inguratzen dute Europa eta Afrika arteko itsasoa. «Kutsadurari dagokionez, Mediterraneoa da itsasorik kutsatuena, duen presio demografiko handiagatik, horrenbeste herrialde industrializatu inguruan izanda -esan dio GAUR8ri Ana de la Torriente Oceana nazioarteko erakundeko itsas zientzialariak-. Baina plastiko zopak... Ezagunena 1997an Ozeano Barean aurkitutakoa da. Orain bestearen berri izan da. Horiek ezberdinak dira, ez dago horiek Mediterraneoarekin alderatzerik. Zabor gehiena lurretik datorkie, oso urrutitik, milaka kilometrotatik». Plastiko zatiek urteak egiten dituzte itsasoan, eta auskalo zenbat denbora egin duten lehenago ibaietan, zabor uharte horietara iritsi aurretik.
«Mediterraneoari dagokionez, itsasertzean aurkitu dute plastiko gehien -esan du Maria Jose Caballerok-. Dentsitatea, edonola ere, ozeanoetako orbanena baino askoz ere txikiagoa da: kilometro karratuko 300.000-1.000.000 pieza Ozeano Barean; Atlantikoan, 200.000 inguru; eta Mediterraneoan, 2.000 besterik ez. Hori bai, bestelako kutsadura izugarria da Mediterraneoan: metal astunak eta ur-beltzak, esaterako».
Indiako Ozeanoan?
Zergatik gertatzen da hori, itsasoa plastiko asko kontsumitzen duten herrialdez inguratuta egonda? «Kosta asko daukagulako. Plastiko hori itsasertzera iristen ari da. Oso urrutira joan behar duzu itsasoan plastiko pilaketa horiek aurkitzeko, korronte egokiak izan behar baitituzte. Bestela, itsasertzera iristen dira. Mediterraneoa oso itsaso txikia izanik, ez dauka horrelako eremurik, ez dago inor enteratu gabe zaborra pilatzeko leku egokirik».
Eta Indiako Ozeanoan? Hor ere populazio handiko herrialdeak daude inguruan: Indotxina osoa, India bera, Bangladesh, Pakistan, Iran... «Plastiko gehien kontsumitzen dutenak herrialde industrializatuak izaten dira -gogorarazi digu Ana de la Torriente itsas zientzialariak-. Herrialde pobretuek gehiago erabiltzen dituzte gai biodegradagarriak».
«Esaten digute Ozeano Barean plastiko dentsitatea horrenbestekoa dela. Zenbakiekin galtzea oso erraza da. Baina kontuan hartzen badugu plastikoa ez dela biodegradagarria, orain hirurogei urte sortu zutenetik ekoiztu den plastiko guztia nonbait dagoela pentsatu behar dugu, ez baita desagertu. Datua zirraragarria da», erantsi du Oceanako zientzialariak.
Zabor uharteen inguruan galderak erantzunak baino ugariagoak dira une honetan. AEBetako Algalita Marine Research izeneko fundazioak lan asko egin du azken hamar urteotan fenomenoa ikertzen. Ozeanoetako bost eremu ikertzen ari dira, zabor orban gehiago aurkituko dutelakoan.
Hondoan egindako kaltea
Ezagunak dira itsas azaleko plastiko zatiek abereengan, floran edo habitatetan eragiten duten kaltea. Behin baino gehiagotan jaso ahal izan dugu sare zatiek edo botilek harrapatutako hegazti edo zetazeoengan eragindako kalteari buruzko informazioa.
Lurretik itsasora doan plastiko gehiena, ordea, hondora doa. Hondora doanak ere kutsatzen al du? «Normalean gehiago aipatzen da azaleko plastikoak duen eragina: dordokak, zetazeoak, hegaztiak... Plastiko piezaren formaren arabera, hondoko abere asko ere harrapatuta geratzen dira -Ana de la Torrienteren arabera-. Gure espedizioetan askotan ikusi izan ditugu sare zatietan harrapatutako abereak, plastikozko botilatan nahastuta geratu diren arrainak, krustazeoak... Zati horiek, poltsak esaterako, hondoan batetik bestera joaten direnean, kaltea eragiten diete bertan dauden espezie batzuei, mugitzen ez diren espeziei... Koralezko uharriak ere kaltetzen dituzte. Edonola ere, hondora doan plastikoak eragiten duen kaltea bestea baino gutxiago ikertu da», esan digu Oceanakoak.
Zer egin dezakegu? Nork jaso behar du zabor hori? Jaso egin behar al da, itsasoa garbitu nahian, edo hobe da arazoari erantzuna sorreran ematea, horrenbeste zabor eragiten duen gizartean, alegia? «Ozeano Bareko orbanak sei milioi tona hondakin plastiko dituela kalkulatu dute -erantzun digu Caballerok-. Egin izan dira plastiko hori jasotzeko ahaleginak, baina oso kopuru txikiak berreskuratu izan dituzte, berrogei tona inguru, baina sei milioi jaso behar direnean...».
«Nazioarteko uretan daude zabor uharteak -erantsi du Greenpeaceko kideak-. Ez daude ez AEBetako uretan, ez Australiakoetan ez Japoniakoetan... Beraz, ez da arazo zuzena horietako inorentzat eta inork ez du ezer egiten. Baina egin beharko litzateke benetako ahalegin bat arazo hori konpontzeko, batez ere jakinik itsasoan dagoen zaborraren %80 lurretik datorrela. Konponbidea, beraz, hortik dator: plastiko hori itsasora iritsi ez dadin benetako neurriak hartzea. Eta neurri horiek herrialde guztiek hartu beharko lituzkete, klima aldaketarekin gertatzen den moduan. Denok ahalegindu beharko dugu, planetari eutsi nahi badiogu».
Nazioarteko itunak
Gauzak horrela, Maria Jose Caballeroren iritziz, beharrezkoak dira nazioarteko itunak. «Herrialde bati zabor hori garbi dezala eskatzea oso zaila da. Horregatik behar dira nazioarteko itunak, herrialdeen utzikeriari aurre egiteko; 'ez da nire itsasertza, ez da nire arazoa', esango dizute. Itsasoko zaborrari buruzko hitzarmena, MARPOL izenekoa, hor daukagu, bera da garrantzitsuena itsasora bota dezakezun zaborra arautzeko garaian». Gainera, Europar Batasunak berak ere gaia kontuan hartu izan du, ekologisten presioari esker.
Greenpeacek orain hiru urte argitaratu zuen «Munduko ozeanoetan plastikoek eragindako kutsadura» izenburuko txostena. Orduan idatzi zutenari eusten diote, hau da, arazoa konpontzeko lurrean egin behar dela lan, ez itsasoan, Zero Hondakin helburua duen egitasmoarekin bat eginda.
Zergatik ez dute ekologistek gaia gehiago erabili?
Zabor uharteen fenomenoa harrigarria da. Eta larria bezain ikusgarria. Edonor kezkatzeko modukoa. Herritarrengan zaborren inguruko kezka eta eztabaida eragiteko ezin aproposagoa. Hala ere, oso gutxi erabili da. Zergatik salatu da hain gutxi? «Agian, itsasoan oso urruti daudelako eta orbanak orain gutxi arte aurkitu ez dituztelako –Caballeroren ustez–. Eta eragiten duten kaltea oso larria dela nabarmendu behar da. Azalean dagoen plastikoaren azpian plastiko gehiago dago, hogeita hamar metroko sakoneran ere plastikoa dago, benetako zabor icebergak sortzen dira, eta horiek bizirik dagoen guztia hiltzen dute, goitik behera aldatzen dituzte bertako baldintzak eta sekulako kaltea eragiten dute».
Gobernuek ez dute ezer egiten gizarteak estutzen ez dituelako. Beraz, gobernuz kanpoko erakundeei dagokie herritarren jarrera aldarazi eta agintariak estuaraztea. Kontzientzia sortzea.
«Neuri ere harrigarria egiten zait jendeak arazo horiek gehiago ez ezagutzea –esan du Oceanakoak–. Gauza bera gertatzen da arrantzak dituen arazoekin; nik uste dut itsas gaiak ahaztuta dauzkala gizarteak, ezezaguna egiten zaigula. Ikusten ez dugulako gertatzen da hori, arazoa urruti dagoelako. Gainera, itsasora botatzen dugun zaborra gure bizitzatik desagertu egin dela iruditzen zaigu, haizeak eraman duelako edo hondora joan delako. Baina erabakiak hartzen dituztenen artean arazoa oso ezaguna da. Berehala zerbait eraginkorra egiten ez badugu, gauzak okerrera joango dira».




